Petrolio-erreserben bi heren publikoak dira
Auskalo erabakia elektorala den ala ez baina, elektorala balitz ere, horrek esan nahi izango luke boliviarrik gehienak gasa, petrolioa eta gainerako lehen gaien nazionalizazioaren alde daudela. Beraz, kontua ez da erabaki ona ala txarra ote den, boliviarrek nahi omen dutena dela baino.
Estatua enpresez jabetzea ona ala txarra den erabakitzeko ez dago arau zehatzik. Gure europar kultura demokratikoan ontzat eman ohi da enpresa pribatua publikoa baino efikazagoa dela, publikoak ez duela pribatuak egin dezakeenik egin behar eta, horretara, publikoak pribatuak egin ez dezakeenaz baino ez duela arduratu behar. Mundua ez da, hala ere, Europan amaitzen.
Dena den, kudeaketa onaren aldetik enpresa estrategikoek publikoak ala pribatuak izan behar ote duten eztabaidaren inguruan sarri asko jendeak uste izaten du enpresa handirik gehienak multinazional pribatuak direla eta, globalizazioaren kontrako mugimenduetan esaterako, bada nolabaiteko inpresioa multinazionalek lar agintzen ote duten, estrategia publiko eta sozialen kaltetan.
Iritzia iritzi, zenbat buru hainbat aburu, norberak nahi duena pentsa dezake, baina beti ere datu objektiboak ezkutatzeke. Adibidez, petrolioari dagokionez, munduan geratzen diren erreserba guztien %68,4 enpresa publikoen ardurapean daude (2000), eta %31,6 baino ez, multinazional pribatuen eskutan. Orain dela hogeita hamar urte (1972), berriz, %50,2 esku pribatuetan zegoen eta %49,8 sektore publikoarenetan.
Ez dakit nik egoera ona ala txarra den –edota hobea izan ote zitekeen--, baina horren garrantzitsua omen den petrolioa behintzat ez dago lau multinazional aberatsen eskutan. Beste kontu bat dateke jabego publiko hori demokratikoa den ala ez, baina hori beste ezpalen bateko eztabaida litzateke.