Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Donostiarzentrismoaz

Asier Sarasua 2006/10/23 22:35

Lehenago ere askotan aipatu dugu kontu hau gure artean, han eta hemen, eta sarri-sarri eibartarrak zerrendan. Ez dut, horretara, gauza berririk asmatuko. Baina gaur arratsaldean egunkari donostiar batean ikusi dudan gauzatxo batek gogora ekarri dit (atzera berriz) donostiarzentrismoaren gaia.

Donostiarzentrismoa, mugimendu filosofiko sakona, mundua ulertzeko eta gizakion arteko hartu-emanak aztertzeko ikuspegia. Erligioa ere ba omen, batzuen iritziz.

Hiru oinarri sendo ditu mugimendu honek:

  1. Donostiarrak donostiar dira, baina gainontzekoak gipuzkoar gara beste edozein sentimenduren gainetik. Sentimendu berria niretzat. Izan ere, ez dut ezagutzen "gipuzkoar" sentitzen den inor. Eibartar sentituko dira batzuk, euskaldun besteak, espainiar askotxo, eta europar beste apur bat. Munduko biztanle dela ere esango du modernoren batek, baina gipuzkoar?
  2. Donostiarrenak diren elementuak gipuzkoar guztiok maitatu eta bedeinkatu behar ditugu. Sansebastian eguna ospatu behar dugu, tanborradaz gozatu, errealzaleak izan, eta Donostiako kontxa da munduko 8. marabilla. Herejeak sutara. Edo okerrago, Bizkaira.
  3. Gipuzkoa Aritzetan amaitzen da (edo asko jota, Zumaian). Itziarko gain horretan dago Finisterre gipuzkoarra. Gipuzkoar armarriak ere garbi esaten du: "Fidelissima Vardulia nunquam superata". Eta jakina, gu, karistiar gixajoak, zaunkaka hitz egiten dugun barbaroak besterik ez gara.

Mezu hau ulertzeko ere, karistiar iñuxentea izan behar. Seguru nago barduliarrok ez duzuela larregi aittu, ala?

Zanga (Morus bassanus), euskal izenak kostaldeko herrietan: broju, glope, kofre, kopla...

Asier Sarasua 2006/10/14 10:40
Kofra edo kopra (Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa, Mutriku); Kopla (Lekeitio, Ispaster); Glopea (Getaria, Zarautz); Zanga (Orio, Donostia, Pasaia); Brokua, brojua (Hondarribia, Ziburu).
Zanga (Morus bassanus), euskal izenak kostaldeko herrietan: broju, glope, kofre, kopla...

Zanga, kopra, glopea, brojua.

Zanga (Morus bassanus) dugu gure kostaldeko itsas hegaztirik eder eta handienetakoa. Pelikanoen talde berekoa da (Pelekaniformea). Metro beteko garaiera du eta 1,75 metroko hego-zabalera.

Itsasoan edo kostaldean ikusiz gero ez dago zalantzarako tarterik. Bere hego-zabalera handia, buztan bereizgarria, mokoa, buru horia, hego-mutur beltzak... ez dago zanga beste hegazti batekin nahasterik.

Urteko gazteak nabarrak dira; heldu ahala, lumak argitzen doaz eta ale gazteetan luma zuri eta ilunak nahasten dira. Helduak erabat zuri-horixkak dira, hego-mutur beltzak izan ezik.

Atlantiko iparraldean kumatzen dute gehienek, baina gure inguruan sarri-sarri ikusten dira, batez ere urritik martxora bitartean, euren kumaldi-sasoitik kanpo.

Hegazti ezaguna, hortaz, gure kostaldean, hainbat izen hartzen dituena eskualdearen eta herriaren arabera (ikusi Txoriak.eus webgunean):

  • Kofra, kopra: Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa, Mutriku
  • Kopla: Lekeitio, Ispaster
  • Glope: Getaria, Zarautz
  • Zanga: Orio, Donostia, Pasaia
  • Broku, broju: Hondarribia, Ziburu
  • Broina?: Hondarribian?

Izen horien jatorriari dagokionez, badirudi gehienak erdarazko cofreren maileguak izan daitezkeela. Halaxe deitzen zitzaion Asturies-Cantabria inguruan hegazti honi (Bernis, 1994) eta horren eraldaketak dira, itxura guztiaren arabera, Euskal Herrian entzun ditzakegun gehienak: cofre > kopre > kople > *gople > glope (beharbada, baita Hondarribia-Ziburuko broku ere).

Zanga edo glopea (Morus bassanus) - 02

Zanga gaztea, urtean bertan jaiotakoa. Lehenengo urtean erabat arreak dira. Hurrengo 2-3 urteetan zuritzen joango dira, helduen itxura hartu arte.

Zanga edo glopea (Morus bassanus) - 03

Zanga heldua. Ez dago beste itsas hegazti batekin nahasterik.

Zanga edo glopea (Morus bassanus) - 04

Zangak, brojuak edo glopeak arrantzaleak dira. Itsasoan bizi dira, bertan elikatuz.

Zanga edo glopea (Morus bassanus) - 05

Zanga edo kofra gaztea, oraindik ale helduen luma zuri dirdiratsuak lortu ez dituena.

Zanga edo glopea (Morus bassanus) - 01

Zangak arrantzan ikustea espektakularra da. 10-15 metro ingurura igotzen dira, une batez orekan gelditzen dira, harrapakinak non dauden begira, eta raus! egingo dute murgil, arraina harrapatzeko.

Sautsiko zerbitzuak?

Asier Sarasua 2006/10/13 11:29

2004ko udan, orain dala 2 urte eta erdi, Saratsuegi kalera juan giñan bizi izatera. Saratsuegi edo Sautsi, bardin da. Auzo barrixa da. Lehen pare bat basarri zegozen tokixan, 110 etxe bizitza barri egin dittue. Hantxe bizi gara.

Eibartar guztien moduan, orain dala 3 urtetik gure zergak be ordaintzen doguz; ez txikixak, gainera. Gure auzua "residencial" ei da, eta horretara, zerga altuaguak ordaindu bihar.

Ordaindu biharrekua ordainduko dogu, jakiña, baina zeozer jaso biharko dogu trukian, ala? Horixe da behin eta berriz udaletxiari eskatu detsaguna. Sautsin etxiak eitteko baimena emon dau, baina bertako biztanlien eskubidiak ahaztuta. Hantxe laga gaittu botata. Lehelengo etxiak egin, eta gerora, urtietara, zerbitzuak emon. Noiz?

  • 3 hilabetez egon giñan argi barik; kalian farolarik ez, aizuek!
  • 6 hilabetez egon giñan biderik barik: harrixak, lokatzia, zikiña...
  • 6 hilabetez egon giñan zabor-zerbitzurik barik.
  • oindiok be birziklapen zerbitzu barik gaoz.
  • urtebetez egon giñan "permiso de habitabilidad" barik!
  • 2 urtez egon gara kalian zakarrontzi barik.

Azkenian, aste honetan, ipini deskuez! Gezurra dirudi, baina badakaguz gure zakarrontzixak! Aupa! Eta jarlekuak be ipini dittue.

saratsuegi_ziburuak_01.jpg

Ziburuak ipintzen be badihardue. Baiña lan zailla ei da. Oin dala 6 hilabete hasi ziran montatzen, eta oindiok ez dabe amaittu. Pare bat hile ziburuak montatzeko; beste pare bat hilabete lurrian gomazko zorua ipintzeko (umiak miñik hartu ez deixen).

Baina holakorik?

saratsuegi_ziburuak_02.jpg

Hau da, umiak miñ hartzeko tokirik harriskutsuenetan, PORLANA! Europa, plis!

Flickerren be ipini dittut argazki batzuk gehixago.


Euskal literaturaren gaineko mahai-ingurua

Asier Sarasua 2006/10/10 10:13

Eibarko udalak antolatuta, barriro hasi da "Martitzenetan Berbetan" hitzaldi ziklua. Hillian behin, martitzenetan, hitzaldi edo mahai-inguru bat antolatzen dau udalak kultura etxian. Gehixenetan interesgarrixak izaten dira, eta neurri haundi baten Eibarrekin lotuta.

Aurtengo ikasturteko lehelengua datorren martitzenian izango da, eta euskal literaturaren gaineko mahai-ingurua izango da. Hizlarixak:

Eta moderatzaillia, Antxon Narbaiza izango da.

Martitzenetan Berbetan programako hitzaldi guztiak moduan, Portalea kultura etxian, arratsaldeko 19.30etan.

Eibarko udaltzainen alde

Asier Sarasua 2006/10/04 21:00

Azkenaldixan pare bat aldiz esan deste zittalduta nagola, kejia besterik ez dakatela. Edadia, seguru. Ba, gaur, kontra baiño, alde egin bihar dot, Eibarko udaltzaiñen alde. Gitxienez, gabaz zaborren kamioian bidia zaintzen daben udaltzaiñen alde.

Eibarren ez da erreza aparkatzia, eta gehixenok ahal doguna eitten dogu. Egunaz, ahal doguna, eta gabaz, kotxia espaloi gaiñetan, pasozebretan, edo debekatutako tokixetan lagatzen dogu.

Eibarko kaliak, berez be, ez dira oso zabalak, eta kotxiak gaizki aparkau ezkero, akabo. Eta zaborren kamioia pasatzeko, askotan eta askotan, tokirik ez.

Udaltzaiñendako erreza izango litzake gabaz multak ipintzia eta kotxiak eruatia, baiña gehixenetan, kotxia traban laga badozu, eta zaborren kamioiak pasatzerik ez badaka, etxera deitzen detsue lekuz aldatu deizun.

Bai, bai. Nik be badakit eurentzat be errezagua dala gabero 20 telefono-dei eittia, eta ez 20 kotxe gruaz eruatia, baina aizu! aurreko zapatuan gustora mobidu neban kotxia gabeko 2etan. Bestela domekan euro batzuk ordaindu bihar. Holan hobe!

Puritito.com

Asier Sarasua 2006/09/20 13:23

erdi.jpg Aspaldi desagertu ziran perratzaille eta errementari gehixenak Eibartik, baina gaur egun be gelditzen dira gitxi batzuk. Esate baterako, "Erdi", nere koñatua.

Aitta eta aittitta errementari izan ziran Guadalajaran, eta Erdik bide bardiñari ekin detsa Eibarren, nahiz eta birziklauta.

Orain dala aste batzuk dendia zabaldu zeban Bista Eder kalian, eta azken egunotan webgunia be kaleratu dau, polit-politta.

Ez dozue ezagutzen? Hementxe:
Puritito.com

Oso gauza polittak eitten dittu, neurrira eta zure gustora: komunak, eskillarak, eskulturak, lanparak.

Aupa Erdi!

Puritito.Erdi
Bista eder, 8
20600 EIBAR (Gipuzkoa)
943 208 984 / 656 794 625

Eibarko ikasleak, ikastetxeka

Asier Sarasua 2006/09/12 12:41

Azken egunotan irakorri dittut Eibarko ikastetxietako datuak, ikastetxe bakoitxian zenbat ikasle dagozen, lehen hezkuntzakuak zein bigarren hezkuntzakuak.

Harrittu egin naiz. Ikastoliak daukaz ikasle gehixen, eta haurreskolan be, beste iñun baiño gehixago. Uste dot azken urtiotan La Salle eta San Andres izan dirala nagusi.

Hementxe datuok:

J.A. Mogel ikastola: 480 ikasle
211 haurreskolan eta 269 lehen hezkuntzan.

La Salle Isasi: 479 ikasle
198 haurreskolan eta 281 lehen hezkuntzan.

San Andres: 420 ikasle
180 haurreskolan eta 240 lehen hezkuntzan.

Aldatze: 219 ikasle
90 haurreskolan eta 129 lehen hezkuntzan.

Urkizu: 199 ikasle
82 haurreskolan eta 117 lehen hezkuntzan.

Amaña: 130 ikasle
50 haurreskolan eta 80 lehen hezkuntzan.

Urki: 95 ikasle


ikastola.jpg

Ikastolako ikasliak hiru zentrutan dagoz banatuta: 89 Federico Mayon, 122 Sansaburun eta 269 Iturburun.

Datuak: DV

Juan San Martin beka zabalik

Asier Sarasua 2006/09/12 12:39

Atzotik aurrera, eta urrixan 13ra arte, zabalik dago Juan San Martin bekan izena emoteko epia.

Gaia: toponimia eta linguistika.
Diru kopurua: 9.000 euro
Lanan egiteko epia: 12 hilabete

Eibarko udalak eta UEUk bultzatuta, urtero-urtero antolatzen da Eibarren Juan San Martin bekia. Eibartar euskaltzalia omentzeko eta berak landutako gaixak lantzeko, urtero bi ikerketa-gai izaten dira. Aurreko urtietan, beste batzuen artian, botanikia, euskeria, artia eta literaturia izan dira ikerketa-gai. Aurtenguan, toponimia eta linguistikia izango dira.

Derrigorrezkua da diplomatua izatia eta EGA titulua izatia. Lana amaitzeko urtebeteko epia eukiko dau irabazliak. Lana orijinala izan bihar da, eta euskeraz aurkeztu biharko da.

Informaziño guztia eta oiñarrixak, UEUren webgunian.

Arrateko bizilagun berriak

Asier Sarasua 2006/09/07 21:47

Aurtengo udan sekula baino gutxiago irakurri dut, baina atera dut asti pixkat mesanotxean dudan liburu-pila kilometrikoa zeozer arintzeko. Irakurri ditudan liburuen artean, Iban Zalduaren "Itzalak" dago (gomendagarria, bide batez esan dezadan).

Itzalak horretan bada "Bizilagunak" izeneko ipuin polit bat. 1950ean hasi eta 2059. urteko udan amaitzen den ipuin horretan, Zalduak gaur egun bizi-bizi dagoen gai latz bat jorratzen du, bere betiko umore puntuaz: inmigrazioa. Inmigrazioa, eta nola gu oso gutarrak garen, eta besteak oso bestelako, baina ahaztu egiten dugula lehengo besteak ere gu garela. Tira, hobeto ulertu nahi duenak irakurri dezala ipuina.

Ba, abuztu erdikaldean Isasi kaleko taberna berria ireki zutenean, ipuin horrekin gogoratu nintzen. Eibarko taberna-izenik eibartarrena zeukan lehen, Arrate, baina azken urteotan (urte askoan), pulpiñoa ematen zuten. Ugazabak erretiratu egin dira, eta orain bizilagun berriak ditu Arrateak; baita izen berria ere: Doner Kebab. Zalduaren ipuinaren azkenengo aldaketa ez dakit ikusiko dudan, baina gutxi falta da.

Bitartean, ez dezagun pentsa tabernari horiek erromes-bidea egiten dabiltzanik; bizilagun ditugu. Bai, bizi-lagun, hitz konposatua.

Azken oharra

Hanburgesak, Akondiak eta papar berdeak jateaz higuinduta dagoenak, bertan dauka aukera onena. Kebab gozoak, bene-benetan.

Prince Doner Kebab
Isasi kalea, 13. Eibar
943 208 373


Arrajolan etxiak egiteko asmua

Asier Sarasua 2006/09/05 09:02

Eibartarrak zerrendan ixa egunero agertzen dan gaixetako bat da, azpiegitura publikuena eta horren inguruan gertatzen diran kontuena: plan generalak, erakundien interesak, herritarron partehartzia, eta abar.

Tira. Eibarko Plan Generala, ez-dakit-zenbat urteko atzerapenaz, baina badirudi azkenian onartu dala. Azkenengo hilabetiotan, behin eta berriz agertzen jaku egunkarixetan, Eibarren egin bihar diran lan guztien barri. Azkena hauxe: Eibarko udalak baimena emon dabela Arrajolan etxiak egiteko.

arrajola.jpg

Plan Generala eztabaidatzeko sasoian, orain dala 4-5 urte inguru, Eibarko naturzale talde batek erabagi horren kontra egin genduan. Arrajola Untzagatik 3 minutura dago, Eibar erdi-erdixan, eta gure herrixak daukan parke ugarittasuna ikusitta (hau da, 0 parke), udaletxian azaldu genduan Arrajola izan leikiala eibartarrondako urteera "naturala". Ez zan gatxa izango Untzagatik bertatik Arrajolarako bidia hobetzia, azpiegitura batzuk sortzia, itturri bat, banko batzuk... Arrajolakua ez ezik, beste 3-4 toki apropos be aittatzen genduzen parkiak egiteko.

Udaletxian erantzuna izan zan, parkiak oso garestixak dirala. Kitto.

Arrajolan 2 aukera zekazen udalak:

  • Eibartar guztiondako naturgune moduan laga, horretarako inbertsiño bat egiñaz.
  • Arrajolan 6-8 etxe txiki egiteko baimena emon, dirua jasuaz.

Erabagixa garbi zekan udalak.

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz