Belatz gorria (gabilara txikia) Eibarren
Aurrekoan aipatu nuen asteburuan Hegaztien Nazioarteko Eguna ospatu dela mundu guztian. Eta Eibarrera ezusteko berezia ekarri digu. Atzo eguerdian, herri erdi-erdian (Untzagan bertan, ehundaka pertsonak Sagardo Eguna ospatzen zuten bitartean) belatz gorria agertu zen.
Semeak esan zidan: aita, hori ez da uso bat! Ez, ez zen usoa. Errepide erdian zegoen, pare bat autok ia-ia harrapatu zuten gure aurrean.
Beregana hurreratu, eta hantxe harrapatu genuen lasai-lasai. Hegan egiteko gauza zen, baina juxtu-juxtuan. Ale gazteren bat, ziurrenik; zauritutako belatza, beharbada.
Belatz gorria (gabilara txikia edo miru txikia esaten zaio gure inguruko herrietan), Falco tinnunculus. Hegazti ederra da gabilara txiki hau. Euskal Herriko harrapakarien artean txikienetarikoa eta, ziurrenik, ugarienetakoa. Harrapakin txikiz elikatzen da (sugandila, txoritxo, matxinsalto, eta abarrak. Neurriz txikerra izan arren, ehiza-makina ederra da: hegaztada arineko, erpe sendoko, moko zorrotzeko.
Udaltzainen esku laga genuen, eta basozain bati deitu zioten, aztertu eta zaindu zezan. Hona hemen, udaltzaingoan, lasai antzean; oratu barik ere, ez zuen ez hegan ez ihes egiten. Berriro mendian egongo ote honezkero? Hala bedi!