Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Gipuzkera/bizkaiera mugako "haura" hori

Gipuzkera/bizkaiera mugako "haura" hori

Asier Sarasua 2014/09/26 20:25

Hirugarren mailako erakusleen artean, bi forma dira nagusi euskaraz: mendebaldeko 'ha' eta ekialde zabaleko 'hura' (bere aldaerekin, 'gura/kura', Aezkoa-Erronkari bitartean, adibidez). Baina bizkaierak eta gipuzkerak bat egiten duten Debabarrenean, bada beste forma berezi bat 'hura' erakuslearentzat: 'haura'.

Elgoibar inguruan oso indartsua dena (Mutrikun, Mendaron eta Deban), baina auzoerrietan ere erabiltzen dena, batez ere Deba Ibarreko Soraluzen eta Bergara-Antzuolan, eta baita Azkoitia-Azpeitian ere.

Zer ote "haura" hori? Ez dakit, baina beti pentsatu izan dut ez  ote den horrelako zeozer:

  • Bizkaian: Ha
  • Gipuzkoan: Hura
  • --> Mugan: ha+hura > haura

Beharbada hau/hura arteko analogia moduko bat ere izan daiteke. Edo hasierako "(h)a" hori beste zeozer ote? Auskalo. Dakienak emango digu argibiderik.

Bitartean, datu gutxi batzuk bere hedaduraz eta indarraz. Ahotsak.com proiektuko Ahozko Tradiziozko Corpus zoragarriak datu esanguratsuak ematen dizkigu. Hara, "hura" erakuslearen fitxari dagokion laburpena, bere aldaerekin eta formen hedadura geografikoarekin:

  • Mutriku-Mendaro-Elgoibar-Soraluze-Bergara-Antzuola: Haura formaren gunerik indartsuena: haura %85-100 inguru; ha %0-15.
  • Alboko Eibar, ostera, askoz bizkaitarragoa da (ezaugarri dialektologiko gehienetan bezala): ha %92; haura %8
  • Haura formaren agerpen gutxi batzuk daude, era berean, Deba ibarreko Elgetan, Arrasaten, Oñatin, eta baita Urolaldeko Zumaian ere.
  • Azkoitian eta Azpeitian datu gutxiegi dago Corpusean ondorioak ateratzeko, baina han ere erabiltzen dute (hare forma). Bertako informanteek esan didatenez, horixe da herriko forma nagusia, eta Zestoaraino iristen da.

Hemen, adibiderako, Antzuolako Juliana Arangurenen berbak (orain 10 urte grabatutakoak, 2004ko irailaren 29an, Itziar Alberdik egindako grabazioan):

Bizkaiko kostaldetik beste bi ohar egin dizkidate. Oier Txikillanak Eibartarrak zerrendan aipatu zuen (handik dator gaia) Lekeition forma indartu moduan (edo) erabiltzen dela "hauri". Gerora, Ana Moralesek Twitter bidez aipatu dit Bermeon ere izenorde enfatikoa dela "hauri" (eta "haura"?). Aritz Abaroaren iritziz "horixe"-ren ordezkoa-edo da "hauri".

Amatiño
Amatiño dio:
2014/09/26 20:38
Nik ez dakit zergatik den baina, behar bada, mugaldeko ha/hura = haura, bien hibridoa baino ez da.

Beste hibrido bat litzateke: dodaz/ditut = ditudaz.

Eta beste bat: neuskizu/nioke = neutsake.

Mugaldeko handik eta hemendik hartu beharra. Belarriak alde bietara ireki izana.

Tira, egia esan, ez dakit. Jarduna besterik ez da.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz