Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

a>e /__u, i/

Asier Sarasua 2005/01/05 08:40

eibarko euskaraGure inguruko hizkera gehienetan a>e /__u, i/ bilakaera gertatzen da. Zer esan gura du horrek? Ba, u eta i bokalen ostean, a>e ahoskatzen dela (txarrixe, etxie, bixer, ataye...). Bizkaiko ia herri guztietan gertatzen da hori (kostako Mundaka eta Lekeitio, eta gure inguruko Ermua eta Elorrio dira salbuespen bakarrak). Debagoieneko hizkera gehienetan ere arau da asimilazio hori, eta baita Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat eskualdetan ere.

Hala ere, gure inguru guztian hain indartsua den arau hori, arau baino salbuespen da Eibarren, eta bere alboko Ermua, Elorrio, Soraluze, Bergara eta Elgetarekin egiten du bat berezitasun horretan. Eibarren ez gertatzen a>e /__u, i/ bilakaera hori. Hemen adibide bat: Selaixan dabisenian esta kasorik be! Iskua an dao ta... Len-len iskua egoten suan amen. Iskua etxian! "Beixa iskuan eske dao ba" ta artu beixa ta iskua, txabolara ero bere lekura eruan, ta iskotu ta... Gero beterinarixuak ipintzen eutzen. Baiña len, koño! Iskua nun dauan...! Tokatzen bada amen igual isko majua, ba, bueno...! Arikittatik be igual geurera. Urrengo noberak iskorik es ta "i!" Arikittan ero Barrundixan ero beste... "Banajatok!" ta "Bai, ekarri!" Iskua nun tokatzen san... Ausuetan, etxian es baeuan ba...

Hala ere, ez da erraza fenomeno hau aztertu eta azaltzea, eta salbuespenak aurkitzea erraza da. Izan ere, arau honek ez du herri guztietan eta ingurune guztietan berdin funtzionatzen. Eibarren ere berdina gertatzen da: hiztun batzuek eta ingurune batzuetan erabiltzen dute, ingurune horiek definitzea zaila delarik. Oro har, kalean nekez entzungo dugu (edo ia inoiz ere ez), baina baserritar edadetu batzuen artean jaso ahal izan ditugu adibide batzuk, gehienetan hitz solte bakanetan: ikesi, iketz, ikeratu, beittensiño, miestu, iguel, juen...

Hori bai, Aginaga auzoan, Markinako hizkeraren eraginez, bilakaera hori arrunta ez eze, arau ere badela esan daiteke. Adibiderako, Zumaran baserriko Euxebi Gisasolaren pasarte hau:

Ta txarrixek... serak... urdaixek be danak gatzes ein biar iseten sien. Bi edo iru egun euki tta barriro buelta emon ta gatza barriro. Ta gero ipini arri aundi batzuk gaiñien ta gatza artzen eben ta gero bein gatza artutakuen, urte gustien arek kitto! Arek es sien galtzen.

fueraka

Asier Sarasua 2005/01/04 08:20

Miguel Gallastegi Eibarrenfueraka barrus; jugar a barrus. • Pelotajokuan danok batera jokatu; txarra egitten dabenak kanpora urtetzen dau, azkenian bakarra geldittu arte, irabazlia. Erab. Harritzekua da euskeria nagusi zan sasoian fueraka jokatzia Eibarren, eta oin barriz, erderiak indarra hartu dabenian, erdaldunak be barruka jokatzen ikustia. Sin. barru.

Eibarko horma guztiak ziran frontoiak, e? Zelan zirkulaziñorik ez zeguan! Pelotan, fueraka eitten genduan. Fueraka zan, danok batera ekintzen gentsagun, eta tantua galtzen ebanak, jun bihar izaten eban aguazilla zaintzera, amaittu arte… Foballerako tokirik ez zan, eta pelotan eitten genduan (JQ).

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

Eibarko karta-jokoa

Asier Sarasua 2005/01/03 01:00

Eibarko kartakEibartarrok ezagutuko dozue Ego Ibarra udal batzordea. Eibarko memoria eta ondare historikoa ikertzen eta jasotzen daben udal batzordia da. Liburugintza, hitzaldixak, erakusketak... "elitearentzako produktuak". :-) Orain best-sellerra. Joan zan astian kaleratu zeben Eibarko karta-jokoa.

Abenduaren 22xan kaleratu, eta pare bat egunian desagertu ei da Eibarko kiosko eta liburudenda guztietatik.

Kartetan Eibarko eraikin ezagunak, kale zaharrak, lanbidiak eta berbak agertzen dira. Esate baterako, eraikinen artian, Eibarko udaletxia, San Andres, Arrate, Santakurutz, itturri zaharrak, ermittak...

Lanbidiak be tarte haundixa dauke, eta pertsonai mordua agertzen da: lixiberia, granujia, arrainduna, forjarixa, raketistia, damaskinatzailea, eta abar.

Eibarko kartakArmagintziakin eta damaskinatuakin zerikusixa dauken berba zaharrak be agertzen dira: urre-gorrixa, urre-txortia, katua, otxabina... Berbok Eibarko Hiztegi Etnografikoa liburutik jaso dira.

Karten atzekaldia Leire Kareagak egin dau; kartetako irudixak Nahuel Visok eta Julen Zabaletak; konposiziño-lana Jose Valderreyk. Gasteizko Fournier etxiak kaleratu dittu kartok.

Marrazki gehixago Ego Ibarraren webguneko Eibarko karta-jokoa atalian.

Urte barrirako asmo barrixa: astian liburutxo bat

Asier Sarasua 2005/01/02 01:00

astean liburu batUrtebarri, asmo barri. Ez dakit horrenbesterako izango ete dan, baina jende (normal) guztiak moduan, nik neuk be egin dot urte barrixan egin/aldatu biharreko kontuen zerrendia. Beste blogari batzuen ideia be hartu dot (honena, edo honena) astian liburu bat irakortzen ahalegintzia. Askotxo da. Neretzat bai behintzat, baina ahaleginduko naiz igez baino gehitxuago irakortzen. Ez edozer eta edozein modutan irakortzen, baina bai gehitxuago. Tarte hutsetan telebisiño eta Internet gitxiago (barkatuko desta Arrateko Amak), eta irakorketa gehixago.

Gustau egin jata Estebanek zelan aurkeztu daben beran zer hori:

Esta tarde me he acordado de un post sobre alcanzar los 50 libros leídos en un año, y que algún blogger más intenta, eso sí con algunas reglas que me aplico:

  • Leer libros de más de 100 páginas
  • No vale leer por leer
  • Cualquier género es válido
  • Una vez terminado el libro, hacer una reseña sobre el mismo

No lo considero como un reto o concurso, sino como potenciar más aún una de mis aficiones que más me gustan, la lectura. Sobre la última regla, prometo ir dejando una reseña de todos los libros leídos una vez terminados.

Ez dakit nik neuk azkenengo puntu hori beteko doten, baina urte barrixa ointxe hasi danez, baietz esango dot. Gero gerokuak.

Eta hasteko, esku artian dakaten zerrendatxua:

  • 101. street-eko geltokia (Iñaki Zabaleta)
  • Estudio estructural del euskera en Ondarroa (Karmele Rotaetxe, 1978)
  • Itzalak (Iban Zaldua, 2004)
  • La noche del Oráculo (Paul Auster)

Urtebarri eguna ez da egun txarra...

Asier Sarasua 2005/01/01 01:00

Urtebarri on danori!

Urte barrixa hasteko, aspaldiko kantu bi. Musikia jakitzeko, Eibar Kantuz Kantu liburuan.

Urtebarri eguna
ez da egun txarra
kortara jausi jaku
gure sapai zaharra.

Urtebarri barri
txarri belarri
dakanak ez dakanari
zagixa bete madari!

2005a izan deila aurrekua baino hobia.

Gora gure antxobillak!

Asier Sarasua 2004/12/22 09:15

Urtero kontu berbera. Hainbat herrialdetako zientzilari eta teknikariak elkartzen dira. Urtean zehar hamaika ikerketa egin dituzte, milaka datu batu dituzte, eta horien arabera erabakitzen dute ea zein den gure itsasoaren egoera. Edo hobeto esanda, ea zenbat arrain dagoen itsasoan eta zenbat jaso dezakegun, betiere hurrengo urteetan ere martxa berdinean jarraitu ahal izateko.

arrantza.jpg

Gero politikoak elkartzen dira. Zientzilarien datuak hartzen dituzte, komuneko zulotik behera bota, eta nahi dutena erabakitzen dute. Une politikoak agintzen dietena, alboko estatuarekin izandako sal-erosketan adostutako, edo ez-dakit-zein gizarte esparruren haserrea baretzeko balio duena.

Oraingoan antxoa izan da. Batzuek 85 esan; politikoek 9 erabaki. Eta denok poz-pozik etxera.

Datorren urtean berriro gerra.

Baina lasai, gaiztoak frantsesak dira. Edo norvegiarrak. Edo marokoarrak... Eta bestela beti izango da Espainiako ministroren baten errua.

Gora gu eta gure antxobillak!

Gogorrak dira giputxak geró!

Asier Sarasua 2004/12/20 23:55

Atzo euskal telebistako esatari batek: "eskubian zegoena...". Gogorrak dira giputxak geró! Lau berba besterik ez dittue ikasi bihar baturako, eta ezin... Eskubi, laister, bezela, gera...

Beste batzuk aditz-sistemia goittik behera barriztu dogu, ehundaka berba barri sartu dittugu kaskezurrian, beste horrenbeste aldaera baztartu... eta ez gara ba larregi kejau. (Edo bai).

Hau guztiau, jakiña, maittasun osoz diñotset. Azken baten, behin baino gehixagotan aittatu dot, gipuzkoarrak dirala euren euskalkixa galtzeko arrisku haundixena daukenak. Hain dago hurrian batutik eze, konturau barik euren berbetia galduko dabela.

Bizkaittar, napar eta iparraldekuok askoz garbixago daukagu zein da etxeko erregistrua, eta zein estandarra. Batuaren eragina izugarrixa da, baina eutsiko detsagu guriari. Giputxak, ostera, belaunaldi bakar batian asko galdu dabe, eta txarrena: konturatu barik.

harañegun antxitxi(k)

Asier Sarasua 2004/12/17 09:14

» HARAÑE(G)UN ANTXITXIK [herenegun antxiti] (Adb.) anteanteayer; día antes de anteayer.

Harañegun antxitxik hil jakue senide bat, eta gaur arte ez dabe jakiñ ezer. / El día antes de anteayer se les murió un pariente, y no lo han sabido hasta hoy.

Toribio Etxebarriaren Lexicon del euskera dialectal de Eibar hiztegitik (online bertsioa).

Eibar. Fonetika. F (eta P)

Asier Sarasua 2004/12/16 09:55

kinarra.jpgAsko idatzi izan da /f/ kontsonanteak euskaraz izan duen jatorriaz eta bilakaeraz. Badirudi ez dela jatorriz euskararen soinu-artxiboko fonema (Michelena, 1990). Horrek ez du esan nahi, baina, beste hainbatetan adierazi den moduan, euskaldunek ezinezko izan dutela soinu hori ahoskatzea. Hementxe Eibarren non eta noiz erabiltzen den, eta izan dituen bilakaerak.

F-ren ordez p erabiltzea, batez ere Gipuzkoa inguruko berrikuntza dirudi gehiago. Iturainek (1995) eta Frailek (1996) hainbat adibide ematen dizkigute Oriorako eta Oiartzunerako, askotan gaztelerazkoak ere bai. Berrikuntza hori, neurri batean Eibarrera ere iritsi zen, eta lekuko batzuek herskaria /p/ darabilte igurzkariaren ordez: apesiño, palta, Pelipe, pamelixa, paillo... Hala ere, normalean ez dago frikaria esateko zailtasunik eta f-dun formak arruntak dira, bai hitz hasieran (ferixa, frontoi, fiña, fenomenua...), zein hitz barruan (afaldu, afisiñua...). Hori bai, badira p-z bakarrik entzungo ditugun zenbait forma: alper, alperriko, alpapa, Naparrua, Pantxika, perratokixa...

Eibarren, gainera, inguruko beste hizkera batzuetan moduan, f-ren aldeko joera beste ingurune batzuetan ere aurkituko dugu:

p/f txandakatzea

Eibarko euskaran jatorriz /f/-dun formak gorde ez ezik, jatorriz /p/-dunak diren batzuk ere /f/-dun bilakatzen dira, eta alderantziz. Txandakatzea hitz askotxotan aurkituko dugu.

Adibide batzuk ipintze aldera:

ipini / ifini
arpan / arfan
prejidu / frejidu
ipar / ifar
pandero / fandero
plater / flater
pabonau / fabonau
prixku / frixku
prakak / frakak
priztixa / fristixa

Oro har, Eibarren gehiago entzuten dira /p/-dun formak, baina /f/-dunak ere maiz entzuten dira hiztun nagusienen ahotan. Frakak, frixkua eta fristixa kasuetan arruntagoak ere badira, agian /pr/ multzoa ahoskatzeko zailtasuna handiagoa delako.

Eibarren auzo batetik bestera alde gutxi dagoen arren, aipagarria da f-dun formak askoz ugariagoak direla Otaola-Kiñarraga auzoko hiztunetan. Bertatik igarotzen zen Eibar-Elgeta-Bergara-Arrasate errepide zaharra, eta Debagoienarekin hartu-eman handiagoa izan dute inguruko baserritarrek; inguru horietako baserritarrekin ezkontzak ere arruntak izan dira, eta horrek eragin txiki bat sortu du hizkeran. Fan, fuen (joan) formak ere inguru horretan entzuten dira gehienbat. Hala ere, Ermuan ere jaso dugu horren aztarrenen bat.

Amatiñok berba batzuen jatorrixaz "ikastarua"

Asier Sarasua 2004/12/15 08:05

Oier Gorosabelek berba batzuen jatorrixaz galdetu, eta Amatiñok erantzun. Eibartarrak zerrendan izan da. Hamentxe laburpena:

ANTZINA

Latinezko "ante"tik omen dator: Italieraz, anzi; frantses zaharrez, ainz; okzitanoz eta katalanez, ans; galegoz eta portugaleraz, anciao; eta euskeraz, aintzin. Espainerazko "anciano" ere hortik dator, oso aspaldidanik.

EDO - ETA

EDO (O) eta ETA (Y), biak datoz latinetik. Lehenengoaren jatorria AUT da, eta bigarrenarena ET. Frantsesez oraindik ere ET da eta, gezurra dirudien arren, gaztelaniazko itxuraldaketa: ET-EI-I.

ERREKA

Hainbat dira latinetik datozen hitzak, erabat euskaldunak ematen duten arren. Esate baterako, nik uste nuen ERREKA guztiz euskalduna zela baina REGAR (ERREGAR) eta REGATAren senide da.

BEGIRATU

Eta, harrigarriagoa dena, Koldo Mitxelenari noizbait irakurri izan diodanez (orain ez dakit baina behar izatekotan aurkituko nuke, gai honetaz bere bizpahiru liburu baino ez baitaukat) BEGIRATU latinetik omen dator. Edonor esango luke begi bistakoa dela euskal jatorria, BEGI-RA-TU, euskara hutsa alegia. Ba ez, latinezko VIGILAREtik omen dator. Hau da BEILA-TU (gau beila) eta BEGIRATU jatorri berekoak dira.

LAGA

Sustraia LAXUS (laxo, nasai) da. Lehena aditza, latinez, LAXARE. Eta gaztelera zaharrean LEXAR, XIII menderarte. Handi aurrera DEXAR eta, azkenik, DEJAR. Okzitanoz LAISSAR, frantsesez LAISSER eta italieraz LASCIARE.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz