Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / ARGIAren 1919-2009 argiurrena

ARGIAren 1919-2009 argiurrena

Amatiño 2009/01/30 00:54
Laurogeita hamar urte, aurten, kaputxinoek “Zeruko Argia” izeneko erlijio-aldizkaria sortu zutela Iruñean. Laurogeita hamar ez dira gero artalak. Segurutik berau dugu ehundaka kilometroren bueltan astekaririk zaharrenetakoa. Nekez azaldu daiteke gero euskal kazetaritzaren historia “Zeruko Argia” aipatzeke.

Nik 1964tik 1976ran bitartean lanegin nuen Zeruko Argian. Lehenengo zortzi urteetan Eibarko berriemaile, 1972tik 1974ra “Zenbat Gara” informazio orokorreko sailean eta, azken urte t´erdian, “Bulebar Irekia” izeneko kronika politikoan. Eta, asteroko sail  jakinekoez gainera, ehundaka erreportaje eta elkarrizketa. Urteak joan eta urteak etorri,  berrogeita bost geroago ere lantzean behingo zutabetxoa idazten jarraitzeko aukera ematen didate oraindik ere bertan. Ia-ia kazetari-bizitza osoa beraz, sekula Argia erabat zokoratu gabe.

Pilar Iparragirre, Estepan Aldamiz-Etxebarria eta Elixabete Garmendiarekin batera ondotik etorri ziren gazteak unibertsitateari esker diren artean kazetari, Argia izan zen nere eskola. Argia astekaria eta Donostiako Okendo kaleko erredakzioan biziki maitasunez hartu ninduten Mikel Atxaga, Miren Jone Azurtza, Kaietano Ezeiza, Donato Unanue, Mikel Ugalde eta Edorta Kortadi adiskideak izan nituen maisu eta lagun. Ni neu behintzat ez nintzen gaur kazetari izango Argiak aukerarik eman izan ez balit.

Nahita ere ezin gero orduko giroa laburbildu. 1965tik 1975era bitarteko hamarkadan pasatu ginen ezer ez izatetik mundu berriaren ardatz izatera. Apartheid edo linbotik, izarren galaxiara. Dena egiteke zegoen egoeratik dena egitear sumatu genuen aukera-maukerara.

Hamarkada hartan koxkortu ziren euskal kanta berria, ikastola mugimendua, gau-eskolak, euskara batua, euskal literatura, Euskaltzaindiaren ofizialtasuna, euskal gizartearen erakundetzea eta, jakina, baita euskal kazetaritza ere, Argia bera kriseilu eta argimutil izan  zelarik. Besteak beste, Argiak gizarteratu zuen euskal kazetaritza eta Argiak eragin zituen euskarazko lehen prentsaurrekoak.

Demokraziak erakarri zituen gero egunkariak, irratiak, telebistak eta gainerakoak, baina gehienek Argiaren harrobian hasi, hazi eta hezitako kazetariez jorratu zituzten euren lehen urratsak.

  

Mikel Atxaga, belaunaldi osoaren aitapontekoa, eta Miren Jone Azurtza, Argia zuzendaria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: