Euskara ala Lingua Navarrorum?
Barre eta negar pixkat egin genuen joan zen astean albiste honekin, gida-baimen probisionalaren euskarazko testuarekin: "Bailio balio du gidatzeko baimen baliogarria izateko identifikazio agiriren.".
Itzulpen negargarri horren inguruan gauza gutxi daukat esateko, baina bada gida-baimen horretan beste kontu interesgarri bat: euskara, katalana eta galegoaren alboan, balentzianoa ere agertzen dela.
Azken urteotan guda politiko-linguistiko handia egiten dihardute Valentzia aldean, beraien hizkera eta katalana ezberdinak direla azpimarratzeko. Nola nahastu bata eta bestea? Mesedez! Hizkuntza bien arteko berdintasunei (%95) muzin egin, eta txikikeria bereizleei eman diete garrantzia. Norbere hizkera jaso eta bultzatzea ez dago txarto, jakina, baina gerra honetan arrazoi filologikoak popatik hartzera bota dituzte, eta politika nagusitu da. Arazo historikoa da, baina Aznarren agintalditik izugarri indartu dena.
Aspaldi daukat susmoa, Nafarroa aldean ere antzeko zerbait bultzatu nahian dabiltzala. Oraindik ere xuabe-xuabe, baina bidea horixe dela iruditzen zait. Nabarmena da Nafarroako gobernuak azken urteotan euskarari bizkarra eman diola: erakundeetan, herri mailan, hezkuntzan, komunikabideetan... Euskal Herri mailako ekitaldi eta proiektuetan ere, beti ezetza: Euskaltzaindiari, Eusko Ikaskuntzari, UEUri... Euskara batua edo gainontzeko herrialdeak tartean dauden bakoitzean, bizkarra euskarari.
Baina horren ondoan, Nafarroako hizkerak jasotzeko, aztertzeko eta bultzatzeko sekulako lana egiten dihardute. Sekulakoa. Herri mailako eta eskualde mailako hainbat lan bultzatu dituzte, monografiak kaleratu, Nafarroako euskararen fonoteka sareratu... Beraien ezaugarri linguistikoak jaso eta hedatzeko lan estimagarria, pozgarria, beste lurraldeetan egin dutena baino handiagoa. Zorionak Nafarroako Gobernuari.
Diodan gauza bakarra, baina, horixe da, ea urte batzuk barru, ez ote diren hasiko esaten, "como ya decían los primeros historiadores, en Navarra nunca se ha hablado vascuence, sino Navarro, el lingua navarrorum". Larri ibili. Castelló eta Tarragona baino urritiago daude Ultzama eta Urretxu.
Eibar rebistia
Txiki-txikittatik ezagutu dot Eibar rebistia etxian. Nere aitxitxak zenbaki guztiak zekazen gordeta eta ondo enkuadernatuta, eta gurasuak be jasotzen zeben; azkenaldixan baitta neuk be. Rebisitia hile bittik behin heltzen da etxera, eta buzoian jaso eta lehelengo gainbegiratua gozagarrixa izaten da beti, "zer dakar oinguan rebistiak? zein agertuko da erretratuetan? zeinek idatziko ete eban?". Rebistiak dakarren prezintua ebagi eta lehelengo orrixak pasatzia ritual modoko bat da.
Rebistian gauza batzuk aldatuko neukez (gehixenbat euskera gitxiegi darabilelako), baina gustora jasotzen dot etxeko buzoian, neria sentitzen dot, eta nere herrixakin eta aurrekuekin lotzen laguntzen destala pentsatzen jata. Eibartar sentitzen laguntzen desta, komunidade aberats bateko kide. Ez dakit zelan esan, baina badakit zer esan gura doten.
Eibar: herriaren arima (1952-2005)
Rebistiorrek 50 urte bete dittu gure artian (egixa esan, 53 dira), eta hori aitxakixa moduan hartuta, erakusketia antolatu dabe Portalean: Eibar: herriaren arima (1952-2005). Eibar Rebistia zelan sortu zan, ibilbidia, argazkixak... Bixar zabalduko dabe, eta seguru eibartar guztiondako zoragarrixa izango dana.
"Eibar" rebistian lehelengo alia 1952ko irailan argitaratu zan parrokixako boletin moduan. Pedro Celaya abadia izan zan sortzailia eta bere zuzendaritzapian heldu zan herriko aldizkari izatera.
Don Pedro zan "alma materra" (zelan ez gogoratu beran motorrian, alde batetik bestera, askotan rebistia etaratzeko diru bila), eta bera hil zanian rebistia be hilzorixan zeguala emoten zeban. Baina ez. Celaya hil eta gitxira, "Pedro Celaya Fundazioa" sortu zan, eta Jose Mari Kruzetaren lanari esker, rebistia indartu, zabaldu eta sendotu egin zan. Jose Mari hil zanian, orain dala 3 urte inguru, Margarita Olañetak hartu eban biharlekua, eta aldizkarixak, behera egin biharrian, goraka jarrittu dau, inoiz baino hobeto.
Berrogetamar urteko biharra, eta eibartar askok egindako biharra, artikuluak idazten, erretratuak lagatzen, modu batian edo bestian laguntzen... Pertsonaiak, kirola, euskeria, obrak... Eibarko bizimodua.
Erakusketarako ale berezi bat be etara dabe. Ez da erreza 50 urteko laburpena aldizkari bakarrian sartzia, baina lan ona egin dabe, eta benetan interesgarrixa da.
Nahi dabenak Interneten dauka, Egoibarra.com webguneko Erakusketak atalian.
Zorionak eta eskerrik asko 50 urtiotan biharrian egon zarien guztiori.
Eta galdera bat: noizko Interneten? 50 urte eta gero, ez da ordua? Seguru nago Eibar.org webgunian prest egongo zirala laguntzeko.
Mitxeletak, mitxelekotiak eta kalaputxixak
Patricia Gómezek galdera hau egin zeban orain dala egun batzuk Erabili.com webgunian: Tximeleta adierazteko hitzak euskaraz?
Beti entzun izan dot 100 izen baino gehixago dakazela euskeraz, eta sekula ez dot sinistu. Patriciaren galderapian be, 20 izen inguru besterik ez dira agertu Erabili.com-en.
Halan da be, egixa da dozenaka izen badakazela. Eibarren mitxeletia esaten jako gehixenbat, baina inguruko herrixetan beste izen eta aldaera batzuk be entzutzen dira (izenak desbardiñak baino, aldaerak).
Erabili.com-en idatzi nittuan hórretako batzuk, eta orainguan nere txoko honetara be ekarri dittut, han botatakuak, eta beste batzuk:
- Pitxoleta, Pitxilota, Pitxeleta: Legazpia, Arabaldea, Elorrio
- Pitxilipeta, txipilipeta: Oñati
- Txipeleta: Arrasate, Aretxabaleta, Oñati, Eskoriatza...
- Txiperrete: Beasain inguruan
- Mitxeleta: Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta, Durangaldea...
- Mitxelekote, tximelekote: Elgoibar...
- Kalaputxi, kalapitxi: Mutriku, Ondarroa
- Txalupitxi: Markina
- Txipillatoi: Ermua
- Tximeleta: urola-kostan, Bergaran, Beasain inguruan...
- Tximirrita: Urola-kostan(?)
- Mitxirrita, mitxerrika, mitxerreta: Tolosaldea, Ataun
Eibarko euskeria ingurukuen artian
Orain dala egun batzuk kaleratu dogun liburuan, Eibarko euskara, gure berbetaren doinu eta berbak, mapa politta kaleratu dogu.
Eibarko euskeria eta ingurukuak mapa batian. Zeintzuk diran antzerakuak, zeintzuk ez horrenbeste...
Laburpen moduan-edo, hauxe esan geinke:
- Leintz aldeko berbetak nahiko antzerakuak dira danak. Oñati bereizten da pixkat, eta Aramaixoko Oleta auzua.
- Bergara eta Antzuola be taldekuak dira. Bergarako mendebalian (Ubera, Angiozar, Goimendi...), Eibar-Elgeta inguruko ikutua dauke, eta ekialdian (Elosu eta Deskarga), gipuzkera ikututxua.
- Eibar-Soraluze-Ermua oso antzerakuak dira, eta Elgeta be ez oso desbardiña. Eremu horren barruan dagoz Zaldibargo Eitzaga eta Mallabiko zatitxo bat (Gerea eta Zengotita ez). Eibarko Agiñagan, ostera, bizkaieraren ikutua igartzen da (ez larregi).
- Elgoibar aparte samar geratzen da, gipuzkerako ikutu haunditxuakin (Deban eta Mutrikun askoz haundixagua).
Mapia Luis Lonbidek egin dau, eta Zaloa Etxanizek maketatu. Eta mapa honen hurrengo bertsiñua, hobetutakua eta zabalagua, Badihardugu euskera elkartiak kaleratu dau, Deba ibarreko hizkerak izenakin. Politta geratu da. Durangoko azokan egongo da salgai.
Eibarko udalak neure semeari...
Orain dala urte batzuetatik hona, Eibarko udalak domina bat erregalatzen detsa ume jaixo barri bakotxari. Domina horretan Eibarko armarrixa agertzen da, "zuen umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra".
Manex irailan jaixo zan, eta atzo jaso genduan udaletxian oparixori, alkatian eskutitz eta guzti.
Aurrekaldian, bai, Eibarko armarrixa. Atzekaldian, barriz, umian datuak: izena, odol-taldea eta jaioteguna. Dan-dana erdera hutsian.
Arratsaldian udaletxera juan nitzan; domiñiori itzuli, eta eskaera-orri bat bete neban, udaletxiari hiru galdera egiten:
- zergatik jaso dot erderazko bertsiñua?
- zein da domina honen inguruan udaletxian darabilen hizkuntza politikia?
- zer egin bihar dot euskerazko domiñia jasotzeko?
Eibarko umien %99,9 euskerazko ereduetan dagoz matrikulatuta, B eta D ereduetan. Udaletxiak baina, daneri erderazko domiñia bialdu.
Gustora emongo neukixo semiari Eibarko armarrixa, "gure umeak bihotzaren ondoan eramango duen ikurra". Garbi dago, baina, udaletxiandako Eibarko ikurra erderazkua dana.
Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena
Joan zen ostiralean aurkeztu genuen Eibartarren Ahotan proiektuaren azkenengo kontua: Eibarko fonoteka online. Eta pozik nago; pozik eduki duen harreragatik, eta pozik azkenean Interneten ikusten dudalako orain dela ia 10 urtetik buruan darabilgun proiektua: Eibarko euskara eta ahozko ondarea, gure nagusien ahotsa, ondo katalogatuta eta sarean izatea.
Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan eta bere helburua, Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.
Hainbat urte lan honi bultzaka
Horrelako proiektu bat martxan jartzeko lehenengo ahalegina 1997 inguruan egin nuen. Ordurako hainbat elkarrizketa nituen eginda Eibar inguruko baserritarren artean, bai txori-kontuak jasotzeko, bai baserrietako bizimodua, bai lanabesen izenak, edo toponimia jasotzeko. Gure nagusien ahotan genuen aberastasun linguistiko eta kulturalak liluratuta laga ninduen, eta bilketa sistematiko bat martxan jartzea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Bildu, eta ondoren hedatu, telebistaz, edo CDetan... Udaletxean aurkeztu nuen ideia hori, baina ez zidaten jaramonik egin.
Pare bat urte geroago, kasualitatez, Inem-aren dirulaguntza bati esker, grabazio zahar batzuk transkribatzeko kontratatu gintuzten udaletxean Itziar Alberdi eta biok. Proiektu hori esku artean hartu, eta goitik behera aldatu genuen. Transkribapenak alde batera laga, bideokamara erosi, eta grabazio berriak egiten hasi ginen. Zorionez, Jaurlaritzaren laguntza bat ere jaso genuen, eta hari esker, hiru urtez jardun genuen grabazioak egiten Itziarrek eta biok. Grabazioak egiten, eta jasotako guztia katalogatzen eta lantzen.
Hedapena. Eta nola ez, Internet
Azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea, eta azkenean lortu dugu. Itziar Alberdi izan da lan horretaz arduratu dena, eta Codesyntax izan da alderdi teknikoa landu duen enpresa.
Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru ditugu grabatuta, eta Interneten %20a egongo da, gutxi gorabehera), baina hala eta guztiz ere, lehenengo urratsa da, urrats garrantzitsua. Eta pozik nago.
Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain artekoa, azken urteotan egin dugun lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.
Atzerapenarekin heldu da gurera, fonoteka horrek, argia ikusi ahal izateko, sekula ulertuko ez ditudan arazo administratibo, politiko, burokratiko eta ekonomikoak gainditu behar izan dituelako, baina azkenean hortxe da.
Orain aurkeztu dena, gainera, lehenengo urratsa besterik ez da. Eibarren hasi ondoren, inguruko herrietako beste ikerlari batzuekin elkartu ginen, eta laster izango dugu prest Deba Ibar osoko fonoteka. Mutrikutik Gatzagaraino hitz egiten ditugun hizkeren ahozko artxiboa. Badihardugu Euskara Elkartea arduratu da proiektuaz, eta ondo bidean, udazken honetan bertan aurkeztuko dugu.
Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean
Beste zenbait komunikabidetan ere aipatu dute aurkezpenaren kontua:
- Eibartarren ahotan, etorkizunerako artxiboa Interneten. (Prospektiba blogean)
- El Eibar de antano llega a Internet (DV, urriak 2)
- Cada una de las cintas recogidas es una especie de clase magistral (Correo, urriak 3)
- Miren Azkarate alaba la modernidad y el valor de Eibartarren ahotan (Correo, urriak 3)
- Un archivo oral informara de la historia reciente de Eibar a traves de Internet (Bibliotecaris.org)
Argazki gehiago beste orrialde honetan eta flickerren.
Argazkiak Jose Valderreyk atera zituen. Eskerrik asko, Jose.
Tripaki-laiñuak eta Eztul-haixiak
Webgune honek amatasun bajan jarraitzen dau, baina tartetxo bat hartu dot Serafin Basaurik bialdutako berba batzuk ekartzeko.
Trunboik bere amari jasotakuak dira. Pooolittak!
TRIPAKI-LAINO
Ipar-laiñuak, baina goi-goikuak, trunboian aurretik datozenak.
Elexpuruk: (Antz., Ang) "Los cirros (nubes)"
Mugicak, "cirrus": ipar-odai (G), ipar-arraka (B), ipar-zelai (B), ipar-zeroi (G), edoi-argal, ipartzeroi.
Azkuek, ipar-laiño (B-l), ipar-lauso (B-mond), nubes precursoras del viento nordeste; TRIPAKI (2º) (B-i-m) nubes precursoras de vendabal, su forma es de terreno layado.
EZTUL-HAIXE
Eztarriko pikorrak-edo eragitten daben eztul ganorabakua.
Azkuek, EZTUL-AIZE (B-m) tos nerviosa; AIZE-EZTUL (b-Oñ) tos nerviosa.
Eibarko euskarak zenbat hiztun?
Lehengo egunian Amatinok galdetu zestan ia gaur egun zenbat hiztun eukiko dittuan Eibarko euskeriak; ia gure euskalkixak sekula horrenbeste hiztun euki dittuan.
Galdera zaila, baina denporia pasatzeko numero batzuk bota dittut, eta esango neuke gerra aurrian Eibarko euskeraz berba eitten zebenak gaur baino gehixago zirala.
Gerra inguruan Eibarrek 11000 biztanle zeukazen, eta %90 inguru euskalduna (baitta %96-98 be). Guztira: 10000 euskaldun inguru. Bota deigun %20 inguruko herrixetakua zala: 8000 hiztun eibarreraz zekixana. Bota deigun oindiokan gitxiago zirala: 6000-7000. Hori esatia ez dot uste astakerixia danik.
Gaur egun (2001eko datuak), 10000 euskaldun (9000 euskaldunzahar) dagoz Eibarren (5 urtetik gorakuak). Seguru asko, datuak puztuta egongo dira. Ez dot uste %80-85 eibarreraz berba eitteko kapaza izango danik. Euskeria eskolan ikasittako ume guztiak sartuko dira datu horretan, eta gehixenak sasi-batuan eitten dabe berba (nere loiben artian entzutzen dotena, behintzat, ezin da esan euskalkixa danik).
Gaur egun, benetan eibarreraz berba egingo dabenak (ondo edo txarto)... 3000? 4000? Auskalo, baina askoz gehixago ez gara izango. Egixa da Eibartik kanpora be jende asko juan dala, eta horrek gehittu biharko zirala, baina nekez helduko da gerra aurreko 6000-7000 lagunera.
Hau guztiau, jakina, realidadetik oso hurrian egon leike, baina baitta oso urrin be.
Goiko datuak ezertarako ez dabe balioko, baina zeozekin bete bihar blog hau, urtebete bete daben egun honetan. Zorionak Eibar.org-ko blog komunitateko blogari guztieri, urtebetetxo bat bete dogu eta. Holan hasi zan dana.
-DUN atzizkia Eibarren
Eibarren erabiltzen dittugun atzizkixen artian -dun da emmonkorrena. Sarri erabiltzen dogu, testuinguru eta berba askokin, eta gainera bizi-bizirik dago berba barrixak sortzeko.
Bi modutan erabiltzen dogu. Batetik, pertsona, gauza edo animalixa baten ezaugarrixa adierazteko. Esate baterako:
Abarkadun (baserritar), ahaldun, ajedun, atzamardun, hagindun, bizardun, bibotedun, berbaldun, buztandun, dirudun, eskoladun, euskaldun, erdeldun, fededun, hegodun, kopetadun (chica adolescente), koskordun, kulpadun, sinisdun...
Horretaz gainera, beste berba multzo bat sortzeko be balio dabe: lanbidiak. Beste inguru batzuetan -zale atzizkixa erabiltzen dabe horretarako (kamioizale = camionero), baina Eibarren, inguruko herri guztietan moduan, -dun atzikixak eitten dau lan hori.
Hamentxe adibide batzuk:
AHUNZDUN: cabrero
ANGULADUN: angulera
ARGIDUN: encargado del servicio de suministro de luz
ARRAINDUN: distribuidor de pescado
ARTODUN: repartidor de borona
ASTODUN: borriquero
EGURDUN: maderero
ERROSKADUN: rosquillero/-a
ESNEDUN: repartidor de leche
EZTIDUN: vendedor de miel
GANAUDUN: ganadero
GAZTAIDUN: vendedor de quesos
HAREDUN: arenero
IKAZDUN: carbonero
IZOZDUN: hielero
KAMIOIDUN: camionero
OILLARDUN: preparador de gallos de pelea
TAILLARDUN: industrial
TXARRIDUN: tratante de cerdos
URREDUN: vendedor de oro
Beste mordua be izango dira.
Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaraco
Izenburu hori daramate 1754-1758 urteen bitartean Eibarko udaletxean erabili ziren ordenantzek. Sintaxi eta gai korapilatsua ditu; grafia eta idazkera ere ez oso zainduak. Hala ere, Eibarko euskararen azterketa egiteko oso testu erabilgarria da, eta adi-adi irakurriz gero, hainbat harribitxi aurkituko ditugu zuzenbidetzeko testu katramilatsu honetan.
Lan honen azterketa sakona Imanol Trebiñok egin zuen (Administrazio zibileko testu historikoak, HAEE-IVAP, 2001), eta azterketa hori Eibar.org webgunean bertan ere badago kontsultagai, materixala.
XX. mendera arte euskaraz sortu ziren udal ordenantzak oso gutxi izan ziren, dozena erdi eskas, eta Eibarko hau da guztien artean zaharrena. Gainontzekoak (Goizueta, Bera, Tolosa eta Usurbil), XIX mendekoak dira. Hori dela eta, testu honek garrantzi berezia dauka.
Hona hemen testu osoa:
Ordenanza Municipalac Eusqueras, Elecinuetaraco
- - Jaunac, en resumidas cuenttas, onec esan gura dabena da, ze estteila izan inorbere atrebiduba, da adelantauba, elejizera, Alcateric personaric, seiña baitta espada persona onrrauba, Idalgua Aberaza, da Erraizac daucasana, da guison Abonauba da oficio Charric esttaucana, baita bere estteila izan oficialic edo oficialeric soldau danic, Erregue maggesttariaren errejimenttuban serbizen dabenic estta bere Idacortten da escribizen esttaquichanic, eta bardin Jottenbadau, alacoric, izango dabela, vimilla marabidiren multia, da Jaquinda egondella.
- - Baitta bere errico alcatiac esttaichala permitudu eguittia execucinoric bere flogedades Dattozanian Juezac Campoetatic, inor arzera bere Jurisdiccinuan, ó pezquisa eguitera edocem bere persona, ya Cedulequin, ó probisinuequin segatic lelengo biardabe izan insttrumenttubones exhaminaubas, Juntan, ó Dipputtacinuan, da emonbiar Jaquiela, uso correspondizen dan legues, da Aguinzendanlegues bigarren Leguiac Provinciaco Fueruac, seina baitta esatten daben legues ttittulo ogetta bat garrenac.
- - Baitta bere Alcate Ordinarichua Errigustietacuac Escribauric ilttendanian eguinbiardabela, Alcatte Jaunac, Imbentaricho barricha, Numerichan Dagozan erregistruena, gustiena, da Papel sueltto gusttichena, Escribauba Ylorduco baldin numerala bada, etta imbenttarichuau, acabau deinian beriala, da demporaric galdubaga, Alcatte Jaunac, bialdu daichala ttesttimonio bat Diputacinora, da baldin eguiten espadau izango dabela multtia, Alcatte Jaunac, da erregidore Jaunac, berroguetta amarna ducat bacochac.
- - Baitabere Electtoriei oz eguiten deuzenei Eleccinuetaraco Alcatte Jaunac Elecinua eguiteco, edo nombramenttua Alcatiac, Errejidoriac, sindicubac eta bestte errico empleo gustiac urtebarritic aurrera, yzanbiacodabenac, eguiten badabe Elecino Charric, eta onec izatten badabe, quiebraric, edo Jatten baditube errico errenttac, Electtoriac, eurac Yzanbiacodabela fichadore, da Abonadore, da pagau izan biaco dabe la aren faltta gustichac Zergaitterren, Errichac esttabela biar perjuicioric, es quiebraric da esttabela Pagauco, electtoriaren Culparic, berac baiño da Conttuban egonditiala.
- - Baitta bere Justticia, errejimenttu gusticha egon deella Conttuban da cuidado eguindaichela, baita procedidu bere Jitanuen bagamunduen, da pecattu Publicuan dabilzanac Jangoicuan bildurbaga, Baita bere amenzebaubac, izanditiala Castigaubac etta desterraubac.
- - Baitta bere Alcatte Jaunac daucala faculttadia moradore gustiac erritic bottazeco, urte bette yrago esquero baldin presenttazen esbajaco bere noblecia, ó Ydalguicha, eguina Provincian usazen daben legues etta lenagotic egonesquero nottificautta edocein bere Alcate Jaunec.
- - Baittabere erricodan Alcatte Jaunac esttayala permittidu personai esconzettara Juatteric, yrugarren graduban haide esttanic, etta contu izandeiquiala beguiracia esconsac diranian espaere multauba izangodala.
- - Baita bere egon della Conttuban Justticia, Errejimenttu gustticha estteila nombrau escribauzatt, habaderen semeric verrogeitta amar ducatten penan bacochac.
- - Baittabere Justticia rejimenttubac errichan izenian esttaychala arttu diruric Censora mottibuac, da prettesttuac daucasala pensauaz estta necesidade andiric, da urgenciaric baleuca bere Conzejubaren izenian faculttade errialbaga, da bardin onela attrebimentturic arzen badabe procediducodala persona onen Conttra rrigorosamente Leguiac aguinzen daben leguez, etta eguingodala onelaco Censuaren Erredencinua Alcatte Jaunaren, Errejidoren, etta sindicubaren haciendettatic, da erri noblea, hizangodala libre da exempto onelaco Censuettatic.
- - Baitta bere Justticia, Errejimenttubac, esttaychala permittidu plaza publicuan tambolinic, es attabalic, es fiesttaric Jai quendu, da reformautta dagozanettattic, Aitta santtubac quendutta Daucasanac.
- - Baitta bere Justticichac procurau Daichala cuidado etta vigilanci andicharequin Casttigazia erregueren conttra dabilsanac, contrabanduan tabacuac pasazen Gastelara, Erregue Magesttariaren interes errialaren Conttra, eta onec, dauquezala señalauta pena andichac, Casttigubac, ala Consejo realac ifinita, baitta bere gure Provinciac Decretto, etta cedula errial ascottan gueure oneraco, baitta bere galdu esttittian gueure Ama Provinciacuan fueruac seina baitta combeni Jacusan, gueure liberttaderaco, da Pechupian es egotteco.
- - Baitta bere esttaychala permittidu Justticiac arzia da usazea tabacua esatten deuzena rapè franciacua ceiña batta daguan debecauta Gueure, Erregue ganic, bost eun ducatten multtiaren Azpichan da esttablecidutta dagosan penen beian da izatteco onelaquac desterraubac errochonettatic.
- - Baitta bere Justticia Jaunac Probinciaco errigusttiettacuac bialdu daychela urttebarrico Ylian, ceina baitta usttarrilian urttegusttiettacuan ttesttimonio originala errico Conttu municipalettacua gasttelaco Conseju Errialera, da erregue Magesttariaren escribau nauci Camaracoaren escubettara berroguetta armar milla marabidiren penan, da ostteruncian izangodala gueure erregueren Casttiguba, ó Gracicha bere vorondattera.
- - Baitta bere Justticiac procurau Daichala, obserbau eraguitia gordecia falttabaga Correxidore Jaunac emoeban auttuba Arratteco fiestten gainian, baittabere Provinciaco Decrettuan gainian seinettan Conttenizendan debecacia Cazia, etta Pesquia Multta andichen gainian, da presentte euqui dayela astubaga.
- - Baitta bere gorde Deila Cumplidu da ejecuttau esatten daben legues gauza gusttian orainengo Auttuba Probidenciettacua bere oguetta amasaspi Capittulubequin probeiduba gure Correjidore izanzana Provincia onettan Dn Pedro Cano Mucientes, baitta bere gueruago ettorri izandiran Decretto Errialac.