"Fun home" ere euskaraz!
Komikiaren mundua ezezaguna duten askori ere ezagun egiten zaio Bechdel testa, filmetan, komikietan, antzezlanetan eta beste kultura-produktuetan genero-desparekotasuna neurtzeko sistema famatua. Bada, test hori Alison Bechdel komikigile estatubatuarrak agertarazi zuen lehenbizikoz bere komiki batean, haren lagun baten ideiatik abiatuta. Eta Bechdel-en lanik ezagunena izango da ziurrenik Fun Home komiki autobiografikoa, lehenbizikoz 2006an argitaratua, eta LGTBIQ+ gaiak lantzen erreferentziazko eta aitzindari dena.
Bertan kontatzen ditu bere haurtzaroa, bere aitarekiko erlazioa, etxean lesbiana zela esan zuenekoa, bere aita ere gay zela jakitea, aitaren suizidioa... modu tragikomikoan (izenburutik bertatik hasita, aita herriko ehorzlea izanik etxean bertan baitzuen ehorztetxe negozioa eta horri deitzen zioten etxekoek "fun home" edo poz-etxea). Arrakasta kritiko eta komertzial izugarria izan duen lana da: Time aldizkariaren urteko liburua, Eisner saria ez fikziozko lanari... Broadway-ko musikal ere bihurtu zuten 2015ean, eta Tony saria irabaztera iritsi zen! Orain euskaraz gozatu ahal izango dugu lan handi hau, Txalapartaren eskutik eta Danele Sarriugarteren itzulpenarekin.