"Poliedroaren hostoak", Joan Mari Irigoien (Erein, 1983)
Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) idazle joria da, euskal literaturari hainbat lan utzi dizkiona. Honako hau ez da, beharbada, bere lanik ezagunena, baina interes berezikoa iruditu zait. 1983an Ereinek argitaratua (eta, oker ez banago, urte batzuk lehenago idatzia), nik 1995eko argitalpena irakurri dut ("Liburu berdina baina aldatua", idazleak hitzaurrean ohartarazten digunaren arabera).
Bost belaunaldiren ibilerak biltzen dituen saga familiarra dugu, gutxienez 150 urte hartzen dituena: 1830 inguruan hasi eta 1980ra arte. Belaunaldiak garai historiko eta liskar-garai zehatzetan kokatzen ditu idazleak:
- Lehenengo karlistaldia.
- Bigarren karlistaldia.
- XX. mende hasierako "ziklo aldaketa" (karlista eta liberalak, jelkide eta sozialista bilakatzen hasten direnekoa).
- Gerra zibila.
- Trantsizio garaia.
Azken belaunaldi horretako kide den "J" da liburuaren egilea (Joan Mariren trasuntoa). Lehenago bere osaba Joxek egindako lana bildu eta bukatuko du. Idazleak berak kontatzen digu hori guztiori hasieran, nola batu zituen osabaren testu zaharrak, nola garbira pasatu, eta nola gero jarraitu zuen.
Liburu trinko eta konplexua da, besteak beste teknika eta antolaketa berezikoa. "J" delako idazleak berak aipatzen du sarrera gisako lehenengo atalean:
- Orri gutxitan pertsonaia anitz.
- Denboraren eta espazioaren aldaketa etengabeak; errealitatea plano diferenteetan hautsi beharra.
- Hizkuntza eta teknika aldaketak.
- Heriotzaren presentzia.
Bestalde, liburuak bloke handi bi ditu (ia-ia liburu bi direla ere esan daiteke): bata osaba Joxerena, 1830-1940 bitartea hartzen duena; bigarrena "J" idazleak berak idatzitakoa. Lehenengoan saga familiarra kontatzen da. Maitasun, hilketa, intzestu-gura, gorroto historiko... guztia ere errealismo magikoaren printzez betea: amona haritz bihurtzen da maiteminez, sator-zuloak baztanga bihurtzen semearen azalean, kukuak heriotza aurreikusten du, baita 120 urte lehenago ere;...
Bigarrenean, aldiz, "Poliedroaren hostoak" izenekoan, idazlearen osaba eta gurasoen belaunalditik abiatuta, idazlearen beraren gora-beherak ezagutuko ditugu. Bera ere izaera hautsia, lekua aurkitu ezinik dabilena... osaba Joxeren heriotza ikertzen dihardu, haren bizitza beti inguratu zuen misterioa argitu nahian.
Estilo eta teknika aldetik ere, atal eta estilo ezberdinak aurkituko ditugu, moldez ere bakoitza nahiko ezberdina. Hildakoen hitzetan jasotako pasarteak (kanposantuan luze dauden hilak dira istorioaren ardatz nagusiak kontatzen dizkigutenak, katabutetik), herriko ehorzlea narratzailea den atala, "J" berak 1. pertsonan idatzitakoa, osaba Lazaroren bakarrizketa modukoa,... Eta horretaz aparte, eranskin, erdi-sarrera eta kapitulu huts pare bat ere badaude.
Liburu "konplikatu" samarra, hortaz; ez arin-arin irakurtzen diren horietakoa, behintzat. Ez da liburu nahasia, hala ere, eta niri asko gustatu zait. Irakurle naizen honentzat, zatiren bat astun samarra izan da (150-200 orrialde inguruan; baita amaieran ere), baina gustura irakurri dut. Ez dut esango nire liburu kuttunenen artean sartuko dudanik, baina bai gogoratuko dudan horietakoa izango dela, duda izpirik gabe. Elizalde eta Ibargoyen, betirako nire barruan. Izan ere, gu guztion zatiak daude liburu honetan, gure zuhaitz genealogikoaren hostoak poliedrikoak baitira.
"Poliedroaren hostoak", Irigoien 1983
"Haize eta lurrezko pertsonaia haiek ez nituela nabaritu izaki arrotz batzuk bezala, hein batean nigan erroturik zeuden pertsonaiak bezala baizik. Izan ere, zenbat gauza ezezagun norberaren baitan!, zenbat pertsonaia bizi ote den gugan eta gu ohartu ere ez! (...) Eta espazio hartan ere, planu diferenteetan banaturik, arbaso eta ahaide guztien erretratuak ikusi nituen, garbi-garbi ikusi, eta inolaz ez nigandik at bizi ziren pertsonaiak bezala, zeren eta espazio delokatu hura gorputzaren kontra estutuz zihoakidala somatu bainuen, estutuz eta estutuz, baita arestian arraildutako gorputzaren arrakaletatik josiz ere, harik eta nire azalaren osagai bihurtu ziren arte. Eta pertsonaia guztion odol-denborak, zainetan zehar igarri nituen, bihotzean korapilatzen zirelarik azkenik, odol eta denbora hautsi bakar bat osatuz. Eta orduan bai, denboraren atarian beste denbora berri baten oihartzuna entzun ahal izan nuen, nireak ez ziren beste baten oihartzun taupadak..."
"Eta bi hormen arteko korridore batetik bakar-bakar zihoala zeritzon. Ezkerreko horma bizitzaren muga zen eta, hormaz bestaldeko munduan, bilobak eta birbilobak zekuskien, denborak desitxuratutako hitz ulergaitzak ezpainetan. Eskuineko hormak, aldiz, heriotzaren muga adierazten zuen eta, hormaz bestaldeko eremuan, denborak oraindik garbi gordetako Robustianoren imajina zekusan. Eta Martzelina azken horma hau eraitsi nahian zebilen, Robustiano besarkatzeko, alferrik alabaina, horma honen oinarriak Basajaunaren profeziaren izpiritu hauskaitzaz egina baitzirudien eta izpiritu hura denborak berak bakarrik apur baitzezakeen epea betetzean."
Eguneraketa (2014-06-14): Hona hemen Beñat Sarasolak Sautrelan egindako iruzkina.
Gure Esku dago - Dena prest Eibarren
Gure Esku Dago / Sanblas Zati bat
Gero eta hurbilago dugu ekainaren 8a eta giza katea ahalik eta egokien antolatzeko asmoz, egun horretarako aholku eta gomendio hauek zabaldu nahi ditugu parte-hartzaileen artean:
- Eibartarroi Bergarako 31. kilometroa egokitu zaigu (ikusi Bergarako egitaraua).
- Ahal den neurrian kotxerik ez erabili. Kotxez joanez gero, jakin ezazu kotxeak aparkatzeko bi gune besterik ez direla izango eta biak, Eibarri dagokion kilometrotik nahiko urruti.
- Autobusak erabili. Egun horretan, joan-etorrirako autobusak egongo dira baina autobus sarrerak aldez aurretik erostea komeni da. Sarrerak erosteko azken eguna ekainaren 4a izango da (gaur).
- Autobus sarrerak, bost eurotan: Juanito-Manuel, Kultu, Depor, Guridi eta Eibarbusen egongo dira salgai. Hiru urtetik beherako haurrak altzoan joan ahal izango dira, baina lau urtetik gorakoak berriz, bakoitza bere jarlekuan joan beharko du.
Autobusen ordutegia honakoa izango da (Untzagatik irtenda):
.- Irteera: 09:00etatik aurrera. Autobusak bete ahala irteten joango dira.
.- Itzulera: 14:00etan eta 19:00etan.
Eraman ezazu “Gure Esku Dago” ren kamiseta, zapia…
Bukatzeko, antolatze lanetan dihardutenak behar bezala egongo dira identifikatuta eta beraien iradokizunei kasu egin.
ZAILA DA ERRONKA, BAINA GURE ESKU DAGO. HORREXEGATIK GAUDE SEGURU:
LORTUKO DUGU!
"Aihen ahula" (Daniel Landart, Elkar 1978)
Euskal letren antzinaroa ez da ikusgarriegia, ez behintzat txapliguak botatzeko modukoa, baina zenbait gozoki utzi zituen, utzi ere. Gozoki bakan horietako gehienak ezagunak egin dira, noski; beste batzuk, ostera, esango nuke erdi-ezkutuan gordeta daudela irakurle gehienontzat, noiz aurkitu eta gozatuko. Horietako bat irakurri dut egunotan, Daniel Landarten (Donoztiri, Baxenabarre, 1946) Aihen ahula (Elkar, 1978). Ez dut esango alderdi literariotik liburu ikaragarria denik, baina bai liburu atsegin eta gozagarria.
Landartek haurtzaroko gora-beherak azaltzen dizkigu liburu honetan: 1950. hamarkadako Donoztiriko (eta Harrigainborda baserriko) eguneroko bizimodua, eskola, lagunartea, elizaren eta erlijioaren indarra, inguruko herrietara egin bidaiak (Lurdes, Mugerre, Beloke...). Erran nahi baita, Baxenabarreko herri txiki baten argazkia egiten digu.
Garai hartako nekazari-mundua beste hainbat eleberritan ere aurkitu izan dugu euskal literaturan, sarri askotan giro itogarri samarra irudikatuz. Ez da halakorik oraingoan. Landartek bere oroitzapenen kronika egiten du, haur baten ikuspegitik kontatuz (agian, tarteka, modu inozenteegian): gozo da etxeko giroa; maite ditu lagunak; erlijioak ez du ukitu itogarririk inolaz... Laburbilduz, haurtzaro zoriontsua, bere eritasun etengabeek ezinegona sortzen bazioten ere (hortixe izenburua, Aihen ahula). "Haur denbora... Zer denbora! Bai eta nola! Zenbat hixtorio mixterio... Gauza ttipiño batetarik laster haundiak eginak".
Haurrarena ez ezik, gizontzen ari den gaztetxoaren ikuspegia ere ematen digu idazleak; beti eri den eta munduan bere lekua aurkitu nahi duen harena; antzerkiaren eta literaturaren arloetan lehenengo urratsak ematen dituen nerabearena; Espainian ere euskaldunak badirela deskubritzen duenarena; abertzaletasunaren kontzientzia hartzen hasten den gaztearena.
Zeharka bada ere, euskararen egoera ere aipatuko digu Landartek, ordurako Iparraldean ahultzen hasia: Kostaldean ia desagertua, Mugerren eta Beskoitzen gainbehera, Donoztirin ere eskolan debekatua, "Je ne parlerai pas en basque" zigor-koplez. Izan ere, "La France est une et indivisible de Dunkerque à Tamanrasset". Eta horrekin batera, Landarten lanetan usu ageri den beste gai bat ere aurkituko dugu zeharka: herri ttipien eta hiri hazien arteko aldea, herritik hirira doan euskaldunarena.
Esan bezala, liburu gozagarri eta atsegina. Estilo jori eta arinean idatzia, ahozkotasunetik hurbil; euskara batuan, baina hizkera nafar-lapurteraren ezaugarri bizi-biziekin. Hegoaldekoentzat, hala ere, nahasgarri baino bizigarri. Hiztegi bat ere badakar amaieran, gainera, laguntzarako (nahiz eta ez den osatuegia, eta gaizki antolatuta dagoen; baina tira).
Haurtzaroko kronika izan arren, ez da zahartzaroan idatzitako oroitzapen-liburua, gazte-gazterik burututako lana baizik. Izan ere, Landarten aurreneko lanetakoa dugu. Harrezkero asko eta ondo idatzi du: gehienbat antzerkia, baina horrekin batera poesia, eleberria, eta baita beste kronika-libururen bat ere, "Enbataren zirimolan" (2013) azkena. Eskuetan hartzeko irrikan nago.
.............
Ene sort-etxea baserri bat da. Ez ttipi, ez haundi, familia baten hazteko doia. Ez zaharregia ez eta berria... goxo du barnean bizitzea. Ate nagusitik begiratuta, ez dira mendi tontor harritsu edo zuhaitzez estali batzuk baizik ikusten. Zilo batetan gordea; irudi luke munduko nahaskeria eta furfurietarik urrun bizi dela; bakar-bakarrik; hain hurbil dituen Isturitzeko eta Otsozelaiko harpeetan laminak bizi ziratekeen bezala.
Aitatxi Eñaut Urruti, Armendaritze Meharrian sortua, hamalaueko gerlan bi aldiz kolpatua, biziki eleketari pollita eta merkatuz-merkatu anitz kurritua; amatxi Dominika Durruti, Harrigainbordan sortua eta bere bizi guztian han egona; aita Batita Landart, sortzez Isturitze Larrondokoa, Oragarre Haizaharrean ttarrotua eta ene ama Kattalin Urruti-rekin etxera ezkondua; horra familiako jende haundiak. Bestalde, bi arreba. Bata hamaika urtez zaharragoa, Maddi; bestea seiez, Beronika. Eni aldiz Bertrand-Daniel eman didate izena; Bertrand edo Pettan, bataioko ene jasalearena, eta Daniel, sortu nintzen egunean saindu hori ospatzen zelako.
"Aihen ahula", Daniel Landart (1978)
"Izarretako gerra" trilogia euskaraz #StarWars
Azkenaldian ez dugu beste gairik etxean: Anakin eta Darth Vader, Luke eta Leia, R2D2 eta C3PO. Semeak 8 urte bete ditu, eta ni bere adinean bezala dago: Star Wars sagarekin zoratzen. Baina zo-ra-tzen.
Pelikulak, marrazkiak, kopinak... Azken asteotan ez darabilgu beste gairik etxean, goizean jaiki eta oheratu arte.
Orain arte gaztelaniaz ikusi ditugu filmak, baina hara non, euskaraz ere badauden. Garai bateko loturak galduta zeuden, baina aste honetan beste hauxe aurkitu dut EuskalEncodings-en webgunean: jatorrizko trilogia euskaraz, "Izarretako guda", "Inperioaren kontraerasoa" eta "Jedi zaldunaren itzulera".
Hortxe aukera bikaina, StarWars-zaleok, txikienekin batera zuek ere berriro galaxia urrun-urrun batera joan ahal izateko. Eta euskaraz.
Giroa berotzeko, ETBk 1992an egindako iragarkia uzten dizuet (eskerrik asko Igor).
Oharra: "Izarretako guda" darabilte EuskalEncodings webgunean; "Izarretako gerra" erabili zuen ETBk. Bietara nik.
"Haragia", Eider Rodriguez (Susa, 2007)
Haragia
Eider Rodriguez
Susa, 2007
Haragia eta azala. Beroa eta hotza. Jarrerak, sentimenduak eta premiak. Haragia ukitu nahia eta ezin ukitua. Oraingo minak, baina baita lehengoak ere, ezagunak eta ezezagunak, agerikoak eta ezkutuak. Amodio pixkat eta desamodioa barra-barra.
Lanetik bota berri duten emakumea, etxetik alde egingo duen beste bat, eta ihes egin mahiko lukeen hirugarrena; presoa eta abokatua, desagertutako gurasoak, suizida potentzialak eta haragizkoak. Giza harreman katramilatsuetan trabatutako pertsonaiak. Eider Rodriguezek zorrotz disekzionatutakoak. Zorrotz, baina juzkurik egin gabe. Gordin.
Katu jendea bezala, (hori ere famatu nuen aurreko batean) ipuin-liburu on bat. Ipuin-liburu bikain bat. Hamabi ipuin eta hamaika mikro-istorio. Izan ere, ipuina amaitzean galdetzen diozu zure buruari, "zertaz zen?", eta erantzuten duzu: "pufa, hainbeste gauza eta detaile kontatu dizkigu 10 orrialde eskasetan. ..!". Errealitatearen behatzaile eta kontatzaile zorrotza da izan, Rodriguez.
Estilo sendoan idatzitako ipuinak dira, konplexuak baina artez idatzitakoak, liburuari batasun handia emanez (ipuinen bat ezberdin samarra bada ere). Oso orekatua, gainera, ipuin guztiak direlako onak; gehienak oso; hiruzpalau bikainak. Zeintzuk azpimarratu ditudan? Ia guztiak, esate baterako: Salgai, Apur bat Zoroa, Hirugarren oparia, Nahiago nuke gezurrik ez esan, Usainak edo Errautsak.
Kasualitatez, ia jarraian irakurri ditut Alice Munro (Zorion handiegia) eta Eider Rodriguez, eta esango nuke nolabaiteko antzekotasunak daudela bataren eta bestearen artean. Ipuinak planteatu eta garatzeko orduan, istorioak aukeratzeko orduan, egoerak eta sentimenduak hain aratz azaleratzeko orduan; gauzak esan gabe esateko eta esandakoak ezkutatzeko orduan, ipuinei ez-amaierak jartzerakoan. "Hara gure Alice" pentsatu dut amaieran.
Laburbilduz, liburu zoragarri bat. Azken batean hezur-haragizkoak baikara. Irakurri.
Eguneraketa: Eider Rodriguezi egindako bi elkarrizketa aurkitu ditut sarean. Bata Beñat Sarasolak Haragia liburu honi buruz egindakoa. Bigarrena, Idurre Eskisabelek egindako luze hau:
Eibarko "Txopitea eta bakea" (Oteiza) oroigarria jaso dutenen zerrenda
Orain dela egun batzuk Amatiñok ere bere blogean izan zuen hizpide "Oteiza saria" (hau ote izen ofiziala?). Eibarko Udalak zenbait hiritar eta talderi emandako oroigarria da, Eibarren alde edo Eibarko izenaren onetan egindako lanaren aitortza modukoa. Oteizak egindako "Txopitea eta bakea" eskulturaren kopiatxoa da.
Amatiñok ez zituen irabazleak aipatzen bere artikuluan, eta sarean ere aurkitzerik ez dagoenez, berari zerrenda eskatu eta hemen jartzea pentsatu dut, interesgarria izan daitekeelakoan. Horra, urtez urtekoa:
1998
- Jose Ignacio Garmendia
- Begoña Maguregi
- Juanito San Martin
- Migel Gallastegi
- (Oteizak berak eta Txopitearen senideek ere jaso zituzten hainbat kopia)
1999
- Arrate Ibargutxi (Imanol Laspiurren alarguna)
- Duque de San Carlos (Isasiko Markesa?)
- Aurreko legegintzaldiko zinegotzi guztiak
2000
- Jose Luis Perez Sarasketa
2001
- Sociedad Femenina, Goi Argi
- Juan Mari Lejardi
- Ramiro Larrañaga
2002
- Juan Ortega eta Jose Maria Cornago
- Oscar Artetxe
- Juanita Unzueta
- Tania Nagornaia
- Juan Luis Mardaras
- Iñaki Goenaga
2003
- Aurreko legegintzaldiko zinegotzi guztiak
- Javier Agirresarobe
- Microdeco
2004
-
2005
-
2006
2007
2008
2009
2010
- Usartza Txistulari Taldea
2011
2012
- Roberto Etxeberria (moda diseinatzailea)
- Ander Romarate (igerilaria)
2013
- Asier Cuevas (atleta)
- ONCE
Eibarko irakurle-taldearen udaberriko egitaraua
Aste honetan jakinarazi dituzte datozen 4 hilabeteetarako liburuak eta datak (tira, lehenengoa bagenekien). Hementxe:
- Otsailak 4: "Kontrarioa" (Lander Garro)
- Martxoak 4: "Zinegotzia" (Fermin Etxegoien)
- Apirilak 8: "Hobe isilik" (Garbiñe Ubeda)
- Maiatzak 6: "Etorkizuna" (Iban Zaldua)
Literatura gustatzen zaionarentzat, aukera polita. Animatu! Edozein etorri daiteke.
Eibarko irakurle-taldea
Orain urtebete hasi zuen bere ibilbidea Eibarko Juan San Martin Liburutegiko irakurle-taldeak. Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean, "Idazlearekin berbetan" ekimena hasi zuen iazko urtarrilean. Hilero, euskarazko liburu bat irakurri eta landu dugu, normalean idazlea ere gure artean izan delarik. Abenduaz geroztik, gainera, Antxon Narbaiza dugu dinamizatzaile.
Harkaitz Canoren "Twist" izan genuen sarrerako irakurketa, eta harrezkero "Eulien bazka" (H. Etxeberria), "3 Mariak" (A. Urretabizkaia), "Muscche" (K. Uribe) eta beste landu ditugu.
Aurrerago ere idatzi dut taldeaz eta ekimenaz. 10-12 lagun elkartzen gara, liburuaz jardun eta idazlearekin berriketan aritzera. Merezi du. Animatu! Nahikoa da Liburutegian bertan (943708437 edo biblioteca@eibar.net) izena ematea.
2014ko lehenengo saioa urtarrilean izan genuen, Jokin Muñozen "Antzararen bidea" (Pamiela, 2007) handiarekin. Esan bezala, hemendik udarako 4 liburuak ere zehaztu dizkigute: "Kontrarioa" (Garro), "Zinegotzia" (Etxegoien), "Hobe isilik" (Ubeda), "Etorkizuna" (Zaldua).
Itxura ona dauka.
2013an irakurritako liburuak
Urteroko estriptis literarioa, aurreko 12 hilabeteetan irakurritakoen zerrenda. Aurrekoetan bezala (2010, 2011, 2012), aurtengoan ere denetik dago: irakurle-taldean landu ditugunak, han eta hemen gomendatu dizkidatenak, Armiarmatik jaitsitako klasikoak... 90. hamarkadako euskal literaturari tartea egin nahi izan diot (ipuin-liburuei, bereziki). Oro har, gustura egoteko moduko aukeraketa.
Oraindik ere paperean gehitxoago, baina digitalak ugaritzen. Euskaraz erdiak pasatxo; gaztelaniaz besteak. Kopuruz, iaz baino gehiago (honek izan du eraginik); astean liburu bat, batez beste. Gehiena fikzioa (eleberriak nagusi; ipuinak ere dexente). Saiakera eta poesia, juxtu-juxtuan ale bakanen bat.
Hara ba, 2013ko uzta.
Euskaraz
- ***Twist (Harkaitz Cano, Susa 2012). Blogean
- Eulien bazka (Hasier Etxeberria, Susa 2003).
- Mala stranako ipuinak (Jan Neruda, 1877; Armiarma). Txioa
- Mateo Falcone (P. Merime, 1830; Armiarma). Latza benetan. Ohorea. Baina ohorea Kortsikan bakarrik ulertzen den gisara. Latza, korsikako labarrak eta makisa bezain latza. Ona.
- Argiaren erreinua (Joseba Lozano, Alberdania 2011). Aurreiritziz beteta hasi nuen, baina ondo idatzita dago. Codigo Davinci moduko bat.
- Tangerko ametsak (Jon Arretxe, Erein 2011)
- Negu bat Mallorcan (George Sand, 1839; Armiarma) Aspergarria, zeharo.
- Metamorfosia (Franz Kafka, 1915) Ze ona.
- Txokolatezko dinamita (Mikel Taberna, Susa 2001) Txioa
- Bazko-arrautzak (Mikel Hernandez Abaitua, Elkar 1995) Blogean
- Iturrino handia (Hasier Etxeberria, Susa 2007)
- ***Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe, Susa 2013) Blogean
- Kcappo, tempo di tremolo (Pako Aristi, Erein 1985) Txioa
- Abuztuaren 15.eko bazkalondoa (Joxe Austin Arrieta, GAK 1979; Elkar) Blogean
- ***Gauza txikien liburua (Pako Aristi, Erein 2004)
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Joseba Sarrionandia, Pamiela 1985) Poesia liburu batekin hasi nahi duenak, ez du hau aukera txarra.
- Sugeak txoriari begiratzen dionean (Bernardo Atxaga, Erein 1984) Ipuin eder tristea.
- Euri kontuak (Jose Luis Otamendi, Susa 1999) Blogean
- ***Sartu, korrontea dabil (Ixiar Rozas, Erein 2001) Gustatu zaizkit Rozasen tonua, istorioa,... eta batez ere, begirada.
- Odolaren sua (Irene Nemirovsky, Alberdania 2012) Txioa
- Odolaren usaina (Mikel Antza, Susa 1987) Blogean
- Sisifo maite minez (Laura Mintegi, Txalaparta 2001)
- Atoiuntzia (Edorta Jimenez, Susa 1990) Blogean
- Mussche (Kirmen Uribe, Susa 2012)
- Tango Urdina (Aitziber Etxeberria, Erein 2003)
- Euli-giro (Uxue Alberdi, Susa 2013) Txioa
- ***Gudari zaharraren gerra galdua (Erein, 2000) Blogean
- Bränskint (Goizalde Landabaso, Txalaparta 2011) Mikroipuin erdipoematu gogoetaeragileak; lupaz sortu, ironiaz bete eta zorrozkiloz onduak.
- 3 Mariak (Arantxa Urretabizkaia, Erein 2010) Blogean
- Alkasoroko benta (Mikel Taberna, Susa 2013) Blogean
Gaztelaniaz
- Historia del Sahara y su conflicto (Alejandro García, Catarata 2010). Saharako injustizia historikoa ezagutzeko sarrera egokia.
- Robinson Crusoe (Daniel Dafoe, 1719) Ba, bere aje guztiekin (egitura, estiloa, errepikapen asko, zatika idatzita bezala, moralista, eta abar), gustura irakurri dut.
- Moby Dick (Herman Melville, 1851) Astunaaaa.
- Bartleby el escribiente (Herman Melville, 1853). Aurrekoak baino askoz izen gutxiago, baina on-ona da.
- Zalacain el aventurero (Pio Baroja, 1908) Kostunbrista eta abar, baina erritmoa dauka eta gustura irakurri dut.
- Cuentos de la alhambra (Washington Irving, 1832).
- ***Ganar a cualquier precio (Hamilton & Coyle, Planeta 2013) Brutala. Blogean
- Los reyes de lo cool (Don Winslow, Mondadori 2012) Salvajes ezagunagoaren prekuela; eta hobea. Droga giroa 1960-1980. Erritmoa eta akzioa. Gustatu zait.
- Yo robot (Isaac Asimov, 1950) Bigarrengoz berrirakurtzen, gazte denborako oroitzapenak...
- ***Leon el africano (Amin Maalouf, Alianza 1999) Ona, oso gustura irakurri dut. Leon afrikarraren (1488-1554) biografian oinarrituta, garaia eta paisaiak ezagutzeko aparta. Gomendagarria.
- Exploradores. La historia del yacimiento de Atapuerca (José María Bermúdez, Debate 2012)
- ***Atapuerca. Un millón de años de historia (Juan Luis Arsuaga eta beste, Plot 1998)
- Ronda del Guinardo (Juan Marsé, Plaza y Janés 1984). Polizia batek neska gazte bat komisariara darama, hilotz bat identifikatzera. Aitzakia hutsa Marseren betiko unibertsoa zirriborratzeko (Gerra osteko Bartzelona, Ginardoko auzoa, etorkinak, marjinalitatea...). Si te dicen edo Rabos eleberrien antzeko giro eta egitura, baina asmo gutxiagoko lana.
- ***Bartleby y compañia (Enrique Vila-Matas, Anagrama 2000) Metaliteraturaren inguruko metaliteratura. Ber bi.
- Praga mortal (Philip Kerr, RBA 2013) Mundu Gerrako Alemanian girotutako polizia eleberria. Erritmo eta bizitasun aldetik ez da ikusgarria; gainera, egoera batzuk ere (eta hainbat elkarrizketa) pixkat fortzatuta daude. Baina nazien garaiko anbientazio (ez hain sinesgarri) horrek, bere zera dauka. Tira.
- La voz del violín (Andrea Camilleri, Salamandra 1997) Montalbanoren 4. liburua. Ondo dago.
- Un giro decisivo (Andrea Camilleri, Salamandra 2003) Beste hau, ostera, pse.
- Shakespeare nunca lo hizo (Charles Bukowski, Contraseñas 1999) Gutxitxo da, baina garaia eta pertsonaia ezagutzeko onak. Idazleak Europan barrena egin zuen bidaia baten errelatoa.
- ***El porqué de las cosas (Quim Monzó, Anagrama 2005) Bikaina. Zorroztasuna, malaletxea, irribarrea eta mina dosi egokian. Txioa
- Hace cuarenta años (Maria van Rysselberghe, Panorama 2012). Ez, niretako ez.
- ***Detectives salvajes (Roberto Bolaño, Anagrama 2000). Liburu handia.
- El lápiz del carpintero (Manuel Rivas, 1998) Gerra zibilaren osteko errepresioa. Herbal Guardia Zibilaren oroitzapenak gidari, preso ezkertiar talde baten ibilerak kontatzen ditu. Liburuak une ederrak ditu, benetan ondo lotu eta hunkigarriak. Hala ere, amaieran, "arintasun" sentsazioa hutsi dit; gaiak askoz gehiago eman zezakeelako inpresioa.
- ***Plomo en los bolsillos (Ander Izagirre, Libros del KO 2012) Blogean
- La trampa de miel (Unni Lindell, Siruela 2011). Polizia eleberri eskandinabiar txukuna, erritmo eta trama biziarekin. Gauza batzuk sinesgaitzak, baina harrapatzen zaituen horietakoa. Irakurle kluberako aukeratutakoa.
- ***Los amigos de Eddie Coyle (George Higgins, 1970). Coetzee-ri irakurri nion, hauxe zela bere idazle gustukoenetako bat. Hau bere lehenengo eleberria, Estatu Batuetako eleberri beltzaren eredua irauli omen zuena, elkarrizketek duten indar eta bizitasunagatik (Tarantino gogoratuko dizute). Eta egia da. biziak dira, oso. Ondo bideratuak, benetakoak, naturalak...
- Mátalos suavemente (George Higgins, 1974)
Nola esaten da "crecederas" euskaraz?
Izan ere, oraingoan hiztegiak ez dira oso lagungarri. Hasteko, euskarazko hiztegi orokorretan ez dator. Ez Elhuyarrek, ez Harluxetek, ez Adorez 5000 hiztegiak... ez dut inon aurkitu.
Bestalde, kasu honetan gaztelania ere ez da lagungarri:
- RAEk ez dakar "crecederas" (ez, behintzat, guk nahi dugun adierarekin), eta sareko hiztegiek ere ez dute batu. Arrunkeria linguistiko horietako bat izango da (gaitz edo min horri dolor de crecimiento deritzo, berez).
- "Crecederas" horrek, gainera, gauzak pixkat gehiago nahasteko, badu 2. adiera bat: "paperas" (hazizurriak, paperak, listu-guruinen hantura).
Herri-mailako hitza izanik, herri mailako hiztegietara jo dut. Hantxe aurkitu dut pista moduko bat, non eta gure herrian, jakina, Toribio Etxebarriaren lexikoi bikainean:
- hazigurenak (hazikurenak). iz. (TE). Crecederas.
Juan zan astian, hazigurenak euki destaz etxeko txikixenak.
BAAAINA oharrengatik jakin daiteke, "krezedera" horiek ez direla hazteak haurrei hezurretan sortutako minak, gorago aipatutako paperak edo hazizurriak baizik (eztarri aldeko guruinak edo gurenak puztearen ondorioa, alegia).
Euskaltzaindiak ere jasota dauka hazikurenak, beste hainbat aldaerarekin batera (haziguren, asikun, asikontxo, osingoren... baita hazizurri ere). Azkuek ere hainbat berba eta aldaera batu zituen, baina guztiak ere paperekin zerikusia dutenak (guruinak hazte edo puztearekin).
Amore emateko prest nengoela, Labayru hiztegira jo dut eta Kontxo! Azkenian! oihukatu dut... "mal del crecimiento" ikusi dudanean. Baina hara!, hor aipatzen direnak ez ote dira hazizurriaren sinonimoak, guzti-guztiak? (saguak, lepaminak...). Hizkuntzen arteko interferentzia gertatu da? Gaixotasun bateko lema bestera hedatu da? (hizkuntza bietan, gainera).
Gauzak horrela, kontua da, oraindik ez dakidala gaur iluntzean zer esan behar diedan seme-alabei. "Lasai, hazigurenak dira" esanda, zuzen ibiliko ote naiz?
Eta, zuek,... laguntzerik? Zelan esan izan duzue etxean?
Eguneraketa: Twitter bidez jaso dut hazi-min esaten diotela hainbat tokitan. Hori bai, hori badago Orotarikoan (ez beste hiztegietan).
Europan jokatzeko talde bi - #eibarpool
Holaxen egin dabe, bai. Eta talde bat baino, bi: zaletuen artian talde bat aukeratu dabe; batzorde "tekniko" batek beste bat. Ño! Ezin esan talde txarrak diranik. Baietz Europan lehiatzeko gauza izan! Orduan bai Eibarpool!
Hamaikako popularra:
Garmendia; Iñaki Altuna; Karmona; Olaizola; Aitor Arregi; Bixente Oiarzabal; Oscar Artetxe; Luluaga; Gomez de Segura; Jose Eulogio Garate; Txutxi Hidalgo (entrenatzaile: Alfonso Barasoain).
Hamaikako teknikua:
Almunia; Javier Olaizola; Agustin Gisasola; Antonio Ansola; Alberto Ormaetxea; Diego Alvarez; Xabi Alonso; David Silva; Pizo Gómez; Jose Eulogio Gárate; Barkero (entrenatzaile: Mendilibar).