Animalia pareak protagonista dituzten istorioak, Ainara Azpiazuren eta Mikel Valverderen eskutik
Kasualitatea izango da (edo ez), baina udaberrian ikusi zuten argia hainbat antzekotasun dituzten bi komikik. Izan ere, biek animalia pare bana dituzte protagonista eta izenburu, biak istorio laburrez osatuta daude, biek dute umorea, eta biak aurretik Irria aldizkarian atera dira atalka!
Batetik, Ainara Azpiazu Aduriz Axpiren eta Txalaparta argitaletxearen eskutik datorkigu Karakola eta barea, azpi-izenburua –esaera zaharra parafraseatuz– Gure bihurri parea duena. Marrazki eta pertsonaia xelebreen bidez eguneroko egoerak islatuta ikusiko ditugu.
Bestetik, Mikel Valverdek Elkar argitaletxearekin Ardi eta Behi pertsonaien abenturen bi komiki-liburu plazaratu ditu, lehenengoa Abenturak ziztu bizian eta bigarrena Hankaz gora. Beste bihurri pare honek ere ideia bikainak (euren ustez!) izango dituzte, eta horrek (nola ez!) abentura barregarrietara eramango dituzte.

