Duhamelen beste komiki bat euskaraz: Metalaren gustua
Eta aurreko albistean kasualitate bat bagenekarkizuen, hona beste bat: duela gutxi Odol guztiak burdin gustua du komikia aurkeztu genizuen hemen, maiatzean atera zena; bada, hilabete horretan bertan haren argitaletxe Harrietek Metalaren gustua ere atera zuen. Baina izenburuan duten antzekotasunak iradoki lezakeenaren kontrara, ez dute batere zerikusirik (kasualitate hutsa, esan bezala).
Metalaren gustua hau Bruno Duhamel egile frantziar bikainaren komiki berriena da, eta euskaratuta dagoen zortzigarrena –denak Harriet etxearen eskutik–. Egileak ohiko du bere istorioak landa eremuko herri txikietan kokatzea, ohiz kanpoko pertsonaia bereziak aurkeztea eta istorio bitxiak sentsibilitate bereziz, samurtasunez, umorez eta kritika soziala eginez kontatzea, eta hala egin du honetan ere: metal detektagailuarekin altxor bila aritzen den Leo langabetua, bera etxean izateaz aspertuta dagoen Helene arreba, Youtube-ko kanalek bultzatutako altxor bilatzaileen modak dakarren ondare lapurretaz kokoteraino dagoen Gabriel arkeologoa...

