Birziklapenaren timoa
Erakundeak beti dabiltza kontu bera errepikatzen; herritarroi errepikatzen, jakina: birziklatu egin behar da, birziklatu, bai, gure ontzi, kristal eta paperak beste zakarrontzi batzuetara bota, natura zaindu.
Konforme. Demagun. Herritar kontzientziatua naiz, biologia ere ikasi nuen, eta ekologista amorratua naiz. Baina, ai ene! Eibarren bizi naiz. Zer egin? Bi aukera: entzungor egin eta ez birziklatu, edo bestela, lanean jai eskatu, eta egun erdi pasatu kontonedore (huts) baten bila.
Eibarko zaborren erantzule, Debabarreneko mankomunitatea ei da, eta galdera batzuk egin nahi dizkiot:
- Zelan leike, Sautsi moduko auzo berri baten, esate baterako, oraindik ere birziklatzeko kontenedorerik ez izatea?
- Zelan leike, iaz bertan Urkizuko parkean lurperatu dituzten kontenedoreen artean, 8 kontenedore normal jartzea, eta birziklatzeko bakarra?
- Zelan leike, Ardantzan lurperatu dituzten kontenedoreen artean, plastikoa birziklatzeko kontenedorerik ez egotea?
- Zergatik daude gero eta kontenedore gutxiago Eibarren? (erdikaldean, behintzat).
- Zergatik aurkitzen ditugu askotan kontenedoreak bete-beteta? Zergatik hartu behar dugu guk lana, eta eurak jai?
- Zergatik da odisea bat Eibarren birziklatzea?
Benetan uste dut birziklapenarena timo bat dela. Erakundeek, euren eskuak zuritzeko, hitzez barra-barra darabilten terminoa, baina benetan ezer gutxi egiten dutela horren alde. Herritarroi, behintzat, ez digute erraztasun handirik ematen.
Herritarrok ura, argindarra, eta energia aurreztu behar ditugu, eta zaborrak bereizi. Eibarren argindar gehien xahutzen duen etxea udaletxea izango da, edozein ordu dela ere, argi guztiak isiotuta dituztelako beti; eta kalefazioa topera. Ur gehien alperrik galtzen duena, ostera, Gipuzkoako Ur Zerbitzua, euren ubideetan dituzten jarioetan joaten delako gure herriko ur guztiaren ehuneko handi bat. Administrazioan gastatzen duten paper guztiarekin Amazonas osoa "birziklatuko" genuke, eta susmoa daukat (susmoa besterik ez, baina beti izan dudana) pilen ontzietan sartzen ditugun pilen gehienak ez direla sekula santan birziklatzen.
Birziklapenarena, Eibarren behintzat, timo bat da.
Urkuzuko kontenedoreak: birziklatzeko gutxi, eta gehienetan beteta.
Asko poztu nau gai hau ikusteak, aukera ematen baitit nire esperientzia fustrantea kontatzeko. Eibarko eskola batean lan egiten dut, Agenda 21 programan sartuta gaude eta geletan birziklapenaren garrantzia lantzen ibiltzen gara. Kurtso honetan 5.mailetako ikasleak zentruko gela guztietan paperontzi bereziak ipini eta paper guztia jasotzeko ardura hartu dute berengain. Orain hasten dira arazoak, teoriatik praktikara pasatzerakoan, kanpoan papera jasotzeko kontenedore bakarra dugu, kontenedore hau bere garaian kristala jasotzekoa zen eta orain kolorez aldatuta dugu, beraz sarrera oso txikia du. Kontenedore egoki baten bila mankomunitatearekin harremanetan ipini gara: deitu dugu, deitu digute, deitu dugu, deitu digute.... halako batean etortzen dira ikastetxera egoeraren berri izatera eta.....erantzunaren zain gaude, beldur naiz kurtsoa bukatu eta erantzuna jaso gabe jarraituko ez ote dugun. Beldur naiz oharkabean itxurakeriaren atzaparrak ez ote gaituen denok harrapatzen.