Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Candido Eguren Zabarte "Oka Txiki"

Candido Eguren Zabarte "Oka Txiki"

Asier Sarasua 2004/11/25 21:34

Gaur, azaruan 25ian, 98 urte beteko leukez Candido Egurenek. Candido Eguren Zabarte (1906-2002) Oka Txiki. Nere aitxitxak esaten zeban moduan, Oka Txiki gizon haundi. Fenomenua zan Candido. Nik 92 urte zekazela ezagutu neban, erdi-itsututa zeguala, eta halan da be, bakarrik bizi zan, eta ederto moldatzen zan. Zenbat ikasi neban berakin!

Hamaika arratsalde pasau nittuan berakin barriketan, eta ezin dot kontau zelako gustora egoten nitzan berakin berbetan eta zenbat ikasi neban. Ixa eskolarik euki ez arren, txikittatik mordua irakorrittakua, kultura haundikua, buru zoragarrixa; entziklopedixa bat zan Candido. Eta pertsona jatorra, zuzena, argixa, umore fiñekua...

txiribiri.jpg

Txiri-Biri futbol taldea. Baloi gainean jarrita Candido Eguren (1922 inguruan)

Antxinako Eibar zelakua zan jakin nahi baneban, edozer gauza zelan izaten zan ezagutu gura baneban, hantxe zeguan Candido. Candido, noiz hasi zan foballa Eibarren? Candido, zelakua zan biharginen egoeria gerra aurrian? Candido, zelakuak ziran Sanjuanak? Candido... Edozer gauza galdetu, eta hantxe zeguan Candido erantzutzeko prest. Izugarrixa beran burua, izugarrixa kontatzeko erreztasuna, eta izugarrixa gai bat hartu eta horren inguruko informaziñua zihetz emoteko zeukan kapazidadia. Eta 92 urtekin.

Candido Eguren (1906-2002) eta Antonio Sarasua (1912-2002)

Gaur 98 urte beteko leukez, eta beran berba batzuk ekarri nahi dittut hona. 30 ordu grabatu arren, gitxi dakat transkribiduta, penia, baina hamentxe zatitxo batzuk. Kontuan euki dana ahoz jasotakua dala, Candido beraren berbak:

Sozialismoa zelan hasi zan

Basarrittarrak beran bizimodu aparteko bat badau. Bera bakarrik bizi da: bera eta zerua eta lurra. Basarrittarra. Baiña gizonak, bihargiñak, alkar ikusten ziran: bata fraka barik eta beste bat kaltzetin barik eta beste bat zapatarik barik edo txamarra barik. Danak falta zeben; zeozer nahi zeben gizonak ziran. Eta alkar… danak juntauta zeozer eiñ. Ezta? Hartzen dozu madal bat, hartzen dozu madal txiki bat, hartzen dozu eta ha bizkor apurtuko dozu. Baiña madal mordo bat juntatzen badittuzu eitten da forma bat ezin dozuna apurtu: danak juntauta gehixago gara bakarrik juanda baiño. Berezkua da, herri baten, jente asko juntatzen dan lekuan, sozialismua etortzia! Basarrittarrak ez dau euki… gaizki bizi izan dira basarrixan mordo bat! Ez dira basarrixan danak ondo bizi… Baiña harek bakarrik ziran; bakartadia zeuken; esaten dotena, zerua, lurra eta bera, beran famelixia. Eta, en cambio, kalian, alkar ikusten gara: eta ez bakarrik bat eta bi, zientuak edo millaka. Aberatsak eta pobriak; batzuk dirua gastatzen mara-mara esaten dana eta beste batzuek zentimo barik. Eta horrek kontradiziñuok jente asko dagon lekuan, herri baten, agertzen dira, ez basarrixan.

Eibartxarrak - Eibartar liberalak

Liberalak ez ziranak, karlistak, Eibarri fama txarra emon zetsen. Eske eze Eibar zan punto bat Donostiagaz, Bilbogaz eta Irunegaz, ziran ez ziranak karlistak; liberalak. Eibarrek ez zetsan emon laguntasunik karlismuari. Eta horrek ekin zetsen eibartarrak gaiztuak giñala, madarikatuak giñala, “Eibartxarrak”. Eta esango detsut: bat, nere aitta besuetakua, Elorrixoarra, ez dakitt kabua ala sargentua izan zan karlistegaz; eta harek, ni bautizau ninduanian, despedidia izaterakuan, “ai, ume. Ze leku txarretan lagatzen haut”.

Eibarko euskeria

Harek guk euskeraz gaizki eitten genduala, hil eitten genduala Eibarko euskeriagaz euskera benetakua. Enkanbio lehengo egunian esan netsun, Gabriel Manterolak zelan esan zestan ez lotsatzeko, Eibarko euskeria erabiltzeko gure ahuan. Eibarko euskeriak gauza eder batzuek, jiro batzuek eta hitz batzuek dakazela beste iñungo lekutan ez dagozen modokuak; eta ez lotsatzeko Eibarko euskeria eitten.

Kura laikua

Aurretik egon zan beran aitta, Marcelino, kura laikua esaten etsena; lehelengo entierruetan eta hitz batzuek eitten zittuana. Aitta izan zan ekin zetsana. Gero Benignok hartu zeban haren zera, hori posiziñuori. Agertu zan Benigno momentu baten, diktaduran. Eta orduan harek esaten zittuan hitzak eta, entierruetan… Esango detsut neri pasau jatana: Franzian neguan ni eta anai bat hil jatan; etorri nitzan eta entiarro bat egon zan. Prietona uste dot zala, Julian Prieto. Haren entierrua laikua izan zan, eta ein eban hitz Benignok. Eta orduan egunian ikusi nittuan Ospittaleko abadia eta monjak entiarro zibillera juaten. Eta entzun nittuan Benignon hitzak: diktaduriaren kontra eta, sobre todo, contra la burgesia vasca. Ni juan nintzan Benignon etxera eta esan netsan: “Hi, Benigno, Franzian hastera najoiak atzera, eta emongo destak kopixa bat ein dittuan hitzena?”. Eta emon estan kopixa bat. Juan nintzan Franziara eta han nere laguneri esan netsen: “Hauxe eta hauxe ikusi juat: entierro zibil baten abade bat eta monja bi. Eta gure lagunak, Benignok, honetxek hitzok ein jittuan”. Ez esten siñisten! Ezin leikiala izan hori! Esan netsen: “Mutillak, neuk ikusittakua dok hori. Neuk ikusi juat eta neuk entzun jittuat horrek hitzok, asike ez dittuk ipuiñak. Eibarren holantxe gauzak pasatzen dittuk. Ez jakixat beste leku batzuetan, baiña Eibarren holantxe pasau dittuk”.

Sukalde popularrak

Cocinas populares! hori agertu zan “katorzian”, gerria etorri zanian. Erdi edo hiru laren behintzat, geldittu ziran lanik barik Eibarren. Fronteria itxi ebanian Franziak ez zoian grabaurik, damaskinaurik, Franziarutz eta armarik bez. Eta geldittu zan lanik barik Eibar. Danak kalian edo gehixenak behintzat. Eta gose galantak pasau ziran. Orduan pentsau zan horrek sukaldiok ipintzia. Eta sozialistak hiru eguazen orduan Ayuntamientuan, hiru bai behintzat: Bernedo, Amuategi, Urrejola. Eta horrek pentsau eben horixe sukalde popularrori ipintzia. Eta han, hutsa diruagaittik, bai bazkarixa eta bai afarixa lapikukadaka saltzen zan, merke-merke, danendako. Ez zan bakarrik ha biharra ez eukenendako; eske eze herri guztiandako zan. Eta batzuek, aberatsak be, irakustiarren eurak be herrixan dagozela erosten eben hori jatekuori. Hori bi aldiz pasau da: bat hortxe egunotan, eta gero mil novecientos veintian, huelgia egon zanian, bardiña ein zan; orduan be cocina popular ipini zan, eta lanik ez eukanak horixe rantxuori jaten eban hutsa diruagaz. Jateko onak, e!

etiketak: eibartarrak
Serafin Basauri
Serafin Basauri dio:
2006/06/05 18:50

Oso egoki datuaz hire blogian Oka Txikirenak. Benetan persona maitagarrixa zuan.

Serafin

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz