Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Monstruos SA

Asier Sarasua 2010/10/31 22:15
Asteburu luze, loretsu, euritsu... eta umetsua izan dugu. Lehengusuak, lagunak, kuadrila... umeak barra-barra izan ditugu inguruan (gureak aparte, jakina). Krispetak, gaztainak eta pelikulak. Tartean, Mostruos SA. Pelikula ona.

Bada jendea umeentzako animazio pelikularik ikusten ez duena. Niri, ostera, gehienak asko gustatzen zaizkit. Shrek, Ice Age, Toy Story, Chihiro... eta asko-asko gustatzen zaidan beste bat Monstruos SA da.

Monsters Inc, Pixar-Disney, 2001 (webgune ofiziala). 

Oscarretarako 4 nominazio izan zituen (ez zuen nagusia irabazi, Shrek-en urtea izan zelako). Pelikula bizia, koloretsua. Originala, irudimenez betea, trama eta gidoi onekoa. Umoretsua. Alderdi teknikotik ere, primerakoa. Umeentzat ere erakargarria. Gomendagarria.

Hementxe hasiera:

 

Camille hil da, Euskal Herriko azken hartza

Asier Sarasua 2010/10/26 21:50
Azken hilabeteetako zurrumurrua indartzen ari da. Badirudi Camille hartza, Euskal Herrian bizi zen azkenengo hartza, hil egin dela. Nagusia zen (25 urtetik gora), erdi-gaixorik zegoen, eta azken urtean ez da bere berririk izan.

Egia esateko, hartza aspaldi desagertu zen euskal mendietatik (tarteka Nafarroa-Zuberoa inguruan agertu bada ere). Hegoaldean XIX. mendean hil zen azkenengoa, 1871. urtean Urkiola inguruan (ez dago erabat garbi beste nonbaitetik ihes egindako aleren bat ote zen). Urte batzuk lehenago hil ziren Enkarterrietako azkena (1816an) eta Gorbeiakoa (1819an). Pirinioetan XX. gizaldira arte iraun zuen, gero eta larriago, gero eta urriago. 1960 ingururako, Pirinioetako hartza desagertzeko zorian zegoen eta Euskal Herriko mendietatik aspaldi desagertuta.

Hala ere, azken urteotan berriro ere azaldu izan da tarteka hartza. Esate baterako, Zuberoan ezaguna egin zen orain dela 45 urte inguru, han hil zituen dozenaka ardiengatik eta iaz ere bisitaldi bat egin zuen Santa Grazi ingurura.

KamiltxoBaina azken urteotan Euskal Herriko lurretan luzaro bizi izan den hartz bakarra Camille izan da. Biarnotarra jaiotzez (1984an jaio zen) bere bizitzako azken urteak Nafarroa eta Ansó bitartean egin ditu (eta Biarnon), sarritan Erronkari ibarrean. Euskaldunen artean ezaguna egin da eta umeek ere ezagutzen zuten. Izan ere, Kamiltxo izan zen euskaraz egiten zuen lehenengo hartz euskalduna (alboko irudian).

Azken berrien arabera, Camille hil egin omen da. 2009. urtean bizpahiru aldiz ikusi zuten, baina oso makalduta eta ilerik gabe. 2010eko otsailean ikusi zen azkenengoz, are makalduago. Harrezkero ez da gehiago ikusi eta nahiko ziurra da hil egin dela. Ederra disgustoa nire seme-alabena enteratzen direnean.

Itxura denez, azkenaldian beste hartz bat ere inguratu da Camillek utzitako ingurura. Neré da, 1997an jaiotako hartza, baina esloveniarra, kanpotik ekarritako hartzen ondorengoa. Biarno eta Ansó inguruan bizi omen da.

Hona hemen, iaz ETBn eman zuten albistea (hartza Zuberoan ikusi zutenekoa):

 

Pintxo lehiaketa

Asier Sarasua 2010/10/18 21:39
Joan zen ostiralean iluntze polita izan genuen: lagunen artean pintxo-lehiaketa antolatu genuen. Benetako lehiaketa: araudia, tentsioa, tira-birak eta sari-banaketa. Denok II. edizioaren zain.

Joan zen ostiralean Eibarko Denon Sahatsa elkartean elkartu ginen lagun talde handi bat. Ume eta guzti, 40 lagun inguru. Eta hantxe egin genuen I. Sahatsa Pintxo Lehiaketa.

10 bikote ginen lehiakide. Aurreko egunetan, zozketa egin zen eta bakoitzari jaki bat egokitu zitzaion. Osagai hori erabili behar zuen pintxoa egiteko. Eta pintxoak zerbitzatzeko ordena ere zehaztu genuen. Horrelaxe.

  1. Txibiak (20.30)
  2. Arroza edo patata (20.45)
  3. Txerrikia (21.00)
  4. Perretxikoak (21.15)
  5. Bakailaoa (21.30)
  6. Gazta (21.45)
  7. Atuna edo antxoak (22.00)
  8. Okela (22.15)
  9. Txokolatea (22.30)
  10. Izozkia (22.45)

 

Arautegia

Arautegia ere zehatza zen:

  • Osagaiak: bikote parte-hartzaile bakoitzak nahi duen osagaiak erabiltzeko eskubidea dauka, baina betiere zozketan egokitu zaion jakia baldin bada pintxoaren oinarri eta osagai nagusia. Hortik aurrera, imajinazioa da muga bakarra.
  • Non: pintxoak soziedadean bukatu behar dira. Nahi bada etxean egin daiteke aurre-lana, baina pintxoak elkartean bertan amaitu eta platereratu beharko dira. Tranpatirik ez.
  • Aurrekontua: mugarik ez. Bakoitzak egin dezala nahi duena. Allakuidaos.
  • Neurria: bikote parte-hartzaile bakoitzak 20 lagunendako pintxoak egin beharko ditu. 20 mokadu txiki, edo 10 pintxo erdibana, norbere esku.
  • Timing-a: pintxoak banaka mahairatuko ditugu, zozketan zehaztutako hurrenkera jarraituta. Lehenengo pintxoa 20.30etan (puntual-puntual) egongo da mahai gainean. Hortik aurrera, 15 minuturo zerbitzatuko da hurrengoa. Horrela, bikote bakoitzak gutxi gora-behera kalkulatu ahal izango du noiz/nola hasi pintxoa sukaldatzen. Hau da, 25 minutu behar badituzu pintxoa laban sartzeko, ba, horixe, egin kalkuluak.
  • Puntuazioa: Pintxoak puntuatzea eta irabazlea aukeratzea partaide guztien esku egongo da. Partaide bakoitzak (ez bikote bakoitzak) gainontzeko pintxo guztiak puntuatu beharko ditu, 1etik 10era dezimalik gabe, ondorengo hiru alderdiak kontuan izanda: aurkezpena eta itxura, zailtasuna eta zaporea.
  • Sari-banaketa: boto-kontaketa egin ondoren, sari-banaketa egingo dugu. 1. saria: garaikurra eta spa sesioa Orbean, haurtzaindegia barne. 2. saria: garaikurra. Egurrezko goilara azkenengo 2 bikoteentzat. Eta egin beharko dute: 1) mahaia batu; 2) kafeak egin eta banatu; 3) edalontzi eta katiluak garbitu.

 

Errepikatzeko modukoa. Datorren urtean II. edizioa. Beharbada beste soziedade batean ;-)

I. Sahatsa Pintxo Lehiaketa

Argazki gutxi batzuk gehiago Flickren.

50 urte ez dira ezer

Asier Sarasua 2010/10/15 09:29
Azken egunotan beheko testua heldu da nere eskuetara. Harrittuta geldittu naiz fetxia ikusi dotenian.

Noizkua ete da hau testuau?

"Ni los individuos, ni las clases, ni los pueblos que integran la comunidad política española gozan de suficiente libertad... Se detiene por manifestar pública e incluso privadamente opinions políticas contrarias a las del Gobierno en materia de suyo opinable... Se convierte en delito lo que de suyo no es más que el ejercicio de un derecho... En las comisarías de Policía de nuestro País se emplea el tormento como método de exploración y búsqueda del transgresor de una ley muchas veces intranscendente y no pocas injusta. Una malévola sospecha basta para que le policía o guardia civil de turno pueda flagelar irresponsablemente, torturar y herir a cualquier ciudadano muchas veces inocente de la fechoría que se le atribuye. No hablamos de hechos aislados Se trata, puesto que las autoridades conocen los hechos, y los toleran, de un sistema... La superpropaganda, acaparando la prensa, la radio y todo otro medio de difusión de ideas, y el culto cuasi-idolátrico del Jefe son una realidad... Denunciamos, ante los españoles y ante el mundo entero, la política que hoy impera en España, de preterición, de olvido, cuando no de encarnizada persecución, de las características étnicas, lingüísticas y sociales que nos dio Dios a los vascos".

1960ko maiatzian 339 apaizek izenpetutako eskutitza da. Tartian: Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz, Lukas Dorronsoro, Jon Etxabe, Txomin Artetxe, Jesus Gaztañaga, Jaime Kerexeta, Ignacio Goikoetxea "Gaztelu".

Satorrak baino lurperago liburutik.

 

Zer dago telebistan haurren ordutegian?

Asier Sarasua 2010/10/14 22:04
Espainiako telebistek izenpetutako arautegiaren arabera, arratsaldeko 17.00etatik 20.00etara "haur eta gazteen ordutegia" da telebistan ("horario protegido") eta kateen eskaintza horren araberakoa izan behar da. OCTA elkarteak bideo batzuk kaleratu ditu gogoeta egin dezagun: "Qué ven los menores en horario de superprotección?"

Post honek ez du behar azalpen larregirik. Neurketa guztien arabera (adibidez, elpais edo elmundo), telebistek ez dute betetzen euren arautegia. OCTA (Observatorio de Contenidos Televisivos Audiovisuales) elkarteak argitaratutako hiru bideo hauek ikustea nahiko argigarria da (2008, 2009 eta 2010 urtekoak) .

 

 

 

Igartubeiti baserri-museoa

Asier Sarasua 2010/10/12 22:26
Gaur Igartubeitin egon gara, Ezkio-Itsason dagoen baserri museoan. Egunotan sagardo-astea ospatzen ari dira eta bereziki polita da Igartubeiti. Baina urteko beste edozein egun da egokia baserri hau ikusteko. Ederra da, oso.

Ba bai. Oso leku ederra da Igartubeiti baserria. Ezkio-Itsason dago eta XVI. gizaldiko baserria da. Ia oso-osorik egurrezkoa eta erdian dolare izugarria duena. Ikusgarria da. Ez handia eta aberatsa delako, bene-benetakoa delako baizik. Guregana osorik eta aldaketa barik heldu den baserri bakarretakoa, ia-ia 1600. urtean bezala jarraitzen duena. 

Orain dela 30 urtera arte bizilagunak bizi izan dira bertan. Gero hustu, Aldundiak erosi, zaharberritu (baina lehengo materiala erabilita eta itxura mantenduz), eta harrezkero museoa da.

Igartubeiti Baserri Museoa.

GureGipuzkoa.net | Igartubeiti Baserri Museoa. © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

Sagardo astea

Aste honetan, gainera, urtero bezala, sagardo-astea antolatu dute baserri-museoan. Gaur, esate baterako, sagar-zanpaketa izan da eta beste zenbait ekitaldi ere izan dira horren inguruan. Gu 11ak inguruan heldu gara. Sarrera eta informazio-gunea ikusi ondoren, bideo txiki bat ere ikusi dugu (oso egoki eta adierazgarria), eta ondoren baserrira sartu gara.

Gaur egun berezia zen, hortaz, sagarra zanpatu eta sagardoa egin dutelako. Ikusgarria da XVI. gizaldiko dolarea martxan ikustea. Zuhaitz eta Xabi izan ditugu sagar-zanpaketan gidari. Zuzen, egoki eta erakargarri. Hizkuntza tratamendua ere egokia, taldeak bereiziz eta euskarari lehentasuna emanez.

Tira, merezi duela.

Batez ere, dolarea martxan ikusteko aukera badago, baina bestela ere, Igartubeiti beti da zoragarria, neguan zein udan. Pare bat euro ordaindu eta 1600. urtera bidaiatu dezakezu. Zer gehiago nahi?

Hementxe Flickr-era igotako zenbait argazki.

 

Satorrak baino lurperago (Pedro Alberdi, 2000)

Asier Sarasua 2010/10/11 09:26
Atzeratuta ditudan liburuak berreskuratzeko ahaleginetan jarraitzen dut. Oraingoan 2000. urteko lan bat izan da, Pedro Alberdi eibartarrak idatzitako saiakera liburua: Satorrak baino lurperago.

Satorrak baino lurperago

60ko eta 70eko urteen kronika kulturala, politikoa eta sentimentala egiten du idazleak. Abiapuntu Hamaika pauso eleberriko bi pertsonaia nagusiak ditu. Alegiazko pertsonaien ibilerak aitzakia hartuta, 1960tik 1975era bitarteko gorabeherak kontatzen ditu Pedro Alberdik, hainbat alderditik. Pertsonaiak eta euren arteko tirabirak: Txillardegi, Saizarbitoria, Kintana, Aresti, Rikardo Arregi... Laboa, Lete, Iriondo, Irigarai... Bikila, Etxebarrieta, Txapel, Pertur... Zeruko Argia, Anaitasuna, Kriseilu, Lur, Ez dok amairu...

Interes handiz irakurri dut. Baita malenkoniaz ere, ni garai hartan oraindik jaio barik banengoen ere. Aingeru Epaltzak esan bezala: "Neke da gaur egungo euskal kultura eta politikagintza ulertzea 60 eta 70eko hamarkadak ekarri zigun iraulketarik gabe. Orduan erein haziek ekarri dizkigute gaurko fruituak. Orduko txinpartek oraingo sua. Urte zalapartatsu eta aldi berean miraritsu horiexen kronika bizkaitar-gipuzkoarra egin digu Pedro Alberdi eibartarrak".

Liburuaren kontrazalean onartzen duten moduan, saltoka egindako kronika da, kronologiari eta gertakizunei hari jakinik ezarri gabe. Horrek bizitasuna ematen dio eta gustatu zait, baina egia da amaierarako joan-etorri larregi dagoela eta azkenen anekdotario huts bilakatzen dela. Ematen du, bizkarrezurra falta zaiola eta gertakarien saltsa lotugabea besterik ez dela. Zergatik ez duen idazleak ibilbide kronologikoagoa aukeratu? Hobea litzatekeen kontakizun linealagoa? Ez dakit.

Hala ere, gustura irakurri dut eta gomendagarria pentsatzen zait. Estilo bizi, arin eta ulergarrian idatzia; ondo dokumentatua; erritmo eta prosa erakargarriarekin.

Eibarrek eta eibartarrok, gainera, leku handi samarra hartzen dugu liburuan. Ez idazlea bertakoa dugulako, Eibar sasoi hartan "puntu neuralgikoa" zelako baizik. Ez ahaztu, Euskal Herriko herririk dinamikoenetarikoa zela, ekonomia aldetik punta-puntakoa, eta euskaldun kopuru hazikoa. Donostia eta Bilbo alde batera utzita, Eibar izango da liburuan gehien aipatzen den herrietako bat.

Horrela, Imanol Laspiur eta Juan San Martin agertuko dira. Amatiño Zeruko Argian. Mario Onaindia, Mitxel Sarasketa, Josu Ibargutxi eta Jon Etxabe. Grebak, bonba-leherketak eta bahiketak. Roberto Perezen hilketa. Hitzaldiak, Kulturala eta mugimendu politiko-soziokulturala. Eibarren gertatutakoen zati txikitxo bat besterik ez, baina Euskal Herriko irudi orokorragoan ondo txertatuta.

Ba, horixe. Gomendagarria. Satorrak baino lurperago.

Maritxu Aranberri, gure lehengusina, argentinar euskaldunen bideoan

Asier Sarasua 2010/10/10 22:51
Aste honetan sarean ibili den gaietako bat: Argentinako euskaldunen inguruko bideo dokumentala. Eta horixe ikusten, gure senide bat aurkitu dut dokumentalean: Maritxu Aranberri, gerra ostean Eibartik Argentinara joan eta 98 urterekin aurten hil den lehengusina.

Aste honetan han eta hemen ikusi dugu albistea, tartean Sustatun. Nuria Villalta gazte nafarrak urtebete inguru igaro du Argentinan eta bertako euskal komunitatearen inguruko dokumentala egin nahi du. Informazio gehiago Gaur8 aldizkarian. Hantxe kontatzen da dokumentalaren istorioa eta nola sareratu den dokumentalaren aurrerapena Vimeon (besteak beste, diru-iturriak lortzeko).

Eta bideo hori ikusten ari nintzela, hantxe, bideoa hasi eta segundu gutxira (45. segundu inguruan), aurpegi ezagun bat Buenos Airestik eibartarrez hitz egiten: Maritxu Aranberri.

Nire amaren familia izugarri handia da. Aitxitxa-eta 18 anai-arreba ziren eta amak dozenaka lehengusu-lehengusina ditu munduan zehar. Gainera, aitxitxak horrenbeste anai-arreba izanda, adinean ere alde handia izan zuten euren artean eta nire amaren lehengusu asko 30-40 urte nagusiagoak ziren. Lehengusu dexente ez ditut sekula ikusi ere egin.

Horien artekoa zen Maritxu Aranberri, nire amaren lehengusina bat. Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkonduta, gerran alde egin behar izan zuten eta 1940. urte inguruan Buenos Airesera heldu ziren. Hantxe bizi izan da harrezkero, 70 urtez, 4 seme-alaba, 13 iloba eta beste hainbat birbilobarekin batera. Baina sekula ez zituen ahaztu ez Eibar, ez bere familia eibartarra, ezta Eibarko euskara ere. Orain hilabete hil zen, Arrate egunean bertan, nola ez.

Uste dut Maritxu behin bakarrik ikusi nuela, orain dela 20 urte inguru egindako bisitaldi batean, baina beti izan dut gertuko. Aitxitxa-amamei lehenengo eta ama-osabei gero, askotan entzun dizkiet Maritxuren istorioak. Batez ere, bere jatortasuna, zelako maitagarria zen, eta zein harro zegoen euskalduna eta eibartarra izateaz. Azken egunera arte jarraitu du horrela.

Bideoaren aurrerapen honetan 5 berba besterik ez dizkiogu entzun, baina zain nago ea Nuriak noiz bukatzen duen dokumentala. Berriro ere Maritxu gure artean sentitzeko.

Guk, documental from GUK on Vimeo.

Eibarko memoria historikoa (sic)

Asier Sarasua 2010/10/07 11:29
Eibarko udalak aurkezpen eguna izan zuen herenegun: Eibarko Memoria Historikoa jasotzeko plana aurkeztu zuen. Tira, memoria historikoa jasotzen urteak daramatzagu Eibarren. Are gehiago, esango nuke gerraren inguruko memoria jaso nahi dutela oraingoan, eta ez Eibarko memoria historikoa.

Azkenaldian oso modan jarri diren berba bi: Memoria Historikoa. Pentsa zein garrantzitsua den gaur egun memoria: legea ere badu. Takian potian entzuten ditugu hitzok, beti gerra zibilaren inguruan hariklatuta, eta herririk herri (1) (2) ari dira bilketa-lanak bultzatzen. Eibarren ere aste honetan aurkeztu da udalaren plangintza. Diario Vascok eman du horren berri eta beheko bideoan ere baduzue laburpen bat (biak gaztelaniaz). Asmoa, labur-labur: 1931-1945 bitartean Eibarren gertatutakoa jasoko da, ondoren herritarrei eta ikasleei erakusteko (errepublika, gerra zibila eta gerra ostea)

Tira, ondo:

  • gure historia jasotzea, ezagutzea eta hedatzea garrantzitsua da. Pozten naiz, beraz.
  • urteak zeramatzaten honi bueltak ematen, eta azkenean hasiko omen dira. 
  • historia garai horrek berebiziko garrantzia dauka, zer esanik ez Eibarren, eta eskertzekoa da erakundeen lana alderdi horretan.

Tira, ez hain ondo:

  • Eibarren urteak daramatzagu memoria historikoa jasotzen. Lagun eta ikerlari asko. Baita erakundeak ere (Ego Ibarra, esate baterako). Kontuan izan da (eta izango da), orain arte egindakoa? Ezagutzen dute orain arte egindako lan guztia?
  • Ezertarako erabiliko dira orain arte Eibarren egin ditugun ehundaka elkarrizketa eta grabazioak, lehenengo Eibartarren Ahotan proiekturako eta gero Ahotsak.com egitasmoan? 400 elkarrizketa dira, beste hainbeste gizon-emakume eibartarri egindakoak, gehien-gehienak 1910-1950 urteen arteko gertakizunak (memoria historikoa?) jasotzen dituztenak.
  • Kataluniako enpresa eta adituak dira egokienak horrelako lan baterako? Zer leku izango du euskarak guzti honetan? Itzulpen hutsa berriro ere?
  • Ez zait gustatzen nola desitxuratu den Memoria Historikoaren kontzeptua. Nik nahiago dut pentsatu hau dela, eta ez hau. Izan ere, memoria historikoa jasotzea, ondare inmateriala aztertzea, guztion ahozko memoria kolektiboa osatzea,... gerra eta politika kontuak gogoratzea baino gehixeago da. Dexente gehiago.

 

 

Asteburua Lindus-Aezkoa inguruan

Asier Sarasua 2010/10/01 22:30
Orain dela pare bat aste Aezkoa ingurura joan ginen asteburu pasa. Bi asmo genituen: batetik, hegaztien migrazioa ikustea Lindusen (Ibañeta mendate ondoan); bestetik, Aezkoa-Erroibar ingurua ezagutzea. Errepikatzekoa.

Aurreko mezuan esan nuen moduan, orain dela pare bat aste Lindux (edo Lindus) ingurura joan ginen hegaztien migrazioa ikustera. Udaberrian eta udan Europa iparraldean bizi izan diren hegazti harrapakari askok hegoalderantz migratzen dute abuztua eta iraila bitartean (gehienak Espainia eta Afrika alderantz). Pirinioak igarotzeko gunerik egokienatako bat Lindus-Ibañeta inguruan aurkitzen dute (Orreaga-Luzaide ondoan) eta hantxe pilatzen dira urtero hainbat eta hainbat ornitologo eta txorizale, batzuk zaletasun hutsez eta beste asko hegaztiak ikertu eta zenbatzera.

Lindus, hegazti-behaketa

Gu ere hantxe izan ginen. Larunbat goiz batean igo ginen, batez ere, giroa ezagutzeko eta umeak pixkat zaletzeko gogoz. Ez zen oso egun ona izan pase aldetik, baina bai nahikoa giroa ezagutzeko eta zenbait harrapakari ondo-ondo ikusteko: zapelatza (Buteo buteo), miru gorria (Milvus milvus), zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus), zingira mirotza (Circus aeroginosus), gabiraia (Accipiter nissus)...

Asteburu polita izan zen. Txori kontuak aitzakia izan ziren, baina gehienbat ingurua ezagutzeko gogoz geunden. Urrobi kanpineko aterpetxean egon ginen (garbia, harrera jatorra, prezio egokia, leku polita, taberna balekoa); Urrobi ibaian ere bainatu ginen (edo saiatu, izoztuta zegoelako); Aezkoa ere ezagutu genuen (Orbaitzeta, Aribe, Aria, Garralda...), baita Zaraitzura saltotxoa egin ere (Otsagin jaiak ziren). Gainera Aezkoako Eguna ospatzen ari ziren Garaioan eta jaia, musika eta taloak aurkitu genituen bertan (baita bertako herritarrak gari-jotea nolakoa zen erakusten ere).

Laburbilduz: ederto pasatu genuela eta izugarri gustatu zitzaigula ingurua. Errepikatuko dugu, duda barik!

Urrobi ibaia (Aurizberri, Erroibar, Nafarroa)

Urrobi ibaia, Aurizberri (Erroibar, Nafarroa)

Garaia, Hiriberrin (Aezkoa, Nafarroa)

Garaia Hiriberrin (Aezkoa, Nafarroa)

Orduko argazki gehiago hemen eta hemen.

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz