...eta Pirinioen hego isurialdeko zeharkaldi GR-11-ren Euskal Herriko zatia
Iaz kontatu nuen blog honetan nola aurreko urtean Pirinioen ipar isurialdeko GR-10 zeharkaldia egin nuen baina, eskatzen duen denbora, adina eta beste kontu batzuengatik errealista izanik, Euskal Herriko zatia soilik. Bada, iaz gauza bera egin nuen GR-11 hego isurialdeko zeharkaldiarekin, eta Belaguatik Hondarribirainoko ibilbidea egin nuen.
Aurreko artikuluan aurreko ibilbidearen inguruan kontatu nuen bezala, hau ere egin daiteke laguntzarekin (beste norbaitek edo taldekoen artean txandaka ibilgailu batekin fardelak etapa amaierara eramanik, ibilaldia egunerako beharrezko pisuarekin soilik eginez), edo etapa amaieratan aterpetxe, kanpin edo ostatuetan ostatatua (egun guztietarako eta eguraldi ezberdinetarako arropa eta oinetakoak, ostatuan aldatzeko arropa eta oinetakoak, mendirako trasteak, nezeserra, botikina, lo egiteko zakua, argia, bainujantzia eta toalla... beti soinean eramanik), edo mendian lo eginez (eta, beraz, aurreko gauza guztiez gain kanpin denda, su txikia eta ordezko bonbonak, sukaldeko tresneria, afaltzeko eta gosaltzekoak... gainean eramanez). Nire kasuan, oraingoan, laguntzarekin egin nuen, arin-arin. Eta berriz ere, zoragarria izan da. Gozamen hutsa da horrelako mendi-zeharkaldi bat egitea, eta eder-ederra da ibilbide osoa.
Ostatatzeari dagokionez, aurreko artikuluan esandako gauza ia berberak aplikatu ditzakegu hemen ere: kotxea izanez gero mugituta aukera asko izan dezakegu ostatatzeko, eta kanpin denda izanez gero toki asko daude lo egiteko egokiak herrietan zein mendian, baina kotxerik eta kanpin dendarik gabe, etapa amaieretan dauden ostatu eta aterpetxeak ez daude hainbeste zenbait herritan eta horietan erreserbak egitea komeni da, bereziki oporretan edo udako hilabeteetan egiten bada. Egiteko asmoa izanez gero, etapen, ostatuen eta beste gauza askoren inguruko informazioa https://travesiapirenaica.com/gr11/gr11.php helbidean aurkituko duzu. Eta jarraian, nire eskutik, zuzen-zuzeneko informazio zenbait eta track-ak.
Etapak
GR-11 ekialdetik mendebalderako norabidean egin nuen nik eta, esan bezala, Euskal Herriko zatia soilik. Beraz, Belagoan hasi nintzen eta Hondarribiko Higer lurmuturrera iritsi, etapa hauetan:
- 1. etapa, Belagoa-Izaba: 18,7 km, 800 m-ko desnibel positiboa eta 1450 m-ko negatiboa. Arrakogoitiko lepoa, Lakartxela azpia eta Intzagatik.
- 2. etapa, Izaba-Otsagabia: 18,8 km, 900 m-ko desnibel positiboa eta 900 m-ko negatiboa. Idoiako ermita eta Lakuagatik.
- 3. etapa, Otsagabia-Hiriberri: 20,1 km, 1200 m-ko desnibel positiboa eta 1000 m-ko negatiboa. Muskilda, Abodi Gibel eta Idorrokiatik.
- 4. etapa, Hiriberri-Auritz: 17 km, 1000 m-ko desnibel positiboa eta 1000 m-ko negatiboa. Orbara, Odieta, Usategietako lepoa, Bagoxurieta eta Oiharburutik.
- 5. etapa, Auritz-Urkiagako lepoa: 17,4 km, 1000 m-ko desnibel positiboa eta 900 m-ko negatiboa. Uztarketa, Mendiaundi, Txasperro, Sorogain, Aratun eta Adikosorotik.
- 6. etapa, Urkiagako lepoa-Elizondo: 18,1 km, 600 m-ko desnibel positiboa eta 1300 m-ko negatiboa. Enekorriko lepoa, Otarrabizkar, Buztanberro, Argintzu, Azaldegi, Zaho eta Argibeletik.
- 7. etapa, Elizondo-Bera: 29,6 km, 1100 m-ko desnibel positiboa eta 1300 m-ko negatiboa. Bagordi, Atxuela, Eskisaroi, Urtzumeatza, Usategieta, Lizarrieta, Idoia, Meaka eta Santa Barbaratik.
- 8. etapa, Bera-Higer lurmuturra: 31,4 km, 900 m-ko desnibel positiboa eta 900 m-ko negatiboa. Amargun, Telleria, Endara, Erlaitz, San Martzial, Irun eta Hondarribitik.
Hori da ibilbiderik ohikoena, baina badaude aldaerak edo aukera gehiago:
- Lehenengoa, Belagoa-Izaba, ez da berez GR-11 ibilaldikoa. Kontua da aurreko urtean egindako GR-11-rekin lotu nahi nuela eta zirkulua osatu, eta orduan ibilbidearen azken etaparen ondoen Santa Grazitik Belagoarako ibilbidea egin nuen bezala, oraingoan Belagoatik Izabara joanez hasi nuen.
- Izabatik abiatuta, Otsagabian gelditu beharrean, Iratiko etxeetarako bidean dagoen Tapiako leporaino joan gaitezke (norbait bila joango balitzaigu), guztira 30 km eginez. Eta hurrengoa hortik abiatuta Auritzeraino, 26 km eginez. Edo, besterik gabe, etapa hori bitan zatituta laburtzeko ere egin daiteke hori.
- Auritzetik Urkiagara erdibidean-edo, mendi paraje ederrean, Sorogaingo aterpetxe xarmanta aukera ona da gelditzeko. Hala, etapa hori bi etapa laburragotan banatu daiteke, edo aurrekoa luzatu Hiriberri-Sorogain eginez (27 km) eta ondokoarekin berdin Sorogain-Elizondo eginez (25 km). Gainera, aipatutako azken hau aukera egokia da Urkiagan etapa ez amaitzeko, hor ez baitago ostaturik (nahiz eta Eugiko ostatuetatik bila etortzen diren edo, jakina, norbaitek jaso gaitzakeen).
- Elizondotik Berarako etapari (luzea eta gogorra dena) bitan zati daiteke (ez erditik baizik eta bi heren egin ondoren) norbait autoz Lizarrietako lepora bila etorriz gero.
- Gauza bera azken etaparekin, kotxez bila etorrita toki askotan zati daiteke: Endarako urtegian, Erlaitz inguruan, San Martzialen, Irunen...
- Elizondotik Higer lurmuturrerako bi etapak Beran atseden hartuta egin beharrean Lesakan geratuta egin daitezke. Distantziak eta desnibelak oso antzekoak dira bi aldaeretan.
GPS track-ak
Aurrekoan bezala, track-ak Wikiloc-en edo goian estekatutako webgunean ere aurki daitezkeen arren (nik horkoak erabili nituen telefonoan eta OruxMaps-en kargatuta), neuk grabatutako ibilbidearen track-ak Wikiloc-era igo ditut, eguneratuagoak eta editatuta egon daitezen (zenbait tokitan nik erabilitako track-ak oker edo zaharkituak zeuden) eta euskaraz. Hona hemen, nahi dituenarentzat: