Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / EITB, "El conquis" eta euskara

EITB, "El conquis" eta euskara

Asier Sarasua 2010/04/25 23:08
ETB2-ko programarik ezagunetakoa da, "El conquistador del fin del mundo" reality-a. Gutxienez bost edo sei urtez eman dute programa (aurten ere bada) eta dozenaka lagun igaro dira bertatik, Euskal Herri osokoak. Denbora guzti honetan, baina, ez dugu euskarazko hitzik entzun. Ez dago partehartzaile euskaldunik? Euskarazko elkarrizketak moztu egiten dituzte? Edo euskaraz ez egiteko eskatzen diete?

El conquistador del fin del mundo, ETB2 kateko programarik ezagunenetakoa. Euskal Herritik joandako 15-20 lagun inguru Patagoniara bidaltzen dituzte eta euren artean lehiatu behar dute, superbibienterik onena zein den erabakitzeko.

Ez dut ez urtero eta ez astero ikusten, baina bai tarteka, eta beti izan du zalantza berbera: programa horretan ez dago euskaldunik?

Saioan dozenaka lagun izan dira, asko eta asko euskaldunak. Hori nabarmena da. Urola-Kostako, Lea-Artibaiko, Debagoieneko... parte-hartzaileak izan dira Patagonian. Lehenengo begiratuan euskaldunak direla igartzen den jendea.

Hala ere, sekula ez dute euren artean euskaraz egin. Sekula-sekula. Ezta behin ere ez. Eta hori ez da batere arrunta Euskal Herrian. Patagonia alde horretan, kortesiazko hitzetaz aparte (Zorionak!, Agur!, Aurrera!), ez da euskarazko hitz erditxo bat ere entzuten. Baina sekula-sekula, aizuek!

Benetan ez da euskaraz hitz egin Patagoniako programan? Euskarazko zatiak moztu egiten dituzte? Parte-hartzaileei euskaraz ez egiteko eskatzen zaie?

Izan ere, Euskal Herri erdaldundu honetan ere, monolinguismo hori erabat harrigarria egiten zait! Ala argigarria esan beharko genuke?

etiketak: Euskara, Danetik_pixkat
Amatiño
Amatiño dio:
2010/04/26 11:28

Zapatu gabian ikusi najuan zati batian "La Noria" programaren saio politikoa eta nik ikusitako minutuetan eskoletan buruzapirik jantzi ete leikian eztabaidatzen jiharduen. Enric Sopena ez zetorren bat Pilar Raholak esandakoaz eta holako zeozer esan jetsan: "Katalanez esaten dan moduan, hori larregikerixia don". Eta Raholak --nahiz eta aittu-- ezer erantzun aurretik, Jordi Gonzalez aurkezliak ezarri juan: "Bai, holako zeozer, baina ez jaukak itzulpen zuzenik".

Zazpi lagun jeguazen kamaren aurrean, hiru katalanak zittuan eta normaltasun osoz berba egin juen... TVEn.

juan
juan dio:
2010/04/26 17:21

Iep, Ba nik oroitzen dut, guztiz argi izan ez arren, euskaraz jardun duten hainbat monmentu. Aurten ebrtan, esnago nuke Getariako Herrero euskaraz entzun izan dudala, adibidez. Baina bestela ere guztiz normala deritzot euskarazko pasarteak mozteari, Basetxean gaztelerazkoekin seguraski egingo zuten modu bertsuan. Koherentziagatik batipat.

ramon
ramon dio:
2010/04/26 10:18

Nire uste apalean realitiak telezabor utsa dira, ez ditut ikusten. Ikuslegoari irain egitea dela pentsatzen dot. Zentzu honetan nahiago euskerarik ez entzutea, naiz eta eu jorratu duan bidea beste bat izan. Telezaborrarekin egin dezakeun gauza onena aittatu be ez egitea da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz