Aiert Zubigaraik "Elgeta 1937 - Emakumeen memoria" komikia egin eta autoedizioan atera du
Aiert Zubigarai 3izkai egile elorriarrak Elgeta 1937 - Emakumeen memoria komikia egin du eta autoedizioan argitaratu. Izenburuak dioen bezala, Espainiako Gerra Zibilean faxista matxinatuek 7 hilabeteren ondoren Intxortako frontea hautsi eta Elgetan edozer egiteko baimenarekin sartu zirenean emakumezkoei egindakoen testigantza eman nahi duen lana da. Berau egiteko, egileak gaia ikertu du eta hura bizitako emakumezkoei egindako elkarrizketetan oinarrituta (adibidez, orduan haurra zen Anttoni Telleriak bere bortxaketak eta gurasoen erailketak kontatzen dituena) osatu du fikzio historikoko komikia. Kontu lazgarriak baina ezagutu beharrekoak.
Komiki hau ekimen zabalago baten parte da, Emakumeon Memoria 1937 - Intxortatik Artxandara ekimena hain zuzen ere, eta asmoa da komiki gehiago egitea, Bilboren erorketa bitartean beste herri batzuen hartzeen (Elorrio, Eibar, Durango, Zornotza, Larrabetzu, Basauri...) eta horietan emakumeei egindako basakerien berri emanez. 2020an atera zuten ekimenaren txostena, ezin interesgarriagoa, testuinguru historikoaren berri ematen duena, egitasmoaren azalpena, komiki(ar)en laginak...
Komikiak 32 orri ditu eta 9 € besterik ez ditu balio. Gaztelaniaz ere badago, eta geroago elgetako euskaraz ere ateratzeko asmoa dago. Momentuz toki hauetan eskuratu daiteke:
- Elgeta:
- Lola jatetxea
- Elorrio:
- Elorriokopy
- Duñabeitia estankoa
- Arrasate:
- Irati taberna
- Durango:
- Hitz liburudenda
- Urike liburudenda
- Arteka liburudenda
- Eibar:
- Yralagoitia liburudenda
- Guisasola estankoa
- Bilbo:
- Anti liburudenda
- Louise Michel liburudenda
- La Luisa liburudenda
- La Colometa liburudenda
- Magnolia Rare Books liburudenda
- Joker komikidenda