Satorra ikusi dugu (eta oso itxura onarekin)
Satorra (Talpa europaea) animalia ugaria da Euskal Herrian. Hala ere, animalia lotsatia izaki (nagusiki gautarra eta lur azpian bizi dena, gainera), ez da hain erraza ikustea. Ez bizirik, barrena.
Azkenaldian ikusi ditudan gehienak hilda zeuden, zapalduta, zanpatuta eta erdi-ustelduta. Aste honetan ikusi dugunak, ostera, itxura ona zuen. Orduan bertan bihotzekoa jota hil izan balitz bezala, koittadua.
Saguekin nahasten den arren, satorra beste talde batekoa da (sorikomorfoa, eta ez karraskaria), sateroak bezala. Haragijalea da eta lur azpian bizi da, dozenaka metro izan ditzaketen galerietan. Batez ere zizareak jaten ditu, baina baita beste edozein mamorro ere.
Beltza, 10-14 cm ingurukoa, begi txiki-txikiak, belarrigabea eta muturluzea. Muturtxo hori eta bertan dituen ile eta biboteak oso sentikorrak dira eta horien bidez mugitzen da.
Aurreko hankak oso zabal eta indartsuak dira, lurra zulatzeko ezinbestekoak.
Lur azpiko karrajuetan barrena habia egiten du, orbela eta belarrak erabilita. Oso gutxitan ateratzen da lur azalera, hain ezagunak diren sator-zuloak eginez. Zulo horiek bikotea aurkitzeko erabiltzen dituzte, edo beste animaliak batzuk ehizatzeko ("tranpa" horietan jausten diren animaliak ere jaten ditu).