Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Lehenengo euskal BeSeTea Elgetan

Asier Sarasua 2005/03/09 11:55

Elgetako Espaloiak egin du deialdia. Ingelesez B&B deitzen zaio blogarien artean topaketak egiteari: Blogs&Beer. Interneteko elkarren arteko ezagutza birtualaz gain, taberna batean geratu eta elkar ezagutzeari.

Elgetako Espaloiak egin du euskal blogosferako lehenengo deialdia, eta eguna ere jarri dute. Egun egokia, gainera: apirilak 17, igandea, arratsaldeko 19.30etan. Hauteskunde eguna.

Wifi sarea, Internetera konexioa, telebistako datuak ikusteko pantailla erraldoia... eta blogarien batzarra.

Ni neu, behintzat, hantxe egongo naiz.

Izenaren inguruan daukat nik zalantza. Kanpoko hitzak hartu eta geureganatzearen aldekoa izaten naiz gehienetan. Baina euskaldunok hitz eta esamolde berriak sortzeko dugun gabezia ikusita, Eibarko blogari batzuek bota zuten proposamena egokia iruditzen zait. B&B beharrean, antolatu dezagun BST bat (edo BeSeTe bat): Blogak, sagardoa eta txakolina.

Ni izen horren alde.

abendu, abendua // arrai, arraixa

Asier Sarasua 2005/03/07 22:20

Abendua, Buteo buteo abendu ratonero (Buteo buteo); UZ: zapelatz. • Sin. txitxalapur. Ik. arrai, arrano, gabillara. • Abendua ugarittu ein dok azkenaldi honetan. Bai! nik uste juat baietz! (Jose Gisasola, "Sosola").

arrai rapaz, ave de presa. • Sin. txitxalapur. • Gabillarak, miruak, abenduak... horrek guztiok arraixak dittuk, txitxalapurrak. / Juan zan astian eruan jeskuan arrai batek txitxia basarri-ataittik (Juan Manuel Jaio).

Santa Kurutz polit-polit

Asier Sarasua 2005/03/06 23:51

Eibartarrak ez zarienendako: Santa Kurutz Eibartik Arratera bidian dagon ingurua da. Ermitta txiki polit bat dago bertan. Mandiola eta Gorosta balladen arteko mugia da, eta inguruko basarrittarren topaleku izan da urtietan. Oindiokan be bada, neurri baten. Jaitxo bat eitten da urtero maietzan 3an.

Santa Kurutz, Eibar

Gaur ederra zeguan; politt-politta. Jendez jositta egongo zalakuan, baina ez, inor ez zebilen inguruan. Bake santua. Abendua txistuka, marti-zozuak sasikartian dantzan, eta Itturruako txakurrak zaunka; ez zan besterik entzutzen.

Argazki batzuk sartu gehittu dittut hemen.

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Santa Kurutz, Eibar

Premiñia sortu bihar juagu, Asier! Premiñia!

Asier Sarasua 2005/03/03 08:17

Holaxen esaten zestan beti Imanol Laspiurrek. "Premiñia sortu bihar juagu, Asier! Premiñia! Premiñarik ez bajuagu sortzen, amaittu dok euskeria."

Badirudi, gaur egun, premiñazko bakarra erderia dala. Badirudi ez; hola da.

Gabonetatik beste etxe baten bizi naiz. Etxe-aldaketen betiko gora-beherak bizi bihar izan dittut egunotan: ura dala, gasa dala, Telefonica, Euskaltel, altak, bajak... Juan zan astetik ...eta kitto aldizkarixa be jasotzen dot etxeko buzoian, Eibarko euskera elkartiaren astekarixa.

Honezkero bizilagun konpletua naizela esan neike.

Etxe barrixa danez, ...eta kitto!k papel bat ipini dau pegoran: "etxebizitza honetako harpidedunen datuak jasotzeko, eta gure datu-basia eguneratzeko, bete zure datuak beheko laukitxoan". Holako zeozer diño.

Eta hara nun! Aldamenian, bardin-bardina, erdera eder eta komunikatibuan.

Euskera elkarte baten euskal aldizkariko arduradun euskaldunak euren harpidedun euskalduneri, eskutitz elebiduna bialdu!!

Kasu horretan be erderia biharrezkua dala pentsau badabe, garbi dago premiñak nun dagozen.

Agur Eltzartza (II)

Asier Sarasua 2005/03/01 23:55

Hauxe dakar Eibarko Basarrixak (1998) liburuak:

Azkenengo sei urtietan hutsik egon da eta ordura arte errenteruak egon ziran bertan.

1601ekua da basarri honetaz ezagutzen dan lehelengo aittamena. Badirudi, sortu zanian, Unzueta jauregiko (gaur egun La Salle ikastetxia dana) zerbitzarixentzat egindako etxia zala.

Jauregixan inguruan herritxo bat sortu zan. Herri txiki moduko hori, jauregixak Unzuetatarren torria, ermittiak (Azitaingo Andra Mariaren Jasokundearen ermittia), errotiak, (Apalategiko errotia), zerbitzarixen etxiak (Eltzartza) eta inguruko basarrixak osatzen zeben.

Gizaldi honetan Azpiritarrena izan da. 1925. urteko basarri zerrendan agertzen danez, sasoi horretan Kandido Azpiri zan ugazaba eta azken urtiotan aurrekuan ondorengua dan Juan Basilio Azpirirena izan da. Orain dala 20 urtera arte errenteruak bizi izan dira bertan, baiña gaur egun hutsik dago. Bi etxebizitza zeren bertan. Oingo jabia, Jose Agustin Alonso da.

Eguzkixak gehixen joten zeban basarrixa zala esaten daben esaeria be badago.

Eltzartzaga baserria, Eibarko basarrixak

Agur Eltzartza (I)

Asier Sarasua 2005/02/28 12:30

Barixakuan izan zan, itxuria. Nik zapatuan ikusi neban, eta pare bat erretrato etara netsazen. Edo hobeto esanda, geldittu dan zuluari etara netsazen erretratuak.

Eltzartza basarrixa zeguan hor, Azitaingo bidegurutzian, La Salle ikastetxe parian. Hotel bat egin bihar ei dabe bertan.

Eltzartzaga

Etxe zahar bat bota eta hotel barrixa egin, esango dabe batzuk. Etorkizuna. Eibar aurrera doia.

Ondo.

Baina munduko zein lekutan botatzen dabe XVII gizaldiko etxe bat, gainian beste bat eitteko? Noruegan egingo leukie? Alemanian? edo Bergaran?

Eibarren bai.

Eltzartza jausten zeguan. Ez zan sekulako eraikina. Interes historiko eta artistiko apartekorik ez zekan. Baina kontua da, Eibarren oso elemento historiko gitxi dakaguzela, eta ezer ez dagon lekuan bi aukera dagozela:

  • ez dakagu ixa ezer. Zaindu daigun gelditzen jakun apur hori.
  • ez dakagu ixa ezer. Orduan, zertarako zaindu? Tapau daigun dana porlanez, eta kitto. Gastu, traba eta buruhauste gitxiago.

Garbi dago zein dan Eibarko udaletxian jarreria. Eibarko edozeinek daki. Holaxe ikusi dogu Markeskua barriztu danian, Muzategiko Gargolen kasuan, Azitaingo zubixakin egindako ridikuluan, Urkiko kurutzian kasuan...

Asteburuari errepasoa: eutanasia eskualomorfoak eta hotz polarrak

Asier Sarasua 2005/02/28 09:05

Asteburuan irribarrea sortu didaten pare bat mezu eta albiste irakurri ditut.

Marrazoen eutanasia

Joan zen barixakuan irakurri nuen lehenengoz, eta atzo bertan azken orri osoa Berrian: Donostiako aquarium-eko marrazo bat hil egin behar izan dute. "Bizkarrezurrean" (zer izen dauka hezurrik ez duen arrain baten bizkarrezurrak?) gaitzen bat omen zuen, eta joan zen astean akabatu egin zuten.

Nire herriko baserrietan gaixo dauden animaliak "garbitu" egiten dira, baina kapitalean "eutanasia praktikatzen diete". Hori bai fina!

Urduri ei dabil Txuri, bere putzukide Urdin desagertu denetik. Kovacevic ere antzera dabil Nihat joan denetik.

Realari ere eutanasia egin beharko diote?

Hotz polarra eta izotz-kandela siberiarrak

Azken urteotako negurik hotzena omen dugu. Hala izango da, ez diot nik ezetzik. Onargarria izango da, beraz, azken 40 egunotan egunkari, albistegi eta programa guztietan, eguraldia izatea egunero-egunero albisterik garrantzitsuena. Ibarretxek ere ez dio itzalik egin. Atera kontuak.

Baina informazio berdinarekin orrialdeak eta minutuak betetzeko, albistea edertu egin behar. Frente siberiano, frio polar, pasillo de aire artico, embolsamiento de aire polar... buru gainean horrelakoak izan ditugula esan digute, aizuek. Duela 15 urte, guzti horri "sekulako hotza" esaten zitzaion; eta orain dela 30? Ba, ziurrenik, "negua".

Asteburu honetan Palencian inkomunikatuta egon den herri bateko agure bat agertu da telebistan: "esto no es nada; ¡antes sí que hacía frío!".

Eta amaitzeko, egun finlandiarra Bilbon

Aranbarrik zekarren atzo Berrian, bere Hizlandia sailean. Josuk eta Enekok ere bidali didate erreferentzia.

Diputatu batek, Bilbo inguruko auto-istripuak zirela eta, hauxe aipatu zigun: «Una masa de aire húmedo había entrado desde el mar por Punta Galea. Al entrar en contacto con el asfalto con temperaturas bajo cero, la niebla se congeló dejando una fina capa de hielo imperceptible para la vista, detalló el diputado, tras consultar el servicio de Metereología. Este fenomeno se conoce en los países escandinavos como hielo negro».

Finlandian "hielo negro"? Lekutara joan behar gixajoa. Gure herrian izotz beltza eta beste makina bat izen ere baditu ba.

Albistea loratzearen loratu beharraz...

Zurdia, izotz baltza, eta izotz-kandelak

Asier Sarasua 2005/02/25 08:55

Izotz baltza eta zurdia Gaur goixian hotz! Karajo! Kilometro eskas bat motorrian egin, eta izoztuta heldu naiz. Izotza alde batera eta bestera. Edo zurdia, hobeto esanda.

zurda escarcha. • Mendixak, zugaitzak eta lurrak zuritzen dittuan izotza. Ik. izotz baltz.

izotz baltz escarcha. • Ikusten ez dan izotza; lurra zurittu barik gogortzen dabena. Ik. zurda.

izotz-kandela carámbano.
Oin negurik be ez dau eitten eta, negurik bez oin; baina lehen, etxeko ataixan be izotz-kandelak izaten ziran, gurian (EA).

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

EtnoMet webgunian be gai horren inguruko azalpenak irakorri dittut: Lei beltza / Izotz-burruntzia, Izotz-kandela, Lei-karraldo
Herri eta euskalki bakoitxian erabiltzen diran berben zerrendia.

Trimotor egualdixa

Asier Sarasua 2005/02/24 15:16

Trimotor egualdixaAtzoko gaixakin lotura zuzena be badaka berba honek. Politta, gogorra, bizixa. Zenbat aldiz entzungo ete netsan nere aitxitxari!

trimotor-egualdi tiempo soleado. • Gerran jaixotako esapidia. Egualdi onakin agertzen ei ziran trimotorrak Eibar eta ingurura bonbak jaurtitzera. Hortittik egualdi eguzkitsu eta argixari trimotor-egualdi esatia.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa


Pellak, sanblasak, eta Internet apur bat

Asier Sarasua 2005/02/20 11:55

Harañegun, barixakuan, afarixa euki genduan "Ondo Nai" soziedadian. Afarixa ederto. Oso ondo. Betiko moduan. Garik gure postazerrendan aittatu zeban letxe, menestria mundiala, pellak eta sanblasak zer esanik ez, eta konpañixia hobia. Aitor, Leire, eskerrik asko.

Arrateko Amaren berbak be, betiko moduan, zerutiarrak, zelan ez. Hor goittik itsasua ikusten da, eta olatu artian zer datorren esan zeskuan gure guru partikularrak.

Afarixan eta afari osteko hitzaldixan botatako batzuk, gaur bertan topau dittut bloglines -en bertan (bloglines be euki genduan berbagai, zelan ez).

Eta gehixenbat hau: Eibartarron lehelengo podcasting-a

Argazki gehixago, Garikoitzek ipini dittu Interneten: Eibar.org argazkiak

PD.: Eibar.Org-kuon artian afarixa eitten dogun bakoitxian konturatzen naiz zergaittik gustatzen jatan Eibar.Org-ko kide izatia. Elkarte askotako kide naiz, eta elkarte gehixenetan eskatu eitten deste: dirua, lana, laguntzia, edo danadalakua. Eibar.Org-k emon besterik ez desta eitten: Internetan inguruko jakitturixia, jendiakin hartu-emon aberasgarrixa, eta afarixak duan. Zeozer gehixago eskatu leike?

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz