Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bapo eta papo

Bapo eta papo

Amatiño 2009/01/31 20:52
“Bapo” ez da seguru asko gaur egun euskal erarik erabiliena, “bon”, “vale”, “conforme” eta honelako erdal molde berriagoek ordezkoarenak egiten asmatu baitute eta haren lekuaz jabetu. Hala ere, barrena laupabost mende zahar den hitz hau Bizkai, Nafarroa, Gipuzkoa zein Iparraldeko euskara xumean agertzen da. Baita Arratetikuen izketian ere.

Ez du nonbait arrazoi handirik Pierre Lhandek (Dictionnaire Basque-Français. Paris, 1926) bapho espainierazko guaporen eratorria dela esaten duenean. Onenean biek dute jatorri berbera, baina bapo euskalduna gaztelaniaren diptongo-beharra baino zaharragoa da, bien oinarrizko erroa latinezko vappa (Diccionario Crítico Etimológico Castellano e Hispánico. Joan Corominas, Madrid, 1980) baldin bada behintzat.

Izan ere, alderantziz: ezer izatekotan guapo galizismoa da eta, alde horretatik, Lhandek besterik uste arren, Iparraldeko bapho hitzaren euskalherriratzeak iparretik hegorako bidea egin zuen eta ez behetik gorakoa: “Los españoles tomarían el vocablo directamente del dialecto valón durante las guerras de Flandes, pero en el argot francés será préstamo directo de los dialectos del NE y no hispanismo”.

Edozein modutan, bapok hainbat zentzu du (on, bikain, ausart, ondo, kitto…), Azkue, Lhande eta Mujika beti ere bat datozenez gero. Eta, beraz, dezente oker dabil Elhuyar paper-hiztegia (Usurbil, 1993) bapo erari muzin egin, papo erabiltzeko proposatu eta papar zentzuaren kidekotzat jotzen duenean. Geroztik eusgailu elektronikoan  konpondutako okerra, hain zuzen ere.  

Ziurrenik papo horren jatorria besteren  bat da, eta bapo (ondo) eta papo (papar) hitzen arteko aldea fonetikoa baino zertxobait nabarmenagoa. Alegia, papo ez dela giputzek esandako bapo.

Dena den, bapo+papo eskatu eta hona Googlek eskaini didan emaitza. Gehienetan asmatzen omen du. Onartu behar, horratik, argazki hau bi hitzon esangura nahasiaz identifikatzeko... euskara asko jakin behar dela.

 

oier
oier dio:
2009/02/01 13:01

Gure txikiaren lehen hiztegian, sei hitz daude eta horietako bat da "bapo": ama, apa (aita??), bai, ua (ura), aur (agur) eta baooo (bapo). Bapo "kitto" zentzuarekin erabiltzen du. oier.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: