Argindar-hornikuntzaren bermea
Energiaren erronkak hiru baldintza bete behar omen ditu: hornikuntzaren bermea, lehiakortasuna eta iraunkortasuna. Hitzetik hortzera aipatu izaten dira bigarren eta hirugarren betekizunak, inoiz gutxitan ostera lehena, energiak ez duelakoan sekula falta izan behar edo. Gurean edozein umemokok daki argia isiotzeko botoia sakatu baino ez dagoela. Automatikoa dela alegia, eta ez duela, ez lukeela, inoiz hutsik egin behar.
Zentzu honetan arrazoi oso-osoa dute egunak joan eta egunak etorri argirik gabe dirauten familiek. Gaurregungo bizimodua ez dago, ez, argindarrik gabe funtzionatzeko lain prestatua.
Baina unean uneko salbuespenari uko egin beharrik gabe, estatistikak frogatzen digu Euskal Autonomia zein Nafarroa Foru erkidegoen TIEPI (tiempo de interrupción equivalente de la potencia instalada) eta NIEPI (número de interrupción de la potencia instalada) adierazkinak txikienetakoa direla espainiar estatuaren baitan eta, hain zuzen, hornitzaileen zerrendan ere Iberdrola dela denetatik enpresarik seguruenetakoa.
Beste kontu bat da, gero, haizeak, euriteak edo mendebalak gogotik jo ohi dezaketen lekuetan beti ere hornikuntzaren bermea zailagoa izatea edota sakabanaturik eraikitako baserri eta landetxeetan arriskua dezente gehitzea.
Dena den, gure hornikuntza-sistemari dagozkiokeen dominak zabaldu ondoren, aitortu ere aitortu behar da, datu objektiboen arabera argindarraren hornikuntza hobea dela oro har Nafarroan eta Araban, Gipuzkoan baino; Gipuzkoan, Bizkaian baino hobea; eta Bizkaian, berriz, bermerik kili-koloena, Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdeen ingurumarian gertatzen dela. Zergatik ote? Nik ez dut uste erantzukizun guztia eguraldiari, geografiari eta orografiari leporatu dakiekeenik.