"Niretzat bedi zu hildakoan", Zerocalcareren berria
Zerocalcare komikigile italiarra ezaguna eta arrakastatsua da Europa osoan, baina bere izaera alternatibo-gaztetxezale-konprometitua dela-eta edo, euskaldunokiko txera ere badu antza, eta bere lanak euskarara itzultzeko prestutasuna eta laguntasuna agertzen ei du. Hala ekarri zizkigun orain artean Farmazia Beltza argitaletxeak bere aurreko bost lan garrantzitsu: Hondamuinean, Hondamuinean - Sei hilabete geroago, Kobane Calling, Armadiloaren igarkizuna eta No sleep till Shengal. Horietako asko, gainera, italierazko jatorrizkoa eta gutxira atera dira, beste hizkuntza askotan baino lehenago.
Bada, oraingoan ere bere azken lana, aurtengoa bertakoa, euskaraz atera dute segituan Farmazia Beltzakoek, aurrekoak bezala ekoizpenean eta finantziazioan Ereiten eta Talaiosek lagunduta eta Koldo Izagirrek itzulita. Niretzat bedi zu hildakoan du izenburua, eta Dimentica il mio nome komikian bere amaren familiaren istorioa (ziurrenik gutxi baino asko fikzionatua) kontatzen bazigun, hemen bere aitaren jatorria eta iragana dira gaia. Aitaren Dolomitetako sortetxean, herrian bere familiarekiko dauden gerra garaitiko kontu arraroak azaleratzen dira, baina Zerok eta aitak beti izan dute ezintasuna sentimenduak adierazteko edo gai garrantzitsuez aritzeko...
Aurreko lanetan Calcare bizi den Erromako Rebibbia auzoko lagunarteko hizketa-modua irudikatzeko Izagirre itzultzaileak hizkuntza-erregistro berezi bat asmatu eta baliatu badu (gipuzkera ahozko laburtu moduko bat), oraingoan mendialdeko hizkera bereziarentzat (gure protagonistak ulertzeko zailtasunak dituena) zuberera baliatu dute, biziro egoki! ;-)