Biga eta Idefix eta menderakaitzak sailen zenbaki berriak
Azken urteotan gaztetxoenenen artean arrakasta handia izan duten eta zenbaki asko atera dituzten sail batzuen jarraipenen berri eman nahi dizuegu gaurkoan.
Batetik, Astiberrik Romain Pujol eta Vincent Cauten Biga sailaren bederatzigarren zenbakia atera du, Energia bola bat, Bego Montorioren itzulpenarekin. 2020an atera zen euskaraz Bigaren lehen zenbakia, eta geroztik urtean zenbaki bat edo bi atera dira, guztira 35.000 ale salduz! Hau ere ziur besteak bezain barregarria izango dela eta haiek bezainbeste salduko dela.
Bestetik, Bruño etxeak Idefix eta menderakaitzak sailaren beste bi zenbaki argitaratu ditu. Obelixen txakur txikiaren prekuela honen zortzigarrenak Galiar lurrina du izenburua eta bederatzigarrenak Gudurix horma-txoria!. Gidoietan Lison D’Andréa, Philippe Clerc, Olivier Serrano, Suaëna Airault, Yves Coulon eta Sébastien Viaud aritu dira, marrazkietan Federico Mancuso eta Philippe Fenech eta itzulpena Maddalen Arzallusena da.

