Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

... eta sail berri ugari ere bai!

e-gor 2026/11/10 23:44
"Ticnikak" sailaren bi zenbaki, "Rob eta Ot"-en lau eta "Orekako basoa", "Filosofo txikiak", "Tripontzi katua", "Ilunaroa" eta "Miss Pipelette"-ren bana atera dira aurten
... eta sail berri ugari ere bai!

Irudiak: Xavier Salomó, Liliana Fortuny, Dorothée de Monfreid, Yllya, Paco Sordo, Ronan Badel eta Tim Probert

Argi dago gaztetxoenentzako komikiak boladan daudela. Horren erakusgarri ditugu aurreko albistean komentatutako sail jada luzeen jarraipenak. Baina horiez gain, aurten hainbat sail berri ere inauguratu dira.

Mezulari argitaletxeak, esaterako, Ticnikak saila abiarazi zuen urte hasieran, bi zenbakirekin: Dina eta Topus. Kutxa bateko panpina bizidunak dira bakoitzaren protagonista Meritxell Martíren gidoia eta Xavier Salomóren marrazkiak dituzten sail honetan.

Udaberrian Astiberri argitaletxeak, haurrentzako Txikiberri bere zigiluaren barruan, Orekako basoa sailari hasiera eman zion, Gau luze bat izeneko lehen zenbakiarekin. Espainiako Komiki Sari Nazionalaren irabazle den Paco Sordo egilearen komiki hauetan Hannah neskato kalekumeak aitonarekin udan basoan zehar egindako aurkikuntzak kontatzen ditu.

Urtearen erdialdean, Mezularik Rob eta Ot saila ere jarri zuen martxan, eta jada lau zenbaki atera ditu. Jaume Copons gidoilariaren eta Liliana Fortuny marrazkilariaren eskuetatik jaiotako bi robot txiki hauek ezer jakin gabe jaio dira, eta beraien komikietan mundua deskubritzen joango dira, nahaste ugari sortuz. Lehen lau zenbakiek Bi robot, Lagun berezia, Bainuontziko misioa eta Jolastuko gara? dute izena.

Udazkenean sartuta ondorengo hauek denak atera dira. Ttarttalo etxeak Filosofo txikiak saila hasi zuen. Mixina, Peru, Xerri eta Mokofin, haur eta heldu elkarrekin jardungo dira filosofatzen hainbat gairen inguruan. Lehenengo zenbaki honek Hamaika misterio txiki eta handi du izenburua, eta bere egileak Sophie Fulaud eta Dorothée de Monfreid dira.

Ibaizabalek Ronan Badelen Tripontzi katua sailari ekin zion, kalean bizitzeari utzi eta familia bat aurkitu eta haiekin bizitzea erabaki duen izen bereko katuari buruzkoa. Eta hori islatzen du lehenengo zenbakiaren tituluak: Tripontziren etxe berria.

1545 argitaletxeak Azken garra komikia atera du, Ilunaroa sailari hasiera emanez. Tim Proberten fantasiazko sail honek arrakasta handia izan du nazioartean, eta Anguleman saritua izan da eta Harvey eta Eisner sarietarako izendatua.

Azkenik, Harriet argitaletxeak Miss Pipelette saila argitaratzeari ekin dio, Kontuz! Sorgin berritsua! lehen zenbaki honekin. Bere egileak Harrietek berak 2018 eta 2021 bitartean euskaratutako Isaline sailaren berak dira, Maxe L'Hermenier gidoigilea (Txalapartaren Abereen etxaldearen gidoilaria ere badena) eta Yllya marrazkigilea alegia.

Biga eta Idefix eta menderakaitzak sailen zenbaki berriak

e-gor 2026/11/09 22:17
Bigaren 9.a atera du Astiberrik eta Idefix eta menderakaitzak-en 8.a eta 9.a Salvat/Bruñok
Biga eta Idefix eta menderakaitzak sailen zenbaki berriak

Irudiak: Vincent Caut, Federico Mancuso eta Philippe Fenech

Azken urteotan gaztetxoenenen artean arrakasta handia izan duten eta zenbaki asko atera dituzten sail batzuen jarraipenen berri eman nahi dizuegu gaurkoan.

Batetik, Astiberrik Romain Pujol eta Vincent Cauten Biga sailaren bederatzigarren zenbakia atera du, Energia bola bat, Bego Montorioren itzulpenarekin. 2020an atera zen euskaraz Bigaren lehen zenbakia, eta geroztik urtean zenbaki bat edo bi atera dira, guztira 35.000 ale salduz! Hau ere ziur besteak bezain barregarria izango dela eta haiek bezainbeste salduko dela.

Bestetik, Bruño etxeak Idefix eta menderakaitzak sailaren beste bi zenbaki argitaratu ditu. Obelixen txakur txikiaren prekuela honen zortzigarrenak Galiar lurrina du izenburua eta bederatzigarrenak Gudurix horma-txoria!. Gidoietan Lison D’Andréa, Philippe Clerc, Olivier Serrano, Suaëna Airault, Yves Coulon eta Sébastien Viaud aritu dira, marrazkietan Federico Mancuso eta Philippe Fenech eta itzulpena Maddalen Arzallusena da.

Western-a + fantastikoa + terrorea = Skinwalker

e-gor 2026/11/08 20:16
Harriet argitaletxeak ekarri du euskarara Gabriel Katz gidoilariaren eta "Wanted - Erretratu odoltsua"-ren marrazkilari Steven Dhondt-en komikia
Western-a + fantastikoa + terrorea = Skinwalker

Irudia: Steven Dhondt

Harriet argitaletxeak beste western bat atera du, Skinwalker. Gabriel Katz-en gidoiak ohiko klasikoez haragoko ikuspegia eta pertsonaiak ditu (emakumezko pistolariak, gaizto-gaiztoak ez diren amerindiarrak...), eta Steven Dhondt-en marrazkiak (Wanted - Erretratu odoltsuaren marrazkigile bera da) ederrak dira, errealistak eta kolore iradokitzailez beteak.

Alabaina, Skinwalker ez da western soila, genero fantastikoa eta beldurrezkoa ere barne hartzen baititu. Izan ere, operako diva zahartzen hasi bat eta haren eskolta (gaizkile erretiratu bat eta haren iloba den neska pistolaria) Montanako urrutiko basoetara doazenean herentzia bat jasotzera, amerikar kultura natiboko izaki beldurgarri batzuekin topo egingo dute...

"Filosofoa, txakurra eta ezkontza": Hiparkiaren bizitza komikiratua

e-gor 2026/11/06 16:21
1545 argitaletxeak euskaratu du Barbara Stok-en komikia
"Filosofoa, txakurra eta ezkontza": Hiparkiaren bizitza komikiratua

Irudia: Barbara Stok

Hiparkia antzinako Greziako emakumezko lehenengo filosofoetako bat izan zen, familia aberats bateko oinordekoarekin hitzartutako ezkontza zuena aurrean. Baina Atenasera senargaia ezagutzera joatean, Krates filosofo zinikoarekin egin zuen topo, nomada baten moduan eta ondasun materialei uko eginez bizi zena, eta horrek betirako aldatu zion ikuspegia eta bizitza.

Haren bizitza komikira ekarri zuen Barbara Stok egile herbeheretarrak 2021ean, eta orain 1545 argitaletxeak euskarara ekarri du komiki interesgarri eta polit hau: Filosofoa, txakurra eta ezkontza.

Duhamelen beste komiki bat euskaraz: Metalaren gustua

e-gor 2026/11/05 20:46
Zortzigarren aldia da egile bikain honen lan bat Harriet argitaletxeak euskarara dakarkiguna
Duhamelen beste komiki bat euskaraz: Metalaren gustua

Irudia: Bruno Duhamel

Eta aurreko albistean kasualitate bat bagenekarkizuen, hona beste bat: duela gutxi Odol guztiak burdin gustua du komikia aurkeztu genizuen hemen, maiatzean atera zena; bada, hilabete horretan bertan haren argitaletxe Harrietek Metalaren gustua ere atera zuen. Baina izenburuan duten antzekotasunak iradoki lezakeenaren kontrara, ez dute batere zerikusirik (kasualitate hutsa, esan bezala).

Metalaren gustua hau Bruno Duhamel egile frantziar bikainaren komiki berriena da, eta euskaratuta dagoen zortzigarrena –denak Harriet etxearen eskutik–. Egileak ohiko du bere istorioak landa eremuko herri txikietan kokatzea, ohiz kanpoko pertsonaia bereziak aurkeztea eta istorio bitxiak sentsibilitate bereziz, samurtasunez, umorez eta kritika soziala eginez kontatzea, eta hala egin du honetan ere: metal detektagailuarekin altxor bila aritzen den Leo langabetua, bera etxean izateaz aspertuta dagoen Helene arreba, Youtube-ko kanalek bultzatutako altxor bilatzaileen modak dakarren ondare lapurretaz kokoteraino dagoen Gabriel arkeologoa...

Animalia pareak protagonista dituzten istorioak, Ainara Azpiazuren eta Mikel Valverderen eskutik

e-gor 2026/11/04 21:48
"Karakola eta Barea, gure bihurri parea" atera du lehenak Txalapartarekin, eta "Ardi eta Behi 1 - Abenturak ziztu bizian" eta "Ardi eta Behi 2 - Hankaz gora" bigarrenak Elkarrekin
Animalia pareak protagonista dituzten istorioak, Ainara Azpiazuren eta Mikel Valverderen eskutik

Irudiak: Ainara Azpiazu Aduriz "Axpi" eta Mikel Valverde

Kasualitatea izango da (edo ez), baina udaberrian ikusi zuten argia hainbat antzekotasun dituzten bi komikik. Izan ere, biek animalia pare bana dituzte protagonista eta izenburu, biak istorio laburrez osatuta daude, biek dute umorea, eta biak aurretik Irria aldizkarian atera dira atalka!

Batetik, Ainara Azpiazu Aduriz Axpiren eta Txalaparta argitaletxearen eskutik datorkigu Karakola eta barea, azpi-izenburua –esaera zaharra parafraseatuz– Gure bihurri parea duena. Marrazki eta pertsonaia xelebreen bidez eguneroko egoerak islatuta ikusiko ditugu.

Bestetik, Mikel Valverdek Elkar argitaletxearekin Ardi eta Behi pertsonaien abenturen bi komiki-liburu plazaratu ditu, lehenengoa Abenturak ziztu bizian eta bigarrena Hankaz gora. Beste bihurri pare honek ere ideia bikainak (euren ustez!) izango dituzte, eta horrek (nola ez!) abentura barregarrietara eramango dituzte.

Itsasoaren ahutzak, “Naparra” kasua komikian

e-gor 2026/11/03 23:11
Elkar etxearen eskutik atera dute Jon Alonso eta Adur Larreak
Itsasoaren ahutzak, “Naparra” kasua komikian

Irudia: Adur Larrea

Jose Migel Etxeberria Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako militante errefuxiatua 1980an desagertu zen, norbaitek bahitu eta eraila. Baina gorpua ez da inoiz agertu eta ez da berri zehatzik izan desagertzearen egileez edo xehetasunez. Jon Alonso idazleak kasu hura ikertu eta 2020an Naparra: kasu irekia liburua atera zuen. Film edo telesail bat egiteko asmoa ere izan zuen, baina kostuak direla-eta, azkenean komiki forma eman dio. Ekainean atera du Elkar argitaletxeak komiki hori, Itsasoaren ahutzak, Jon Alonso beraren gidoia eta Adur Larrearen marrazkiekin. Baina komiki hau ez da kasuari buruzko xehetasunen irudizko dokumental bat, fikziozko lan bat baizik. Desagerpen hura gertatzeko leudekeen hamaika modu posibleetatik bat besterik ez da bertan kontatzen dena.

"Ategorrietan Fisterra" atera du Argiak

e-gor 2026/11/02 20:56
1931n Donostian Guardia Zibilak egindako manifestarien hilketa, komikian
"Ategorrietan Fisterra" atera du Argiak

Irudia: Maialen Gainzarain

Azkenaldian gure zapalkuntzaren historiari buruzko komiki ugari ateratzen ari dira, eta horien aipatzekoa da Argiak atera duen Ategorrietan Fisterra, gaitzat baitu Euskal Herrian inoiz izan den langileen sarraskirik handiena (eta hala ere oso gertaera ezezaguna dena). 1931n, Donostiako Ategorrieta auzoan, Guardia Zibilak 7 langile hil eta dozenaka zauritu zituen, manifestarien aurka tiroka oldartuta. Maialen Gainzarainek egin ditu 210 orriko komiki honen marrazkiak, eta gidoia Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitzen artean egin dute. Komikiarekin batera gertaera hari buruzko bi kantu original dituen biniloa ere eskuratzeko aukera dago.

"Odol guztiak burdin gustua du", Gregorio Muro Harrieten komiki berria, Carlos Varelaren marrazkiekin

e-gor 2026/11/01 19:50
Bilboko ezkerraldeko meatze-herrietan XIX. mendearen amaieran girotutako thriller sozial bikaina da
"Odol guztiak burdin gustua du", Gregorio Muro Harrieten komiki berria, Carlos Varelaren marrazkiekin

Irudia: Carlos Varela

Gregoio Muro Harriet komikigile historikoa Euskal Herrian girotutako istorioak kontatzera bueltatu da Odol guztiak burdin gustua du komikiarekin, Harriet argitaletxearen eskutik atera duena. Oraingo hau XIX. mendearen amaieran eta Bilboko ezkerraldeko meatze-herrietan kokatu du. Pablo bertako langile klasekoa da, eta aisiarako duen denboran “Ikazkina” ezizeneko hiltzailearen bila ari da, duela urte batzuk haurra zela desagertutako bere arreba hark hil zuela konbentzituta baitago. Halako batean Jazinta ezagutuko du, meategi-jabe aberats baten alaba, eta Pablori bere ikerketan laguntzen hasiko zaio. Hala, bion artean zerbait ernatzen hasiko da...

Thriller gisako fikziozko istorio horrek, baina, erretratu eta kritika soziala ezkutatzen ditu. Hango orduko giro gogorra eta klase bazterkeria salatzeko probesten du Harrietek, eta benetako zenbait gertakari eta pertsonaia ere ezagutarazten dizkigu: San Mames zelaiaren inaugurazioa, Arriagaren antzokiaren sutea, 1911ko ikazkinen greba, Enrique Areiltza Arregi medikua eta hark sortutako meatzarientzako ospitalea...

Istorio gogorra girotzeko, Carlos Varela marrazkigile beteranoa eta aspaldiko laguna izan du bidelagun Harrietek. Haren zuri beltzezko marrazkiak, pertsonen irudi espresionista eta atzealde eta paisaia landuekin, ederto egokitzen zaizkio.

Emaitza, bikaina: interesa piztu eta ernai mantentzen duen polizia- eta maitasun-istorioa, baina sakonean beste irakurketa batzuk ere badituena eta kontu interesgarriak ezagutzeko ere balio duena. Edizio oso landuan atera dute gainera, azal eta bizkar luxuzkoarekin eta amaierako testuinguru historikoaren azalpenekin.

Corto Maltese sarri mintzo da euskaraz

e-gor 2026/10/06 17:50
Bere 29 istorioetatik 20 euskaratu dira noizbait
Corto Maltese sarri mintzo da euskaraz

Irudia: Hugo Pratt

Duela bi urte poz-pozik eman genuen berria blog honetan, Astiberrik Itsaso gaziaren balada bat argitaratuta Corto Maltese berriz euskaraz irakurtzeko aukera zekarkigula-eta. Han genionez (EIZIEren artikulu batean eta Wikipedian oinarrituta), 36 urte ziren Cortok euskaraz azkenengoz egin zuenetik, aurretik euskaratutako istorio bakarrak 1986an Argiak atalka ateratako Itsaso gazituaren balada eta 1988an Antxeta argitaletxeak ateratako Ethiopikoak zirelakoan.

Baina informazio hori okerra zen, eta geroztik han eta hemen ikertuta ikusi dugunez, Corto Maltese askoz sarriagotan mintzo izan da euskaraz: zehazki, Hugo Pratt-ek idatzitako jatorrizko 29 istorioetatik (ez ditugu kontuan hartzen azken urteetan beste egile batzuen eskutik atera diren albumak) 20 izan dira noizbait euskaratuak!

Gogora dezagun zeintzuk diren 29 istorio horiek (batzuetan gaiaren araberako 14 saga edo bildumatan argitaratu zirenak):

  • Una ballata del mare salato (1967)
  • Suite caribeana (1970):
    • Il segreto di Tristan Bantam
    • Appuntamento a Bahia
    • Samba con Tiro Fisso
  • Il mare d'oro (1970):
    • Un'aquila della giungla
    • ...E riparleremo dei gentiluomini di fortuna
    • Per colpa di un gabbiano
  • Lontane isole del vento (1970-1971):
    • Teste e funghi
    • La conga delle banane
    • Vudù per il presidente
  • Le lagune dei misteri (1971):
    • La laguna dei bei sogni
    • Nonni e fiabe
    • L'angelo alla finestra d'oriente
    • Sotto la bandiera dell'oro
  • Le celtiche (1972):
    • Concerto in O' minore per arpa e nitroglicerina
    • Sogno di un mattino di mezzo inverno
    • Côtes de Nuits e rose di Piccardia
    • Burlesca e no tra Zuydcoote e Bray-Dunes
  • Le etiopiche (1972-1973):
    • Nel nome di Allah misericordioso e compassionevole
    • L'ultimo colpo
    • ...E di altri Romei e di altre Giuliette
    • Leopardi
  • Corte Sconta detta Arcana (1974)
  • Favola di Venezia (Sirat Al Bunduqiyyah) (1977)
  • La casa dorata di Samarcanda (1980)
  • La giovinezza (1981)
  • Tango (1985)
  • Le elvetiche: Rosa alchemica (1987)
  • Mū - la città perduta (1988)

Eta euskaraz izan diren argitalpenak hauek izan dira:

  • Argiaren TXT gehigarrian (Bego Montoriok itzulita gutxienez 3.etik aurrera):
    • Itsas gaziko balada (1986/01/26 - 1986/10/26)
    • Siberian (1986/10/26 - 1987/05/03)
    • Veneziako fabula (1987/05/10 - 1987/07/26)
    • Samarkanda-ko etxe urre kolorezkoa (1987/08/02 - 1988/04/03)
    • Tristan Bantam-en sekretua (1988/04/24 - 1988/05/15)
    • Hitzordua Bahian (1988/05/22 - 1988/07/03)
    • Sanba Tiro Fijo-rekin (1988/07/03 - 1988/09/18)
    • Arrano bat oihanean (1988/09/18 - 1988/10/30)
    • Berriz hitz egingo dugu abenturazale haietaz (1988/11/06 - 1988/12/18)
    • Kaio baten erruz (1988/12/18 - 1989/02/05)
    • Onddoak eta buruak (1989/02/12 - 1989/03/26)
    • Bananen conga (1989/04/02 - 1989/05/21)
    • Vudu lehendakari (1989/05/21 - 1989/07/03)
    • Amets galduen aintzira (1989/09/03 - 1989/11/05)
    • Asabak eta ele zaharrak (1989/11/12 - 1990/01/28)
  • Antxeta argitaletxeak 1988an Ethiopikoak argitaratu zuen, lau istorioren bilduma dena:
    • Allah urrikalkorraren izenean
    • Han belarra beti berde bait da eta anaiek anaiei gorroto bait diete
    • Eta beste Romeorik, eta beste Julietarik
    • Rufiji-ko gizon-lehoinabarrak
  • Eta jada mende honetan, 2001eko abenduan, Ostiela! aldizkariaren 24. zenbakian, Goierritarra delako batek itzulita:
    • Arpa eta nitroglizerina kontzertua Do Minorrean

Argi dago, beraz, Corto Maltese gehienetan euskaraz mintzo izan dela! Inoiz (guk dakigula) euskaratu gabeko 9 istorioak hauek dira:

  • Le lagune dei misteri (1971) bildumako lautik bi:
    • L'angelo alla finestra d'oriente
    • Sotto la bandiera dell'oro
  • Le celtiche (1972) bildumako lautik hiru:
    • Sogno di un mattino di mezzo inverno
    • Côtes de Nuits e rose di Piccardia
    • Burlesca e no tra Zuydcoote e Bray-Dunes
  • La giovinezza (1981)
  • Tango (1985)
  • Le elvetiche: Rosa alchemica (1987)
  • Mū - la città perduta (1988)

Ea horiek ere laster ikusten ditugun euskaraz. Edo, behin eskatzen hasita, hobe guztien berrargitaratze bat! ;-)

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025 2026
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10