Urte barrirako asmo barrixa: astian liburutxo bat
Urtebarri, asmo barri. Ez dakit horrenbesterako izango ete dan, baina jende (normal) guztiak moduan, nik neuk be egin dot urte barrixan egin/aldatu biharreko kontuen zerrendia. Beste blogari batzuen ideia be hartu dot (honena, edo honena) astian liburu bat irakortzen ahalegintzia. Askotxo da. Neretzat bai behintzat, baina ahaleginduko naiz igez baino gehitxuago irakortzen. Ez edozer eta edozein modutan irakortzen, baina bai gehitxuago. Tarte hutsetan telebisiño eta Internet gitxiago (barkatuko desta Arrateko Amak), eta irakorketa gehixago.
Gustau egin jata Estebanek zelan aurkeztu daben beran zer hori:
Esta tarde me he acordado de un post sobre alcanzar los 50 libros leídos en un año, y que algún blogger más intenta, eso sí con algunas reglas que me aplico:
- Leer libros de más de 100 páginas
- No vale leer por leer
- Cualquier género es válido
- Una vez terminado el libro, hacer una reseña sobre el mismo
No lo considero como un reto o concurso, sino como potenciar más aún una de mis aficiones que más me gustan, la lectura. Sobre la última regla, prometo ir dejando una reseña de todos los libros leídos una vez terminados.
Ez dakit nik neuk azkenengo puntu hori beteko doten, baina urte barrixa ointxe hasi danez, baietz esango dot. Gero gerokuak.
Eta hasteko, esku artian dakaten zerrendatxua:
- 101. street-eko geltokia (Iñaki Zabaleta)
- Estudio estructural del euskera en Ondarroa (Karmele Rotaetxe, 1978)
- Itzalak (Iban Zaldua, 2004)
- La noche del Oráculo (Paul Auster)
Urtebarri eguna ez da egun txarra...
Urtebarri on danori!
Urte barrixa hasteko, aspaldiko kantu bi. Musikia jakitzeko, Eibar Kantuz Kantu liburuan.
Urtebarri eguna
ez da egun txarra
kortara jausi jaku
gure sapai zaharra.
Urtebarri barri
txarri belarri
dakanak ez dakanari
zagixa bete madari!
2005a izan deila aurrekua baino hobia.
Gora gure antxobillak!
Urtero kontu berbera. Hainbat herrialdetako zientzilari eta teknikariak elkartzen dira. Urtean zehar hamaika ikerketa egin dituzte, milaka datu batu dituzte, eta horien arabera erabakitzen dute ea zein den gure itsasoaren egoera. Edo hobeto esanda, ea zenbat arrain dagoen itsasoan eta zenbat jaso dezakegun, betiere hurrengo urteetan ere martxa berdinean jarraitu ahal izateko.
Gero politikoak elkartzen dira. Zientzilarien datuak hartzen dituzte, komuneko zulotik behera bota, eta nahi dutena erabakitzen dute. Une politikoak agintzen dietena, alboko estatuarekin izandako sal-erosketan adostutako, edo ez-dakit-zein gizarte esparruren haserrea baretzeko balio duena.
Oraingoan antxoa izan da. Batzuek 85 esan; politikoek 9 erabaki. Eta denok poz-pozik etxera.
Datorren urtean berriro gerra.
Baina lasai, gaiztoak frantsesak dira. Edo norvegiarrak. Edo marokoarrak... Eta bestela beti izango da Espainiako ministroren baten errua.
Gora gu eta gure antxobillak!
Gogorrak dira giputxak geró!
Atzo euskal telebistako esatari batek: "eskubian zegoena...". Gogorrak dira giputxak geró! Lau berba besterik ez dittue ikasi bihar baturako, eta ezin... Eskubi, laister, bezela, gera...
Beste batzuk aditz-sistemia goittik behera barriztu dogu, ehundaka berba barri sartu dittugu kaskezurrian, beste horrenbeste aldaera baztartu... eta ez gara ba larregi kejau. (Edo bai).
Hau guztiau, jakiña, maittasun osoz diñotset. Azken baten, behin baino gehixagotan aittatu dot, gipuzkoarrak dirala euren euskalkixa galtzeko arrisku haundixena daukenak. Hain dago hurrian batutik eze, konturau barik euren berbetia galduko dabela.
Bizkaittar, napar eta iparraldekuok askoz garbixago daukagu zein da etxeko erregistrua, eta zein estandarra. Batuaren eragina izugarrixa da, baina eutsiko detsagu guriari. Giputxak, ostera, belaunaldi bakar batian asko galdu dabe, eta txarrena: konturatu barik.
harañegun antxitxi(k)
» HARAÑE(G)UN ANTXITXIK [herenegun antxiti] (Adb.) anteanteayer; día antes de anteayer.
Harañegun antxitxik hil jakue senide bat, eta gaur arte ez dabe jakiñ ezer. / El día antes de anteayer se les murió un pariente, y no lo han sabido hasta hoy.
Toribio Etxebarriaren Lexicon del euskera dialectal de Eibar hiztegitik (online bertsioa).
Eibar. Fonetika. F (eta P)
Asko idatzi izan da /f/ kontsonanteak euskaraz izan duen jatorriaz eta bilakaeraz. Badirudi ez dela jatorriz euskararen soinu-artxiboko fonema (Michelena, 1990). Horrek ez du esan nahi, baina, beste hainbatetan adierazi den moduan, euskaldunek ezinezko izan dutela soinu hori ahoskatzea. Hementxe Eibarren non eta noiz erabiltzen den, eta izan dituen bilakaerak.
F-ren ordez p erabiltzea, batez ere Gipuzkoa inguruko berrikuntza dirudi gehiago. Iturainek (1995) eta Frailek (1996) hainbat adibide ematen dizkigute Oriorako eta Oiartzunerako, askotan gaztelerazkoak ere bai. Berrikuntza hori, neurri batean Eibarrera ere iritsi zen, eta lekuko batzuek herskaria /p/ darabilte igurzkariaren ordez: apesiño, palta, Pelipe, pamelixa, paillo... Hala ere, normalean ez dago frikaria esateko zailtasunik eta f-dun formak arruntak dira, bai hitz hasieran (ferixa, frontoi, fiña, fenomenua...), zein hitz barruan (afaldu, afisiñua...). Hori bai, badira p-z bakarrik entzungo ditugun zenbait forma: alper, alperriko, alpapa, Naparrua, Pantxika, perratokixa...
Eibarren, gainera, inguruko beste hizkera batzuetan moduan, f-ren aldeko joera beste ingurune batzuetan ere aurkituko dugu:
p/f txandakatzea
Eibarko euskaran jatorriz /f/-dun formak gorde ez ezik, jatorriz /p/-dunak diren batzuk ere /f/-dun bilakatzen dira, eta alderantziz. Txandakatzea hitz askotxotan aurkituko dugu.
Adibide batzuk ipintze aldera:
ipini / ifini
arpan / arfan
prejidu / frejidu
ipar / ifar
pandero / fandero
plater / flater
pabonau / fabonau
prixku / frixku
prakak / frakak
priztixa / fristixa
Oro har, Eibarren gehiago entzuten dira /p/-dun formak, baina /f/-dunak ere maiz entzuten dira hiztun nagusienen ahotan. Frakak, frixkua eta fristixa kasuetan arruntagoak ere badira, agian /pr/ multzoa ahoskatzeko zailtasuna handiagoa delako.
Eibarren auzo batetik bestera alde gutxi dagoen arren, aipagarria da f-dun formak askoz ugariagoak direla Otaola-Kiñarraga auzoko hiztunetan. Bertatik igarotzen zen Eibar-Elgeta-Bergara-Arrasate errepide zaharra, eta Debagoienarekin hartu-eman handiagoa izan dute inguruko baserritarrek; inguru horietako baserritarrekin ezkontzak ere arruntak izan dira, eta horrek eragin txiki bat sortu du hizkeran. Fan, fuen (joan) formak ere inguru horretan entzuten dira gehienbat. Hala ere, Ermuan ere jaso dugu horren aztarrenen bat.
Amatiñok berba batzuen jatorrixaz "ikastarua"
Oier Gorosabelek berba batzuen jatorrixaz galdetu, eta Amatiñok erantzun. Eibartarrak zerrendan izan da. Hamentxe laburpena:
ANTZINA
Latinezko "ante"tik omen dator: Italieraz, anzi; frantses zaharrez, ainz; okzitanoz eta katalanez, ans; galegoz eta portugaleraz, anciao; eta euskeraz, aintzin. Espainerazko "anciano" ere hortik dator, oso aspaldidanik.
EDO - ETA
EDO (O) eta ETA (Y), biak datoz latinetik. Lehenengoaren jatorria AUT da, eta bigarrenarena ET. Frantsesez oraindik ere ET da eta, gezurra dirudien arren, gaztelaniazko itxuraldaketa: ET-EI-I.
ERREKA
Hainbat dira latinetik datozen hitzak, erabat euskaldunak ematen duten arren. Esate baterako, nik uste nuen ERREKA guztiz euskalduna zela baina REGAR (ERREGAR) eta REGATAren senide da.
BEGIRATU
Eta, harrigarriagoa dena, Koldo Mitxelenari noizbait irakurri izan diodanez (orain ez dakit baina behar izatekotan aurkituko nuke, gai honetaz bere bizpahiru liburu baino ez baitaukat) BEGIRATU latinetik omen dator. Edonor esango luke begi bistakoa dela euskal jatorria, BEGI-RA-TU, euskara hutsa alegia. Ba ez, latinezko VIGILAREtik omen dator. Hau da BEILA-TU (gau beila) eta BEGIRATU jatorri berekoak dira.
LAGA
Sustraia LAXUS (laxo, nasai) da. Lehena aditza, latinez, LAXARE. Eta gaztelera zaharrean LEXAR, XIII menderarte. Handi aurrera DEXAR eta, azkenik, DEJAR. Okzitanoz LAISSAR, frantsesez LAISSER eta italieraz LASCIARE.
1956ko Eibarko Bizikletaren pelikula eraberrituta
Abenduaren 28an, arratsaldeko 7,30etan, Portalean, Euskal Bizikletak Eibarko udalari 1996an eman eta Ego Ibarra Batzordeak aurten zaharberritu duen V. Bicicleta Eibarresa 16 mmko pelikula aurkeztuko da. Xabier Usabiaga kazetariak aurkeztuko du.
Pelikula 1956koa da, 34 minutu ditu eta urte hartako edizioko bost etapak daude jasota.
Sailkapen nagusia hauxe izan zen: irabazle nagusia eta mendiko sailkapenarena, Jesus Loroño; bigarrena, Jesus Galdeano, eta hirugarrena, Miguel Bover.
Toribio Etxebarria, "Viaje por el país de los recuerdos"
Laster kaleratuko da Toribio Etxebarriaren Viaje por el país de los recuerdos liburuaren 3. argitarapena. Orijinala 1968xan kaleratu zan Mexikon, Toribio hil eta gitxira; bigarrena Eibarko udalak kaleratu zeban 1990ian, Juan San Martinen hitzaurriakin.
Aurreko ediziño bixak agortuta dagoz, eta 2005. urte hasierarako kalian egongo da hirugarren ediziñua. Argitarapen barri horretarako hitzaurre labur bat egin dot: Toribioren bibliografixian bildumatxua, eta biografixa motza.
Orain dala 6-8 urte irakorriko neban liburu hori, eta harrezkero beste birrittan irakorri dot. Larregi esatia izango da, baina beti pentsau izan dot, liburu hori derrigor irakorri biharko zebela Eibarko bigarren hezkuntzako ikasliak. Liburu hori barriro liburudendetan egotia pozgarrixa da benetan. Etxebarria bere gaztaroko ipuin eta kontakizunak batzen ahalegindu zan, beste inongo helburu barik, baina 1890 eta 1940 bittarteko Eibarko historixia, bizimodua eta ohitturak ezagutzeko liburu aparta eskindu zeskuan. Anekdota hutsetik hasi, baina benetako historia lokala egin zeban idazliak.
Harañegun arratsaldian deittu zesten Correotik: "oye! el libro ese de Toribio Echevarría que vais a sacar... te queríamos sacar una foto... con la primera edición del libro...". Julio Calleja ahalegindu da, baina nerekin jai dauka; ezin danian ezin da, eta argazkixak, naturaltasuna eta ni neu, gatxa alkarrekin ondo konpontzia.
Gaur dakar notizia El Correo egunkarixak.
Durangoko azokako osteratxoa eginda
Urteroko osteratxua egin dot aurten be. Badagoz urtero-urtero bete biharreko rito sakratu batzuk: sanblasak ein, Arrate egunian sagardaua edan, sanandresetan talua jan... eta Durangoko azokan sartu-urten bat egin.
Aurtenguan inoiz baino lehenago egin dot: lehelengo egunian bertan. Gustora egoten zan. Jendetxua bai, giro politta, baina beste egun eta urte batzuetako bultzakada eta zoramenik ez.
Lehelengo Badihardugu euskara elkartearen mahaixan egon naiz. 13:00-15:30 bittartian. Txandarik errezena; suertia euki dot. Liburu batzuk saldu, eta gero erostera.
Durangoko generua
Aurten pozik etorri naiz. Gastautako dirua eta jasotako materixala ikusitta... erosketa ona. Abadiñoko lexikoaz Gaminde eta Saltarain, Urdazubi eta Zugarramurdiko euskara Estibalitz Montoya, Lino-beharrak eta Dimako emakumeak, Urdaibai, uretako hegaztien gidaliburua Hidalgo eta Villar, eta Euskaria show Antxon Narbaiza.
Bai, ez dira best-sellerrak, baina nik Durangon holako liburuak erosten dittut beti. Merkiak eta normalian liburutegixetan topatzen ez diranak. Literaturia urtian zihar erosten dot (erosten dotenian).
Itzalak, Iban Zaldua
Ustez erosketia amaittuta, eta kotxera bidian nindoiala, hantxe ikusi dot Iban Zalduaren azkenengo liburua: Itzalak. Gustau eitten jata Zalduak zelan idazten daben. Literaturarik ez dot erosten Durangon, baina atzeko azala irakortzen hasi naiz...
"Ohetik jaiki bezain pronto kontatu nahi izan zidan. Ba al dakizu zer amets egin dudan bart? Abandonatzen ninduzula; beste emakume batekin elkartzen zinela. Ez nuen ezaguntzen, baina jakin badakit ni baino gazteagoa zela. Umeak zurekin gelditzen ziren, noski, eta, ondorioz, etxetik alde egin behar zuena neu nintzen. Pisu konpartitu batera joan nintzen bizitzera. Irribarre egin nuen, zer bestela: beti egin dit grazia Arantzaren amesgaiztoen zehaztasunak; ni ez naiz sekula akordatzen neureez..."
Eta erosi egin dot.
Ipuinan amaieria jakitzeko, Itzalak.