Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / High Definition berri zaharra

High Definition berri zaharra

Amatiño 2009/01/19 23:59
Europako Irratitelebista Batasunak (UER) HDz (High Definition) eskainiko omen du Barack Obamaren Estatu Batuetako lehendakari karguaz jabetze-ekitaldia. Nik ez dakit piperrik ere teknologiaz baina albisteak kanpai zahar hotsa dakarkit gogora.

Hogeita bost urte bai (1984) estreinako joan nintzela Montreux-eko (Suitza) telebista-azokara eta teknikari-jendea hamaika traste eta tramankuluren artean han-hemenka murgildu zen artean ni azokaren ardatz-ardatzean zegoen gela poliedroan sartu nintzen non, auskalo zelan, mendebaldeko telebistarik ezagunenak aldi berean ikusi ahal ziren.

Gela itxia zen, oktogonoa nonbait, eta laubost alturatan, jira-biran, ehundaka telebista piztuta agertzen ziren elkarren lehian. Denak ere batere audiorik gabe zeuden arren, denek eskaintzen zuten telebista-kalidoskopioaren irudietakoren bat: berriak, sailak, filmeak, musikaldiak, marrazki biziak, lehiaketak, kirolak, magazinak, elkarrizketak, eguraldia, zirkoa… Denak, aurpegi batez edo beste, estetika batez zein bestez, guztiz antzerakoak, molde berekoak, ordurako telebista-generoa bat bakarra baino ez bailitzan funtsean.

Eta, ehundaka telebista-pantaila berdintsuren artean, denak ere 4X3 koadro-egiturakoak, bazen aurrez aurre akuario garbi, ondo argiztatu eta distiratsua, 16X9ko laukizuzena, non hiruzpalau arrain tropikal, lasai asko, euren gisara ari ziren, anpuluka, patxadazko joan-etorrian.

Ezin gero hobeto eta txukunago adierazi, nabarmendu eta salatu telebistaren errealitate birtuala eta benetako egiaren arteko aldea pentsatu nuen nerekiko. Eta edozein akuarioren aurrean edonork egin ohi duena egin nuen: kristalaren bestekaldean zegoen arrainaren parean hatza jarri, noiz animalia izutu eta hanka egingo. Baina ez zen ikaratu ere egin.

Ez zen egiazko akurioa, HD telebistaren lehen agerpena baizik, 625 lerrokoa ezik 1250ekoa.

Geroztik hogeita bost urte joan dira. Ez neri galdetu zertan.

 

Gari
Gari dio:
2009/01/20 12:34

Inertzietan Amatiño, inertzietan gabiltza hainbeste urtetan. Gainera transmisio kate guztiari eragin dio (kameratik hasi eta telebistaraino), eta sistema digitala ekarri behar izan dugu bereizmen handiko telebista eduki ahal izateko. Garai hartan ziur ez zela emisio digitala. Hori bai, 1250 lerro horietatik urrun dago oraindik TDT berri hau.

Sarri pentsatzen dut bizitzaren alde guztietan ditugula izugarrizko inertziak, edozer gauza aldatzea zenbat kostatzen zaigun: politikan, etikan, teknologian, komunikabideetan, negozio ereduetan. Argi daukat bestalde, gauza askotarako inertziak beharrezkoak direla.

Amatiño
Amatiño dio:
2009/01/21 01:07

Ez dut inertziarik ukatuko. Baina inertzia kontzeptu zabalegia ez ote? Ez ahaztu duela 25 urte sistema analogikoa zela indarrean eta, nonbait, sistema analogikoa mehar samarra omen Goi Definizioa (HD) bat-batean metabolizatzeko. HDak burua altxatzeko behar izan dituen hogeitabost urteetan VTR formatoa jaio eta desagertu egin da. Batzuen inertziak eta beste batzuen presak elkarrekin bizi izan dira.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: