Iñuzente-aurpegia
Nik ez dakit euskaldunok behar bezain ekologistak ote garen, baina sinestuta nago gure salaketen fokoa okerreko lekuan jartzen dugula. Normalean hitzegiten dugu errudunik handienak industrian baleude bezala. Industriari esker bizi gara baina geure kontzientzia txarra uxatzeko edo, industriari leporatzen diogu errua. Halere, besterik uste izan arren, hemen etxeko lanak egin dituen bakarra industria da.
Azken hamar urteotan industriak %12 gutxitu du bere intentsitate energetikoa. Hau da, produkzio berbera lortzeko, industriak %12 murriztu du energia-kontsumoa. Denbora berean, garraioak %21 gehitu du bere intentsitate energetikoa. Hau da, jende eta merkantzia berbera mugitzeko %21 gehiago kontsumitzen dugu.
Industriak fama txarra duen arren, ni industriarekin nago. Zu, ordea, pankarta industriaren kontra jartzen duzunez --eta garraiorik sekula aipatu ez-- garraiozaleen artean zaude nonbait, neurri gabeko energia-kontsumitzaile anonimo eta lotsagarrien artean zaude, beraz.
Bai, bai. Zu, zeu. Ez gero iñuzente-aurpegi hori jarri.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2009ko urtarrilaren 27an.
Energixa-kontsumua danian gehitu dok, industrian, garraioan, zerbitzuetan zein etxebizitzetan. Baina industria dok bere efikazia hobetu dauan bakarra. Gehixago produzitzeko gehixago kontsumitziak ez jaukak meriturik. Helburu mundiala dok intensidade energetikoa gitxitzia (BPG euro bakoitzeko gero eta energixa gitxiago bihar izatia). Zenbaitek esaten jok industrian efikazian helburua ez dala "konpromisu ekologikua", "interes ekonomikua" baino. Baina holan balitzok be, kontua zera dok, errazoi batez edo bestez etxeko lanak egin dittuan bakarra industria dala.