e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Makina Maixu" komiki/rol-jokoaren bigarrena atera da, "Rolari maltzurrak"
Iazko Durangoko Azokako nobedadeetako bat izan zen Makina Maixu rol jokoa, zeinaren istorioa komiki batean oinarritzen zen. Komikia bera Rolariak elkartearen webgunean eta sare sozialetan atalka ateratzen joan ondoren, osorik paperean atera zuten komikia eta jolasteko materiala. Geroztik komikiaren argitalpenarekin jarraitu dute sareetan, eta orain bigarren zatia atera dute, Makina Maixu 2 - Rolari maltzurrak, hau ere Imanol Etxeberria eta Noemi Gallegoren gidoiarekin eta Imanol Etxeberriaren marrazkiekin. Eta lehenengoan bezala, bigarren honen protagonistak "...eta heriotxa emango diosu!" zioen hartan inspiratutakoa izaten jarraitzen du eta benetan barregarria da.
George Orwell-en "Abereen etxaldea" ere komikian eta euskaraz
George Orwell-en Abereen etxaldeak ez du aurkezpenik behar. Napoleon txerriaren gidaritzapean etxalde batean gizakien aurka ematen den altxamenduaren kontakizun hau estalinismoaren satira alegoriko ezaguna da, eta, jakina, komikian ere baditu bertsioak. Horietako bat, Jungle argitaletxe frantsesak 2021ean Maxe L'Hermenier gidoilariarekin (Harriet argitaletxeak euskaratzen dituen Isaline-ren abenturen idazlea) eta Thomas Labourot irudigilearekin atera zuena, euskaraz atera du orain Txalapartak, Aiora Jakak itzulita. Klasiko hau ezagutzeko edo berrirakurtzeko modu ederra!
Noaingo batailaren berri, komikian eta Oroz-en eskutik
Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 du izenburua Mintzoa etxeak argitaratu duen komikiak. Komunikabideetan umore grafikoa lantzeagatik ezaguna den César Orozek egin du, eta umorez baina zehaztasun historikoz lantzen du Nafarroaren konkistan berebizikoa izan zen bataila. Datu historikoak Peio Monteanoren Noain 1521 - El fin del principio liburuan oinarrituta daude.
"Xan", konfinamendua eta osasun mentalaren inguruko komikia
Emma Arestegik idatzi eta Maialen Arestegik marraztu du Xan komikia, Elkarrek atera duena. Bertan, Xan gaztea, hiri handi batean ikasle ari dena, etxera itzultzen da, Baionara, konfinamendua pasatzera. Eta egoera latz horretan datozkion galdera eta gogoeten berri jasoko dugu osasun mentalaz ari den komiki honetan.
"Iris XXII", etorkizun post-apokaliptiko baten komikia Yurre Ugarte eta Julen Ribasen eskutik
Komiki berria dakarkigute Joana Maiz ederraren gidoigile Yurre Ugartek eta Euskadi Literatur Sariak irabazitako Azken garaipena eta Santa familia komikien marrazkilari Julen Ribasek Txalaparta argitaletxearen eskutik: Iris XXII. Hondamendi naturalen segida luzeen ondoren, 2160 urtean gizateria ia teknologiarik gabe bizi da. Eta Numun izeneko gizarte antolaketa duen irla batean bizi dira malkoetan eguzki haziak dituen Greta, Max asmatzailea eta Iris haurra, etorkizunaren ikuspegi ezberdinak dituzten fakzio ezberdinen gatazken artean.
"Elur gorrituaren egunak", euskal familia baten istorioa Espainiako Gerra Zibilean
Joxe eta Manttoni gurasoek, Rikardo, Naxario eta Bittoriano semeek eta Teresita alabak osatzen dute Telleria sendia. Espainiako Gerra Zibila etortzean, bi seme Euzko Gudarostearekin doaz eta beste bat erreketeekin behartuta, gero besteek ere bando nazionalaren eskuetan bukatzen dute... Orduan, hiru anaia gerran dituzten familiek bat etxeratzea ahalbidetzen duen legea ateratzen da. Telleriatarrek zein libratu erabaki beharko dute, eta haren bila abiatuko da aita...
Amaia Telleriak etxean entzundako aitonaren familiaren istorioa oinarri hartuta osatu zuen narrazio laburra, sei ataletan banatuta bakoitzak sei kideetako bakoitzaren ikuspegia kontatuz. Laida Ruizen zuri beltzezko irudi gordin eta errealistekin, Elur gorrituaren egunak komiki hunkigarria osatu dute, eta Denonartean argitaletxeak kaleratu du istorio harrigarria.
Elkanoren munduko bira, Juan Zubileta morroi barakaldarraren ikuspegitik eta komikian
Iaz bete ziren 500 urte Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira amaitu zuenetik, eta ez dira urteotan gutxi izan hura ohoratzeko egindako argitalpenak, euskarazko komikiren bat ere tartean. Bada, aurten beste bat datorkigu Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren eskutik: Juan de Zubileta - Abentura itzela. Izan ere, Juan Zubileta gaztetxo barakaldarra morroi joan zen Magallaesen espedizioan, eta Elkanorekin batera munduari bira amaitu zuen lehen barku hartako 18 gizonetatik bat zen. Goio Bañalesen gidoia eta Jon Mikelen zuri-beltzezko irudiak dituen komikian, espedizioko kontuak kontatzen zaizkigu Juanen ikuspegitik. Eta amaieran garaiko Barakaldori eta Euskal Herriari buruzko dokumentazio testuzko eta grafiko atal interesgarri bat ere badu.
Mattinen beste bi komiki, Denonartean argitaletxearekin: "Memoriaren ibaia" eta "Txulotik - Remigioren Udarregi"
Aurrekoan izan genuen hizpide Hona bostekoa! komiki kolektiboa, zeinaren egileetako bat Iñaki Martiarena Mattin zen. Bada, ez da aurten Mattinek atera duen komiki bakarra, hemen dakarzkizuegun Denonartean etxearen beste bi hauek ere egin baititu.
Batetik, Memoriaren ibaia egin du. Juan Luis Zabalak ondutako gidoian, bi lagun Leitzarandik zehar doaz bizikleta eta oroitzapen bidai batean. Gaztetako autobidearen aurkako eta emakumeen berdintasunaren aldeko borrokak gogoan, Eider eta Harkaitz militantziaz, koherente izateaz, zahartzeaz, maitasunaz eta bestez arituko dira. Bestetik, Ixabel Agirresaroberen testuetan oinarrituta, Remigio Mendiburuk Usurbilen Juan Jose Alkain Udarregiren omenez egindako eskulturari buruzko komikia egin du, Txulotik - Remigioren Udarregi, bide batez bi artiston kontuak ezagutzera emanez, jakina. Emankor benetan gure Mattin!
"Hona bostekoa!", Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren bost komikien bilduma
Geuretik Sortuak Udalbiltzaren egitasmo bat da, zeinean zenbait diziplinatako sortzaile batzuek Euskal Herriko zenbait udaletan egonaldiak egiten dituzten eta ondoren bertan girotutako euskarazko lanak sortzen dituzten. Lehen edizioan zinema, antzerkia eta literatura izan ziren diziplinok, baina literatura modalitatean komiki bat ere egin zen, Mattinen Aska hain zuzen ere.
Bada, bigarren edizioan modalitate bat egon da berariaz komikientzat, eta bost komikigilek egin dute egonaldia eta komikia. Bost lanak Hona bostekoa! liburuan batera atera dituzte.
Aritz Ibarra Bera, Lesaka, Sara eta Urruñan izan da, eta Aldaxka pozoituak izenburudun istorioa ondu du, Lehen Mundu Gerran Frantziagatik hil zirenen edota hegoaldera desertatutakoen zorigaitzen ingurukoa. Eñaut Aiartzaguenak Amasa-Billabona inguruko basoetan girotutako komikia egin du, Gure basoak, ingurumena, tradizioa eta mitologia nahastuz. Kote Camacho Kotetok Txillardegi Bergaran istorioan euskalari handiak Telesforo Monzonekin bizitakoak kontatzen ditu. Iñaki Martiarena Mattin Usurbilgo ondare kulturalaz ari zaigu Handantza istorioan. Eta Unai Gaztelumendik Leitza eta Berastegiko herritarrek probintziako muga dela-eta daukaten buruko Harresia dakarkigu. Liburuak Ainara Azpiazu Axpiren azala du. Proiektu eder baten emaitza ederra, istorio jakingarri eta ederrekin.
Euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren emakumeak, "Gora euskal herrientsak!" komikian
Asisko Urmenetak ez du hutsik egiten Euskal Herriaren historiaren atal ezkutatu eta deuseztatuak ezagutarazteko urteroko komikiaren zitari dagokionez. Oraingoan are ezezagunagoak (hori posible bada) diren kontuak dakarzkigu: XIX. eta XX. mendeetan euskal kulturaren transmisioan aitzindari izan diren emakumeen historia, hain zuzen. Gora euskal herrientsak! du izenburua Begiraleak EKE, Erroa, Herrima eta Gureberriak elkarteek eta etxeek lankidetzan atera duten lan honek.
Kapitolina Buztintze Larrondo uxuetarra (Nafarroaren historiaren Konpendioa eta irakaskuntza material zenbaiten egilea), Jule Fernandez Zabaleta iruindarra (irakaslea, pedagogia berritzaileen eta euskararen bultzatzailea, Emakume Abertzale Batzako kide, Lehenbiziko Eusko Jaurlaritzan Euskal Unibertsitatea sortzeko batzordeko kide...), Malena Jauregiberri Erbin aloztarra (irakaslea, euskaltzalea, idazlea, nazien kontrako erresistentea, Begiraleak iparraldeko emakume abertzaleen elkarteko lehendakaria, euskaltzain urgazlea...), Katalina Alastuei Garaikoetxea iruindarra (irakaslea, Emakume Abertzaleen Batzako lehendakaria, Eusko Ikaskuntzako eta Euskeraren Adiskideak-eko kide...) edota Elbira Zipitria Irastortza donostiarra (irakaslea, pedagogia berritzaileen sustatzailea, ikastolen sortzaileetarikoa, Emakume Abertzale Batzako kidea...) dira komikian ezagutuko ditugun emakumeetako batzuk, beraien arteko egiazko zein alegiazko topaketen kontaketaren bitartez.
Horrez gain, Konpendioa eta besteren aitzakian Euskal Herriaren historiako zenbait atalen berri ere emango zaigu bide batez: XVII. mendea, Arturo Kanpion eta Sabin Aranaren arteko eztabaidak... Jule Fernandezek 1924an, Primo de Riveraren diktadura garaian, egindako hitzaldi feminista abertzale baten zati bat ere erreproduzitzen da, Dom Campistronek ilustratuta. Herri bezala iraun nahi badugu ezagutu behar ditugun kontuak denak, Asiskoren estilo pertsonal bereizgarri imitaezinean kontatuta.