e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Dragoi Bola" manga, osorik euskaraz!
Euskomanga (https://euskomanga.com/) webgunea, bere aurkezpen orrian dioen bezala, eduki japoniarrak euskaratzen dituen talde batek osatutako webgunea da. Batetik, animeentzako azpitituluak sortzen dituzte, eta hainbat telesail, OVA (telesailetatik eratorritako film apartekoak) eta filmentzakoak daude eskuragarri bertan. Eta bestetik, manga komikiak ere euskaratzen dituzte. Lan benetan garrantzitsua, ikusirik animeak eta mangak gurean (beste edozein tokitan bezala) gaztetxoen (eta ez hain gazteen) artean duten arrakasta eta eragina.
Baina euskaldunon artean Japoniako animeren bat bada ezaguna, hori (Doraemonen baimenarekin) Dragoi Bola da, Akira Toriyamaren pertsonaia eta istorioetan oinarritutako telesaila ETBk urte luzez euskaratuta eman izanaren ondorioz. Izan ere, osorik itzuli eta eman dituzte Dragoi Bola (153 atal, Dragoi Bola Z (291 atal) eta Dragoi Bola GT (64 atal) sailak, film, atal berezi eta OVA gehienekin batera, 1991tik hasita eta hogeitaka urtez (eta, dirudienez, Makusin jarri behar omen dute laster!).
Bada, Dragoi Bolaren jatorrizko mangaren lehen 16 liburukiak, animearen Dragoi Bola atalei dagozkienak, osorik euskaratu ditu Xalba izeneko zale batek, eta Euskomanga-n daude irakurgarri eta deskargagarri! Lan benetan ikaragarria: manga liburukiak potoloak izaten dira, kasu honetan bakoitza ia 2000 orri dira, guztira 3164 orri! Gainera, itzulpena ETBk egindako itzulpenean oinarrituta egin omen du, hasierako urteetan Xabier Amurizak egindakoa, maila altuko itzulpentzat kontsideratua izan dena eta hitanoa ere baliatzen zuena.
Goazen, lagunok, amets betean!, Dragoiaren Bola irakurtzera!
"Erbestearen memoriak - 37ko euskal haurrak", Gerra Zibilean errefuxiatu erbestera joandako euskal umeei buruzko komikia
Espainiako Gerra Zibilean, 37an Bizkaia eta Bilbo erortzear zeudela, gerrako arrisku eta izugarrikerietatik babestearren, milaka haur erbesteratu ziren Euzkadiko Jaurlaritzaren ekimenez. Batzuk urte gutxira bueltatu ziren, beste batzuk askoz beranduago eta beste batzuk inoiz ez; batzuk berriz ere gurasoekin elkartu ziren, baina beste batzuenek ez zuten biziraun; batzuk erbestealdi hobea eta beste batzuk okerragoa pasako zuten. Baina guztiek jasan zituzten hein batean edo bestean beldurra, ziurgabetasuna, itxaropena, ilusioa, deserrotzea, aberriarekiko mina...
Hain zuzen, sentimendu horietako bat du izenburu komiki honen kapituluetako bakoitzak. Begoña Garrido gaian ikerlari eta adituak egin du gidoia eta Oskar Gorroño marrazkigileak irudiak, eta autoedizioan atera dute biek Erbestearen memoriak - 37ko euskal haurrak hau. Garridok egindako elkarrizketa ugarietan jasotako esperientzietan oinarrituta, hiru pertsonaia asmaturen hiru fikziozko istorio kontatzen dira, baina guztiz benetakoak izan zitezkeenak eta esperientzia kolektiboaren testigantza ematen dutenak: Frantziara joandako eta 1939an itzulitako 17 urteko Martina, Ingalaterrara joan eta 1939 bitarte egondako 11 urteko Antonio eta SESBera joan eta 1956ra arte bueltatu ez zen 12 urteko Lucia. Gorroñok ere biñetetako batzuk benetako argazki eta dokumentuetatik atera ditu. Ahaztu behar ez diren kontuak egungo gizartekooi transmititzeko eta ezagutarazteko guztiz beharrezko komikia.
Udazkeneko haurrentzako komiki sorta
Eta udazken honetako komikien argitalpen fluxu etengabean ezin zuten faltatu, jakina, haurrentzako komikiek. Gutxienez bost atera dira, guk dakigula. Honatx:
Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Superpatata sailaren 13 komiki aterata zituen orain artean euskaraz, dezenteko arrakastaz. Eta orain Marko Torresen Superninja Kururo saila ere hasi dute, Superninja Kururo eta eskumuturreko gorena izenburudun lehen zenbakiarekin. Bertan Zanpa-Tu tenpluko Ukabilko buru nagusia sensei-aren ikasle aldrebesena den Kururo ninjaren abentura barregarriak biziko ditugu.
Astiberriren aldetik, iazko Txangoan txiripaz atsegin izan bazenuen, haren egile Josephine Mark-en komiki berria duzu Zipotz. Annette Pehnt-en gidoidun eta Jutta Bauer-en ilustraziodun ipuin batean dago oinarrituta. Zipotzen bizileku berriko biztanleek, Pinpirin alaia buru, hau ezagutu eta lagun egin nahi dute, baina berak ez du nahi...
Ikaselkar argitaletxeak Jordi Bayarrik egiten dituen zientzialarien bizitzari buruzko komikiak argitaratzen jarraitzen du. Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles, Hipatia, Ada Lovelace, Einstein, Mary Anning- eta Pasteur-en ondoren, oraingoan haur eta gaztetxoek Nikolas Kopernikori buruz gehiago jakin ahal izango dute modu atsegingarrian, Koperniko - Unibertsoaren erdigunea komikiaren bidez.
Ttarttalok 24 ordu sailarekin jarraitzen du, eta Harri Aroa, espazioa eta oihana landu ondoren, orain Antartika ezagutaraziko digun komikia atera dute, Andy Prentice-ren gidoia eta Laurent Kling-en irudiak dituen 24 ordu Antartikan alegia.
ETB3n animazio serie bat duen komiki-sail batek, Salvat/Bruño-k ateratzen duen Idefix eta menderakaitzak-ek, bosgarren zenbakia iritsi du, Idefix eta druida. Aurreko lauren marrazkietan parte hartu duen Philippe Fenech-ek marraztu du, eta gidoia lehenengoa idazten parte hartutako Matthieu Choquet-ek egin du. Istorio honetan, Idefixek eta Luteziako bere lagunek gure aspaldiko ezagun batekin egingo dute topo...
"Makina Maixu 3 - Rol Fu-aren amaiera", komiki/rol-jokoaren zenbaki berria eta azkena
Azken hiruzpalau urteotan mangarekin gertatu den gisako fenomenoa ikusi dugu rol-jokoekin ere: euskaraz batere ez izatetik, lehenengoa atera ondoren bat-batean asko agertzera pasatzea! Rol-jokoen kasuan, hainbeste non jokoaren oinarri gisa hartzeko istorio/unibertsoa liburuan beharrean komikian daukan saila ere baden, Makina Maixu hain zuzen ere.
Sail honen gidoia Noemi Gallego eta Imanol Etxeberriak egiten dute eta Etxeberriak berak marraztu. Interneten eta sare sozialetan atalka argitaratuz joan ohi da, orri bat astero, eta ondoren paperean ateratzen da urtekoen bilduma, Durangoko Azokaren garaian, azken bi edizioetan bilduma bana, Rolariak elkartearen eskutik: Makina Maixu 1 - Rol Fu-aren bidea eta Makina Maixu 2 - Rolari maltzurrak.
Bada, aurten ere sailaren hirugarren zenbakia atera da, Makina Maixu 3 - Rol Fu-aren amaiera, sailari amaiera ematen diona, eta hau ere Durangon izango dugu eskuragarri. Aurrekoak bezala, rol-joko batentzako pertsonaiak eta unibertsoa markatzen duen istorioa izan arren, komiki soil gisa ere irakur eta gozatu daiteke, komiki beregaina baita, abenturazkoa, umorezkoa eta frikia. Rol munduko antzinako arte eta filosofia den Rol Fu-aren maisuak, Makina Maixuk alegia, Magik kartek dakarten mehatxuari aurre egin beharko dio Rol Fu-a desagertzea nahi ez badu...
"Heartstopper"-en lehen bi zenbakiak euskaraz irakur ditzakegu orain
Alice Oseman britainiarraren Heartstopper saila webkomiki gisa hasi zen 2016an, oraindik martxan dena, eta milioika irakurle dituena. Gero 2019tik aurrera paperezko komiki gisa hasi ziren ateratzen, bost liburu doaz momentuz, 39 hizkuntzara itzuli da, eta milioika ale saldu dira. Eta azkenik, irudi errealeko serie forma eman zion Netflix-ek 2022an, Oseman beraren inplikazio osoarekin (gidoi guztiak egin ditu, casting-ean eta musikaren hautaketan parte hartu...), eta jada arrakastaz betetako hiru denboraldi bete ditu.
Eta zein ote da Heartstopper-en gaia eta publikoa, hain arrakastatsu izateko? Bada, bi gizonezko gazteren maitemintzea kontatzen da, gazte publikoari zuzendutako istorioan. Nick eta Charlie institutura doaz gizonezkoentzako eskola batean. Charlie Nickekin maiteminduko da, eta hau heterosexuala izan arren, Charlierekiko sentimenduak sortzen hasi zaizkio berari ere...
Orain gazte euskaldunek ere izango dute aukera Heartstopper komikiez beren hizkuntzan gozatzen hasteko, Astiberri argitaletxeak serieko lehen bi komikiak euskaraz atera ditu: Heartstopper 1- Bi mutilen enkontrua eta Heartstopper 2 - Zu etxerako!
Oraintsu atera du Txalapartak Fun Home, neskato lesbiana baten familia-kontuei buruzko komiki klasiko bat, orain hau... Albiste bikaina, LGTBIQ+ tematikako komikien euskarazko aukera ugaritzea!
"Fun home" ere euskaraz!
Komikiaren mundua ezezaguna duten askori ere ezagun egiten zaio Bechdel testa, filmetan, komikietan, antzezlanetan eta beste kultura-produktuetan genero-desparekotasuna neurtzeko sistema famatua. Bada, test hori Alison Bechdel komikigile estatubatuarrak agertarazi zuen lehenbizikoz bere komiki batean, haren lagun baten ideiatik abiatuta. Eta Bechdel-en lanik ezagunena izango da ziurrenik Fun Home komiki autobiografikoa, lehenbizikoz 2006an argitaratua, eta LGTBIQ+ gaiak lantzen erreferentziazko eta aitzindari dena.
Bertan kontatzen ditu bere haurtzaroa, bere aitarekiko erlazioa, etxean lesbiana zela esan zuenekoa, bere aita ere gay zela jakitea, aitaren suizidioa... modu tragikomikoan (izenburutik bertatik hasita, aita herriko ehorzlea izanik etxean bertan baitzuen ehorztetxe negozioa eta horri deitzen zioten etxekoek "fun home" edo poz-etxea). Arrakasta kritiko eta komertzial izugarria izan duen lana da: Time aldizkariaren urteko liburua, Eisner saria ez fikziozko lanari... Broadway-ko musikal ere bihurtu zuten 2015ean, eta Tony saria irabaztera iritsi zen! Orain euskaraz gozatu ahal izango dugu lan handi hau, Txalapartaren eskutik eta Danele Sarriugarteren itzulpenarekin.
Joe Saccoren genozidioaren aurkako aldarri urgentea: "Gerra Gazan"
Joe Sacco Maltan jaiotako estatubatuarra mundu mailako erreferentea da komikigintzan, zehazkiago dokumental edo kazetaritza motako komikietan. Harenak dira Palestine, Safe area Goražde, Footnotes in Gaza, Paying the land... Eta, ikusten denez, Israelek palestinarren aurka azken ehun urteotan aurrera daraman zapalkuntza, errepresioa, sarraskia, genozidioa... (nola deitu ere ez dakit, hitzak labur geratzen zaizkit) gaitzat izan du bere komikietan behin baino gehiagotan. Izan ere, Palestine izan zen bere lehen komikia, 1991 eta 1992 urteen artean Lehenengo Intifadaren garaian bi hilabetez Zisjordanian eta Gazako zerrendan egindako bi hilabeteko egonaldian ikusitakoekin egindakoa, 1993 eta 1995 bitartean 9 komikiko sail gisa atera zena eta gero 2001ean edizio oso batean argitaratu zena. Eta kazetaritza-komikiaren aitzindarietako bat da, lehen pertsonan kontatutako kazetaritza-komikietan lehena beharbada. Iaz euskarara ekarri zuen komiki hau Astiberrik. Geroago, 2009an, Footnotes in Gaza atera zuen, israeldar armadako soldaduek Khan Yunis eta Rafah-n 1956an egindako sarraskiei buruzkoa.
Azken urte eta pikoan Israel Gazan egiten ari denaren aurrean, erraietatik atera zaio horren inguruan beste komiki bat egiteko beharra, eta hori da Gerra Gazan, arazoaren garrantziagatik ahalik eta azkarren egindako 33 orriko komikia, gerra baino genozidioa den horren lehen hilabeteetako kontu mingarrienetako eta zentzugabekoenetako batzuen kronika. Julen Gabiriak itzulita, segituan atera du euskaraz Astiberrik, gaiaren presazkotasunak eskatzen duen bezala, eta gaztelaniazkoa baino lehenago atera da gainera. Gabiriak hitz ezin egokiagoz Mastodon.eus sare sozialean esan bezala, "Joe Saccorik politikoena eta suminduena, urgentzia larriko obra honetan".
"Niretzat bedi zu hildakoan", Zerocalcareren berria
Zerocalcare komikigile italiarra ezaguna eta arrakastatsua da Europa osoan, baina bere izaera alternatibo-gaztetxezale-konprometitua dela-eta edo, euskaldunokiko txera ere badu antza, eta bere lanak euskarara itzultzeko prestutasuna eta laguntasuna agertzen ei du. Hala ekarri zizkigun orain artean Farmazia Beltza argitaletxeak bere aurreko bost lan garrantzitsu: Hondamuinean, Hondamuinean - Sei hilabete geroago, Kobane Calling, Armadiloaren igarkizuna eta No sleep till Shengal. Horietako asko, gainera, italierazko jatorrizkoa eta gutxira atera dira, beste hizkuntza askotan baino lehenago.
Bada, oraingoan ere bere azken lana, aurtengoa bertakoa, euskaraz atera dute segituan Farmazia Beltzakoek, aurrekoak bezala ekoizpenean eta finantziazioan Ereiten eta Talaiosek lagunduta eta Koldo Izagirrek itzulita. Niretzat bedi zu hildakoan du izenburua, eta Dimentica il mio nome komikian bere amaren familiaren istorioa (ziurrenik gutxi baino asko fikzionatua) kontatzen bazigun, hemen bere aitaren jatorria eta iragana dira gaia. Aitaren Dolomitetako sortetxean, herrian bere familiarekiko dauden gerra garaitiko kontu arraroak azaleratzen dira, baina Zerok eta aitak beti izan dute ezintasuna sentimenduak adierazteko edo gai garrantzitsuez aritzeko...
Aurreko lanetan Calcare bizi den Erromako Rebibbia auzoko lagunarteko hizketa-modua irudikatzeko Izagirre itzultzaileak hizkuntza-erregistro berezi bat asmatu eta baliatu badu (gipuzkera ahozko laburtu moduko bat), oraingoan mendialdeko hizkera bereziarentzat (gure protagonistak ulertzeko zailtasunak dituena) zuberera baliatu dute, biziro egoki! ;-)
36 urteren ondoren, berriz ere euskaraz dugu Corto Maltese!
Helduentzako komikien munduan pertsonaia ikonikorik bada, hori Corto Maltese da, aita Kornualleseko marinel bat eta ama Sevillako ijito bat dituen itsasgizona. Bere abenturak XX. mendeko lehen laurdenean kokatuta daude, eta garaiko pertsonaia eta gatazka errealak agertzen dira bertan, hala nola Lehen Mundu Gerra, Jack London, Irlandaren Independentziako Gerra edo Baroi Gorria. Hugo Pratt-ek idatzi zituen bere jatorrizko 29 istorioak 1967 eta 1988 bitartean.
Corto Maltese gure hizkuntzan aritua zen lehenago ere: 1986an Argiak atalka atera zuen lehen albuma, Itsaso gazituaren balada, eta 1988an Baionako Antxeta argitaletxeak euskaraz atera zituen Ethiopikoak, Afrikan kokatutako lau abenturak. Baina geroztik ez gehiago...
Bada, orain Astiberri argitaletxeak euskaraz atera du bere lehen abentura, Itsaso gaziaren balada bat, Irene Hurtado de Saratxok italieratik itzulita eta Umberto Ecoren hitzaurrearekin. Istoriorik luzeenetakoa eta, zalantzarik gabe, ezagunena dugu hau, sail osoaren aurkezpen modukoa baita. Bertan definitzen da pertsonaiaren izaera ziniko baina ongilea, eta agertzen dira gerora garrantzitsuak izango diren zenbait pertsonaia, Rasputin desertore errusiarra bereziki. Berri oso ona! Eta ondokoak ere etor daitezela!
Amaiurko setioari buruzko Oroz-en komikia
Duela urtebete atera zuen Mintzoa argitaletxeak César Oroz komunikabideetako umore grafiko egilearen Zirt-zart Nafarroan!! Noaingo bataila, 1521 komikia. Bada, orain haren jarraipena den Amaiur 1522 - Inperioak berriz erasotzen du atera du. Izenburuak dioen bezala, Noaingo bataila galdu ondoren etorri zen Nafarroaren konkista gauzatu ostean, Amaiurko Gazteluan Belatz kapitainaren gidaritzapean 100 nafarrek 500 soldadu espainiarren eskutik jasandako setio ezagunari buruzkoa da.