Artxiboa Abendua 2010
Krisia bai, baina ez latzena
Krisialdia amaitu omen da merkatuen eskabideari dagokionez, lanpostuak sortzeko urtebete gehiago behar izango dugun arren. Honela bada, ezin esan azken hiru urteotako gainbeherakada larrienetakoa izan denik. Krisia bai, baina ez latzena.
Krisialdiaren gaiztoarenak ahitu omen dira, lanpostu berriak sortarazteko beste urtebete bat behar izango den arren. Hau da Confebask-ek atzo esan zuena eta bat dator Euskadiko Kutxak hamar egun lehenago adierazi zuenarekin. Honela bada, honela balitz, ezin esan –txarrenean ere—azken bizpahiru urteotako gainbeherakada larrienetakoa izan denik.
Lanpostuei dagokien aldetik krisialdiaren eragina nolabait laburbiltzekotan, hona hiruzpalau datu adierazgarri:
Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia-tasa %20,6 izan zen 1996an. Ondotik, urtez urte jaitsi zen lanik eza, 2008ko bigarren hiruhilekoan %5,6raino murriztu arte. Geroztik, aldiz, eten gabe hazi izan zen berriro langabezia, eta 2009ko laugarren hiruhilekoan %11,8eko gaina jo. Orduandik, gutxi zein asko, murriztu egin da.
Confebasken ustez datorren urteko langabezia-tasa %9 izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskadiko Kutxaren iragarpenen arabera, ostera, %9,4 izango omen da gurean, Espainiakoaren (%19) erdi inguru beraz.
Hazkunde ekonomikoa
Hazkunde ekonomikoari dagokionez, berriz, Barne Produktu Gordina %0,24 hazi da 2010ean zehar eta %1,36 haziko datorren urtean, 2009an %3,3 jaitsi ostean. Beste behin, industria izango da euskal hazkundearen motorra.
Datuok dezente hobeak izan ziren 2008rarte. Izan ere, "laCaixa"ren La economía del País Vasco: diagnóstico estratégico txostenaren arabera: 2000tik 2008ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoaren per capita errenta %23,1 hazi zen, espainiarrena batez beste %12,7 baino gehitu ez zen bitartean. Horretara, euskal hiritarren errenta da Espainiako autonomia guztien artean altuena.
Estatuaren batez besteko Barne Produktu Gordina 22.946 € izan zen 2009an. Handienetik handienera, lehen lau autonomiak: EAE (30.683), Madril (30.142), Nafarroa (29.452) eta Katalunia (26.862). Txikienetik txikienera, aldiz: Extremadura (16.590), Andaluzia (17.498), Gaztela-Mantxa (17.573) eta Murtzia (18.731)
Agur Pepe
Urtarrilaren batetik aurrera Confebask-ek idazkari nagusia aldatuko du eta Nuria Lopez de Gereñu eibartarrak Jose Gillermo Zubia txantxikutarra ordeztuko. Bai, badakit bere fitxan Sevillan jaioa agertu ohi dela, baina Pepe, guraso txantxikutarren kimua, Oñatiko kalean hazitako gasteiztarra dugu.
Arabako Enpresari Sindikatuaren (SEA) idazkari nagusia 1979tik 1995ra bitartean, Confebask-en egin ditu azken hamabost urteak. Nik 1999an ezagutu nuen, Industria Sailean hasi nintzenean, eta geroztik kristoren tipoa iruditu izan zait beti. Ez diot sekula hizjario luzerik entzun, baina astakeriarik batere ez gero. Zentzuduna zentzudunik bada.
Kazetariek hainbat urtez irratiz egin izan dizkioten elkarrizketek erantzunik zehatzen eta zorrotzen gidaliburua osa lezakete. Benetan maisua.
Eskerrik asko.

Pepe Zubia, Migel Lazpiur, Nuria Lopez de Gereñu, Eduardo Zubiaurre... laurak Debarrokoak. Kasualitate hutsa ote?
ETBren kontrola
Ez dago komunikabide serio eta sinesgarririk argitaratzen duenaren kontrolik ez duenik. Komunikabide orok du bere funtsezko 'corpus' ideologikoa, eta edozein komunikabidek du nork bere lerro editoriala. Zein informaziori lehentasuna eman eta zeini ez, nor elkarrizketatu eta nor ez, zelan titulatu eta zelan ez, zein zutabegile kontratatu eta zein ez, zer jarri lehen orrialdean eta zer ez… hau guztia ez da zuzendaritzaren eguneroko kontrolik gabe erabakitzen.
Hogeita zazpi urtez ETBn aritu ostean Urte Berri egunetik aurrera erretiroa hartuko du Luis Mari Mendizabal "Illarra" kazetariak (Azkoitia, 1949), gaur bere azken Kalifornia aireratu ondoren. Aurreko igandean Berriak egindako elkarrizketan zera esan zuen "Mendi" adiskideak ETBren omenkako zentsuraz: Zentsura beti egon da ETBn. Hasieran gutxi edo batere ez. Gero eta gehiago, gero eta gehiago eta orain zer esanik ez. Lehen zentsura bazegoen, baina formak aldatzen ziren. EAJrekin zentsura baino gehiago kontrola zegoen. Kontrola hain sotila eta hain ona zen, ez zuten aizkora hartu beharrik… Amatiño pieza oso garrantzitsua izan zen EAJren kontrol estrategian.
Tira, egungo ETBren kontrolaz eta zentsuraz eztabaidatan sartu beharrik gabe, ez diot nik "Mendi"ri (Mendi ETBn eta Illarra, Azkoitian) letra handirik ukatuko. Neri dagokidanez behintzat, hiru ideia nagusirekin geratzen naiz. Bat, hasieran zentsura gutxi edo batere ez zegoela. Bi, EAJrekin zentsura baino gehiago kontrola egon zela. Eta, hiru, Amatiño pieza oso garrantzitsua izan zela EAJren kontrol estrategian. Ba… pozten naiz, ikaragarri gainera, nik beti uste izan baitut kontrolatzaile eskasa izan naizela edo, hobeto esan, zorrotzegia baino nasaiegia ote naizen kontrol-kontuetan. Baina, bapo, hori ere ondo egin baldin banuen…
Zer gerta ere, uste dut benetan aukera ona dela komunikabideetako kontrola defenditzeko eta kontrol honen beharrezko eta ezinbesteko funtzioa aldarrikatzeko. Zenbaitek besterik uste izan arren, zuzendaritzaren kontrola kalitatearen zein erantzukizunaren galbahe da, eta kontrolik eza, berriz, anarkiaren erakusle. Zenbat eta komunikabide serioagoa are hobea izango da kontrola, eta zenbat eta kontrol gutxiago are komunikabide lardatsagoa. Kontrola profesionaltasunaren eta sinesgarritasunaren seinale da; kontrolik eza, aldiz, lagunarteko erdipurdiko lanaren adierazgarri.
Ez dago komunikabide serio eta sinesgarririk argitaratzen duenaren kontrolik ez duenik. Komunikabide orok du bere funtsezko 'corpus' ideologikoa, eta edozein komunikabidek du nork bere lerro editoriala. Zein informaziori lehentasuna eman eta zeini ez, nor elkarrizketatu eta nor ez, zelan titulatu eta zelan ez, zein zutabegile kontratatu eta zein ez, zer jarri lehen orrialdean eta zer ez… hau guztia ez da zuzendaritzaren eguneroko kontrolik gabe erabakitzen. Eta, garbi gera bedi gero, kontrola errazagoa dela komunikabide pribatuetan publikoetan baino, eta aniztasuna handiagoa dela publikoetan pribatuetan baino.
Jakina, batean zein bestean --eta publikoan gehiago-- zuzendaritzak izan behar du gutxieneko "auctoritas" moral eta profesional punttua, jokoa ematen asmatu behar du eta ezin du bere kasa "llanero solitarioarenak" egiten jardun, are gutxiago agintekerietan. Langileak oso garbi izan behar du, berriz, komunikabidea ez dela berea, ordezkari-lanean ari dela baizik.
Dena den, eskerrik asko "Mendi"! Urte berri on eta bizi berri hobea. Egongo gaituk!
Luis Mendizabal eta David Barbero (Informazioa), Juan Carlos Loroño (Teknika), Jota Jota Cuadrado (Aurkezpena) eta Iñaki Beobide (Produkzioa), ETBren lehen arloburuak, bi Alemanien muga itsuan, 1982ko udazkenean.
ETBren lehen kazetari taldea, 1983ko urtarrilean, ezkerretik eskuinera: Mikel Urretabizkaia, Estepan Aldamiz-Etxebarria, Maria Francisca Fernández Vallés, Andoni Basabe, Edorta Arana, Maripi Solbes, David Barbero, Xabier Zaldua, Aingeru Epaltza eta Luis Mendizabal. Denok jantzi-jantzi eginda, leihoak jarri aurretik ekin behar izan genion-eta lanari.
“El nom que ens germana”
Gaur, abenduak 27, eguerdiko 12tan, Kataluniako Generalitatearen Jauregiko Sant Jordi Areto Nagusian, Artur Mas president berria karguaz jabetuko da. CiUren buruzagia izango da Kataluniako 129. lehendakaria. Barrena, zazpi mendeko erakunde-historia dago atzetik.
Hainbat aldiz egon izan naiz Generalitatearen Jauregi gotikoan, Jordi Pujol, Pascual Maragall zein José Montillaren agintaritzetan. Jauregi ederra da oso. Baina, ederra ezezik baita Kataluniako erakundeen arkitektura egiaztagarria ere. Generalitatearen lehen presidenta Berenguer de Cruïlles (1359-1362) izan zen, geroztik beste 127 joan dira, eta eraikin berria egiteko lurrak 1400 urtean erosi ziren.
Sant Jordi Areto Nagusian, aldiz, behin baino ez naiz egon, Pascual Maragall president-karguaz jabetu zenean, 2003ko abenduaren 20an, orain dela zazpi urte hain zuzen ere. Gezurra dirudi gero, zazpi urte besterik ez. Zazpi urte baino ez Maragallek 23 urteko pujolismoarekin amaitu zuela. Gabon bezpera hartan presidente berriak ikaragarrizko diskurtso ona eskaini zuen, argia, emankorra, eskuzabala, demokraziaren suspergarri eta Kataluniaren aldarrikari.
Hitzaldi hartan Pascual Maragall sozialistak zera esan zuen: Mai l'esquerra d'aquest país havia governat en un entorn de pau. D'aquí a quatre o potser vuit anys la història emetrà un primer veredicte. M'esforçaré perquè el pronunciament sigui favorable (Herri honetako ezkerrak sekula ez du gobernatzerik izan bake-giroan. Hemendik lau edo behar bada zortzi urtera, historiak lehen irizpena eskainiko du. Ahaleginduko naiz erabakia aldekoa izan dadin). Ez lau eta ez zortzi, zazpi urte izan dira baina, edozein modutan, historiaren irizpena ez da sozialisten aldekoa izan. Ez dut esango Maragallek sozialisten erronkaren aldeko ahaleginik egin ez zuenik, baina nekez ukatuko du inork haren ondokoen asmatu ezina.
Montilla, Maragall, Zapatero eta Carod Rovira Generalitatearen Jauregiko balkoian. Zazpi urte baino ez ditu argazkiak
Karguaz jabetu, diskurtsoa amaitu eta Els Segadors abestu ostean, Maragall presidentak, Generalitatearen Jauregiko balkoira atera eta, besteak beste, esan zuen: Catalunya és el nom que ens germana (Katalunia da anaitzen gaituen izena). Visca Catalunya.
Nazio izateko hiru baldintzak
Euskaldunok ez dugu zazpi mendeko jaurlaritzarik, ez egoitza gotikorik, ez anaitzen gaituen nazio-izenik. Hala ere, Gabonak aurretik gurean egon da Ramon Tremosa CiUren europarlamentaria eta nazio izateko hiru betekizunak laburbildu ditu: belaunaldi-katea, leialtasun-batura zein interes-komunitatea. Eta guztiok onartu bide diogu oinarrizko hiru baldintza horien definizioa, bete betean asmatu duelakoan eta hobeto nekez esan zitekeelakoan, Kataluniako zein Euskadiko nazioen "filosofoen harria" hirusta horretan mamituko bailitzan.
Nik ez du zalantzan jarriko hiru horiek direnik edozein nazio osatzeko baldintzak. Ukatu ere ez diot Kataluniari ukatuko hiru baldintzok betetzen dituenik. Baina, inor haserretzeke, zilegi bekit zalantzan jartzea euskal gizarteak hirurak bete izana.
Nik neuk ahalegin handia egin behar dut gurean belaunaldi-katerik hautsi ez denik onartzeko; ez dut sinesten anaia hiltzeko gertu dagokeenaren leialtasunean eta irrikaz nago, bai, ikustear dagoen interes-komunitateari ongietorria emateko.
Artur Mas eta Pascual Maragall, alderdi gotikoan
Errezeta-liburuak
Olentzero girotan, bezero katalanak errezeta-liburua bidali dit etxera opari gisa. Bon Nadal. Berehala idatzi diot emailez, jaso izanaren berri eman, liburua eskertu eta benetan asmatu duela adieraziz. Jaso izanaren berri ematen gure amak erakutsi zigun, eskertu beharra legezkoa da eta sukalde-liburua oparitzerik erabaki duenari ez diot etxean hogeita hamarretik gora ditudanik esango.
Ez dut uste sekula errezeta-libururik erosi. Erosi duenik ere ez dut inguruan ezagutzen, arreba edo izan ezik. Baina, nonbait, saldu behintzat erruz saltzen den liburu-mota dugu, erabat ugaldu baita azken berrogei urteotan. Antza denez, inork ez du norberarentzat erosten, inorentzat baizik. Buruhauste handirik gabeko oparia behar bada, konpromiso guztien gainetik eta gustu guztien azpitik.
Nago, gaur egun ohikotzat jotzen den errezeta-liburuen modari ez ote zitzaion Karlos Argiñano ETBn hastearekin batera (1990) ekin. Kontu izan Karlos aitzindari izan zela errezeta-programa telebistaz egiten eta ETB, berriz, aurrena telebistako errezeta-bildumak argitaratzen. Ideia Josu Erguinek ekarri zuen Ipar Ameriketatik (Kilometroak bezalaxe), Karlosek ez zion proposamenari muzinik egin eta ETBk estreinako ekin zion apostu hari espainiar merkatuan.
Baina ordurako bazen, noski, errezeta-libururik, oraingo zabalkunderik ez zuten arren. Merkatuan irauten duen zaharrenetakoa, seguru asko, María Mestayer de Echagüe –Marquesa de Parabere— bilbotarraren La cocina completa. Lehen argitalpena 1940koa da eta geroztik hogeiren bat argitalpen izan ditu errenkadan. Bederatzirehun orrialdeko liburukote galanta, non errezetarik “gehientsuenak” (ehun inguru saltsa eta beste horrenbeste zopa, adibidez) biltzeaz gainera, barazki, okela eta arrain-motak bereizten diren eta sukaldean erabili beharreko tresnak iradoki… ezkaratza zerbitzarien lan-eremua baitzen zen garai hartan gastronomiaz arduratzen ziren jauntxoen etxetzarretan.
Hala ere, enetzat behintzat errezeta-libururik ezagunenak eta erabilienak La cocina Vasca (Ana María Calera, 1971) eta Manual de Cocina Económica Vasca (José Castillo, 1973) suertatu izan dira. Nik ezkonberritan ikasi nuen apurra liburu horiei zor diet. Eta errezeta-liburua ez bada ere, aipagarri gero Julian Bereziartua mediku azpeitiarraren Comer y beber, fuentes de salud (1985). Nork esan du ondo elikatu beharraren osasun-ardura bart gauekoa denik?
Jose Castillok (1912-1993) 55 urte zituen 1967an liburua idazteari ekin zionean
Lehen euskarazko errezeta-liburuak
Baina, noski, garbi gera bedi nik etxean ditudan liburu xumeez ari naizela. Zenbaitek besterik uste izan arren, sukalde-liburuak milaka dira Europan zehar XIV. mendetik hona. Euskarazko lehena, behar bada, 1864an Lapurdin argitara emandako La Cuisine Basque. Euskaldun cocinera. Cocinarekin normalie cocina ona errecki eguin baitecake. Ale bakarra Baionan omen dago. Eta bigarrena, 1889koa, Cocinan icasteko liburua. Chit bearra familia gucietan. Lendebecicoa euskeraz, giputzez bada ere Bizkaiko Foru Aldundiak gordeta duena.
Horrez gainera, Ignasi Domènech i Puigcercós eta Teodoro Bardají katalanek Publicaciones selectas de la cocina argitaratu zuten 1909an eta, antza denez, zenbait errezeta eta xehetasun euskaraz ere eskaini bide zituzten, “Lazkaoko sakristauak egindako itzulpenaz”.
Emakumeak nagusi
Azken belaunaldi biotan gizonezkoa nagusi bada ere sukaldaririk ezagunenen artean, jakinekoa da euretariko askok amarengandik ikasi zutena. Izan ere, goi mailako gastronomia gizonezkoen lanbide den arren, sukaldea betidanik izan da emakumeen esparrua.
Kontu izan gaur egungo sukaldaritza-eskolek ostalaritzako lan-arloa dutela gogotan, baina garai bateko kozina-akademien helburua aberatsen zerbitzutarako “kozinerak” prestatzea zela. Horregatik, Bilbon beste inon baino gehiago, hainbat akademia izan zen, XIX. mendearen hondarrean zein XX.aren hasieran, Casimira Ramos eta Mercedes Lezama bilbotarrenak kasu. Zentzu honetan adierazgarri Dolores Vedia de Uhagon-en liburuaren izenburua: Arte de cocina al alcance de una fortuna media (Irun, 1887).
Munduko sukaldaritzaren %75a
Jose Maria Busca Isusi gastronomoaren teoria da. Zumagarrako idazlearen iritziz, Hondarrabia ardaztzat hartuz 150 kilometroko erradioa izango lukeen zirkunferentziaren barruan munduko sukaldaritzaren %75 biltzen omen da. Behar bada askotxo esatea da, Busca Isuriren garaietan ez bezala egungo nazioarteko gastronomia ez baita mendebaldean amaitzen, are gutxiago Europan, baina, hala eta guztiz ere…
Euskal Herrian, Errioxan eta Landetan zehar laburbiltzen da gure kulturak ontzat ematen dituen janari-edaririk gehienak. Okela, hegaztiak, arraina eta mariskoak; fruituak, barazkiak, perretxikoak, basaranak eta agarratzak; gaztak, ehiza, foiea eta urdaiazpikoa; ardo zuri, gorri, beltz, sagardo, txakolin, armagnac eta patxarana… nork eskain dezake gehiago?
Franco bizi zela Busca Isusik "Vasconia" eta "Gascuña" deitu zien Hondarribiaren inguru-minguruko lurraldeei. Egungo wikipedian irakurriez gero, aldiz, euskal sukaldaritza Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Iparraldekoa baino ez da, zenbait anbiguitate tarteko.
Deba, herri bat
Estreinako aurten, Gabonetan, “jaixoterrittik” kanpo, Deban. Hainbatek galdetu dit: Eta? Ze moduz? Ondo, jakina, oso ondo. Batere aitzakiarik ez gero. Deba herri bat da. Eta ez naiz “herritasuna” azpimarratzen ari, “bat-asuna” baizik. Ez dihardut neurriaz, kontzeptuaz baino. Deban herri bakar bat besterik ez da bizi.
Oro har, Deban denetarik dago bat: eliza bat, plaza bat, frontoi bat, eskola bat, alameda bat eta kulunka-leku bat, programa bat alegia. Ondorioz, ezin ba bi gizarte, bi herri egon. Izugarri nekez behintzat.
Segurutik jaiotze beretik udalerri txiki samarretan bizi izan direnei ez zaie egoera hau batere aipagarri begitanduko, baina handixeagoetan sortu, hazi, hezi eta bizi izan garenoi harrigarri iruditzen zaigu.
Eibarren, esate baterako, elizaz, plazaz, frontoiz, eskolaz zein jostalekuz, denetarik dago bizpahiru edo gehiago. Eta Getxon edo Bilbon zer esanik ez, askoz ere gehiago jakina. Baina Deban, ordea, herri bat eta bakarra. Eta, itxura denez, bere buruarekin ondo konpontzen dena gainera.
Debako Aranberrinekoak, Eguberritan
Polimeroa, latexa eta literatura
Ondo da, bai, aurtengo Durangoko Azokak erostismoaz arduratzea eta polimerozko zakilak zein latexko kontsolatzaileak azokan barrena azaltzea. Ez dugu ordea jakin "Buruxkak" bildumaren ehun urte betetzea ospatzeko ganorazko zabalkunderik egin duenik. Euskal literatura erotikoaz ari gara ala beste zerbaitetaz?
Durangoko Liburu eta Disko Azokak euskal ekoizpenaren erotismoa –edo erotismorik eza— hizpide izan duen honetan, Erle-3 aldizkariak gogora ekarri ditu, Kepa Altonagaren eskutik, Jean Etxepare (Buenos Aires, 1877 – Alduda, 1935) baxenafarraren Buruxkak.
Ehun urte dira aurten Buruxkak bilduma argitaratu zela. Hainbat alderditatik mugarri izan zitekeen liburu arras berritzailea ziurrenik baina, Kepa Altonagak egoki asko dioskunez –zein bizi, artez eta maisuki idazten duen gero irakasle bizkaitarrak—“Buruxkak modernoegia suertatu zen Euskal Herri esklerotizatu hartan”.
Lehen argitalpena, 1910ekoa
Orduko euskal letretan nagusi ziren galbaheen gainetik edo azpitik, denetariko sexu-harremanez hitzegin zuen Etxeparek –“hainbertze gizon mota, hainbertze amodio mota, horra egia”--, apaizak salatu zituen euskararen egoera tamalgarriaren erantzule gisa –“eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika, apezek dute hortaratua”-- eta irakaskuntza laikoa aldarrikatu. Hala ere, horren berritzailea izan arren, ez zuen jarraitzailerik aurkitu, Altonagaren ustez irakurle xumeak ez zuelako behar besteko eskolarik, apaizak kontra izan zituelako eta garai hartako jende eskolatuak euskalgintzaz kanpo ziharduelako.
Paradoxa bada ere, 1910ean harrera onik izan ez zuen bildumak batere oihartzunik ez zuen lortu 1980an berrargitaratu zenean. Altonagak nabarmendu bezala: “1910ean goizegi ibili bazen, 1980an beranduegi izan zen Etxeparerentzat, izan ere, ordurako zimelduta zegoen Buruxkak liburuak idatzi zenean zekarren berritasuna”.
Etxean dudan argitalpena, berriz, 1992ko Isabel Arrigainen edizioa da, Klasikoak deitu bilduma barruan Eusko Jaurlaritzak argitara emana. Klasikoa eta ez nolanahikoa, XX. mendearen maila jasoenetariko idazlea baino, Arrigain irakaslearen aburuz behintzat.
Jean Etxepare
Agur, ohore eta esker anitz, beraz, Etxepare klasikoari, euskaldunok ez gatzaizkio-eta sekula eskerroneko izan. “Hala eta guztiz ere --Altonagak labur bezain zorrotz esana-- ez zuen hanka egin erdararen mundura”.
Ondo (?) da, bai, aurtengo Durangoko Azokak erostismoaz arduratzea eta polimerozko pitilinak zein latexko kontsolatzaileak azokan barrena azaltzea. Ez dugu ordea jakin Buruxkak bildumaren ehun urte betetzea ospatzeko ganorazko zabalkunderik egin duenik. Euskal literatura erotikoaz ari gara ala beste zerbaitetaz?
Polimeroak eta latexak nahi dituenak posta ezarri besterik ez du barrenean eta emango dizkiot pare bat helbide. Liburutegi erotikoaz oinarrizko informaziorik nahi duenak, berriz, irakur beza Edorta Jimenezek Elkar-en azken aldizkarian (2010eko negua, 22. zenbakia, 16. eta 17. orrialdeak) dioena.
Gurpil zoroa hautsi beharra
Bartzelona 0 – Athletic 0. Segurutik Athleticek ez du Bartzelona gainditzerik izango hamabost egun barru San Mamesen, baina bart Camp Noun lortutako hutsanako berdinketaz helburu nagusi bi erdietsi ditu. Batetik, barregarri ez gelditzea. Eta, bestetik, urtarrilaren 5eko partidarako sarrera guztiak aldez aurretik saltzea. Ez da gero gauerdiko ahuntzaren eztula.
Munduan, Europan eta Hego Ameriketan gehienbat, 10.000 inguru edo dira lehen mailako jokalariak. Horietako %0,2 Bartzelona taldean. Merkatu berberean, berriz, berrogeita hamarren bat dira euskal jokalari guztiak, eta horietarik %40 Athletic-en daude. Horrez gainera Bilboko klubaren aurrekontua 58 milioikoa da, Bartzelonarena 400ekoa den artean. Merkatu legeen arabera ez litzateke batere samur inoiz edo behin Athletic-ek irabaztea. Baina, hala ere, merkatua hori baino konplexuagoa da.
Merkatua ez da justua
Athletic-ek orain hamabost egun jokatu zuen Realarekin, aurreko astean Levanteren kontra eta hurrengoan A Coruñako Deportivoaren aurka. Aipatu hiru taldeak egon berri dira (eta baten batek jarraitzen du egoten) auzi-prozesutan, besteak beste euren ahalak baino ur handiagotan aritzeagatik edo, Axularrek esango lukeen bezala, hondarrik gabeko itsasotan sartzeagatik.
Baina, jakina, talde bi aurrez aurre zelaian elkarren kontra lehiatzen direnean ez da inondik ere zorrik, gardentasunik edo kontu garbirik jokoan izaten, praka motzean ateratzen direnen unean uneko trebetasunak baino. Behar bada sistemak ez du zintzoen portaerarik saritzen eta, ziurrenik, lehiaketa ez da justua (galdetu bestela hartzekodun pribatuei zein ogasun publikoei) baina bai, behintzat, bizitza bera bezain justua.
Europa ez da beti errenta
Zaleok uste izaten dugu futbola zelaietan jokatzen dela baina baita, horratik, banketxeetan ere. Esaterako, Athletica (58 M euroren aurrekontua) eta Reala (30 M) bezalako taldeei ez zaie komeni izaten Valentzia (130 M), Atletico Madrid (130 M), Sevilla (120 M) edo Vila-Real (75 M) modukoek Europan emaitza onik izatea. Emaitza onek dirua sortarazten baitute eta diruak taldeak indartu.
Alderantziz, Athletic-i zein Errealari gehien komeniko litzaiekeena zera da: Europar lehiaketetarako sailkatzen diren bigarren kategoriako futbol-talde espainiar guztiek lehen kanporaketan bazterrean geratzea. Eta ez onik opa ez dietelako, haien diru-iturriak moztea beharrezko zaielako baino.
Hau da, bigarren kategoriako klub horiek jokalari-taldeak programatu ohi dituzte Europan parte hartu ahal izateko tankeran. Eta euren oinarrizko ahalmenen gainetik kreditotan sartu ohi dira, banketxeen dirulaguntzaz ekipo hobeak osatzeko, Europan jokatzeko eta dirua irabazteko. Baina, Europan emaitza txarrak badira eta balantze ekonomikoa eskasa, ezin izaten diote zorrari erantzun eta, ondorioz, hurrengo denboraldian talde apalagoak osatu behar izaten dituzte, ez hain lehiakorrak, Athletic-en eta Realaren parekoagoak alegia.
Harrobia beti ere garrantzitsua da baina, gehienetan, garrantzitsuagoa da nola-hala bankuen konfiantza bereganatuko duen itxurazko taldea osatzea. Talde lehiakorra osatzeko, berriz, dirua behar da, banketxeen konfiantza alegia. Eten gabeko gurpil zoroa. Eta, hain zuzen, Athletic-a eta Reala bezalako hirugarren kategoriako taldeei horixe baino ez zaie komeni: gurpil zoro hori haustea.
Paradisua, jatorrizko egoera naturala
Azken egunotan parke tematikoren batean bizi nahi ote dudan leporatu ere leporatu didate. Bistan da hori diotenek euren larrain partikularrean nahi nautela edo, hobeto esan, itzuli beharrik ez duen herriaren bertsio originalean, paradisuan, euren jatorrizko egoera naturalean. Eurak dira originalak, gu itzulpenak besterik ez.
Primerako eguraldi eguzkitsuarekin batera apurka-apurka ekin diot berriz eguneroko errutinari: ogia erosi, kafetxoa hartu, Andurena irakurri… Hamar minuturako baino kaleratu ez naizenez, etxean erabili ohi dudan txandal-praka nasai-naisaiaz atera naiz, Athletic-en ezkutu eta guzti. Alabaren lagunak ikusi nau, izter ondoko ikurraz jabetu eta diosta: “Jope, Amatiño, ze bero…” Zer esan jakinezta geratu naiz, ez baita komeni seme-alaben lagunei purrustaka erantzutea, baina ez zait gustatu.
Batetik, gazteak informazio gutxi du (gazterik gehienek bezalaxe). Nik Athletic-en jantziak eta merchandising-gaiak saltzen ditudala baleki, behar bada ez litzaioke horren harrigarri begitandu beharko naizen hau goitik behera zurigorriz mozorrotzea ere. Baina, bestetik, bezero soila banintz ere, ez dakit zergatik Athletic-en logoa soinean eramatea beroa den eta Addidas, Nike, Astore, Ternua edo bestelako marka komertzialez janztea, berriz, hotza. Egia esan, ez dakit zergatik Athletic-zale izateak azalpenak behar dituen eta besteak, ostera, “erran gabe doazen”. Eta, haserretzen naiz, ene irudiko ez delako unean uneko huskeria, zerbait garrantzitsuagoaren sintoma baino.
Nik txapela janzten dudan bakoitzean beti da norbait ene txapelaz ohartzen. Bisera madrildarra edo txano britainiarra jantziez gero, ordea, ez dit inork tutik ere esaten.
Halaber, euskaraz mintzo banaiz norbaitek erradikaltzat jo nazan arrisku nabarmena dut, baina gaztelaniaz baizik ez dakitenak sortze beretik libre daude, nonbait, arrisku horretatik. Eta abertzale izanak ere bero-zoria gehitzen bide du, hemendik kanpoko gainerako abertzale guztiak sekula epeletik pasatzen ez omen diren artean.
Atzo bertan lagunak hots egin zidan, orain hurrengo blog honetan idatzitako Latinamerikar ametsaren ordua postaren testua bidaliko ote diodan eskatuz. “Pero si lo tienes en la red –diotsat--, cógelo sin más”. Eta berak argitu: “Ya, pero el euskera no es precisamente mi fuerte. Mándame el texto previo, sin traducir”.
Alegia, oraindik ere, zenbaiten ustez testu guztien oinarria, iturburua, ama, gaztelaniaz da, jatorrizko egoera naturala. Euskara beti ere zaila da, itzuli egin behar da-eta; baina gaztelania, aldiz, erraza, itzuli gabeko oinarrizko testuetara jo besterik ez baitago.
Azken egunotan “parke tematikoren batean” nahi ote dudan bizi leporatu ere leporatu didate. Bistan da hori diotenek euren larrain partikularrean nahi nautela edo, hobeto esan, itzuli beharrik ez duen herriaren bertsio originalean, paradisuan, euren jatorrizko egoera naturalean. Eurak dira originalak, gu itzulpenak besterik ez.
Hurrengoan, izterrean ezezik, baita bular erdi-erdian ere. Ni bekatari.
"Erbestea ulertzen ez den mundua da" (Felipe Juaristi. Erlea-3). Gu ote gara erbesterik dugun bakarrak?
“América para los americanos”
Gure aita zena General Acha herrian bizi izan zen, Buenos Airestik 800 kilometrora. Aita heldu baino 38 urte lehenago sortu berria zen herria. Mila lagun inguru guztira, indio, militar eta kolonoen artean. Far-west peto-petoa. Ze arraiok eraman zuen Eibarko semea herrixka galdu hartara? Auskalo, baina eraman zuena ez zen bertan eusteko gauza izan. “América para los americanos” esan eta bizpahiru urteren bueltan eibarreratu zen.
Iñaki Gabilondok CNN+ katean elkarrizketatu du André Sougarret, Txileko meatzariak barrenetik ateratzeko operazioa zuzendu zuen ingeniaria. Eta kazetari donostiarrak, nolabait hasteko, diotsa: “Zu apellido parece de origen francés?”. Eta ingeniari txiletarrak erantzun: “Sí, vascofrancés”. Sugarreta, alegia.
Sarri asko uste izan dugu Hego Ameriketara alde egindako euskal diaspora hego aldekoa izan zela, baina ez da hori inondik ere egia. Izan ere, 1908an 250.000 euskaldun bizi ziren Argentinan bakarrik eta erdiak inguru ipartarrak ziren jatorriz (La emigración vasca. Pierre Lhande. Auñamendi, 1971). Kontu izan Frantziako gudarostearen desertore erdiak euskaldunak zirela.
Segurutik Iparraldeko euskaldunek nekez jakingo zuten gaztelaniarik baina ez horratik pentsatu hegoaldekoak Cervantes zirenik. Ez behintzat euren burua sorterritik alde egin beharrean sumatu zutenak. Gure aita zena, XX. mendearen hasieran (1908) Eibarko kalean jaioa, gaztelaniazko “c” delakoa ahoskatzeko zailtasunekin hil zen. Hortik atera kontuak XIX. mendean eta baserri-giroan. Jakineko datua da Lehen Karlistadako gudariek ez zituztela gaztelaniaz emandako ordenarik ulertzen.
Iparra edo Hegoaren arteko bereizketak ezer gutxi irauten zuen behin Ameriketara helduz gero. Juan Goyechea argentinarrak jasotzen duenez (Los gauchos vascos. Ekin. Buenos Aires, 1975), ba omen zen Hendaian itzaina, gurdi eta guzti Irungo merkatura pasatu ohi zena sarri. Nonbait gordeleku aproposen bat egina zuen gurpilen artean eta honantza lurrinak, koloniak eta oihalak ekarri ohi zituen eta harantzakoan, aldiz, arrain-kontserbak eta Eibarko pistolak eraman. Baina kontakatiluren batek lar hitzegin zuen eta gure lapurtarrak Buenos Airesen amaitu zuen lechero, "Pedro el Vasco" izenez.
Esne-saltzailetarako aurrenengo eskakizuna bataiatu izatea zen. Euskaldunek errotik betetzen zuten baldintza, besteak beste. Esne-saltzailerik gehienak euskaldunak ziren, baina honek ez du esangura euskaldunik gehienak esne-saltzaile zirenik. Euskaldunak denetariko lanbidetan aritu izan ziren, nekazaritzan (mate-belarra, ardantzea, barazkiak, jardinak…), abelzaintzan (esnetan zein haragitan), okindegi eta gozogintzan (txokolategiak), zapatagintzan eta armagintzan. Segurutik Eibarko industriak sekula egin duen lehen nazioarteko ekoizpen-inplantazioa Argentinako armagintza izan zen. Eta, armekin batera, gainerako guztia, alegia, munizioa, larruzko zorroak, damaskinatua, zilar-lanketa, bitxiak, etab.
Eta ez gero pentsa denak Buenos Aires inguruan geratu zirenik. Txilen zein Uruguaien euskal eragina nabarmena izan zen eta, Argentinan bertan, hiriburuan ezezik, beste hainbat probintziatan (Rosario, Santa Fé, Pampa) ere barreiatu ziren, euskal izeneko herririk (Olabarria, Lezama, Recalde, Necoechea, Etcheverri, Chacharramendi…) ez da han-hemenka falta, eta non-nahi daude kaleak, eskulturak eta oroitarriak euskaldunen gorazarrez.
Gure aita zena General Acha herrian bizi izan zen, Buenos Airestik 800 kilometrora, Euskal Herritik Lisboara beste. Aita heldu baino 38 urte lehenago sortu berria zen herria. Mila lagun inguru guztira, indio, militar eta kolonoen artean. Far-west peto-petoa, bertan amaitzen zen nolabaiteko errepidea, Panpa Lehoarraren basamortu-atarian. Ze arraiok eraman zuen Eibarko semea herrixka galdu hartara? Auskalo, baina haraino eraman zuena ez zen bertan eusteko gauza izan. “América para los americanos” esan eta bizpahiru urteren bueltan eibarreratu zen (Buenos Airesen bizi den Begoña Ormaetxea Aranberri iloba txikiak kontatua) .
Aranberrineko Luis, Blas eta Estanis anaiak, Panpan, 1930 inguruan
Gai honetaz sakontzekotan ikusi:
-- Historia de la emigración vasca a Argentina en el siglo XX. Amerika eta euskaldunak - 8. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1992
-- Inmigración vasca en la ciudad de Buenos Aires 1830-1850. Amerika eta euskaldunak - 14. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1992.
-- Emigración alavesa a América en el siglo XIX. Amerika eta euskaldunak - 15. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1992.
Zahartzaroko liberazioa
Errutina aldatzea, liberazioa ezik, aldrebeskoa ere izan daiteke zahartzaroan. Alegia, ezagutzen dut nik, alargundu beharrik gabe ere oheak eta erosketak egin, zapatak garbitu, etxea atondu, afaria prestatu eta harrikoaz arduratzeari ekin behar izan dion 65 urteko senarrik. Ez naiz inondikako merituaz ari, errutina-hausteaz baizik. Auskalo honelakoetan ezelango liberaziorik ote den baina narraziorik, behintzat, nahi beste.
Zaharrak ditugu aspaldiotan hizpide. Auskalo gero eta gehiago direlako ote den, lartxo irauten dutelako edota garesti ateratzen zaizkigulako. Zer nahi delarik, bistan da zahar bizirauteak gazterik hiltzeak baino askoz ere arazo larriagoak sortarazten dituela. Baita esperientzia eta ikuspegi berriak ere. Adin bakoitzari bere narrazioa dario.
Uxue Alberdi (Aulki Jokoa, 2009), Karmel Jaio (Musika airean, 2009) eta Arantxa Urretabizkaia (3 Mariak, 2010) idazleak zahartzarora hurreratu dira beraiek baino nabarmen edadetuagoak diren protagonisten ildotik. Protagonista emeak, besteak beste, idazleak eurak zein beraien fikziozko pertsonaiak.
Zorioneko aldaketak eta --zahartzaroa tarteko-- soziologia berriak emakume-aurpegia dute. Segurutik hala behar du izan. Baina bada besterik, bada bestelakorik. Adierazgarria da gero emakumeak zein erraz ekin dion bere egoera berria kontatzeari eta gizonezkoa, aldiz, zein zuhur eta uzkur geratu den, isilik-misilik, zer esan jakinezta.
Arantxaren hiru Marietako batek –Maritxurik— ezin hobeto azaltzen dizkigu alargundu ondoko aldaketa eta zenbait urte luzeko errutinak hautsi osteko liberazioa: “Oraindik ere ez naiz ohitu. Bizitza osoan nik egindakoak beste norbaitek egiten dituenean, miraria iruditzen zait. Adibidez, erretiratzen naiz bazkalondoan kuluxka bat egitera eta, jaikitzean, sukaldea guztiz txukun dago eta kafe usaina dator nire bila. Jartzen dut martxan garbigailua eta, konturatu naizenerako, arropa lehor dago eta tolestua.” Honelako hainbat pasarte adierazkor ditu bizitza osoa hil berri zaion senarrari begira pasatu duen Maritxurik.
Erabat nator Arantxa Urretabizkaia idazlearekin zein Maritxuri protagonistarekin. Biekin. Arantxarekin, “Nortasun agiriak ez du nire bizitza gobernatuko” esaten duenean. Eta, Maritxurirekin, hainbat urteko errutina hausteak dakarkion aldaketaz.
Gertatzen da, ordea, errutina aldatze hori aldrebeskoa ere izan daitekeela zahartzaroan. Alegia, ezagutzen dut nik, alargundu beharrik gabe ere oheak eta erosketak egin, zapatak garbitu, etxea atondu, afaria prestatu eta harrikoaz arduratzeari ekin behar izan dion 65 urteko senarrik. Ez naiz inondikako merituaz ari, errutina-hausteaz baizik. Auskalo honelakoetan ezelango liberaziorik ote den baina narraziorik, behintzat, nahi beste.
Arantxa eta biok, Xabier Lete eta Henrike Knörrekin. Nork esan du erretzea txarra denik?















