Urdaibain
Asteburu aldrebes samarra izan dugu, hainbat kontugatik. Hala ere, goizean pare bat ordu atera ditut Urdaibaira osteratxo bat egiteko. Eguna argitu orduko San Krisobalen (Busturia) nengoen eta gero Axpe auzora ere joan naiz. Goiz garbi bezain hotza, Urdaibai eder-eder zegoen. Lasai, ikusgarri, paketsu, argitsu.
Txori aldetik ez da izan espeziala, baina txarra ere ez: makinatxo bat kuliska ikusi ditut, urmakinista bat (martin arrantzalea) berbertan, buztanluze-taldetxo kaskarin bat jolasean, mokozabal gazte bat lasai eta harro 20 metrora gosaltzen,... eta zingira berdantz (Emberiza schoeniclus) eme bat ere bai (ez dut larregitan ikusi).
Tira, joan-etorria besterik ez da izan, pare bat orduko kontua, baina merezi izan du Urdaibaiko koloreez berriro ere gozatzeko. Leku ederra da, benetan.
Hona hemen ikusitako hegaztiak:
- belatz gorria
- mokozabala
- koartza zuriak
- koartza hauskara
- ubarroiak
- kaio arruntak
- kaio ilunak
- antxetak
- kurlinta bekaindunak
- kuliska bernagorriak
- kuliska zuriak
- kuliska gorriak
- urmakinista
- buztanluzeak
- zingira berdantza (eme bat)
- txitxi eta buztanikarak
- buztangorri, zozo, birigarro eta txantxangorriak
- txepetxak
- beleak eta mikak (ugari!)