Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Eibarren antxitxiketalari gutxi

Eibarren antxitxiketalari gutxi

Asier Sarasua 2005/01/06 00:01

"Eibarren korrikalari gutxi zegok". Holaxe esan digu gaur gure lankide Josu Azpillagak. Bera azpeitiarra da, eta artikulu bat atera du Uztarria.com webgunean

Horrela hasten da: "Koadrilakoekin hizketan, lehengo batean: "bai, bai, Azpeitiyen inun baino korrika gehiyo eiten eiten dek, seguru natxiok". Datu batzuk begiratuko nituela esan nion, eta konparaketa egingo nuela".

Donostiako maratoiko eta Behobia-Donostia lasterketako datuak aztertu ditu, eta ondorio nagusia: Azpeitian, Zarautzen eta Oñatin antxitxiketalari asko dago; Eibarren, Errenterian eta Pasaian oso gutxi. Hementxe datu guztiak (10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herriak):

Herria eta antxitxiketalariak (º/10000)
Azpeitia: 82,43
Oñati: 60,41
Zarautz: 57,25
Bergara: 55,69
Beasain: 47,9
Tolosa: 47,8
Hernani: 47,39
Hondarribia: 45,64
Donostia: 43,32
Andoain: 41,75
Lasarte-Oria: 41,48
Arrasate: 36,19
Azkoitia: 36,02
Irun: 33,74
Elgoibar: 33,21
Zumarraga: 32,76
Errenteria: 27,91
Eibar: 24,22
Pasaia: 12,11

Zergaitik ote? Arrazoi posible batzuk botatzen ditu Josuk berak:

  • Antxitxiketan egiteko toki aproposa izatea: laua, leku egokiak...
  • Izaeraz, "konpetitzeko" zaletasun gehiago edo gutxiago izatea herriak
  • Herrian beste gauza batzuk egiteko aukera izatea edo ez
  • Pertsonairen baten eragina (Azpeitian Diego Garcia)

Arrazoi asko egon daiteke, jakina, eta uste dut herri bakoitzean arrazoi berezi jakin batzuk ere egongo direla. Baina oinarrizkoa hau dela iruditzen zait: herri bakoitzaren egitura sozio-ekonomikoa.

Lankideek ezetz esan didate, baina nire ustez datuak alde ditut:

Herria Batazbestekoa 0-19 biztanleak 65-100 biztanleak
1 Azpeitia 82,43 20,1 15,6
2 Oñati 60,41 18 18,7
3 Zarautz 57,25 20,4 14,3
4 Bergara 55,69 17,5 19,2
5 Beasain 47,9 18,6 16,3
6 Tolosa 47,8 17,4 19,5
7 Hernani 47,39 18,2 16,3
8 Hondarribia 45,64 18,9 14,6
9 Donostia 43,32 16,9 19,4
10 Andoain 41,75 16,9 15,9
11 Lasarte-Oria 41,48 16,2 13
12 Arrasate 36,19 16,7 17,8
13 Azkoitia 36,02 18,5 19
14 Irun 33,74 18,1 16,8
15 Elgoibar 33,21 15,6 20,6
16 Zumarraga 32,76 16,9 18,6
17 Errenteria 27,91 15,5 16,8
18 Eibar 24,22 14,9 22,4
19 Pasaia 12,11 15,6 20,8

Datu estatistikoak Eustatetik hartu ditut. Ez dira oso-oso erabilgarriak, populazioa hiru talde handitan banatzen duelako, eta tarteko multzoa (20-64 urte bittartekoa) oso zabala delako, baina halandabe, nahikoa nire ustez. Garbi agertzen da 20 urtetik beherakoen eta 65 urtetik gorakoen artean, demaseko aldea dagoela herrien artean.

Herri beharginak eta señoritoen herriak

Zerrendako lehelengo 9 herriak herri ruralak eta turistikoak dira; asko, jauntxo-herriak, señorito askodunak. Gainera, herri gazteak, zahar gutxi eta gazte askodunak. Hiru dira "hain gazte" ez direnak: Oñati, Bergara eta Tolosa. Hain zuzen ere, Gipuzkoako herririk aristokratikoenak, jauntxo-herri historikoak.

Zerrendako azkenengo hamarrak, herri industrialak dira, 1950-1960 inguruan inmigrazio handia eukitakoak, eta normalean zaharragoak. Azkenengo hiruen datuak (Eibar, Errenteria eta Pasaia) oso argigarriak dira.

Azkoitia da salbuespen bakarra, nire teoriaren arabera goi-goian beharko lukeena. Baina Azkoitiarrek, kontra egitearren, edozer gauza. Baita lasterka egiteari uko egin ere.

Beasain ere lekuz kanpo dago, beharbada. Industrial samarra, eta señorito gutxikoa (Xabier Mendigurenek egindako deskribapena), goregi dago nire teoriaren arabera. Baina herri gaztea da (Gipuzkoako 4. gazteena), eta oso inguru rurala daukana.

Beste hainbat faktore ere badaude tartean, jakina, baina pentsatzen dut izaera sozio-ekonomiko horretan dagoela funtsa; arrazoi "extradeportiboak", esaten den moduan.

Hau da, eibartarrak eta errenteriarrak bihargin finak garela, eta zarauztarrak eta azpeitiarrak jiji-jaja-zaleak: jai asko eta lan gutxi.

Herri bakoitzeko biztanleen batazbesteko soldata ere argigarria litzatekeela uste dut, baina ez dut daturik aurkitu.

Eta Eibarren zer?

Ez nau harritu. Eibar hor behe-behean agertzea espero nuen. Eibartarrok oso onak gara kirol-antolatzaile lanetan: Futbol talde indartsua (ez bakarrik orain, baita lehenago ere), eskubaloi taldea, sekulako izena txirrindularitza lasterketak antolatzen (Arrateko igoera, Euskal bizikleta, Valenciaga...), Astelena frontoia (katedrala)... Horretan oso nota ona.

Baina kirolariak gara? Ez. Azken 40 urteotan Eibartik irten den ganorazko futbolari bakarra Pizo Gomez izan da; azkenengo pilotaria Migel Gallastegi izan zen (eta aspaldi jubilatu zen), eta munduko bizikleta guztiak egin dituen herrian ez dugu sekula txirrindulari bakar bat izan.

Eibar Euskal Herriko herririk zaharrena

Behin Eustateko datuak begiratzen hasita, beste herri batzuetako datuak ere begiratu ditut. Ondorioa ez da oso pozgarria izan: Euskal Herriko herririk zaharrena gara. Askogatik, gainera.

Hauek dira 65 urtetik gorako biztanle gehien dituzten herriak (handien artean):

Eibar: 22,4
Bilbo: 21
Pasaia:20,8
Barakaldo: 20,6
Sestao: 19,5

Eta gure mugakideak ere ez dabiltza oso urrun (Ermua izan ezik):
Markina: 21,1
Soraluze: 20,9
Elgoibar: 20,6
Elgeta: 19,7

Lagun batek esan dit: orduan, ondorio nagusia zera da, kirola egitea txarra dela, eta horregatik bizi garela hain luze Eibarren. Ba hori.

etiketak: eibartarrak
eneko
eneko dio:
2005/01/07 17:28

Gaiak eztabaidarako emanten du, behintzat: -)

Iraupenko eskia egitera zihoan lagun batekin topo egin nuen, kirol zalea da, berbetan hasi eta zerrendan atera den gaia hau aipatu nion ...

Lagunak beste esplikazioa bat proposatu zidan: Eibarren agian antxitxiketa gutxiago egingo da, batez ere lekurik ez dagoelako herri urbano eta aldapatxu honetan (Azpeitia, Zarautz, Hondarribi askoz aproposagoak dira), baina beste kirol batzuek egiten dutenen proportzioa handiagoa da .

Esate baterako, iraupenko eskian ratio hori ateraz gero, bere ustez Tolosa eta Eibar izango ziren lehenak. Donostian autobus bat betetzen ez zen bitartean Eibartik bi joaten zirela komentatu zidan.

Beste adibide bat, Eibarren txirrindulari zaletu asko dago, mendiko bizikletan eta karreterakoan dabiltzatenak, proportzioan beste herri batzuetan baino gehiago, bere ustetan.

Eskubaloian gehien jolasten den herriak Irun eta Eibar izango dira seguruenez, Gipuzkoako herri askotan ezagutzen ez den kirola.

Footballeko talde ugari daude, neskak, gazteak, zaletuak, ...

Mendi lizentzien proportzioa oso handia omen da Eibarren ... Deporra da Gipuzkoa osoko lehen edo bigarrena.

eta beste kirol batzuk izango dira seguruenez

Adin egitura egiturak izan dezake eragina ratio horretan, baina Asieren azken teoria horrekin ez geunden ados, kasu honetara ezin zela aplikatu behintzat.

Gainera, antxitxiketan egitea kakatiena dela aipatu zuen hirugarren lagun batek, eta inguruan zebilen laugarren batek antxitxiketan egitea, bizikletan ibiltzea edo eskian egitearekin konparatuz, tresneri gutxi behar denez, pobreen kirola zela, ez jauntxoena :-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz