e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Mary Anning - Herensuge-ehiztaria" atera du Ikaselkar-ek, lehen emakume paleontologoari buruzko komikia
Azken urteotan Ikaselkar argitaletxeak zientzialarien bizitzari buruzko komikiak argitaratzen ditu, denak Jordi Bayarrik eginak. Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles, Hipatia, Ada Lovelace eta Einstein-en ondoren, oraingoan Mary Anning-i buruzkoa egin dute, lehen emakume paleontologoari buruzkoa: Mary Anning - Herensuge-ehiztaria. Gaztetxoenek eta helduek ere zientziaren historia komikiak irakurriz eta gozatuz ikasten jarraitzeko bidean beste ale bat.
Hachette etxeak "Ahizpak" sailaren lehen bi komikiak euskaraz ere atera ditu: "Ahizpak 1 - Ezinbestean, ahizpak" eta "Ahizpak 2 - Gure estiloan"
Beti da berri ona Euskal Herriaz kanpoko argitaletxeek komikiak euskaraz ere argitaratzen hasi izana eta, zorionez, azken aldian gero eta gehiago gertatzen ari da. Hachette erraldoia da horietako bat, iazko urtearen amaieran Ahizpak izeneko komiki saila, gaztelaniaz eta katalanez gain (ez galegoz, hala ere), euskaraz ere ateratzen hasi zena. Sail horretako lehen bi komikiak (Ahizpak 1 - Ezinbestean, ahizpak eta Ahizpak 2 - Gure estiloan) atera ditu euskaraz momentuz.
Christophe Cazenove-ren gidoia eta William-en irudiak dituen umorezko komiki-sail honek bi ahizpa, Wendy nerabea eta Marine neskatoa, ditu protagonista. Sail horretan oinarritutako marrazki bizidunetako seriea ETB3-n ematen dute, beraz, horren zaleentzat aukera bikaina da ahizpon abenturak komiki formatuan ere gozatzeko.
"Iratxo txikia eta Shatranj partida", Álvaro Ortizen inkurtsioa haurrentzako komikien mundura
Komikigile ezaguna da Álvaro Ortiz, lan ezagun eta onen egilea (Cenizas, Murderabilia...) eta sari ugari irabazitakoa. Azken urteetan konfinamenduan zehar egin eta lehenbizikoz atalka sare sozialetan argitaratutako bi parodiek, El murciélago sale a por birras eta Prdro y Maili, sona eman diote komikizaleen mundutik harago.
Bada, berriki Astiberri etxearen haurrentzako Txikiberri zigiluaren barruan, txikienei zuzendutako Iratxo txikia eta Shatranj partida komikia egin du Ortizek. Baina ez erratu, komikia ez da haurrentzat soilik, edozeinek gozatu dezake sultanaren alaba Amina, merkatari txiro baten seme Ahmed eta iratxo txiki Ayuk Shatranj partida baten kontura sultana harri bihurtu ondoren sortutako nahaspila konpontzen biziko dituzten abenturekin. Istorio polita, gauza asko gertatzen direna, umorez kontatua, marrazki samurrez eta kolore alai goxoz hornitua, zer gehiago behar da?
Asterixen komiki gehiago euskaraz... eta Idefixen berri bat ere bai!
Inoiz galdetu al diozu zure buruari zer egiten zuen Idefix txakurrak Galiako itzulian albumean Lutezian (Parisen) zeudela, Obelixi betirako batu zitzaion arte? (Bai, Idefix ez da betidanik Asterixen abenturetan egon, 5. album horretan agertu zen lehenbizikoz). Bada, hori kontatzen da gaur bertan euskaraz argitaratu den Idefix eta menderakaitzak 1 - Latinari zaunka! komikian, sail baten lehena izateko itxura duena. Hau dio sarreran: "K.A. 52. urtean gaude. Erromatarrek Lutezia osoa armaz hartuta daukate. Osoa? Ez! Idefix buru duela, Luteziako animalia menderakaitzen banda batek oraindik ere burua makurtu gabe eusten die indarrez sartu nahi dutenei. Eta bizimodua ez da batere erosoa Lutezia erromatartu nahi duten Labienus jenerala eta haren txakur taldearentzat." Asterixen abenturak hasi baino bi urte lehenago gertatzen dira hauek, beraz, prekuela-edo kontsidera daiteke. Iaz beste hizkuntzetan atera zen, eta poztekoa da orain euskaraz ere ateratzea. Gidoia Matthieu Choquet, Yves Coulon eta Jérôme Erbin-ek egin dute eta irudiak Philippe Fenech eta Jean Bastide-renak dira.
Horrez gain, 2010eko hamarkadaren hasieran hasitako komiki klasikoak jatorrizko kronologian berrargitaratzearekin jarraitzen dute, eta iaz 20. eta 21.ari tokatu zitzaien, Asterix Korsikan eta Zesarren oparia hurrenez hurren. Zer esan hauei buruz... Goscinny eta Uderzo beraien jeinutasunaren gailurrean.
Azkenik, Asterixen hamabi probaken bertsio berrituaren argitaratzearen berri ere eman behar dizuegu. Ez da komiki-komikia, izen bereko film animatuko istorioa kontatzen duen liburu ilustratua baizik, baina pelikula Uderzo eta Goscinnyk zuzendutakoa eta oso barregarria da, une gogoangarri askorekin.
Asiatik Amerikarako nabigazio bidearen aurkikuntzaren komikia
XVI. mendean Espainiak Asiaraino nabigatzeko modua bazuen Amerikatik zehar, baina ez zuen lortzen Ozeano Baretik zehar berriz bueltan Ameriketara itzultzerik. Felipe II.ak garai hartan nautika eta kosmografian parerik ez zuen Andres Urdaneta fraideari egin zion itzulbidea aurkitzeko enkargua, eta honek Miguel Lopez Legazpi almirantearekin ekin zion bidai hari...
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bi gipuzkoar ilustreon historia ezagutarazteko asmoz, komikia egitea enkargatu die egile talde bati, eta hala sortu da Legazpi eta Urdaneta itzulbide bila komikia, Cascaborra Ediciones etxeak atera duena. Alber Vázquezena da gidoia, Iñaki Holgadorena storyboard-a, Pc. DelaFuenterenak irudiak eta Ángel Gómez Espinosarena kolorea.
"Gasteiz 1200 - Defentsa amaigabea", Gaztelak Nafarroari Gasteiz ebatsi zionekoa
XII. mendean, Nafarroako Erresumak egungo Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren zati handiena eta Errioxaren zati bat barne hartzen zituen. Baina Gaztela eta Aragoik Nafarroa hartu nahi zutenez, mendean zehar diplomazia eta gerra aldiak tartekatu ziren, eta amaierarako Nafarroak galduak zituen Gaztelaren mesedetan Errioxa eta Bizkaia eta Arabako zati bat. Rikardo Lehoibihotzaren bitartekaritzaz bakea hitzartu zuten (bere emaztea Nafarroako errege Antso VII.a Azkarraren arreba Berengela zen eta bere arreba Gaztelako Errege Alfontso VIII.aren emazte Leonor Plantagenet), zazpi urtez iraun zuena. Baina 1199an Rikardo hil zenean, Gaztelak Nafarroako mendebaldearen konkistari berrekin zion, Nova Victoriatik (Gasteiztik) hasita...
Martin Ttipia Kultur Elkarteak sustatu du gure historiaren atal hau kontatzen duen komikia egitea, Fernando Sánchezek egin du gidoia eta Aritz Ibarrak marrazkiak, eta Nabarraldek argitaratu du. Beti diogun bezala, hain ezezaguna zaigun Euskal Herriko historiaz gehiago jakiteko parada ederra ematen digute komiki historikoek, eta Gasteiz 1200 - Defentsa amaigabea honek ere ekarpen beharrezkoa egiten du bide horretan.
Frantziako anderearen ahozko tradizioko euskal baladaren kontakizuna komikiratu dute
Frantziako anderea ahozko tradiziotik jasotako euskal balada ezaguna da, hainbat bertsio dituena, horien artean ezagunenetakoa ziurrenik Hiru Truku musika taldeak egindakoa izanik, justu horregatik. Balada horretan kontatzen den istorio tragikoan, Frantziako erreginaren dama bat eta Bizkaiko aiton-seme bat maitemindu egiten dira eta ezkon-hitza ematen diote elkarri, baina etxera itzultzean mutilaren amak hori gustuko izan ez eta semeari agintzen dio dama bertara ezkontzera datorrela bidean atera eta hiltzeko...
Istorio hori komikira ekarrita argitaratu du orain Bizkaiko argitaletxe El Gallo de Orok, Frantziako dama izenburuarekin. Álvaro Rabellik egin du gidoia eta José Carlos Torrek marrazkiak.
Kartzelako bizitzaren kontakizunak, "Barruan" komikian
Ataramiñek, euskal errepresaliatu politikoen sorkuntza lana sustatu eta zabaltzeko helburua duen elkarteak, presoek idatzitako zenbait komiki argitaratu zituen aurreko hamarkadaren lehen erdian: Mikel Orbegozoren Preso nago (2010), Preso nago 2 (2013) eta Ilargiraino! (2015) eta Borxa Urberuagaren Espetxetik at (2011). Bada, hamarkada hau estreinatzeko, Gartxoten Barruan argitaratu zuen iazko azken hilean.
Presondegiko bizitzaren istorioak kontatzen dira bertan, gordintasunez baina, ahal den neurrian, goxotasunez eta umorez ere bai. Gartxot ezizenez sinatzen duen egilearen pean 2000ko hamarkadan Frantziako espetxeetan egondako preso bat dago. Eta komikiak bere esperientzia pertsonaleko kontu batzuk badakartza ere, beste kide batzuei gertatutakoak edo haiei entzundakoak ere badaude, kartzelako bizitzaren kontakizun kolektiboa osatuz.
"Hodeien gaineko aldean", maite den pertsona baten suizidioaren minari buruzko komikia
Nola egin aurre bikotekidearen suizidioari? Leire erantzun bila abiatzen da, edo ihesi, batek daki, baina errepideko hotel batean gelditu eta, ezertarako indarge, bertan geratzen da egun bat eta bestea eta bestea... Eta bertako pertsonaia bitxiek lagunduko diote bidea aurkitzen, edo berak beraiei...
Hau da Bertol Arrietaren gidoia eta Sandra Garayoaren irudiak dituen Hodeien gaineko aldean komikiaren gaia, Txalapartak atera duena. Gai arantzatsua eta gogorra, komikian laztasunaz gain samurtasunez ere lantzen asmatzen dutena.
Andres Espinosa gerra aurreko euskal mendizale handi bezain ezezagunaren bizitza komikira ekarri dute Suak eta Mendi Film Festival-ek
Andres Espinosaren bizitza guztiz harrigarria da. Zornotzan 1903an jaioa, oso gaztetatik mendizaletu zen, eta hala hainbat igoera zail egin zituen modu oso berezi eta sinestezinean. Bakarrik, sokarik gabe eta espartinekin egiten zuen espedizio osoa, gauak ere mendian altuera handian pasatuz, eta hala igo zituen Mulhacen, Teide, Urriellu, Mont Blanc, Aiguille du Midi, Cervino, Sinai, Kilimanjaro, Toubkal eta beste! Gainera, Urriellura sokarik gabe igotzen lehena izan zen, eta Alpeetakoak eta Afrikakoak behintzat bakarka inork inoiz egindako lehenak izan ziren! Kangchenjunga igotzeko asmoz ere joan zen Himalaiara, baina bakarrik joaten ez zioten utzi, eta nazien espedizio batekin ezin batuagatik, igo gabe gelditu zen. Gero, Espainiako Gerra Zibilak eten zuen haren ibilbidea.
Orain Suak eta Mendi Film Festival-ek haren bizitzari buruzko komikia atera dute, Andres Espinosa - Bakarrik eta libre, Ramon Olasagastiren gidoiarekin, César Llagunoren marrazkiekin eta Felipe H. Navarroren kolore eta errotulazioekin. Modu bikaina euskal mendizaletasunaren aitzindari ezezagun honen abenturak ezagutzeko!