Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gurpil zoroa hautsi beharra

Gurpil zoroa hautsi beharra

Amatiño 2010/12/22 00:20
Bartzelona 0 – Athletic 0. Segurutik Athleticek ez du Bartzelona gainditzerik izango hamabost egun barru San Mamesen, baina bart Camp Noun lortutako hutsanako berdinketaz helburu nagusi bi erdietsi ditu. Batetik, barregarri ez gelditzea. Eta, bestetik, urtarrilaren 5eko partidarako sarrera guztiak aldez aurretik saltzea. Ez da gero gauerdiko ahuntzaren eztula.

Munduan, Europan eta Hego Ameriketan gehienbat, 10.000 inguru edo dira lehen mailako jokalariak. Horietako %0,2 Bartzelona taldean. Merkatu berberean, berriz, berrogeita hamarren bat dira euskal jokalari guztiak, eta horietarik %40 Athletic-en daude. Horrez gainera Bilboko klubaren aurrekontua 58 milioikoa da, Bartzelonarena 400ekoa den artean. Merkatu legeen arabera ez litzateke batere samur inoiz edo behin Athletic-ek irabaztea. Baina, hala ere, merkatua hori baino konplexuagoa da.

Merkatua ez da justua

Athletic-ek orain hamabost egun jokatu zuen Realarekin, aurreko astean Levanteren kontra eta hurrengoan A Coruñako Deportivoaren aurka. Aipatu hiru taldeak egon berri dira (eta baten batek jarraitzen du egoten) auzi-prozesutan, besteak beste euren ahalak baino ur handiagotan aritzeagatik edo, Axularrek esango lukeen bezala, hondarrik gabeko itsasotan sartzeagatik.

Baina, jakina, talde bi aurrez aurre zelaian elkarren kontra lehiatzen direnean ez da inondik ere zorrik, gardentasunik edo kontu garbirik jokoan izaten, praka motzean ateratzen direnen unean uneko trebetasunak baino. Behar bada  sistemak ez du zintzoen portaerarik saritzen eta, ziurrenik, lehiaketa ez da justua (galdetu bestela hartzekodun pribatuei zein ogasun publikoei) baina bai, behintzat, bizitza bera bezain justua.

Europa ez da beti errenta

Zaleok uste izaten dugu futbola zelaietan jokatzen dela baina baita, horratik, banketxeetan ere. Esaterako, Athletica (58 M euroren aurrekontua) eta Reala (30 M) bezalako taldeei ez zaie komeni izaten  Valentzia (130 M), Atletico Madrid (130 M), Sevilla (120 M) edo Vila-Real (75 M) modukoek Europan emaitza onik izatea. Emaitza onek dirua sortarazten baitute eta diruak taldeak indartu.

Alderantziz, Athletic-i zein Errealari gehien komeniko litzaiekeena zera da: Europar lehiaketetarako sailkatzen diren bigarren kategoriako futbol-talde espainiar guztiek lehen kanporaketan bazterrean geratzea. Eta ez onik opa ez dietelako, haien diru-iturriak moztea beharrezko zaielako baino.

Hau da, bigarren kategoriako klub horiek jokalari-taldeak programatu ohi dituzte Europan parte hartu ahal izateko tankeran. Eta euren oinarrizko ahalmenen gainetik kreditotan sartu ohi dira, banketxeen dirulaguntzaz ekipo hobeak osatzeko, Europan jokatzeko eta dirua irabazteko. Baina, Europan emaitza txarrak badira eta balantze ekonomikoa eskasa, ezin izaten diote zorrari erantzun eta, ondorioz, hurrengo denboraldian talde apalagoak osatu behar izaten dituzte, ez hain lehiakorrak, Athletic-en eta Realaren parekoagoak alegia.

Harrobia beti ere garrantzitsua da baina, gehienetan, garrantzitsuagoa da nola-hala bankuen konfiantza bereganatuko duen itxurazko taldea osatzea. Talde lehiakorra osatzeko, berriz, dirua behar da, banketxeen konfiantza alegia. Eten gabeko gurpil zoroa. Eta, hain zuzen, Athletic-a eta Reala bezalako hirugarren kategoriako taldeei horixe baino ez zaie komeni: gurpil zoro hori haustea.

 Baloiak

Amatiño
Amatiño dio:
2010/12/23 13:32

Behar bada arrazoi osoa duzu. Hala ere, galdetzen hasiez gero:

  1. Getafek bospasei urte daramatza Lehen Mailan eta ez, hain zuzen, Madrilgo jokalariekin. Hori al da Athletic-entzat nahi duzun eredua?
  2. Athletic-k gehiago egingo omen luke diru gehiagoz... Eta gutxiagoz, jokalariak poloniarrak edo ukrainiarrak balira?
  3. Diru gehiagoz "Xabi Alonso, Arbeloa, Aduriz, Mikel Arteta, Almunia atezaina, Forlan, gurekin egon zitezkeen". Beraiek esan al dizute?
Josu Txintxurreta
Josu Txintxurreta dio:
2010/12/23 01:22

Athletic-en helburua Europan jolastea izan beharko litzateke, eta ez Europan jolasten duten Espainiarrak berehala kanporatuak izatea. Badakit gaur egun bazkideek eta zelairako sarrerek lehen baino indar gutxiago daukatela aurrekontuan, baina konparatu dezagun talde hoien zelaien kapazidadea; Athleticek 40.000, Villarrealek 22.000, Sevillak 45.500, Valenciak 55.000, At. Madrid ez dut aurkitu, eta beste talde bat sartzeagaitik, Getafek 17.000. Zenbakiak ikusita, nola demontre lortzen dute talde hauek hainbeste diru? Europan jolastea da arrazoi bakarra? Iruditzen zait talde hoiek (eta batez ere Villarrealek eta Getafek)zeozer oso ondo egiten ari direla, eta Athletic-ek ez.Eta Athletic-en "filosofia" berezia, askotan gestio txar bat estaltzeko erabiltzen dala. "Ezin dugu ezer egin", Gure taldearekin ezin da gehiago egin", eta abar. Gure merkatua murritza da bai, baina diru gehiagogaz, agian Xabi Alonso, Arbeloa, Aduriz, Mikel Arteta, Almunia atezaina, Forlan, gurekin egon zitezkeen.

Josu Txintxurreta
Josu Txintxurreta dio:
2010/12/24 01:11
  1. Ez dut Getafe eredu bezala aipatzen, akuilu bezala baizik; Getafe Europara ba doa eta azken bost urtetan Kopa final bitan sartu ba da, Athletic zergaitik ez?
  2. Athletic-eko bazkide gehienak (ia danak esango nuke) bezala, nik ez dut Athletic-en filosofia aldatu egin nahi. Baina iruditzen zait azkenengo urteetan Athletic zaleok gehiegi hitzegiten dugula "filosofiari" buruz, eta gutxiegi egin beharreko gauzetaz tituluak irabazteko. Agian tituluetatik hurrunegi gabiltzalako.
  3. Suposatzen dut aipatutako batzuk gustura etorriko zirela, eta beste batzuk ez. Baina diru gehiagorekin (edo daukagun dirua hobeto kudeatuz), jokalari fitxagarrien zerrenda haundiagoa litzateke, eta David Lopez, Ezquerro, Roberto Rios, Manu "ez dakit zer" (zein zan Murciatik ekarritako defentsa huraren abizena?) fitxatu egin ba dira, zergaitik ez gure zortzigarren probintziako Arizmendi, Arruabarrena, Forlan eta horrelakoak fitxatu?
Amatiño
Amatiño dio:
2010/12/24 14:37

Erantzun baliodunak eta baliagarriak. Eskerrik asko.

Ni ere bat nator Athletic-en "filosofiarekin" baina ez dakit ba bat ote natorren filosofia horri egiten zaizkion eskakizunekin.

Athletic-ek Txinan egiten ditu kamisetak, Arrasaten egingo balitu "gureagoak" izango liratekeen arren. Baita garestiagoak ere, jakina.

Harrobi-formula merkeagoa zen garai batean. Gaur, ostera, garestiagoa da. Nik ez dut uste Athletic-en jokalari guztiak lehen mailakoak direnik, eta ez dut uste merkatu librean denek irabazten dutena irabaziko luketenik. Formula zirraratsua da baina ez lehiakorra.

Horrela izan behar duela? Horrela izan dadin nahi dugula? Bapo, baina ez "arrantzura larrera joan".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: