Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren onena?

Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren onena?

Asier Sarasua 2005/03/14 07:57

Bai, pekatu egin dut. Aitortzen dut, euskaldun euskaltzale pekataria naiz, eta ez dut sekula ez Sarrionandiaren libururik irakurri, ez Ruperren diskarik erosi.

Honezkero adineko naizenez, ezin dena irakurtzen eta entzuten hasi. Inork esango dit nondik hasi? Zein liburu eta diska gomendatzen didazue?

Bai, pekataria naiz, baina damututa nago, eta euskaldun fededun zintzoa izateko penitentziaren bat ere egingo behar badut, prest nago. Zin dagit.

Zapiainen eskoletara joan, Arrateko amaren esanak jarraitu, Traperoaren pozkastinhak editatu, teknosexual bihurtu...

Nire arimak duen zama hau arintzearren, edozer!

etiketak: kultura
iturri
iturri dio:
2005/03/15 00:03

Kaixo:

Inoiz ikus-entzun dudan kontzerturik zirragarriena Ruper Ordorikak 1992ko ekainaren 26-27an Donostiako Victoria Eugenian emandakoa izan zen. Irungo jaien bezperatan geunden. Lagun batekin etorri nintzen, kasualitatez, teatrora. Hain atera nintzen harrapatuta, Irungo jai girora joan beharrean, Hendaiako hondartzara joan ginela.

Orduan hasi nintzen ruperzaletzen. "Bilduma bat" 1992ko diskoak aurreko kantarik esanguratsuenak biltzen ditu. Hasiera-hasierako diskoak ez zaizkit hainbeste gustatzen. "Ez da posible", 1990 urtekoa, potentea da. Juan Carlos Pérez-en produkzioa, oker ez banago. Zendu berria den Santi Ugarte ere hortik zehar zebilen. (Portzierto, zein isilik pasa den tipo honen heriotza).

1992ko "Ruper Ordorika & Mugalaris" mini-cda ere gustuko dut. AEBetara joan aurretik grabaturikoa. New York-en pasa zituen ondoren hilabete batzuk. Hasiberria zen Daniel Calparsorok egin zion bideo-klipa.

Hiru horiek dira niretzat diskorik majoenak. Gerokoak, ondo daude, baina ez dute horien magia. Agian "Gaur" 2000an grabaturiko zuzeneko diskoak, bai.

Urte horretan ikusi nuen lehen aldiz Ruper zuzenean Euskal Herritik kanpora. Madrilgo Café Central-en izan zen, 2000ko azaroan. Hiruzpalau egun lehenago eta-k lineako autobus batean zihoazen 4 pertsona akabatu zituen Madrilen. Giroa ez zen beste mundukoa, beraz. Hala ere, kontzertu ederra ikus-entzun genuen taberna hartan.

Bitxikeria: Madrilen-eta jotzen duenean "Peter Punk" kanta abesten du, gazteleraz, gitarrarekin. Letra oinarrituta dago Leopoldo Paneroren poema batean. Zoragarria. Geroztik ez diot entzun.

Ea halako batean ere EHn animatzen den poema horrekin.

Sarriren liburuak ez zaizkit hain erakargarriak egiten. “Martin Larralde” zoragarria da, hori bai.

http://www.ruperordorika.com

ttikiya
ttikiya dio:
2005/03/14 21:45

Dedio! nik uste dut Rupertoren guztiyak ttutela eta Sarrirenak ere gehienxkunak, miño ezingo nuke beñere oain arte filoxofoari ein yozuen bezelako aholku ederrak eman. Nere moduko alperra bayaz onen-onena bakik zer ein behar duken? (Barkatu ezagutu gabe hika aritzea e? Konfintza eman gabe hartu diat). Ba nik, hi izanta, bi lan batera egingo nikek: kontutan hartuta Ruperrek Sarriren letra asko hartu dittula kantatzeko, ba horixe; hartu Ruperren diska bat eta Sarriren letra daukana entzun eta kitto! Eta ez da broma e: behin zure bizitzaren ikuspegia eta esperientzia jasota ondoren hauen bien mundu-majiko-ikuspegi-fisolofikoa ulertzea zaila da. Eztakit nik orain lortuko nukeen ere, jejeje. Zorte on filoxofo!

ttikiya
ttikiya dio:
2005/03/15 22:34

Barkatu hainbeste lata ematea miño... Sarrirena erraxa duk baita ere, eta gainera aholku ekonomikua: Ainhoari guttunak arrontin politta da, eta ederra. Berez aurrentzat idatzitako ipuinak dira, Sarri bere igesaldian jaso zuen familiko ttikiyari idatziak omen. Ba ipuin hauek ttikientzako eginak badira ere, helduei asko eskaintzen diye eta Sarriren betiko estilo eta unibertsoa ageri da bertan. Nik neonek leittu ondoren nire ilobari oparittu niyon (artian 10 urte zittunian) eta hura ere gustora. Beraz, zuk erosi eta gero 21 hilabeteko politt horrek eskertuko dizu seguruena; kontutan hartuta hain ttikiya izanta zenbat hitzeitten dun, seuru eztula arazorik izango Sarrirenak entenditzeko ere. :-)

asier
asier dio:
2005/03/15 16:42

Hi Ttikiya! Oso aholku ona, benetan. Kontuan eukiko juat!

Eta Iturriren mezua irakorritta, uste dot aurrekuekin bat eitten dabela: Ruperren onena 90 hamarkada aurrekua edo ingurukua da.

Sarrirekin lan gehixago: hainbeste dauka irakortzeko...

Ttikiyaren aholkua jarraittu bihar.

Eskerrik asko danori.

Petrus
Petrus dio:
2005/03/28 01:29

Zeure burua euskaltzaletzat duzu, euskal kulturaren maitaletzat, eta Sarry&Rupert binomio beatifikatua ez duzu ez entzun ez irakurri? Hori, lagun, ez da pekatu beniala-gero... hori pekatu MORTALA da!!! Ala, errezatu zazpi abemaria ta bihar joan kafea hartzera zure betiko tabernara baina be-lau-ni-ko. Hola ikasiko duzu, hombre!

Uribe
Uribe dio:
2005/03/17 16:44

Ezta posible ezin liteke. Hamabostean behin behitzat entzungo zenduan zeozer. Bat esatearren. Gaur. Kafe Antzokian grabatutakoa.

Oso ona be Bilboko Kafe Antzokian abenduaren 14an (2002 edo 2003an) jo ebana

Ruperren kontzertu batzuk: asteburuon Ondarrun Hiru trukuz, eta datorren hilaren 22an Durangoko Plateruenean.

Euskeraz, Sarri irakurri ezkero, edozein.

Tiritak belaunetan
Tiritak belaunetan dio:
2005/03/29 09:51

Atzo kafia hartzera belauniko; gaur lanera tiritak ipinitta, baina bihotza pozik, penitentzia bete ostian.

Eta Sarri-Ruperren hiruna lan eskuetan. Zuek esandako batzuk erosi dittut. Esango detsuet ia zer.

azpi
azpi dio:
2005/03/14 11:35

Jode, Asier. Pekatuak bai, baina pekatariak ez dituk publiko egiten.

Niretzat, Sarri-renak: "Hnuy illa nyha majah yahoo" poemak eta "Ni ez naiz hemengoa" saiakera. (Denak ere ez zizkioat irakurri, eh?)

Ruperrenak, igoal, "Ni ez naiz Noruegako errege" eta "Gaur (zuzenean)".

e-gor
e-gor dio:
2005/03/14 12:44

Ni Ruperzale handia izan naiz eta lehenengo diskoak asko gustatzen zaizkit, baina azkenak lentoegiak eta errepikakorregiak iruditzen zaizkit. Lehenengo diskoak oso onak ziren, abesti erritmodun eta geldoak nahasten zituen eta gainera bakoitzean zerbait berria eta ezberdina egiten zuen. Baina "Dabilen harria", "Hurrengo goizean" eta "Kantuok jartzen ditut" denak oso geldoak eta elkarren antzekoak dira. Horietako lehenak, "Dabilen harria"k, gutxienez aurrekoekiko berritasuna zekarkiten, baina beste biek... Inspirazioa agortu edo? Horrela jarraituz gero, Ruperrek berak ez dabilen harriari gertatzen zaiola dioen moduan, goroldioa lotuko zaio. Nik, beraz, "Hautsi da anphora", "Bihotzerreak", "Ni ez naiz Noruegako errege", "Ez da posible", "Ruper Ordorika & Mugalaris" eta "So'ik'so" gomendatzen dizkizut, eta agian "Dabilen harria" ere bai. Baina dena entzun gabe ezagutzeko, oso ondo daude "Bilduma bat" bilduma eta "Gaur" zuzenekoa.

Sarri ere oso gogoko dut. Sarrik oraintsu arte saiakera, narrazio laburrak, "gogoeta ipuinduak" (Susaren literatura kaieretan bataiatu duten gisan esanda) eta poesia idatzi izan ditu, kanpoko poesia euskarara ere itzuli izan du, eta azkenaldian nobela idazten ere ari da. Bakoitzetik bat gomendatzekotan, saiakeran "Marginalia", narrazio laburretan "Atabal eta euria", gogoeta ipuinduetan "Han izanik hona naiz", poesian "Hezurrezko xirulak" eta "Gartzelako poemak" (ezin batekin bakarrik gelditu), poesia itzulpenetan "Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak" eta nobelan "Lagun izoztua" dira niri gehien gustatzen zaizkidanak.

On egin diezazula!

aiser
aiser dio:
2005/03/14 17:37

Ño! Igor!

Horko erdixakin suplemento kultural bat eitten juek edozein aldizkarittan.

Eskerrik asko bixori. Zerrenda hori galtzarpian hartu, eta gaur bertan hasiko nok "lanian", nere pekatuan ordaintzen.

Patxi
Patxi dio:
2005/03/14 17:59

Penitentzia onartzen dizut, baina flagelaziorik ez!! pozkastiñak editatu? Behin eta berriro entzun? Ero baten lana nahikoa da behin entzutea. Hortik aurrera... Peligro!

Sarrionaindiaren "Narrazioak": Behin eta berriz irakurri nuen liburua, argitaratu zanean. Urte mordoska pasa da, baina berriz irakurtzeko asmoa daukat. Oporretan aber.

Kontuz Ruperrekin. Abesti zoragarriak ditu. Baina ez zaitezela gehiegi zaletu. Malenkonia zutaz jabetu leike.

Eta nora goaz nerbiorik gabe??

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz