Zibili-zabulua
Zibili-zabulua, zinbili-zaublia, ziburi-zaburua, zabulua... Hamaika aldaera daukaz berba honek gure herrixan. Jende nagusixak ondo ezagutzen dau, eta baitta natural-natural erabili be. Sasoi batian normalak ziran zibili-zabuluak basarri ataixetan; gaur egun ugarixak edozein parketan. Kolunpixua esaten dozula? Ba, bada ordua euskerazko berbia erabiltzen hasteko, ez dozu uste?
Bilixak, Aratak eta Paittak
Eibarren gaztelerazko "pato" esateko hiru berba darabiguz: bilixa, paittia eta aratia. Euren artian, baina, badago alderik. Basarrikuak bilixak dira; pasekuak aratak, eta paittak... ba, danetik piskat. Arata /aratia:
Euskal Herri osoko berbia. Ekialderutz juanda, ate edo ahate entzungo dogu; gure inguruan eta Bizkaixan ahata edo antzeko formaren bat. Eibarren beti amaierako -a horrekin, baina hiru aldaera daukaz: ahata, arata eta agata. Esango neuke bigarren formia dala normalena. Hirugarrena Soraluze aldekua da gehixago.
Ahatak, normalian, errekakuak dira, edo pasian datozenak. Basarrikuak normalian, bilixak.
Paitta / paittia:
Berba hau Mendebalde guztian erabiltzen da (paitta, paitu, pato, patta...). Eibarren ez da larregi erabiltzen, eta gehixenbat basarriko ahatak izendatzeko erabiltzen da.
Bili / Bilixa:
Eibarren basarriko edo etxeko ahatak bilixak dira. Inguruko herrixetan (Soraluzen eta Ermuan) ezagutzen dabe berbia, baina ez dabe erabiltzen: "eibartarren berbia dok hori".
Ume-berbetan be erabiltzen da: "nun dago bili-bili?". Eta basarrixetan, bilixak erakartzeko (jaten emoteko, esate baterako), orduan be bili-bili-bili... esaten jakue. Oillueri purra-purra-purra... esaten jakuen moduan, bilixeri bili-bili-bili...
Eibartik kanpo ez dot sekula entzun. Entzunda dakat Bizkaiko kostaldian antzarkumeri bilidxo esaten detsela, baina bertan galdetu eta ez dot erantzunik jaso.
Arando
Arando Agiñaballian dago, Agiñagako elixatik gora igota. Usartza ingurutik pare-parian ikusten da, Urko magalian. Arando urrin egon da beti. Agiñatik aparte, eta Eibartik... zeresanik ez. Gaur egun be, porlanezko biderik ez dakan auzune bakarra da Eibarren.
Antxiñakua da Arando basarrixa; XV. gizaldirako tente zeguan. Gaur egun 5 basarriko auzunia da: Arandoguena, Arandoaurtena, Arandobarrena, Arando Etxebarri eta Arando Itturralde. Izenetan be berezixa da Arando. Azken gizaldixetan, izen bereko basarrixak bereizteko orduan, gaiñekua-azpikua, goikua-behekua, hametikua-handikua... erabili izan dira. Arandoko basarrixetan, baina, bizirik dago lehenagoko izendapena: Guena, Aurtena eta Barrena.
Inguru politta da. Tokirik gehixenetan moduan, han be gero eta piñu gehixago, baina oindiokan leku ederra eta lasaixa. Bertara heltzeko, Agiñagara juan, eta handik gora jarraittu. Autoz igo leike, baiña oinez hobeto. 10 minutu besterik ez dira.
-au- diptongodun berba batzuk Eibarren
Horixe da euskeraz diptongorik ugarixena, -au-. Makiña bat berbatan topauko dogu: arraunka, laurogei, aharrausi, simaur... Halandabe, normala da monoptongatzia; hainbat euskalki eta hizkeratan bilauko doguz horren adibidiak. Eibarren be horixe gertatzen da, eta -au- diptongodun berba gehixenetan, diptongo hori desagertu eitten da. Normalian errezago gertatzen da laburdura edo monoptongaziño hori hasierako silaban: berba hasieran monoptongatutako formak ziharo lexikalizatu dira:
aurpegi --- arpegi
laurogei --- larogei
laurden --- laren
auntzume --- antxume
jaungoiko --- jangoiko
Diptongua berba erdixan edo amaieran bada, forma bixak (diptongodun formia zein monoptongatutakua) entzutzen dira Eibarren:
arraunka --- arronka
umau --- umotu
arpauso --- arposo
arrausin(ka) --- arrosin(ka)
intxaur --- intxor
simaur --- simor
siraun --- siron
Diptongua berba amaieran dauken berbetan, forma osua gehixago entzutzen dala esango neuke. Berba batzuetan, gaiñera, eta beste herri batzuetako jokerian kontra, ez dago monoptongaziñorik, esate baterako: zamau, bakillau...
Monoptongaziñorako jokera hori, lexikuan ez eze, forma gramatikalizatuetan be arrunta da. Mitxelenari kaso eitten badetsagu, "mucho más a menudo en formas gramaticalizadas, no sólo a causa de la frecuencia de su empleo, sino también por la debilidad del acento" (Fonética histórica vasca, 1990).
Eibarren adizki multzo bittan topauko dogu sinplifikatze hori. Gehixenbat, eduki aditzan orain aldiko formetan (daukat=dakat; jaukat=jakat; dauk(at)e=dake...). Bestetik, nor-nori-nork serieko orainaldiko forma gitxi batzuetan (nauzu / nazu, nozu).