e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Asterixen eta Idefixen album bana gehiago
Salvat/Bruño etxeak, 2010eko hamarkadaren hasieran hasitako Asterixen komiki klasikoak jatorrizko kronologian berrargitaratzearekin jarraituz, 22. albuma atera du, Bidaia handia hain zuzen ere. Goscinny eta Uderzo egile jatorrizkoek egindako istorio honetan, gure heroi Asterix eta Obelix Panoramixentzako arrain bila itsasora ateratzen dira, baina ekaitz batek Amerikaraino eramango ditu...
Bestalde, iaz hasi zuten Idefix eta menderakaitzak saila, Latinari zaunka! istorioarekin. Bada, Obelixen txakurrari eskainitako spin-off eta prekuela (Obelix ezagutu aurreko Pariseko bizitza kontatzen baitu) honen bigarrena atera da orain, Kroketak erromatar erara. Gidoia Hervé Benedetti, Michel Coulon eta Simon Lecocq-ek egin dute, eta marrazkiak Philippe Fenech eta Jean Bastide-k egin dituzte.
Zortziko argitaletxearen bi komiki berri: Aitorren abenturen album berria, "Aitor eta lanpa magikoa", eta "Naiaren abenturak 1- Itsasoak irentsi zuen hiria"
Marie-Christine Thiry Merloren Aitorren ametsa 2015ean atera zuen Zortziko argitaletxeak, eta orain dator jarraipena, Aitor eta lanpa magikoa. Joaldun-surflariak oraingoan marea beltzaren munstroari egin beharko dio aurre.
Horrez gain, Eno egilearen lehen komikia atera du, Naiaren abenturak izeneko sailaren lehenengoa hain zuzen, Itsasoak irentsi zuen hiria izenburua duena.
"X-Venture" mangaren "Gorputza krisian" saileko hirugarrena eta azkena, eta "Primal Power" saileko lehena
Ooso Kataluniako etxea iaz hasi zen X-Venture manga argitaratzen, pertsona bat sendatzeko gorputzean sartzen diren robot miniaturizatuei buruzko Gorputza krisian - Erreskate handia saileko lehen biekin, 1 Arnasketa eta digestio aparatua eta 2 Zirkulazio-aparatua. Bada, aurtengo hasieran sail horren azkena atera du, 3 Nerbio-sistema, aurrekoak bezala Hot-Blooded Souls-ek egina, eta sail berri bat hasi du animalien ingurukoa, X-Venture - Primal Power, lehenengo liburukiarekin, 1 Erregeen sumina - Lehoia vs. tigrea, Slaium eta Meng-en gidoiarekin eta Black Ink Team-en marrazkiekin. Sail berrian, izenburuan ikusten denez, animaliei buruzko jakingarriak ikasiko ditugu, abentura dibertigarriez gozatzeaz gain.
"Ahizpak" sailaren beste lau komiki
Iazko hondarretan atera zituen Hachette etxeak Ahizpak izeneko komiki sailaren lehen bi komikiak, Ahizpak 1 - Ezinbestean, ahizpak eta Ahizpak 2 - Gure estiloan. Christophe Cazenove-ren gidoia eta William-en irudiak dituen umorezko komiki-sail honek bi ahizpa, Wendy nerabea eta Marine neskatoa, ditu protagonista, eta sail horretan oinarritutako marrazki bizidunetako seriea ETB3-n ematen dute. Bada, aurten saileko hurrengo lauak atera ditu, martxoan bi eta urrian beste bi: Ahizpak 3 - Bera hasi da!, Ahizpak 4 - Ikaragarria da!, Ahizpak 5 - A zer muturra! eta Ahizpak 6 - Wendy, maiteminduta.
"Makina Maixu" komiki/rol-jokoaren bigarrena atera da, "Rolari maltzurrak"
Iazko Durangoko Azokako nobedadeetako bat izan zen Makina Maixu rol jokoa, zeinaren istorioa komiki batean oinarritzen zen. Komikia bera Rolariak elkartearen webgunean eta sare sozialetan atalka ateratzen joan ondoren, osorik paperean atera zuten komikia eta jolasteko materiala. Geroztik komikiaren argitalpenarekin jarraitu dute sareetan, eta orain bigarren zatia atera dute, Makina Maixu 2 - Rolari maltzurrak, hau ere Imanol Etxeberria eta Noemi Gallegoren gidoiarekin eta Imanol Etxeberriaren marrazkiekin. Eta lehenengoan bezala, bigarren honen protagonistak "...eta heriotxa emango diosu!" zioen hartan inspiratutakoa izaten jarraitzen du eta benetan barregarria da.
George Orwell-en "Abereen etxaldea" ere komikian eta euskaraz
George Orwell-en Abereen etxaldeak ez du aurkezpenik behar. Napoleon txerriaren gidaritzapean etxalde batean gizakien aurka ematen den altxamenduaren kontakizun hau estalinismoaren satira alegoriko ezaguna da, eta, jakina, komikian ere baditu bertsioak. Horietako bat, Jungle argitaletxe frantsesak 2021ean Maxe L'Hermenier gidoilariarekin (Harriet argitaletxeak euskaratzen dituen Isaline-ren abenturen idazlea) eta Thomas Labourot irudigilearekin atera zuena, euskaraz atera du orain Txalapartak, Aiora Jakak itzulita. Klasiko hau ezagutzeko edo berrirakurtzeko modu ederra!
Noaingo batailaren berri, komikian eta Oroz-en eskutik
Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 du izenburua Mintzoa etxeak argitaratu duen komikiak. Komunikabideetan umore grafikoa lantzeagatik ezaguna den César Orozek egin du, eta umorez baina zehaztasun historikoz lantzen du Nafarroaren konkistan berebizikoa izan zen bataila. Datu historikoak Peio Monteanoren Noain 1521 - El fin del principio liburuan oinarrituta daude.
"Xan", konfinamendua eta osasun mentalaren inguruko komikia
Emma Arestegik idatzi eta Maialen Arestegik marraztu du Xan komikia, Elkarrek atera duena. Bertan, Xan gaztea, hiri handi batean ikasle ari dena, etxera itzultzen da, Baionara, konfinamendua pasatzera. Eta egoera latz horretan datozkion galdera eta gogoeten berri jasoko dugu osasun mentalaz ari den komiki honetan.
"Iris XXII", etorkizun post-apokaliptiko baten komikia Yurre Ugarte eta Julen Ribasen eskutik
Komiki berria dakarkigute Joana Maiz ederraren gidoigile Yurre Ugartek eta Euskadi Literatur Sariak irabazitako Azken garaipena eta Santa familia komikien marrazkilari Julen Ribasek Txalaparta argitaletxearen eskutik: Iris XXII. Hondamendi naturalen segida luzeen ondoren, 2160 urtean gizateria ia teknologiarik gabe bizi da. Eta Numun izeneko gizarte antolaketa duen irla batean bizi dira malkoetan eguzki haziak dituen Greta, Max asmatzailea eta Iris haurra, etorkizunaren ikuspegi ezberdinak dituzten fakzio ezberdinen gatazken artean.
"Elur gorrituaren egunak", euskal familia baten istorioa Espainiako Gerra Zibilean
Joxe eta Manttoni gurasoek, Rikardo, Naxario eta Bittoriano semeek eta Teresita alabak osatzen dute Telleria sendia. Espainiako Gerra Zibila etortzean, bi seme Euzko Gudarostearekin doaz eta beste bat erreketeekin behartuta, gero besteek ere bando nazionalaren eskuetan bukatzen dute... Orduan, hiru anaia gerran dituzten familiek bat etxeratzea ahalbidetzen duen legea ateratzen da. Telleriatarrek zein libratu erabaki beharko dute, eta haren bila abiatuko da aita...
Amaia Telleriak etxean entzundako aitonaren familiaren istorioa oinarri hartuta osatu zuen narrazio laburra, sei ataletan banatuta bakoitzak sei kideetako bakoitzaren ikuspegia kontatuz. Laida Ruizen zuri beltzezko irudi gordin eta errealistekin, Elur gorrituaren egunak komiki hunkigarria osatu dute, eta Denonartean argitaletxeak kaleratu du istorio harrigarria.