Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Polimeroa, latexa eta literatura

Polimeroa, latexa eta literatura

Amatiño 2010/12/24 00:05
Ondo da, bai, aurtengo Durangoko Azokak erostismoaz arduratzea eta polimerozko zakilak zein latexko kontsolatzaileak azokan barrena azaltzea. Ez dugu ordea jakin "Buruxkak" bildumaren ehun urte betetzea ospatzeko ganorazko zabalkunderik egin duenik. Euskal literatura erotikoaz ari gara ala beste zerbaitetaz?

Durangoko Liburu eta Disko Azokak euskal ekoizpenaren erotismoa –edo erotismorik eza— hizpide izan duen honetan, Erle-3 aldizkariak gogora ekarri ditu, Kepa Altonagaren eskutik,  Jean Etxepare (Buenos Aires, 1877 – Alduda, 1935) baxenafarraren Buruxkak.

Ehun urte dira aurten Buruxkak bilduma argitaratu zela. Hainbat alderditatik mugarri izan zitekeen liburu arras berritzailea ziurrenik baina, Kepa Altonagak egoki asko dioskunez –zein bizi, artez eta maisuki idazten duen gero irakasle bizkaitarrak—“Buruxkak modernoegia suertatu zen Euskal Herri esklerotizatu hartan”.

                                                         Buruxkak

                                                              Lehen argitalpena, 1910ekoa

Orduko euskal letretan nagusi ziren galbaheen gainetik edo azpitik, denetariko sexu-harremanez hitzegin zuen Etxeparek –“hainbertze gizon mota, hainbertze amodio mota, horra egia”--, apaizak salatu zituen euskararen egoera tamalgarriaren erantzule gisa –“eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika, apezek dute hortaratua”-- eta irakaskuntza laikoa aldarrikatu. Hala ere, horren berritzailea izan arren, ez zuen jarraitzailerik aurkitu, Altonagaren ustez irakurle xumeak ez zuelako behar besteko eskolarik, apaizak kontra izan zituelako eta garai hartako jende eskolatuak euskalgintzaz kanpo ziharduelako.

Paradoxa bada ere, 1910ean  harrera onik izan ez zuen bildumak batere oihartzunik ez zuen lortu 1980an berrargitaratu zenean. Altonagak nabarmendu bezala: “1910ean goizegi ibili bazen, 1980an beranduegi izan zen Etxeparerentzat, izan ere, ordurako zimelduta zegoen Buruxkak liburuak idatzi zenean zekarren berritasuna”.

Etxean dudan argitalpena, berriz, 1992ko Isabel Arrigainen edizioa da, Klasikoak deitu bilduma barruan Eusko Jaurlaritzak argitara emana. Klasikoa eta ez nolanahikoa,  XX. mendearen maila jasoenetariko idazlea baino,  Arrigain irakaslearen aburuz behintzat.

Etxepare

Jean Etxepare

Agur, ohore eta esker anitz, beraz, Etxepare klasikoari, euskaldunok ez gatzaizkio-eta sekula eskerroneko izan. “Hala eta guztiz ere --Altonagak labur bezain zorrotz esana--  ez zuen hanka egin erdararen mundura”.

Ondo (?) da, bai, aurtengo Durangoko Azokak erostismoaz arduratzea eta polimerozko pitilinak zein latexko kontsolatzaileak azokan barrena azaltzea. Ez dugu ordea jakin Buruxkak bildumaren ehun urte betetzea ospatzeko ganorazko zabalkunderik egin duenik. Euskal literatura erotikoaz ari gara ala beste zerbaitetaz?

Polimeroak eta latexak nahi dituenak posta ezarri besterik ez du barrenean eta emango dizkiot pare bat helbide. Liburutegi erotikoaz oinarrizko informaziorik nahi duenak, berriz, irakur beza Edorta Jimenezek Elkar-en azken aldizkarian (2010eko negua, 22. zenbakia, 16. eta 17. orrialdeak) dioena.

  

Jaime
Jaime dio:
2010/12/24 12:52

Etxean daukagun "Buruxkak" Elkar argitaletxeak 1980ean, Piarres Lafitten aintzin solasa duena, argitaratu zuen alea da. Oso liburu atsegina izan zitzaidan, Pierre Lhanderen hiztegia ezinbesteko lagun dudalarik, nire Iparraldeko euskal hitzei buruzko ezjakintasuna dela eta. Bat nator zurekin eta lotsagarri deritzot gaur egun dugun euskal literatura erotiko merketxoak Jean Etxepareren lanak ezabatu edo ahaztarazi izanari. Euskal Herriko apaizgoak sekulako garrantzia izan du euskal letretan, hori ez dezakegu uka, baina beste aldetik sekulako balazta izan zen gure literatura egunera edo moderniza zedin, Etxepare lekuko eta beste modu batez Mirande ere bai aipatuko nuke, azken honek bere buruaz beste eginik bere garaiko idazle eta irakurle santujale eta apaiz integristen presio eta kritika gogorrei eutsi ezinik. Hala eta guztiz ere, nire ustez, askoz esker onekoagoak izan dira euskal irakurleak Mirandekin Etxeparekin baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: