Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Egunkaria libre!

Asier Sarasua 2009/12/06 09:40
Gaur betetzen dira 19 urte, Euskaldunon Egunkaria sortu zela, abenduaren 6 batean jaio baitzen. Batean eta bestean egiten ari diren elkarretaratzeen asmo berarekin, Egunkaria auzia salatzeko eta auzipetuei babesa adierazteko ekimena abian da dagoeneko Interneten ere, Egunkaria libre! lau haizetara zabaldu nahian, bannerrak erakutsiz.

Epaiketa amaitu bitartean, webguneetan, agerkari digitaletan, sare sozialetan eta antzekoetan ekimenak ahalik eta oihartzun zabalena izateko kanpaina zabaldu dute Egunkariaren aldeko plataformakoek. Honako testu hau eta Egunkaria Libre bannerra jartzeko deia jaso dugu.

Ba, Egunkaria libre!

Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.

Almandrongilak

Asier Sarasua 2009/11/29 22:28
Kafe-orduan izaten ditugun eztabaida gordinetako bat: Lurrek eta biok "almondiga" esaten dugula, eta Zaloak barre-algarak, ezjakin analfabetoon kontura... Tira, ez da horrenbesterako ere. Nola esan behar dugu, orduan?

Lurrek dio berak beti almondiga esaten duela, euskaraz eta erdaraz. Nik, ostera, hizkuntzen arabera aldatu egiten dudala: gaztelaniaz albondiga badiot ere, euskaraz almondiga darabilt (eta almandongilla). Zentzurik ba ote? Nola da euskaraz? eta nola erdaraz?

Euskaraz denetik aurkituko dugu.

  • Batetik, haragi-bola. Sormen berrikoa, esango nuke. Horixe hobesten du Euskaltzaindiak.
  • Bestetik, albondiga mailegua. Hiztegi gehienek zerrendatzen dute: Hiztegia 3000, Harluxet, Elhuyar...
  • Amaitzeko, almandrongila. Jatorriz, hori ere, mailegua (albondiguilla?). Hiztegi gehienek jaso dute eta erabilera ere badauka (Google edo Euskarazko Corpusak begiratzea, nahikoa).

Eta Almondiga?

Ez dirudi hiztegi orokorretan leku handiegirik daukanik, baina bai herri mailako bilketa eta hiztegietan. Besteak beste, Eibarko eta Bergarako hiztegietan jaso dute. Hementxe, Elexpururena:

almándongilla, almándongillia. (c). izena. ALMóNDIGA. Almóndiga. Zaharrek izan ezik, gaur egun ALMÓNDIGA esaten da.

Eibarren ere antzera. Hainbat forma jaso dira:amandrongila, almandrongila, amandongilla, almondrongilla... eta almondiga. Ez dut arazorik ikusten, hortaz, ahozko jardunean almondiga ere erabiltzeko.

Eta gaztelaniaz? Ba, kontxo, gaztelaniaz ere biak onartzen ditu Academiak, almondiga lagunarteko forma dela zehazten duen arren.

 

 

 

Bring on the night

Asier Sarasua 2009/11/13 10:10
"When the World Is Running Down You Make the Best!".

Euriak eta umeen gaixotasunak ere badute alderdi onik. Etxean egoteak ere badu bere zer hori. Aspaldiko partez musika pixkat entzuteko aukera ere izan dugu egunotan. Tartean munduko abestirik onena, edo ia. Itoizen Ezekiel, U2ren zenbait eta beste dozena erdi. Hortxe dago gorentasuna. Eta tartean Police taldearen Bring on the night. Batez ere bere zuzeneko bertsio erdi-jazzeroan. Aspaldi entzun barik eta atzo eguna poztu zidan.

Harry altoo volumena!

 

2010. urterako ToDo-en zerrendan: musika gehiago entzun behar dut.

 

XVII-XVIII gizaldietako euskarazko koplak Eibarren

Asier Sarasua 2009/11/09 00:50
Aste honetan berri onak heldu dira Eibarko udal artxibotik. Batto: artxibo berria inauguratu da. Biga: Bergarako udaletxean "bahituta" zegoen material historikoa berreskuratu da. Hirur: material horren artean XVII eta XVIII gizaldietako euskarazko kopla zaharrak agertu dira. Ez da gutxi!

Ba bai. Aste honetan albiste onak ekarri dizkigu Eibarko udal artxiboak. 10-12 urtez obretan egon ondoren (erraz esaten da), azkenean berriro itzuli da Eibarko udalaren artxibategia Untzagako plazara. Lehenengo udaletxeko obrak izan ziren (eta urteetako atzerapena), gero artxiboa Untzagara ekarri ezina (hezetasun arazoak eraikuntzan), gero ez-dakit-zer... 10 urtetik gora igaro ditu artxiboak Portaleko egoitza probisionalean. Azkenean, baina, joan zen astean ireki zituen ateak Eibarko udal artxibo berriak.

Luze jo du, baina merezi izan duela esan daiteke. Artxibo berri, zabal, moderno eta erabilgarria daukagu (behingoz) Eibarren. Duela 3-4 aste ezagutu nuen egoitza berria (oraindik obretan zegoela) eta asko-asko gustatu zitzaidan. Oraindik ez dut martxan ikusi, baina gogo handiz nago. Ondo pentsatutako eta antolatutako instalazioak dira.

Gainera, artxiboan material "berria" ere izango dugu, Eibarko Eskribautzari dagokiona: XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko auzi zibilen, exekuzio-auzien eta auzi kriminalen agiriak. 100 urtean Bergarako artxiboan gordeta egon ondoren, Eibarrera itzuli dira. Material garrantzitsua, zer esanik ez, batez ere Eibarren daukagun agiri-gabezia ezagututa (Eibarko hainbat eta hainbat agiri galdu egin dira sute eta gerretan, batez ere, 1794ko sutean eta gerra zibilean).

Bergarako agirien inguruko informazio gehiago Egoibarra.com webgunean.

Eta azkenengo berri ona: Bergaratik etorri den dokumentazio historiko horren azaleko arakatze batean euskarazko dokumentu bi agertu dira. 1668an eta 1721an idatzitako kopla bana. Hizkuntza gutxitu honetan ez dira larregi garai hartako dokumentu euskaldunak eta berri pozgarria da, beraz. Dena dela, Eibarren bertan badira garai beretsuko beste bi dokumentu historiko: 1685eko beste kopla zahar batzuk eta 1754. urteko ordenantzak.

1668ko koplak oraindik ez dituzte transkribatu (agiriak ez omen daude oso egoera onean); 1721. urtekoak, ostera, Egoibarra.com webgunean kaleratu dira. Gartzela-zigorra eta dekapitazioa jasateko arriskua dudan arren (irakurri Mendicutek idatzitakoa Egoibarraren lege-oharraren inguruan), hementxe berridazten ditut.

Harrigarria da zelako erraz irakurtzen den eta gaur egungo Eibarko euskararekin alderatuta zelako antzerakoa den. Zalantzazko 2-3 berba izan ezik, beste guztia ondo-ondo irakurri eta ulertu daiteke. Zain nago, ea hizkuntzalariren batek azterketa sakonagoa egiten ote duen.

Hementxe, behintzat, kantu hori (Eibarko bi emakumek herriko botikarioari kantatutakoak):

Guitarriata biolinchua
Ederra jacus etorri
.........................
Ederra jacus etorri
Jaungoycuac baixe estaqui
.........................
Arrabaleco dama ederroc
Es arren urten echeric
..........................
Trupin jauna orra nundatorren
Dama ederren ondoriq
...........................
Guitarriata biolinchua
Achaquiazat arturiq
...........................
Caballeriata perruqueria
encaxe puntas beteriq
...........................
Tauaquerabi ordabilza
Sorabedarrez beteriq
............................
Seyn ezconduba seyn esconsaquia
Estau iminten dudariq //

Orregayterren ateraeben
Leen bere lecaytioriq
.............................
Arraguetaco jendeaq
Leenago dauco jaquiniq
.............................
Trupin jaunorreq
Sorziraq Jolta utenzedan echeriq
..................................
Urtezedan echeriq
Dama ederren alderiq


Hauxe da istorioa, antza: "Trupin" jaunari (Agustin Ezenarro botikarioari) neska ederrak gustatzen zazikio eta horien atzetik ibiltzen da, ezkondu zein ezkongabeen atzetik. Lekeition ere antzera ibili omen zen eta horregatik bota zuten herritik. Ezenarrok zortziretan irtetzen du etxetik eta Arraguetako dama ederrei dei egiten zaie kontuz ibil daitezen.

Horixe da koplen egileek salatu eta kantatu zutena; eta horregatik jarri zuen kereila Ezenarrok.

 

Argazkiak "askatu" ditut

Asier Sarasua 2009/08/30 22:42
Tira. Azkenean egin dut. Nire hainbat argazki askatu egin ditut. CC lizentzia eman diedala, alegia.

Orain dela lau urte ireki nuen nire Flickr kontua. Ziurrenik horixe izango da Interneten gehien eta gusturen erabiltzen dudan baliabide pertsonala (Blog hau, Twitter kontua, Facebook-ekoa, Del.icio.us, eta abarrak baino gehiago). Ez dut irudi gehiegirik igotzen (1.600 inguru 4 urteotan), baina ia-ia astero igo izan dut argazkiren bat lau urteotan eta beste hainbat lagunen argazkiak ere jarraitzen ditut.

Orain arte, nire irudi guztiak Copyright lizentziarekin nituen; ondo lotuta. Erabaki pertsonala baino gehiago, alperkeria izan da, egia esan. Argazkiak igotzeko erabiltzen dudan Uploader programaren edo kontuaren konfigurazioa, uste dut. Horrela igotzen ditu argazkiak, eta kitto. Behin ehundaka argazki igota, gainera, argazkiei lizentzia aldatzen ibiltzea astuna da. 

Baina abuztuan tarte bat hartu nuen eta lizentzia aldatu nien hainbat argazkiri, hauxe emanik: Attribution-Share Alike 2.0 Generic. Luistxori behin eta berriz entzun izan diot noncommercial lizentziarik ez aukeratzeko (azkena hemen), eta tira, CC-By-SA aukeratu dut. Ez dakit asmatu dudan, baina komenigarriena iruditu zait (CC lizentzien arteko saltsa-maltsa espezialistek bakarrik ulertu dezaketela iruditzen zait).

Dena dela, ez ditut argazki guztiak askatu. Flickr-eko bilduman irudi pertsonal mordoa daukat eta horiek ez ditut askatuko. Lagunak agertzen dira, senideak, umeak... eta ez zait egokia iruditu. Nire beste argazki guztiak bai, esate baterako, Euskal Herriko herriak, natura, hegaztiak, elizen argazkiak, edo han-hemenka atera ditudan beste hainbat erretrato (Segovian, Cantabrian edo Huescan, besteak beste). Abuztuan Girona aldean ateratakoak ere halaxe daude.

Askatu Datuak ekimenean izena eman ondoren, gutxienez horixe zor nuen, ala?

Axolotea desagertzeko zorian

Asier Sarasua 2009/08/28 09:15
Ez galdetu zergatik, baina gazte-gaztetatik gustatu izan zait Axolotea (Ambystoma mexicanum). Animalia berezia, berezien artean. Mexiko hiriburu inguruko laku eta erreketan bizi da. Garai batean oso ugaria, azken urteotan gero eta urriagoa. Gaur jakin dut azken ikerketen arabera bere populazioa %90 jaitsi dela eta desagertzeko zorian dagoela.

Axolotea, Ambystoma mexicanumAxolotea (edo axolotl edo ajolotea; Ambystoma mexicanum). Anfibio mexikarra da, arrabioen taldekoa. Mexikoko hiriburu ondoko laku batean bizi da, Xochimilco lakuan. 20-30 cm bitarte neurtzen du eta neotenikoa da, horixe da bere ezaugarri nagusia. Neotenikoa. Hau da, helduek ere ezaugarri larbarioak dituztela. Anfibioek, oro har, heldu fasera iristeko metamorfosia egiten duten bitartean, axoloteak ez dauka horren beharrik heldutasunera iritsi eta ugaltzeko.

Neotenia hori dela eta, axoloteak zapaburu erraldoi bat dirudi, bere buztan luze eta brankia adarkatuekin. Badira arrabio bilakatzen diren ale gutxi batzuk (baldintza ekologiko zehatzetan), baina axolote gehienek larba itxurarekin igarotzen dute euren bizitza osoa (20-25 urte bizi daitezke). Hainbat ikerlariren arabera gizakiak ere izaki neotenikoak gara. Beste simio batzuekin alderatuta, ezaugarri neotenikoak ditugu (buru biribila, mutur txatoa...), eta horregatik daukagu antz handiagoa txinpantze gazteekin helduekin baino; gure simiotasuna ez dugu erabat garatzen. Aditu batzuen ustez, Jay Gould buru, izaera neoteniko horri esker bizitza osoan ikasteko gogoa eta gaitasuna gordetzen dugu gizakiok (animalia gehienetan gertatzen ez dena) eta espeziearen garapenean eta iraupenean garrantzi berezia izan du horrek.

Axoloteak garai batean oso ugariak ziren eta nahuatl herriaren mitologian leku berezia ere izan zuten, baina Mexiko hiriaren zabaltzeak gero eta toki txikiagoa laga die bizi irauteko. Azken 20 urteotan beherakada azkarra izan dute eta azken ikerketen arabera bere jatorrizko populazioa desagertzeko zorian dago. 1200 axolote besterik ez omen dira geratzen Xochimilco lakuan. Askoz gehiago mundu osoko aquariumetan, etxean nahiko erraz hazi eta ugaldu daitekeen animalia baita.

Argazki gehiago wikimedian eta informazio mordoa axolotl.org webgunean.

Mandiolan txoritan

Asier Sarasua 2009/07/14 23:15
Itturrua ingurutik jeitsi berri naiz. Txoritan ibili naiz pare bat orduz. Gautxori bila joan eta beste txori batzuk ekarri ditut kolkotik zintzilika. Katalejotik, alegia.

Gaur arrats-iluntzean Mandiola inguruan ibili naiz txoritan. Helburu nagusi bat nuen: gautxoria. Txori urria Eibarren eta Gipuzkoan, oro har. Beste zenbait aldiz ingurune horretan ikusi izan dut, eta hantxe aritu naiz, gora-ta-behera, ea nonbait aurkitzen nuen, baina ez. Ez ikusi eta ez entzun (kantu berezi-berezia dauka). Gaurkoan kale; ez da agertu. Berandu samar ere bada, ekainean errazago entzuten delako uztailean baino.

Egia esan, ez dut girorik onena izan txoritan jarduteko. Arrats goibela, haizetsua... gainera, ez naiz, ba, kamiseta gorri kantoso batekin joan? Mendira igo naizenean ez neukan itxaropen handirik. Dena dela, ez da larregi behar Mandiola inguruan txoriak ikusteko eta gaur ere holaxe izan da. Zozo ta birigarro, txinbo ta burubeltz, txitxi ta okil, txantxagorri ta txepetx, ernara eta abijoi, bele eta mika... Kardantxilo kuadrila polita ikusi dut  Garron eta txitxi familia bat Saapittan. Ez da

Okiltxoria

gutxi.

Baina ez, egia da ez dela izan txoritarako egunik onena. Hala ere, amaieran sorpresa polita izan dut. Upartiño gaineko pinudian sartu naiz ingurune horretako espezierik ohikoenak ikusteko asmoz (pinu-txoriak, pinu-burubeltzak, katanarrak...) eta bisitaria aurkitu dut horien ordez: okiltxoria (Sitta europaea, garrapoa). Tarte luze batez pare-parean izan dut, enborrean jira-bueltaka koko bila. Txori ederra. Lerden eta arina.

Etxera pozik itzultzeko nahikoa.

Amaitzeko, gautxoriaren (Caprimulgus europaeus) kantua ipiniko dizuet. Datozen egunotan entzuten baduzue, abixatu! Gogoan izan ilunabar aldean abesten duela gehienbat.

 

Aasuaerrekan txoritan

Asier Sarasua 2009/07/04 21:30
Azkenaldian nahiko lagata daukat txori kontua. Denerako astirik ez. Baina gaur goizean mendi-buelta polita egin dut Eibar inguruan. Txori ugari eta inguru polita. Aasuaerreka barrena borborka zegoen.

Eguraldi txepela zegoen arren, katalejoak hartu eta mendira irten dut gaur goizean. Gehienetan Mandiola-Kalamua ingurura joten dut; sarri Galdaramiño edo Lindari aldera. Aasuaerreka inguruan, ostera, oso gutxitan ibiltzen naiz. Gaur hara joatea erabaki dut eta ez naiz damutu.

Aasuaerreka Eibarko herri ondo-ondoan dago. Industriagune zahar ugartu baten erditik pasa, zubipea igaro, eta berbertan dago. Kaletik 5 minutu eskasera. Esango nuke eibartar gehienek ez dutela ezagutzen. Ez dut esango Yellowstone itxurako ingurune naturala denik, baina Eibarko basamortu pinazeo-industrialean oasi ederra da. Baso mixto tipikoa: haritz tantaiak nagusi, haltzak eta urkiak nonahi, gorostiak eta lizarrak tarteka, baita gerezi eta makalak ere. Zer esanik ez, hainbat landare eta zuhaixka. Bi hektarea eskas izango dira errekaren ezker-eskuma, baina ederrak eta hainbat txoriren bizigune. Eibarko sahiesbideak zati bat jan zion; ea geratzen denak bizirik irauten duen (goiz osoan beste albiste hau izan dut-eta buruan).

Gaur goizekoa zoramena zen. Zer zen hura! Txoriz gainezka zegoen Aasua. Kantuak, deiak, hegaldiak, borrokak... izugarria. Hiru ordu inguruko osteratxoa egin dut eta gure basoetan bizi diren espezierik gehienak ikusi ditut: birigarroak marraskiloak jaten; zozokumeak beldurrez ihesi; pikuko txinboa (Sylvia atricapilla) kantari; txantxangorri eta txepetxak ixildu ezinik; parandak (Fringilla coelebs) kukuka; okila txistuka; txirriskilla zuhaitz puntan txirri-txarraka; txinbo burubeltzak (Parus major) sagastian; abendua (Buteo buteo) nire buru gainean lumak garbitzen; txirixuak gorde-gordeka; bigotedun txinboa (Muscicapa striata) euli-ehizan; eta guztien gainetik, zeruan jirabueltaka, ernara (Hirundo rustica), ipurzuri (Delichon urbica) eta abijoiak (Apus apus). 

Aasuaerrekatik gora jarraitu eta Azaldegi ingurura heldu naiz eta handik Santa Kurutz eta Mandiolara. Pinadi eta zelaien eremua da eta txorifaunan ere igarri da: mikak agertu dira, beleak ohiuka, buztanikarak eta txinbo karkarrak (Saxicola torquata) ugariak ziren Azpiri alboko zelaietan, eta pinu artean amilotx mottoduna ikusi ahal izan dut, beti bezain lotsati. Azaldegi azpiko zelai eta frutarboletan, aldiz, berdeloiak, hormatxoriak eta kardantxiloak ziren nagusi, dozenaka.

Ingurune horretan bizi diren beste zenbait espeziek ihes egin didate. Izan ere, sarri ikusi izan ditut inguru horretan buruhandiak, katanarrak, buztanluzeak eta txinbo errealak. Dena ezin. Ea bihar zorte hobea dudan.

EGUNERAKETA: gaur, igandea, berriro itzuli naiz Santa Kurutz aldera eta atzo ihes egindako zenbait espezie ikusteko aukera izan dut: buruhandia (Lanius collurio) Illo inguruan, txoka talde eder bat Egunuetan, buztangorri familia bat Itturruako txabolan, eskillasoak Upartiñon eta txitxia (Anthus trivialis) Azpiriko zelaietan kantuan. Primeran.

 

 

Aasuaerreka (Eibar)

 

Begitxindorrak, txuldarrak eta erlakiztenak

Asier Sarasua 2009/06/25 12:08
Grano, pasmo eta abarren inguruan berba bi, Joxe Arantzabal koittaua goguan.

Joxe Arantzabali granuak urten detsa betazpixan. Erretratua be ipini dau Flickrren. Amorratuta dabil garaua dala eta ez dala. Eta alderdi linguistikora be jo dau.

Hamentxe, ba, ohar edo apunte txiki batzuk bekatxo, erlakizten, pikor eta abarren inguruan, pasmuak pasmo.

  • pikor: granoa. Sin. pikorta, bixiki.
  • zaldar / txuldar: larruazal azpiko pikor zorneduna. Gazt.: forúnculo, divieso. Eibarren txuldar, txulder, txundar.
  • erlakizten: larruazal azpiko zelulak zoltzean sortzen den pikorra. Gazt.: forúnculo, divieso. Hiztegi Batuak erlakizten dakar; Elhuyarrek eta Harluxet hiztegiek, aldiz, erlakaizten. Eibarren denetik, erlakizten, erlakaizten, erlakezten... RAE: divieso (Del lat. diversus, separado). Tumor inflamatorio, pequeño, puntiagudo y doloroso, que se forma en el espesor de la dermis y termina por supuración.
  • begitxindor: begi azpian irteten den pikorra. Gazt.: orzuelo. Sin. bekatxo, beltxor, mimor, betor. RAE: orzuelo (Del lat. hordeŏlus). Divieso pequeño que nace en el borde de uno de los párpados.
  • zarakar / arraunka: Gazt.: costra, postilla. Eibarren arraunka, arronka... Azalpen gehiago hemen
  • pasmo / zorne: zolduta dauden zaurietan eratzen den likido lodi hori-zurixka, mikroorganismoen eta leukozitoen hondakinez osatua. Gazt.: pus. Eibarren eta mendebalean pasmo da nagusi. Gipuzkoan zorne. Ekialderago ez dakit. Eta Eibarko pasmo-bedarra, zorne-belar da giputzen herrian
  • zoldu / zornatu: zauri bat gaizkotu, infektatu eta zornea sortu. Hemen ere, mendebala/ekialdea daukagu.

 

Juan San Martin ikerketa beka 2009

Asier Sarasua 2009/06/18 21:51
Eibarko udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) aste honetan aurkeztu dute 2009ko Juan San Martin beka. Bi erakundeek urtero kaleratzen duten ikerketa beka da. Aurtengo ekitaldian artea izango da ikerketa-gaia.

Eibarko Udala eta UEU 2001. urtean hasi ziren ikerketa-beka hau kaleratzen, Eibarko seme kuttun den Juan San Martin gogora ekartzeko eta ikerlariei euren lanak egiteko bideak zabaltzeko asmoz. Aurtengoa IX. edizioa da eta artea izango da aurtengo ikerketa gaia (ikerketa gaia urtero aldatzen da, Juan San Martinek jorratu zituen esparruak landuz).

Eskaerak eta gainerako agiriak Eibarko udalean aurkezteko epea 2009ko irailaren 1etik urriaren 11ra bitartean izango da. Eskabide-orria Pegoran dago eskuragai (Herritarren Zerbitzurako bulegoan). Eskaera-orriarekin batera, espediente akademikoa, kurrikuluna, eta abarrak aurkeztu behar dira. Dokumentu horiekin batera, gainera, gaiaren azalpena eta proiektua ere aurkeztu behar dira. Hona hemen oinarriak.

Hauxe da orain arteko aurreko 8 ekitaldietako beka-gaien eta irabazleen zerrenda.

  • 2001, Antropologia eta Filologia: Patxi Salaberri Zaraitegi. Euskal deiturategia: patronimia. (2002an argitaratuta).
  • 2002, Artearen historia eta Historia: Gotzon Iparragirre Burgoa. Liberalismoa Eibarren XIX. mendean. (2008an argitaratuta).
  • 2003, Botanika eta Mendizaletasuna: Aitor Gerenabarrena Osa, Asier Arregi Hernandez eta Imanol Manterola Agirrezabala. Debabarreneko landaredia ibilaldien bitartez.
  • 2004, Kazetaritza eta Literatura: Idurre Alonso Amezua. Euskal literatur sistema eta hierarkizazio prozesuak irakaskuntzan.
  • 2005, Zuzenbidea eta Filosofia: Joxe Azurmendi Otaegi. Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua. (2006an argitaratuta).
  • 2006, Linguistika eta toponimia: Maia Duguine Haristoy. Argumentu isilen tipologiatik orotariko teoriara.
  • 2007, Antropologia eta Arkeologia: Aitzol Loiola Idiakez. Gaztedia Eibar herriaren giza eraikuntza-eraldakuntzan.
  • 2008, Artea eta Mendizaletasuna: (hutsik geratu zen).

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz