... eta sail berri ugari ere bai!
Irudiak: Xavier Salomó, Liliana Fortuny, Dorothée de Monfreid, Yllya, Paco Sordo, Ronan Badel eta Tim Probert
Argi dago gaztetxoenentzako komikiak boladan daudela. Horren erakusgarri ditugu aurreko albistean komentatutako sail jada luzeen jarraipenak. Baina horiez gain, aurten hainbat sail berri ere inauguratu dira.
Mezulari argitaletxeak, esaterako, Ticnikak saila abiarazi zuen urte hasieran, bi zenbakirekin: Dina eta Topus. Kutxa bateko panpina bizidunak dira bakoitzaren protagonista Meritxell Martíren gidoia eta Xavier Salomóren marrazkiak dituzten sail honetan.
Udaberrian Astiberri argitaletxeak, haurrentzako Txikiberri bere zigiluaren barruan, Orekako basoa sailari hasiera eman zion, Gau luze bat izeneko lehen zenbakiarekin. Espainiako Komiki Sari Nazionalaren irabazle den Paco Sordo egilearen komiki hauetan Hannah neskato kalekumeak aitonarekin udan basoan zehar egindako aurkikuntzak kontatzen ditu.
Urtearen erdialdean, Mezularik Rob eta Ot saila ere jarri zuen martxan, eta jada lau zenbaki atera ditu. Jaume Copons gidoilariaren eta Liliana Fortuny marrazkilariaren eskuetatik jaiotako bi robot txiki hauek ezer jakin gabe jaio dira, eta beraien komikietan mundua deskubritzen joango dira, nahaste ugari sortuz. Lehen lau zenbakiek Bi robot, Lagun berezia, Bainuontziko misioa eta Jolastuko gara? dute izena.
Udazkenean sartuta ondorengo hauek denak atera dira. Ttarttalo etxeak Filosofo txikiak saila hasi zuen. Mixina, Peru, Xerri eta Mokofin, haur eta heldu elkarrekin jardungo dira filosofatzen hainbat gairen inguruan. Lehenengo zenbaki honek Hamaika misterio txiki eta handi du izenburua, eta bere egileak Sophie Fulaud eta Dorothée de Monfreid dira.
Ibaizabalek Ronan Badelen Tripontzi katua sailari ekin zion, kalean bizitzeari utzi eta familia bat aurkitu eta haiekin bizitzea erabaki duen izen bereko katuari buruzkoa. Eta hori islatzen du lehenengo zenbakiaren tituluak: Tripontziren etxe berria.
1545 argitaletxeak Azken garra komikia atera du, Ilunaroa sailari hasiera emanez. Tim Proberten fantasiazko sail honek arrakasta handia izan du nazioartean, eta Anguleman saritua izan da eta Harvey eta Eisner sarietarako izendatua.
Azkenik, Harriet argitaletxeak Miss Pipelette saila argitaratzeari ekin dio, Kontuz! Sorgin berritsua! lehen zenbaki honekin. Bere egileak Harrietek berak 2018 eta 2021 bitartean euskaratutako Isaline sailaren berak dira, Maxe L'Hermenier gidoigilea (Txalapartaren Abereen etxaldearen gidoilaria ere badena) eta Yllya marrazkigilea alegia.

