Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Krisia bai, baina ez latzena

Krisia bai, baina ez latzena

Amatiño 2010/12/30 18:29
Krisialdia amaitu omen da merkatuen eskabideari dagokionez, lanpostuak sortzeko urtebete gehiago behar izango dugun arren. Honela bada, ezin esan azken hiru urteotako gainbeherakada larrienetakoa izan denik. Krisia bai, baina ez latzena.

Krisialdiaren gaiztoarenak ahitu omen dira, lanpostu berriak sortarazteko beste urtebete bat behar izango den arren. Hau da Confebask-ek atzo esan zuena eta bat dator Euskadiko Kutxak hamar egun lehenago adierazi zuenarekin. Honela bada, honela balitz, ezin esan –txarrenean ere—azken bizpahiru urteotako gainbeherakada larrienetakoa izan denik.

Lanpostuei dagokien aldetik krisialdiaren eragina nolabait laburbiltzekotan, hona hiruzpalau datu adierazgarri:

Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia-tasa %20,6 izan zen 1996an. Ondotik, urtez urte jaitsi zen lanik eza, 2008ko bigarren hiruhilekoan %5,6raino murriztu arte. Geroztik, aldiz, eten gabe hazi izan zen berriro langabezia, eta 2009ko laugarren hiruhilekoan %11,8eko gaina jo. Orduandik, gutxi zein asko, murriztu egin da.

Confebasken ustez datorren urteko langabezia-tasa %9 izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskadiko Kutxaren iragarpenen arabera, ostera, %9,4 izango omen da gurean, Espainiakoaren (%19) erdi inguru beraz.

Hazkunde ekonomikoa

Hazkunde ekonomikoari dagokionez, berriz, Barne Produktu Gordina %0,24 hazi da 2010ean zehar eta %1,36 haziko datorren urtean, 2009an %3,3 jaitsi ostean. Beste behin, industria izango da euskal hazkundearen motorra.

Datuok dezente hobeak izan ziren 2008rarte. Izan ere, "laCaixa"ren La economía del País Vasco: diagnóstico estratégico txostenaren arabera: 2000tik 2008ra bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoaren per capita errenta %23,1 hazi zen, espainiarrena batez beste %12,7 baino gehitu ez zen bitartean. Horretara, euskal hiritarren errenta da Espainiako autonomia guztien artean altuena.

Estatuaren batez besteko Barne Produktu Gordina 22.946 € izan zen 2009an. Handienetik handienera, lehen lau autonomiak:  EAE (30.683), Madril (30.142), Nafarroa (29.452) eta Katalunia (26.862). Txikienetik txikienera, aldiz: Extremadura (16.590), Andaluzia (17.498), Gaztela-Mantxa (17.573) eta Murtzia (18.731)

Agur Pepe

Urtarrilaren batetik aurrera Confebask-ek idazkari nagusia aldatuko du eta Nuria Lopez de Gereñu eibartarrak Jose Gillermo Zubia txantxikutarra ordeztuko. Bai, badakit bere fitxan Sevillan jaioa agertu ohi dela, baina Pepe, guraso txantxikutarren kimua, Oñatiko kalean hazitako gasteiztarra dugu.

Arabako Enpresari Sindikatuaren (SEA) idazkari nagusia 1979tik 1995ra bitartean, Confebask-en egin ditu azken hamabost urteak. Nik 1999an ezagutu nuen, Industria Sailean hasi nintzenean, eta geroztik kristoren tipoa iruditu izan zait beti. Ez diot sekula hizjario luzerik entzun, baina astakeriarik batere ez gero. Zentzuduna zentzudunik bada.

Kazetariek hainbat urtez  irratiz egin izan dizkioten elkarrizketek erantzunik zehatzen eta zorrotzen gidaliburua osa lezakete. Benetan maisua.

Eskerrik asko.

Pepe Zubia, Migel Lazpiur, Nuria Lopez de Gereñu, Eduardo Zubiaurre... laurak Debarrokoak. Kasualitate hutsa ote?

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: