Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

'Zarauzko euskara' proiektua gaur ETBko Postdata saiuan

Asier Sarasua 2004/11/23 13:55

Aitatu nun aurreko batian Zarauzko udalak herriko euskera eta ahozko ondaria jaso eta aztertzeko beka bat atera zula. Lantaldian ari gera lanian, eta dagoeneko hasi gera elkarrizketekin (hiru egin ditugu). Aurreko ostegunian ETBkuak etorri ziran gurekin elkarrizketa bat egitera, eta gaurko Postdata saiuan aterako omen due proiektuaren berri. Eguerdiyan 14.45 inguruan, eta gero Gaberdiyan errepikapena.

balio / balixo ; erdiak / erdixak ; pisua / pixua

Asier Sarasua 2004/11/20 20:05

2004ko apirilan Eibartarrak zerrendan egondako mezu-truke bat berreskuratu, eta hamentxe doia Eibarko berba batzuen inguruko azalpen labur bat. Gaztion artian bustiduria aldatzen dagola, eta horrekin berba batzuk bereizteko aukeria galtzen dogu.

Uste dot bustidura batzuetan dagon bilakaeria "naturala" dala, gure berbetian ezaugarrixen ondorixua. Zaharrak komunio/demonio erabiltzia, eta gaztiak komunixo/demonixo, ba, erdi-naturala iruditzen jata. Biharbada nagusixen jokaeria lotuago dago erderara gaztiena baiño.

Beste bustidura batzuk, ostera, ez dira hain "naturalak", eta gaiñera gure berbetiak dakazen ezaugarri berezi batzuk desagertzeko arriskua dago. Bertako euskeria ondo jakin ez, eta herriko berbeta jatorrera hurreratzeko asmuan, bihar ez dan tokixetan be sartzen dittue bustidurak. Xi-xa-xi-xa.

Adibide pare bat ipiniko dittut.

sei txerdiak vs. sei terdixak

Eibarko (eta inguruko) ezaugarri dan bustidura bat kendu (-i + ta > txa). Eta ostera, erdiak > erdixak bihurtu. Holan galdu eitten da bustiduriak guretzat dakan balixo bereizlia: ERDIXAK (mitades, centros) vs. ERDIAK (y media)

balio / balixo

Zaharrak bereiztu eitten dittue honek bixok: balio (valer) eta balixo (valor).: "Zenbat balio dau horrek?" vs. "Katxarro horrek balixo haundixa jakak". Gaztiak galdu egin dabe bustidurian balixo bereizle hori.

Pisu vs pixu

Zaharrendako, PIXUA (peso) gauza bat da, eta PISUA (piso, planta, casa) beste bat.

segiduan vs. segittuan

Diferentia da, baina hor be, mendebaleko azpieuskalki guztien ezaugarrixa alde batera laga (gaztelerazko -idu > euskeraz be -idu : segidu, mobidu, partidu...), gipuzkerako segitu oiñarri hartu, eta bustiduria gaiñeratu, (ixa) iñun erabiltzen ez da forma artifizial bat sortuz.

Txantxazelai ala Txaltxazelai?

Asier Sarasua 2004/11/11 01:00
Gure herrixan sarri entzutzen dan tira-biria: zein da jatorrizko eta benetako izena? Txantxazelai (txantxetan ibiltzekua) ala Txaltxazelai (Txaltxa basarrixan zelaixa). Orain dala hile batzuk Salvador Marzanak Eibar rebistara bialdutako eskutitz baten harira, nere iritzixa be bota nahiko neuke. Nere ustez, ez bata eta ez bestia.

txantxazelai_01.jpgEibar” rebistaren aurreko ale batean, Salvador Marzanak Eibarko kale izenen inguruko zenbait gogoeta eta zalantza adierazi zizkigun, batez ere izen batzuetan nahasmen handi samarra dagoela esanez, izen ofiziala ez delako eibartarrok azken urteotan erabili izan dugun berbera. Eibarko kale izenak ezarri zirenean, duela 25 urte inguru, herritarrok erabiltzen ditugun leku-izenak ipini beharrean, jatorrizko izenak ipini zituzten; hau da, ahozko formak baztertu eta jatorri filologikoa begiratuz finkatu ziren berriak. Horrela, ahozko Asoliartza ahaztu eta bere forma osoa aukeratu zen (Asola Igartza). Antzera, Arteitta eta Artegieta bikotea, eta beste horrenbeste. Neurri horrekin ados nago, izen gehientsuenetan behintzat.

Salvadorrek aipatzen dituenen artean esanguratsuenetako bat, Txantxazelai da. Nire aitxitxari ere, askotan entzun nion: “Txaltxazelaia? Hori Txantxazelaixa izan izan dok beti!”. Jose Mari Kruzetarekin ere zenbat eta zenbat bider egingo nuen berba gai honetaz...! Euskaldun guztiok daramagu filologo bat barruan, eta horren inguruko eztabaidak behin eta berriz entzun izan ditugu Eibarren, batean eta bestean.

Bi teoria izan ditugu izen horren jatorriaz. Batetik, eibartar gehienena, errotuena eta ziurrenik Toribio Etxebarriaren eraginez zabaldu dena: Txantxazelaixa da izena, txantxetan ibiltzeko zelaia zelako. Hala dio Toribiok: “Txantxa zelaixa: lugar de juegos. Egunero, Txantxa zelaixan, eukitzen genduan eskolia, Jose Gisasola zanagaz.” Beste batzuek, berriz, beste jatorri bat ikusten diote berba horri: izena Txaltxazelai izan behar da, parean zegoen Txaltxa baserriaren zelaia zelako. Nik hirugarren bat proposatu nahi dut, edo behintzat, kontuan hartu beharreko datu bat aurkeztu, gogoetarako. Zuzena ala okerra, baina Txantxazelai izenaren inguruko eztabaida honetan, nire ustez, gutxienez kontuan hartu beharrekoa.

Azken hileotan Eibarko toponimoak edo leku-izenak aztertzea egokitu zait Eibarko Udal Artxiboan, eta “Eibarko Hiri Toponimia” (Euskaltzaindia, 1995) liburua ere behin eta berriz irakurri behar izan dut. Toponimoen jatorria begiratzen ahalegindu naiz eta baita toponimoak taldekatzen ere. Gure lanean eta “Hiri Toponimia” liburu horretan udal artxiboko ehundaka idazki aztertu izan dira, eta baita Oñatiko Gipuzkoako Protokolo Artxibategia eta Jabego Erregistroko beste hainbat ere.

txantxazelai_02.jpg

Ikusi ditudan kontuen artean, konturatu naiz badirela Eibarren, herri gehienetan bezala, sarri aurkituko ditugun zenbait atzizki, esate baterako: -alde (Abontzalde...), -azpi (Agiñazpi...), -be (Ibarbebe...), edo -gain (Legarregain...). Eta denen artean ugarienetakoa –buru da. Zerrenda amierabakoa da, baina hementxe zenbait adibide, ezagunenak: Aixaburu, Amañaburu, Ariztiburu, Arrajolaburu, Artatxuetaburu, Barrenazarburu, Gisastuburu, Iparragirreburu, Ipuruaburu, Irabaziburu, Katalanburu, Mekolaburu, Otolaburu, Trangoburu, Urkuzuburu... Atzizki horiek aztertzean nabarmena da, atzizkidun formek beti generiko bat behar dutela. Hau da, Etxaburuak “etxe” bat egotea eskatzen duen moduan (eta berdin kamiñoburuak, presaburuak edo kanteraburuak), Mekolaburuk ere Mekola toponimoa existitzea eskatzen duela (eta Urkuzuburuk Urkuzua, Otolaburuk Otola, eta abar).

Bere izenean –buru atzizkia duten dozenaka toponimo ditugu Eibarren eta bi dira generikorik gabe aurkitu ditudan bakarrak:

  1. Urangaburu, begiratutako agiri guztietan bakarrik behin agertzen den izena (1848), berria dirudiena, herrian batere erroturik ez dagoena, eta gaur egun ezezaguna dena; 
  2. Sansaburu. Kasu hau guztiz kontrakoa da: artxiboko hainbat idazkitan agertzen da (1597, 1747, 1771, 1777, 1782, 1812, 1877, 1883, 1916...), gaur egun ere bizirik dago, antzinako izena da (gutxienez XV gizaldikoa), eta oso egonkorra, dokumentatutako idazki gehienetan beti forma berbera agertzen delako.

Kasu honetan, baina, galdera zera da: Sansaburu izena badugu, non dago Sansa? Tokiari begiratuta, Sansaburu azpian egon beharko litzateke, gaur egun Txantxazelai ingurua den horretan, ziurrenik baita Untzagako dorreak eta Calbeton kale ingurua ere. Eta hor dugu, beraz, Sansazelai.

Nire ustez, teoria horren alde egiteko hiru datu behintzat badaude:

1- Sansaburu toponimoak, berez, definizioz, Sansa toponimo bat eskatzen du.

2- Artxiboko datuen arabera, barrena 1597tik dago dokumentatua Sansaburu, eta 500 urtean ez da aldatu izen hori. Behin bakarrik agertzen da idazkietan Salsaburu (1917ko idazki batean), justu Txaltxazelai izena lehenengoz agertzen den sasoi beretsuan. Ordura arte, beti, Sansaburu eta Txantxazelai* agertuko zaizkigu.

3- s --- tx bilakaera nahiko erraz uler daiteke euskaraz, eta Eibarren bertan dugu itxura bereko salsaperretxiko/txaltxaperretxiko hitz-bikotea.

Horretara, laburpena eginez. Txantxazelai txantxetarako zelaia zela, ez dut uste oinarri sendoak dituen teoria denik: ez dator bat Eibarko beste toponimoekin, ez dago hori ziurtatzeko arrazoi historikorik, ez dago dokumentatuta... Txaltxazelai Txaltxa baserriaren zelaia izan daitekeela ere, gaitza iruditzen zait. Txaltxakua baserria, jatorriz, Otaolan zegoen, gaur egun Eroski dagoen lekuan. Untzaga inguruko Txaltxa baserria berria da (1860koa), txikia, berezko izena Kamiñokua Etxebarri zuen, eta guk dakigula ez zuen lurrik Untzaga inguruan.

Nire uste, beraz, Sansa eta Sansaburu izango ziren, Ubitxatik Bolinguarainoko tarte guztia, Calbetón kalean hasi eta Urkiraino: lekua, baserria, iturria eta erreka. Ondoren, Ulsaga/Untzagak hartu zuen Sansa-ren lekua, eta horrela ezagutu izan da, gutxienez azken 700 urteotan Calbetón-Untzaga ingurua (1915 inguruan Untzaga kaleari Fermín Calbetón izena ipini arte). Bizirik jarraitu dute, ostera, formaz bereizturik, baina jatorri berarekin, Sansaburuk eta Txantxazelaiak.

Ideia horrek puntu ilunak ere baditu, eta ilunena, ziurrenik, Sansaburu oso ondo dokumentatuta dagoen bitartean, Sansa eta Sansazelai ez direla idazki zaharretan agertzen. Arraroa, herri erdi-erdian dagoen ingurunea izanda. Dokumentu gehiago begiratu beharko ditugu ondorio zehatz eta zuzenagoak ateratzeko.

Amaitzeko, derrigor esan beharreko gauza bat. Izenaren jatorria edozein izanda ere, kalearen eta inguruaren izen ofiziala Txaltxazelai izateak ez dauka, nik uste, ez buru eta ez hankarik, ez dagoelako hori eusteko inongo lekukotasunik ez agiririk. Frankoren diktadura amaitu eta 1977. urtean Eibarko kale-izendegia berritu zenean, euskarazko forma estandar eta jatorrizkoak aurkitzeko ahalegina egin zuen Eibarko Udalak eta esango nuke jatorrizkoetara jotzeko bidean urrunegi joan zirela.

Eibarko berbak euskera batuan

Asier Sarasua 2004/10/22 22:25

Gauza jakiña da mendebaleko euskalkixan berba eitten dogunon artian konplexu linguistikua oso zabalduta dagola. "Guk etxakixagu euskeraz. Tolosakua bai euskera ona!". Holakotxiak entzungo detseguz gure inguruko asko eta askori.

Euskera batuan jarduteko orduan be, jokera hori nabarmena da, eta gure eguneroko berbak be alde batera laga eta kanpotik jasotakuak hartzen doguz. Euskera batuan berbetan edo idazten hastiakin batera, aldaketia automatikua da. amama, gehienbat, jardun, abade... ahaztu, eta berehala hasiko gara amona, batez ere, aritu, apaiz... esaten.

Kanpotik berbak hartziari ez detsat kalterik ikusten, jakina. Aberasgarrixa da eta euskeria indartzeko derrigorrezkua. Baina beti be, guriak ahaztu eta baztartu barik.

Eibarko berbak euskera batuan atalian berba zerrenda bat sartu dot. Zutabe batian, gaur egun euskera batuan nagusitzen diharduen berbia; bestian, gure eguneroko berbetan erabiltzen doguna, eta batuan be aurrekua bezin erabilgarrixa dana.

Zarauzko euskara

Asier Sarasua 2004/10/18 02:00

Orain dala pare bat hilabete esan genduan Zarauzko udalak beka deialdi bat egin zebala, herriko ahozko ondarea eta hizkera (Zarauzko euskara) jasotzeko. Udalak emon dau beran erabagixan barri, eta lantalde bati egokittu jako lan hori eitteko arduria; tartian ni neu. Juan zan astian egin da prentsaurrekua, eta aukeratutako proiektua hasi da lanian.

Bost laguneko lantaldia osatu dogu. Honetxek gara: Belen Maiz eta Miren Zabaleta zarauztar filologuak, Zarautzen bizi dan Fernando Muniozguren eibartarra, Aintzane Agirrebeña filologua eta ni neu. Jaiotzez, bizitzaz eta hizkeraz eibartar izan arren, amona zarauztarra dakatena. Bertako euskeria be etxekua dakat, hortaz. Urtebete emon deskue Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko; ia zelan urtetzen daben. Gogua eta indarra, behintzat, ez jaku faltako. Blog honetan bertan be emongo dogu ikerketa horren barri.

Diario Vascotik hartu dogu albistia:

Zarauzko euskarari buruzko ikerketa dagoeneko martxan da. Udalak beka-deialdia otsailean egin zuen eta epaimahaiak aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, ikerketa lana Belen Maiz, Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Fernando Muniozguren eta Aintzane Agirrebeñak osatutako taldeari esleitzea erabaki du.

Epaimahaia, Udaleko euskera batzordeburua eta teknikariaz gain, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Jesus Mari Makazagak osatu dute, azken bi hauek Euskal Filologiako irakasle eta honelako lanetan adituak direnak. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du talde honek aurkeztutako proposamenaren aurrean, proiektua oso egokitzat joaz eta taldea eskarmendtu handikoa dela aipatuz.

Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, ikerketa lana euskaraz egingo da eta originala izan beharko du, bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanik. Lana egiteko, 12 hilabeteko epea izango dute ikerketa burutzeko.

Lanaren edukiari dagokionez, Zarauzko ahozko euskara, aditza (hitanoa barne), deklinabidea, fonetika, hiztegia, esamoldeak eta esaera zaharrak jaso beharko dira gutxienez eta bertako euskaraz idatzitako testu edo dokumentuen inbentarioa edo zerrenda ere egin beharko da.

Beste herri batzuetan antzerako lanak egin izan dira, "baina guk lan sendo bat nahi dugu burutu. Arro eta gustora gaude zein taldeei eman zaion beka", adierazi zuen Imanol Lasak, Euskara departamenduko zinegotziak, pasa den ostiralean, taldearen aurkezpenean.

Ekitaldi berean taldeko partaideek lanaren metodologia eman zuten ezagutzera. Belen Maiz-ek jakitera eman zuenez, proiektuaren helburu eta asmo nagusiak Zarautz inguruko ahozko ondarea jasotzea, galzorian dagoen ondorea jasotzea izango da. "Hizkerari eta baita kultur ondareari dagokionez, Zarautzen aldaketa asko eman dira alderdi linguistikotik eta baita alderdi etnologikotik. Generazio berriek oso gutxi dakite gure aitona-amonen bizitzaz, hizkeraz... Jendeak erabiltzeko lan bat egingo dugu, ez armarioan gordeta edukitzeko".

Metodologiari dagokionez, lau urratsetan banatuko dutela lana adierazi zuen Asier Serranok. Aurrelan moduan, orainarte egindakoa jaso. Horrekin batera, bibliografia aztertu eta galdetegi bat osatu. Dena den, garrantzi-tsuena kontaktoak egitea izango zaie. "Aukeraketa egokia egitea funtzeskoa zaigu. Gure asmoa 100 zarauztar ingururekin hitzegitea litzateke", aurreratu zuen irakasle honek. Elkarrizketetan aspaldiko kontuak eta bertako euskera jaso eta ondoren hori katalogatu, sailkatu, digitalizatu eta azken finean jasotako guztia nolabait antolatzea eta jendeari ezagutaraztea izango dute helburu. "Gure asmoa ez da publikazio huts bat egitea, jaso eta modu antolatu batean uztea, erabiliera emateko".

Muniozguren-ek, Udalari eskerrak eman zizkion eta aldi berean deia luzatu zuen, alegia, herrian norbaitek ekarpenen bat egiteko gai dela ikusten badu. Garbi dagoena zera da, honelako azterketa lanak orain egin behar direla. Hemendik urte batzuetara berandu izan daiteke.

Azpeitiko haur hizkera

Asier Sarasua 2004/09/22 14:10

Azpeittiko Baite euskera elkartiak herriko haur-hizkera jasotzeko lantxo bat egin dau. Berbak batu ez ezik, Interneten be ipini dittu, danon eskura.

Helbide honetan dago, Uztarria.com webgunian

Berba batzuk Azpeitti ingurukuak bertakuak dira, baina gehixenak Eibarren be erabiltzen diranak.

Bertatik etaratako informaziño piskat:

-----------

Baite Euskara Elkarteak 2003an haurrei zuzenduriko ekimena aurrera eramatea erabaki zuen. Arrazoia, haur hizkera euskaraz galtzen ari ote zen beldurra izan zen.

Haurrei euskaraz nola hitz egin izan den jaso eta hiztegitxoa osatu zuen. Hiztegia bi zatitan atera zen Baite aldizkarian. Honela zioen orduan Baite-k:

"Zeini ez ote diote txikitan "lolo" esan?, edo "pupua"?... Hala ere, badirudi haur hizkera euskaraz galtzen ari dela. Hori dela eta, Baite Euskara Elkarteak hitz batzuk bildu ditu, eta aldizkarian argitaratu".

Orain uztarriaren webgunean jarri dira edonork eskura izan dezan.

------------

Aitta besuetakuak eta puntakuak

Asier Sarasua 2004/09/02 22:45

Horra hor dantzan dabizen beste berba bi: aittabesuetako (amabesuetako) eta aittapuntako (amapuntako).

Eibarren aittabesuetakua eta amabesuetakua dira formarik normalenak. Jende gehixenak horretxek erabiltzen dittu. Toribio Etxebarriak be ez daka besterik beran hiztegixan.

Halan da be, aittapuntako eta amapuntako be erabiltzen dira. Aitaponteko jatorriz, baina aittapuntako ahoz.

Eibar eta Debabarrena ingurukuak baino, Debagoienekuak dira gehixago horrek berbok, Soraluzetik hasi eta Gatzaga eta Oñatiraiño horixe besterik ez darabixelako. Badirudi Goierri inguruan be horixe darabixela.

Berbak ez dake mugarik, eta Soraluzetik Eibarrera bidia jarraittu besterik ez dauke.

Etzin, etzan ala etzun?

Asier Sarasua 2004/09/01 15:15

Oier Gorosabelek Eibartarrak zerrendan egindako galdera baten ostian, berba horren inguruko mezu trukia euki genduan posta-zerrenda horretan bertan.

Etzin esaten da Eibarren? ala etzan? eta etzun?

Ba, Eibarren hirurak esaten dira. Etzin da formarik arruntena, seguru asko. Toribio Etxebarriak horixe darabil (horixe bakarrik), eta gaur egun be, seguru asko, gehixen horixe entzungo da.

Etzan be normala da. Inguruko herrixetan be erabiltzen da, Debabarrena osuan, esate baterako, (Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Mutriku...) eta Eibarren be asko erabiltzen da, bai aditz moduan, bai beste izen batzuk sortzeko (etzangarrixa, etzanaldixa...).

Eta etzun gitxiago erabiltzen dan arren, basarrittarren inguruan eta gehixenbat Agiñaga inguruan erabiltzen da. Mogelek be horixe darabil.

Horretara, hiru aldaerak erabiltzen dira Eibarren: etzin, etzan eta etzun.

Seguru asko hiru aldaeren erabilera-esparruen erdixan dagolako Eibar. Debagoienan etzin darabixe, Debabarrenan etzan, eta Bizkai alderutz etzun.

Hamentxe Oierren lehenengo mezua
Nere lehenengo komentarixua
Amatiñoren mezu bat
Eta azkenengo mezua

Bigotedun txinbuak kumak egin dittu leihopian

Asier Sarasua 2004/07/28 13:40

muscicapa.jpg Urtero moduan, aurten be habixia ipini desku bigotedun txinbuak leihopian. Hamar urte izango dira honezkero. Pentsatzen dot ez dala urtero bikote bardiña izango, baiña urtero-urtero, maiatza inguruan hantxe agertzen dira gure etxostian dagon basora. Hantxe ibiltzen dira, gora-ta-behera, parian dabizen euli, eltxo eta mitxeleta guztien atzetik.

muscicapa_01.jpg Goiko erretratua orain dala pare bat urtekua da. Orduan 3 kuma etara zittuen; aurtenguan be, 3 bai gitxienez. Hantxe dabiz gaur be kurriska batian; bigotedun txinbuak ixiltzia ez da erreza gero!

Izen zientifikua Muscicapa striata; euskera baturako eulitxori grisa aukeratu da. Baina Eibarko izena polittagua begittantzen jata: bigotedun txinbua. Moko azpixan dakazen lumatxo fin batzuengaittik ipinittako izena.

Egunuak

Asier Sarasua 2004/07/17 02:00

egunuak.jpg Eibarko agiri zaharrak begiratzen, sarrittan topauko dogu eguno berbia. Euno, heuno, eguno... bizpahiru formatan agertzen da agiri zaharretan. Garixa ereintzeko erabiltzen ziran herri-lurrak ziran. Erdi-aroko kontu ezezaguna dirudi, baina berbiak bizirik dirau toponimo moduan. Santa Kurutz eta Itturrua basarrixen arteko zelaixeri, oindiokan be, egunuak esaten jakue, garixa oin dala 40 urte inguru kendu eta zelai bihurtuta. Berba berezixa, Eibarko agirixetan bakarrik agertzen dana; ez hiztegixetan, ez beste iñungo agirixetan.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz