Artxiboa Urtarrila 2009
Bapo eta papo
“Bapo” ez da seguru asko gaur egun euskal erarik erabiliena, “bon”, “vale”, “conforme” eta honelako erdal molde berriagoek ordezkoarenak egiten asmatu baitute eta haren lekuaz jabetu. Hala ere, barrena laupabost mende zahar den hitz hau Bizkai, Nafarroa, Gipuzkoa zein Iparraldeko euskara xumean agertzen da. Baita Arratetikuen izketian ere.
Ez du nonbait arrazoi handirik Pierre Lhandek (Dictionnaire Basque-Français. Paris, 1926) bapho espainierazko guaporen eratorria dela esaten duenean. Onenean biek dute jatorri berbera, baina bapo euskalduna gaztelaniaren diptongo-beharra baino zaharragoa da, bien oinarrizko erroa latinezko vappa (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Joan Corominas, Madrid, 1980) baldin bada behintzat.
Izan ere, alderantziz: ezer izatekotan guapo galizismoa da eta, alde horretatik, Lhandek besterik uste arren, Iparraldeko bapho hitzaren euskalherriratzeak iparretik hegorako bidea egin zuen eta ez behetik gorakoa: “Los españoles tomarían el vocablo directamente del dialecto valón durante las guerras de Flandes, pero en el argot francés será préstamo directo de los dialectos del NE y no hispanismo”.
Edozein modutan, bapok hainbat zentzu du (on, bikain, ausart, ondo, kitto…), Azkue, Lhande eta Mujika beti ere bat datozenez gero. Eta, beraz, dezente oker dabil Elhuyar paper-hiztegia (Usurbil, 1993) bapo erari muzin egin, papo erabiltzeko proposatu eta papar zentzuaren kidekotzat jotzen duenean. Geroztik eusgailu elektronikoan konpondutako okerra, hain zuzen ere.
Ziurrenik papo horren jatorria besteren bat da, eta bapo (ondo) eta papo (papar) hitzen arteko aldea fonetikoa baino zertxobait nabarmenagoa. Alegia, papo ez dela giputzek esandako bapo.
Dena den, bapo+papo eskatu eta hona Googlek eskaini didan emaitza. Gehienetan asmatzen omen du. Onartu behar, horratik, argazki hau bi hitzon esangura nahasiaz identifikatzeko... euskara asko jakin behar dela.

ARGIAren 1919-2009 argiurrena
Laurogeita hamar urte, aurten, kaputxinoek “Zeruko Argia” izeneko erlijio-aldizkaria sortu zutela Iruñean. Laurogeita hamar ez dira gero artalak. Segurutik berau dugu ehundaka kilometroren bueltan astekaririk zaharrenetakoa. Nekez azaldu daiteke gero euskal kazetaritzaren historia “Zeruko Argia” aipatzeke.
Nik 1964tik 1976ran bitartean lanegin nuen Zeruko Argian. Lehenengo zortzi urteetan Eibarko berriemaile, 1972tik 1974ra “Zenbat Gara” informazio orokorreko sailean eta, azken urte t´erdian, “Bulebar Irekia” izeneko kronika politikoan. Eta, asteroko sail jakinekoez gainera, ehundaka erreportaje eta elkarrizketa. Urteak joan eta urteak etorri, berrogeita bost geroago ere lantzean behingo zutabetxoa idazten jarraitzeko aukera ematen didate oraindik ere bertan. Ia-ia kazetari-bizitza osoa beraz, sekula Argia erabat zokoratu gabe.
Pilar Iparragirre, Estepan Aldamiz-Etxebarria eta Elixabete Garmendiarekin batera ondotik etorri ziren gazteak unibertsitateari esker diren artean kazetari, Argia izan zen nere eskola. Argia astekaria eta Donostiako Okendo kaleko erredakzioan biziki maitasunez hartu ninduten Mikel Atxaga, Miren Jone Azurtza, Kaietano Ezeiza, Donato Unanue, Mikel Ugalde eta Edorta Kortadi adiskideak izan nituen maisu eta lagun. Ni neu behintzat ez nintzen gaur kazetari izango Argiak aukerarik eman izan ez balit.
Nahita ere ezin gero orduko giroa laburbildu. 1965tik 1975era bitarteko hamarkadan pasatu ginen ezer ez izatetik mundu berriaren ardatz izatera. Apartheid edo linbotik, izarren galaxiara. Dena egiteke zegoen egoeratik dena egitear sumatu genuen aukera-maukerara.
Hamarkada hartan koxkortu ziren euskal kanta berria, ikastola mugimendua, gau-eskolak, euskara batua, euskal literatura, Euskaltzaindiaren ofizialtasuna, euskal gizartearen erakundetzea eta, jakina, baita euskal kazetaritza ere, Argia bera kriseilu eta argimutil izan zelarik. Besteak beste, Argiak gizarteratu zuen euskal kazetaritza eta Argiak eragin zituen euskarazko lehen prentsaurrekoak.
Demokraziak erakarri zituen gero egunkariak, irratiak, telebistak eta gainerakoak, baina gehienek Argiaren harrobian hasi, hazi eta hezitako kazetariez jorratu zituzten euren lehen urratsak.
Mikel Atxaga, belaunaldi osoaren aitapontekoa, eta Miren Jone Azurtza, Argia zuzendaria

Argindar-hornikuntzaren bermea
Lau egun argindarrik gabe iraun behar izana ez da inondik ere normala bere burua lehen mundutzat duen gizartean. Hala ere, holaxe dirau oraindik ere zenbait familiak euskal iparraldean zein hegoaldean.
Energiaren erronkak hiru baldintza bete behar omen ditu: hornikuntzaren bermea, lehiakortasuna eta iraunkortasuna. Hitzetik hortzera aipatu izaten dira bigarren eta hirugarren betekizunak, inoiz gutxitan ostera lehena, energiak ez duelakoan sekula falta izan behar edo. Gurean edozein umemokok daki argia isiotzeko botoia sakatu baino ez dagoela. Automatikoa dela alegia, eta ez duela, ez lukeela, inoiz hutsik egin behar.
Zentzu honetan arrazoi oso-osoa dute egunak joan eta egunak etorri argirik gabe dirauten familiek. Gaurregungo bizimodua ez dago, ez, argindarrik gabe funtzionatzeko lain prestatua.
Baina unean uneko salbuespenari uko egin beharrik gabe, estatistikak frogatzen digu Euskal Autonomia zein Nafarroa Foru erkidegoen TIEPI (tiempo de interrupción equivalente de la potencia instalada) eta NIEPI (número de interrupción de la potencia instalada) adierazkinak txikienetakoa direla espainiar estatuaren baitan eta, hain zuzen, hornitzaileen zerrendan ere Iberdrola dela denetatik enpresarik seguruenetakoa.
Beste kontu bat da, gero, haizeak, euriteak edo mendebalak gogotik jo ohi dezaketen lekuetan beti ere hornikuntzaren bermea zailagoa izatea edota sakabanaturik eraikitako baserri eta landetxeetan arriskua dezente gehitzea.
Dena den, gure hornikuntza-sistemari dagozkiokeen dominak zabaldu ondoren, aitortu ere aitortu behar da, datu objektiboen arabera argindarraren hornikuntza hobea dela oro har Nafarroan eta Araban, Gipuzkoan baino; Gipuzkoan, Bizkaian baino hobea; eta Bizkaian, berriz, bermerik kili-koloena, Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeen ingurumarian gertatzen dela. Zergatik ote? Nik ez dut uste erantzukizun guztia eguraldiari, geografiari eta orografiari leporatu dakiekeenik.
Iñuzente-aurpegia
Euskal gizarteak ekologistatzat du bere burua. Gure ingurumen-sentsibilitatea handi samarra omen da. Edo beste modu batez esanda, hau entzuten diharduzuen guztiok uste duzue, zuek ingurugirozale amorratuak zaretela eta kontra daudenak, berriz, besteak direla. Errua, beti, besteena izaten da.
Nik ez dakit euskaldunok behar bezain ekologistak ote garen, baina sinestuta nago gure salaketen fokoa okerreko lekuan jartzen dugula. Normalean hitzegiten dugu errudunik handienak industrian baleude bezala. Industriari esker bizi gara baina geure kontzientzia txarra uxatzeko edo, industriari leporatzen diogu errua. Halere, besterik uste izan arren, hemen etxeko lanak egin dituen bakarra industria da.
Azken hamar urteotan industriak %12 gutxitu du bere intentsitate energetikoa. Hau da, produkzio berbera lortzeko, industriak %12 murriztu du energia-kontsumoa. Denbora berean, garraioak %21 gehitu du bere intentsitate energetikoa. Hau da, jende eta merkantzia berbera mugitzeko %21 gehiago kontsumitzen dugu.
Industriak fama txarra duen arren, ni industriarekin nago. Zu, ordea, pankarta industriaren kontra jartzen duzunez --eta garraiorik sekula aipatu ez-- garraiozaleen artean zaude nonbait, neurri gabeko energia-kontsumitzaile anonimo eta lotsagarrien artean zaude, beraz.
Bai, bai. Zu, zeu. Ez gero iñuzente-aurpegi hori jarri.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko urtarrilaren 27an.

Petrolio-erreserben bi heren publikoak dira
Evo Moralesek amaitutzat jo du orain bi urte t´erdi hasitako gasaren nazionalizazioa. Konstituzio berriaren erreferendumaren bezperetan, boliviar presidenteak orain arte britainiar eta argentinar kapital pribatuarena izandako Chaco enpresa bereganatu du. Oposizioak “elektoraltzat” salatu du erabakia.
Auskalo erabakia elektorala den ala ez baina, elektorala balitz ere, horrek esan nahi izango luke boliviarrik gehienak gasa, petrolioa eta gainerako lehen gaien nazionalizazioaren alde daudela. Beraz, kontua ez da erabaki ona ala txarra ote den, boliviarrek nahi omen dutena dela baino.
Estatua enpresez jabetzea ona ala txarra den erabakitzeko ez dago arau zehatzik. Gure europar kultura demokratikoan ontzat eman ohi da enpresa pribatua publikoa baino efikazagoa dela, publikoak ez duela pribatuak egin dezakeenik egin behar eta, horretara, publikoak pribatuak egin ez dezakeenaz baino ez duela arduratu behar. Mundua ez da, hala ere, Europan amaitzen.
Dena den, kudeaketa onaren aldetik enpresa estrategikoek publikoak ala pribatuak izan behar ote duten eztabaidaren inguruan sarri asko jendeak uste izaten du enpresa handirik gehienak multinazional pribatuak direla eta, globalizazioaren kontrako mugimenduetan esaterako, bada nolabaiteko inpresioa multinazionalek lar agintzen ote duten, estrategia publiko eta sozialen kaltetan.
Iritzia iritzi, zenbat buru hainbat aburu, norberak nahi duena pentsa dezake, baina beti ere datu objektiboak ezkutatzeke. Adibidez, petrolioari dagokionez, munduan geratzen diren erreserba guztien %68,4 enpresa publikoen ardurapean daude (2000), eta %31,6 baino ez, multinazional pribatuen eskutan. Orain dela hogeita hamar urte (1972), berriz, %50,2 esku pribatuetan zegoen eta %49,8 sektore publikoarenetan.
Ez dakit nik egoera ona ala txarra den –edota hobea izan ote zitekeen--, baina horren garrantzitsua omen den petrolioa behintzat ez dago lau multinazional aberatsen eskutan. Beste kontu bat dateke jabego publiko hori demokratikoa den ala ez, baina hori beste ezpalen bateko eztabaida litzateke.

Casting
Iragarki-spotean parte hartu ahal izango duten zenbait gazteren casting-ean jarri naute hautatzaile. Oker ez banago 1982an hartu nuen esku aurrenengo aldiz casting baten epai-mahaikide. Geroztik erabat aldatu da harrobia. Orduko hautagaiak serioak, isilak, lotsatiak, errotuak, traszendentalak*, hasiberriak eta, beti ere, bertakoak ziren. Oraingoak, aldiz, irekiak, kanpolarrosak, berritsuak, mihiluzeak, ahoberoak, lotsagabeak, espezialistak eta edonongoak.
Ezer gutxi galdetu beharrik gabe, hogeitaka urteko neska lirainak pasadizoan kontatu digu Kolonbian jaioa dela eta Bilboko akademian ari dela josten ikasten, astelehenetik ostiral eguerdirarte. Baina, gastu handiak dituenez gero, ostiral eguerditik igande iluntzerarte gizonezkoak hartzen omen ditu bere apartamenduan. Hainbat minututan streeperrarenak egin, gero felazioa, ondotik masaje lasaigarria eta, azkenik, penetrazioa. Guztia ordubetean, ehun euroren truke.
Adin beretsuko argentinarrak kontatu digu, berriz, ez duela lanik aurkitzen baina, zenbait ospitaletan, senidekorik izan ez eta gauez asistentziarik behar izaten duten adineko pertsonei laguntza eskaintzen omen die. Gaueko 10etatik goizeko 8rak arte. Gaixoaren ondoko butakan lo egin, txiza egitera lagundu behar bada lagundu, ipurdiren bat edo beste garbitu behar bada ere garbitu, telebista itzali, ura ekarri, txandako erizainari deitu… Hamar ordu, gehienak erdilotan, ehun euro.
Zenbaitek pentsa dezake guztiz lan ezberdinak direla baina, ez dakit bada nik. Biak dira borondatez egindako lanak, behin-behinekoak, segurutik aurretik sekula egiterik pentsatubakoak, beste egoera batean senidekoek egin beharreko lanen ordezko, bezero ezezagunak, batere konpromiso barik, kontraturik eta segurtasun sozialik gabe…
Indarrean dagoen moralak erakutsi digu lehena Maria Magdalena samarra dela eta bigarrena, aldiz, Kalkutako Ama Teresa edo. Aurrenak lotsatzeko arrazoiak omen ditu eta azkenak, berriz, harro sentitzeko modukoak. Segurutik lehenak ez luke sekula bigarrenaren lanposturik hartuko eta, behar bada, bigarrenak nahiago du inoren ipurdiak garbitzea inoren zakila bereganatzea baino... beti ere diru truke. Galdera litzateke, ordea, hau guztia nolabait objektibatzerik legokeen ala ez. Gure iritziak moralak --kulturalak-- besterik ez dira ala benetan zenbait jokamolde beste zenbait baino baztergarriago edo txalogarriago ote dira sortze beretik?
* Gogoan dut nerekin mahaikide zen Xabier Elorriaga aktoreak esan ziola casting-partaide bati: "Baina, gizona, egizu irripar pixkat". Eta gazteak erantzun zion serio asko: "Herri hau ez dago irriparretarako".

Proportzioa gorde beharra
Proportzioa da demokraziaren hitzik magikoenetako bat. Bai jendearen iritzia jakiteko eta baita erakundeen jokabidea neurtzeko ere.
Jakina gero askatasun-sistema nagusi izan arren jendea preso sartzerik badagoela, baina giza-eskubideek eskatzen eta legeriak arautzen duten proportzioa gordez gero. Esaterako, inori ez zaio bururatzen Guantanamok ezelango proportziorik gordetzen duenik.
Aldi berean, segurutik gutako inork ez dio Israeli bere burujabetza defenditzeko eskubiderik ukatuko, baina gutako gehienontzat Gazan gertatu berri dena guztiz proportzioz kanpokoa izan da.
Gurera etorriz, inor gutxik ukatzen du poliziak makila-salda zabaldu dezakeenik… proportzioz zabaltzen duen artean, noski. Eta zentzu honetan bat gatoz AHT Gelditu plataformarekin, egurra ematerakoan Ertzaintzari proportzioa eskatu dionean. Eztabaida izan daiteke proportzioa gorde ote duen ala ez, baina ez proportzioa gorde beharraz.
Hala ere, AHT Gelditu mutu geratu ohi da ETAren sarraski, mehatxu, bortizkeria eta erailketen aurrean. Ez dakigu plataformakoei proportzionatua iruditzen ote zaien ETAren jarrera baina, beti ere, komenigarri litzaiguke jakitea.
Eta, hain zuzen ere, ezker radikalak ez du sekula ETAren jokabidea salatu eta, honez gero, ez dut nik behintzat euren salaketa zehatzik itxaro. Baina gehiegi ote litzateke ezker abertzaleari galdetzea ETAren ekintza armatuak, gaur gaurkoz, euskal gizartearen egoera, premia, aldarrikapen eta gurariekiko proportziorik gordetzen ote duen?

High Definition berri zaharra
Europako Irratitelebista Batasunak (UER) HDz (High Definition) eskainiko omen du Barack Obamaren Estatu Batuetako lehendakari karguaz jabetze-ekitaldia. Nik ez dakit piperrik ere teknologiaz baina albisteak kanpai zahar hotsa dakarkit gogora.
Hogeita bost urte bai (1984) estreinako joan nintzela Montreux-eko (Suitza) telebista-azokara eta teknikari-jendea hamaika traste eta tramankuluren artean han-hemenka murgildu zen artean ni azokaren ardatz-ardatzean zegoen gela poliedroan sartu nintzen non, auskalo zelan, mendebaldeko telebistarik ezagunenak aldi berean ikusi ahal ziren.
Gela itxia zen, oktogonoa nonbait, eta laubost alturatan, jira-biran, ehundaka telebista piztuta agertzen ziren elkarren lehian. Denak ere batere audiorik gabe zeuden arren, denek eskaintzen zuten telebista-kalidoskopioaren irudietakoren bat: berriak, sailak, filmeak, musikaldiak, marrazki biziak, lehiaketak, kirolak, magazinak, elkarrizketak, eguraldia, zirkoa… Denak, aurpegi batez edo beste, estetika batez zein bestez, guztiz antzerakoak, molde berekoak, ordurako telebista-generoa bat bakarra baino ez bailitzan funtsean.
Eta, ehundaka telebista-pantaila berdintsuren artean, denak ere 4X3 koadro-egiturakoak, bazen aurrez aurre akuario garbi, ondo argiztatu eta distiratsua, 16X9ko laukizuzena, non hiruzpalau arrain tropikal, lasai asko, euren gisara ari ziren, anpuluka, patxadazko joan-etorrian.
Ezin gero hobeto eta txukunago adierazi, nabarmendu eta salatu telebistaren errealitate birtuala eta benetako egiaren arteko aldea pentsatu nuen nerekiko. Eta edozein akuarioren aurrean edonork egin ohi duena egin nuen: kristalaren bestekaldean zegoen arrainaren parean hatza jarri, noiz animalia izutu eta hanka egingo. Baina ez zen ikaratu ere egin.
Ez zen egiazko akurioa, HD telebistaren lehen agerpena baizik, 625 lerrokoa ezik 1250ekoa.
Geroztik hogeita bost urte joan dira. Ez neri galdetu zertan.

Segundo Olaeta eta Pavlovo
Segundo Olaetaren oinordekoek Ballets Olaeta zenaren ondare osoa eman diote Bizkaiko Foru Diputazioari. Bataz beste 80 urteko memoria: denetariko dokumentazioa, argazkiak, filmak, grabazioak, koreografia, atrezzoa, 700 inguru jantzi etab. Sekula izan den euskal dantza talderik garrantzitsuenetakoaren altxorra.
Segundo Olaetak 1926 urtean sortu zuen Elai Alai dantza taldea Gernikan eta, gerra-denbora tarteko, Europan zehar egin zituen hainbat jira. Gerra ostean etxeratu eta Europan zein Ameriketan arituko zen Ballets Olaeta sortu zuen Bilbon eta, 1950eko hamarkadan, dantza-akademia ireki zuen Erzilla kaleko hamaikagarrenean.
Hantxe ezagutu nuen Segundo maisua 1960an. Nik 15 urte besterik ez nituen eta berak, berriz, 64. Nik orain dudan adin berbera, nahiz eta orduan askoz ere zaharrago iruditu. Garai hartan Bilbon nintzen ikasketak egiten eta, bi ikasurtetan, astean pare bat aldiz joan izan nintzen bertara.
Gazte-andana dezentea bildu ohi ginen. Auskalo euskal giroa ala euskal dantza ote zen gustukoen genuena baina, dantzaketan jarduteaz gainera, inoiz ere artez arte aipatu izaten ez ziren gaiak gogoan izan ohi genituen. Bilboko urte bi haietan, hantxe baino ez nuen euskaraz hitzegiteko betarik izan.
Olaetatarrak –Bittor eta Lide seme-alabak, batez ere— irakasle berezi samarrak ziren. Saio haiek zer ikusi gutxi izaten zuten Eibarren Gregorio Santa Cruzek egin eragin ohi zizkigun moldeekin. Izan ere, Bilbokoa ez zen dantza-taldea, dantza-eskola baino, eta balleteko dantzari ofizialak ez ginenok inoiz gutxitan egin izaten genuen jendaurrean dantzan. Erzilla kalean ariketa zen nagusi, pausuak behin eta berriz errepikatu beharra, estiloa zaindu eta landu beharra, beti ere “bailarinak” jantzita eta ispilu aurrean. Barra erruz eta etenbako soin-ariketa, izerditan blai amaitu arte, gimnasiarik zorrotzena bailitzan. Eibarko Deportivoan, ostera, lan-taldea, ahalik eta azkarren errepertoria ikasi eta plazara.
Ez dakit ezer ganorazkorik ikasi ote genuen Olaetanean baina pasatu oso ondo pasatu izan genuen. Nere lagun-giroan adarra jotzen zidaten dantza-akademiara joateagatik, baita gaitzizena jarri ere: Paulovo, Anna Pavlova dantzari errusiar ospetsuaren gogoraziotan. Oraindik ere Paulovo izaten jarraitzen dut garai hartako lagun bilbotarren artean.
Geroztik 47 urte joan dira. Berrogeita zazpi urteko egoerak, irizpideak, ikuspegiak, joan-etorriak, jokamoldeak eta oroitzapenak. Auskalo jaio ote diren berriak, baina beti geratuko zaizkigu olaetatarrak.
Victor Olaeta (1922-2007). Atzean, aita Segundoren argazkia
Lide eta Victor, ezker-eskuma
Houston, arazoa gero!
Nik ez dakit ingelesez askorik baina postura egingo nuke edozein kanta arrunt ingelesez ehun bider entzunez gero azkenean asmatuko nukeela letraren nondik norakoa. Ia urtebete daramat, ordea, ia egunero euskal abesti berbera entzuten eta onartu behar dut ezer ulertu ezinik ameto eman behar izan dudala. Houston, arazoa gero!
Nik ulertu ez arren, zenbaitek dio kristoren kanta dela, abeslariak merkatuaren onespen osoa du eta nik, teoriaz behintzat, euskaraz jakin badakit. Horretara, non da arazoa? Fermin Muguruzaren “Baxua eta lurra” kantaz ari naiz, egunero egunero gaueko bederatziak aldera Roge Blascoren La casa de la palabra irratsaioak sintoniatzat darabilen abestiaz.
Urtebete bai irratsaio honen sintoniak etxera bidean auto barruan harrapatzen nauela eta aitortu behar dut, egunak joan eta egunak etorri, hamaikatxo ahalegin egin izan ditudala ezer ulertu gurarik baina, bai zera, ezin gero, ezta hurrik eman ere.
Hainbat hilabeteren buruan –eta ez naiz txantxetan ari— iritsi nintzen iritsi “demonio”, “astronauta”, “mikroklima”, “maite zaitut” eta beste hitzen bat edo beste ulertzera, eta pozarren etxeratu nintzen halakoren batean “zenbat eta altuago ziurrago sentitzen gara” esaldi osoa identifikatu ahal izan nuen iluntzean.
Esan gabe doa ni ez naizela oso musikazale, nere belarriak ez duela bost xemeikorik balio eta egunero-egunero, autotik irtetzerakoan Googlen aztarren bila sartzeko promes egin arren, etxera heldu bezain laster beti izan dudala beste zeregin garrantzitsuagorik. Baina, hala ere…
Gatozen arira. Fermin Muguruza ez da inozoa, nik euskaraz dakit, euskara ez da errudun… Non da arazoa?
Oharra: Azkenik, herenegun, Roge Blascori berari telefonoz deitu, kantaren titulua eskatu eta Googlen begiratu. Testua irakurriz, tira, gaitzerdi. Baina, letra irakurri ostean ere, atzo autoz berriro entzun eta... alferrik.
Ozen demonio
Zegoen sound systema umetokian
Sabeleko hormak
Dar-dar zeuden une guztietan
Rude Boy astronauta
Dantzan isurkari amniotikoan
Mikroklima hortan
Matrix – hiria / mundu-matrixa
Errealitate alde honetan
Hauteman Lurra
Oihartzun akustikoa
Eroalea bezala
Baxua amatiarra dela
Gozatzen bada
Zenbat ta altuago
Ziurrago sentitzen zara
Gauza apaingarrien munduan, bizi bagara
Musika edergarri kulturala besterik ez da
Ezjakintasuna garatzeko amodioa
Horrenbeste kantu lelo, kutsadura akustikoa
Sentipen zaurituei gurtzeko tematiak
Striptease emozionala, denbora-pasa industrian
Zuk beste liga batean jokatzen duzula
Diot, laberintu-frontoi-etxea-herria-mundua
Maite zaitudala, esan behar?
Zuk beste liga batean jokatzen duzula
Diot, laberintu-frontoi-etxea-herria-mundua
Baxuaren kultura da
Horregatik reggae dugu sendagarria
Begira Wu Tan Clan, Tom Waits eta Mikel Laboa
Nahasten medizina eta musika
Linton Kwesi Johnson eta Smith&Mighty
Michael Frantiren: gizatasunari eutsi
Canettik zioen: “seme - alaba duena,
Filosofoek ez zekiten, gehiago da baina.”
Existentziaz, pareten kontra pilota
Galdera - erantzunak, jokoa hastera doa
Oihu dezagun Franka Potentek bezala
Bizkor Lola bizkor, bizitza miraria baita
