Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zahartzaroko liberazioa

Zahartzaroko liberazioa

Amatiño 2010/12/16 17:03
Errutina aldatzea, liberazioa ezik, aldrebeskoa ere izan daiteke zahartzaroan. Alegia, ezagutzen dut nik, alargundu beharrik gabe ere oheak eta erosketak egin, zapatak garbitu, etxea atondu, afaria prestatu eta harrikoaz arduratzeari ekin behar izan dion 65 urteko senarrik. Ez naiz inondikako merituaz ari, errutina-hausteaz baizik. Auskalo honelakoetan ezelango liberaziorik ote den baina narraziorik, behintzat, nahi beste.

Zaharrak ditugu aspaldiotan hizpide. Auskalo gero eta gehiago direlako ote den, lartxo irauten dutelako edota garesti ateratzen zaizkigulako. Zer nahi delarik, bistan da zahar bizirauteak gazterik hiltzeak baino askoz ere arazo larriagoak sortarazten dituela. Baita esperientzia eta ikuspegi berriak ere. Adin bakoitzari bere narrazioa dario. 

Uxue Alberdi (Aulki Jokoa,  2009), Karmel Jaio (Musika airean, 2009) eta Arantxa Urretabizkaia (3 Mariak,  2010) idazleak zahartzarora hurreratu dira beraiek baino nabarmen edadetuagoak diren protagonisten ildotik. Protagonista emeak, besteak beste, idazleak eurak zein beraien fikziozko pertsonaiak.

Zorioneko aldaketak eta --zahartzaroa tarteko-- soziologia berriak emakume-aurpegia dute. Segurutik hala behar du izan. Baina bada besterik, bada bestelakorik. Adierazgarria da gero emakumeak zein erraz ekin dion bere egoera berria kontatzeari eta gizonezkoa, aldiz, zein zuhur eta uzkur geratu den, isilik-misilik, zer esan jakinezta.

3MARIAK

Arantxaren hiru Marietako batek –Maritxurik— ezin hobeto azaltzen dizkigu alargundu ondoko aldaketa eta zenbait urte luzeko errutinak hautsi osteko liberazioa: “Oraindik ere ez naiz ohitu. Bizitza osoan nik egindakoak beste norbaitek egiten dituenean, miraria iruditzen zait. Adibidez, erretiratzen naiz bazkalondoan kuluxka bat egitera eta, jaikitzean, sukaldea guztiz txukun dago eta kafe usaina dator nire bila. Jartzen dut martxan garbigailua eta, konturatu naizenerako, arropa lehor dago eta tolestua.” Honelako hainbat pasarte adierazkor ditu bizitza osoa hil berri zaion senarrari begira pasatu duen Maritxurik.

Erabat nator Arantxa Urretabizkaia idazlearekin zein Maritxuri protagonistarekin. Biekin. Arantxarekin, “Nortasun agiriak ez du nire bizitza gobernatuko” esaten duenean. Eta, Maritxurirekin, hainbat urteko errutina hausteak dakarkion aldaketaz.

Gertatzen da, ordea, errutina aldatze hori aldrebeskoa ere izan daitekeela zahartzaroan. Alegia, ezagutzen dut nik, alargundu beharrik gabe ere oheak eta erosketak egin, zapatak garbitu, etxea atondu, afaria prestatu eta harrikoaz arduratzeari ekin behar izan dion  65 urteko senarrik. Ez naiz inondikako merituaz ari, errutina-hausteaz baizik. Auskalo honelakoetan ezelango liberaziorik ote den baina narraziorik, behintzat, nahi beste.

 Urretabizkaia

Arantxa eta biok, Xabier Lete eta Henrike Knörrekin. Nork esan du erretzea txarra denik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: