Udazkeneko haurrentzako komiki sorta
Eta udazken honetako komikien argitalpen fluxu etengabean ezin zuten faltatu, jakina, haurrentzako komikiek. Gutxienez bost atera dira, guk dakigula. Honatx:
Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Superpatata sailaren 13 komiki aterata zituen orain artean euskaraz, dezenteko arrakastaz. Eta orain Marko Torresen Superninja Kururo saila ere hasi dute, Superninja Kururo eta eskumuturreko gorena izenburudun lehen zenbakiarekin. Bertan Zanpa-Tu tenpluko Ukabilko buru nagusia sensei-aren ikasle aldrebesena den Kururo ninjaren abentura barregarriak biziko ditugu.
Astiberriren aldetik, iazko Txangoan txiripaz atsegin izan bazenuen, haren egile Josephine Mark-en komiki berria duzu Zipotz. Annette Pehnt-en gidoidun eta Jutta Bauer-en ilustraziodun ipuin batean dago oinarrituta. Zipotzen bizileku berriko biztanleek, Pinpirin alaia buru, hau ezagutu eta lagun egin nahi dute, baina berak ez du nahi...
Ikaselkar argitaletxeak Jordi Bayarrik egiten dituen zientzialarien bizitzari buruzko komikiak argitaratzen jarraitzen du. Marie Curie, Newton, Galileo, Darwin, Aristoteles, Hipatia, Ada Lovelace, Einstein, Mary Anning- eta Pasteur-en ondoren, oraingoan haur eta gaztetxoek Nikolas Kopernikori buruz gehiago jakin ahal izango dute modu atsegingarrian, Koperniko - Unibertsoaren erdigunea komikiaren bidez.
Ttarttalok 24 ordu sailarekin jarraitzen du, eta Harri Aroa, espazioa eta oihana landu ondoren, orain Antartika ezagutaraziko digun komikia atera dute, Andy Prentice-ren gidoia eta Laurent Kling-en irudiak dituen 24 ordu Antartikan alegia.
ETB3n animazio serie bat duen komiki-sail batek, Salvat/Bruño-k ateratzen duen Idefix eta menderakaitzak-ek, bosgarren zenbakia iritsi du, Idefix eta druida. Aurreko lauren marrazkietan parte hartu duen Philippe Fenech-ek marraztu du, eta gidoia lehenengoa idazten parte hartutako Matthieu Choquet-ek egin du. Istorio honetan, Idefixek eta Luteziako bere lagunek gure aspaldiko ezagun batekin egingo dute topo...