"Makina Maixu 3 - Rol Fu-aren amaiera", komiki/rol-jokoaren zenbaki berria eta azkena
Azken hiruzpalau urteotan mangarekin gertatu den gisako fenomenoa ikusi dugu rol-jokoekin ere: euskaraz batere ez izatetik, lehenengoa atera ondoren bat-batean asko agertzera pasatzea! Rol-jokoen kasuan, hainbeste non jokoaren oinarri gisa hartzeko istorio/unibertsoa liburuan beharrean komikian daukan saila ere baden, Makina Maixu hain zuzen ere.
Sail honen gidoia Noemi Gallego eta Imanol Etxeberriak egiten dute eta Etxeberriak berak marraztu. Interneten eta sare sozialetan atalka argitaratuz joan ohi da, orri bat astero, eta ondoren paperean ateratzen da urtekoen bilduma, Durangoko Azokaren garaian, azken bi edizioetan bilduma bana, Rolariak elkartearen eskutik: Makina Maixu 1 - Rol Fu-aren bidea eta Makina Maixu 2 - Rolari maltzurrak.
Bada, aurten ere sailaren hirugarren zenbakia atera da, Makina Maixu 3 - Rol Fu-aren amaiera, sailari amaiera ematen diona, eta hau ere Durangon izango dugu eskuragarri. Aurrekoak bezala, rol-joko batentzako pertsonaiak eta unibertsoa markatzen duen istorioa izan arren, komiki soil gisa ere irakur eta gozatu daiteke, komiki beregaina baita, abenturazkoa, umorezkoa eta frikia. Rol munduko antzinako arte eta filosofia den Rol Fu-aren maisuak, Makina Maixuk alegia, Magik kartek dakarten mehatxuari aurre egin beharko dio Rol Fu-a desagertzea nahi ez badu...