"Odol guztiak burdin gustua du", Gregorio Muro Harrieten komiki berria, Carlos Varelaren marrazkiekin
Gregoio Muro Harriet komikigile historikoa Euskal Herrian girotutako istorioak kontatzera bueltatu da Odol guztiak burdin gustua du komikiarekin, Harriet argitaletxearen eskutik atera duena. Oraingo hau XIX. mendearen amaieran eta Bilboko ezkerraldeko meatze-herrietan kokatu du. Pablo bertako langile klasekoa da, eta aisiarako duen denboran “Ikazkina” ezizeneko hiltzailearen bila ari da, duela urte batzuk haurra zela desagertutako bere arreba hark hil zuela konbentzituta baitago. Halako batean Jazinta ezagutuko du, meategi-jabe aberats baten alaba, eta Pablori bere ikerketan laguntzen hasiko zaio. Hala, bion artean zerbait ernatzen hasiko da...
Thriller gisako fikziozko istorio horrek, baina, erretratu eta kritika soziala ezkutatzen ditu. Hango orduko giro gogorra eta klase bazterkeria salatzeko probesten du Harrietek, eta benetako zenbait gertakari eta pertsonaia ere ezagutarazten dizkigu: San Mames zelaiaren inaugurazioa, Arriagaren antzokiaren sutea, 1911ko ikazkinen greba, Enrique Areiltza Arregi medikua eta hark sortutako meatzarientzako ospitalea...
Istorio gogorra girotzeko, Carlos Varela marrazkigile beteranoa eta aspaldiko laguna izan du bidelagun Harrietek. Haren zuri beltzezko marrazkiak, pertsonen irudi espresionista eta atzealde eta paisaia landuekin, ederto egokitzen zaizkio.
Emaitza, bikaina: interesa piztu eta ernai mantentzen duen polizia- eta maitasun-istorioa, baina sakonean beste irakurketa batzuk ere badituena eta kontu interesgarriak ezagutzeko ere balio duena. Edizio oso landuan atera dute gainera, azal eta bizkar luxuzkoarekin eta amaierako testuinguru historikoaren azalpenekin.

