Eta zuk, badaukazu ilerik eskuetako erdiko falangeetan?
Genetistek aztertzen dituzten milaka eta milaka karaktereen artean, bada bat MPH deitutakoa. Middle Phalangeal Hair (MPH) edo mid-digital hair indizea da, eta eskuetako erdiko falangeetan ilerik baduzun neurtzen du (hau da, 4 atzapar luzeetan, hatz lodiak ez duelako erdiko falangerik).
Ez omen dago erabat garbi ezaugarri horren oinarri genetikoa zein den; ezta ere giza populazioen azterketarako erabilgarri ote den. Baina munduan zehar hainbat neurketa eta ikerketa egin dira, populazio bakoitzaren MPH indizea aztertuz. Zenbat diren iletsu, zer proportziotan, zein atzaparretan gehiago, sexuen araberako aldeak, eta abar. Ile bakarra izatea (edo hobeto, folikulo bakarra), nahikoa da MPH+ izateko.
Nik askotan begiratzen diet nire atzaparren erdiko falangeei, eta hortxe daude, ondo iletsu. Bigarren hatzean izan ezik, beste hiruretan ileak ditut erdiko falangeetan (eskumako zein ezkerreko eskuetan). Eta hortxe imajinatzen zaituztet, zuek ere, atzaparretara adi-adi begira... Eta, zer? ilerik bai?
Munduan zehar oso proportzio ezberdinak aurkitu dituzte. Afrikan eta Asian oso gutxi dira MPH+ direnak; Europan askoz gehiago, nahiz eta proportzioa oso aldakorra den populazio eta herrialdeen arabera.
Inoiz inon entzun edo irakurri dudanaren arabera, badirudi Euskal Herria dela (beste lurralde batzuekin batera) MPH+ tasa handiena duen lurraldeetako bat. MPH+ garenok, hortaz, ez gara bape originalak gure inguru honetan.