Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Markel Olano Eibarren

Markel Olano Eibarren

Asier Sarasua 2010/11/14 23:00
Joan zen ostegunean Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Eibarren izan zen. Zure Herrian ekimenaren barruan, eibartarrokin elkartu nahi izan zuen, euren proiektuak aurkezteko eta gure galderak/kritikak argitzeko. Sentsazio gazi-gozoarekin irten nuen. Gozoa baino, gaziagoa.

Zure Herrian ekimena orain dela urtebete inguru hasi zuten Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek. Politika egiteko modu berri bat aurkeztu nahi omen dute, hurbilagoa eta parte-hartzaileagoa. Orain arte 14 herritan egin da Zure Herrian ekimena (Elgoibar, Zumaia, Berastegi, Azkoitia...), eta joan zen astean Eibarri egokitu zitzaion.

150 eibartar elkartu ginen Coliseoan. Markel Olano Diputatu Nagusia izan zen bertan, eta Olanorekin batera, Eneko Goia ere bai, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramalea eta azpiegituren arduraduna. Nire alboan Gari Araolaza lankidea. Berak ere idatzi du ekitaldi honetaz bere blogean.

Puesta en escena egokia iruditu zitzaidan. Xumea eta apala. Garik kontrakoa ikusi zuen (marketinianoa dio), baina nik ez nuen horrenbesterako ikusi. Parafernalia zainduta zegoen, jakina, baina artifizio gutxirekin. Argiztapena, atrila, aulkiak... xumeak ziren; kartelik ere ez zegoen. Megafonia eta musika zalapartarik ere ez, noski. Nahita bilatutako xinpletasuna, gertutasuna emateko. Markel Olanoren aurkezpenetik bertatik hasita: "Kaixo, Markel Olano naiz", bere burua aurkeztuz.

Lehenengo Aldundiaren lan-ildo nagusiak azaldu zituzten (garapena, konpetitibitatea, ingurumena, bakegintza...) eta Gipuzkoako azpiegitura nagusiak justifikatu zituzten (batez ere, AHT, Zubietako erraustegia eta Tabakalera). Eibarko 3 kontu besterik ez zituzten aipatu: Maltzagarainoko bidegorria (aukerak aztertzen ari omen dira), Lurralde oreka (Eibar ere Gipuzkoa dela eta ez direla ahazten) eta Tekniker sendotzeko 9 milioi euroko inbertsioa egin dutela. Eibarri buruzko aipamen gehiagorik ez.

Ondoren galderak etorri ziren. Ez larregi. Apuntatu nituenen artean: saihesbideak sortutako kalteak, residentzien egoera, inmigrazioa, garraio publikoa,...  Uste dut Olanoren erantzunak luzeegiak zirela. Galdera gutxi erantzun zituen eta ekitaldiak erritmoa galdu zuen. Amaieran, jendea eskua jasota geratu zen, galdetzeko aukerarik gabe.

Eta zer iruditu zitzaidan ba? Horretan, neurri handi batean, nahiko ados nago Garirekin. Zenbait puntu:

  • Horrelako ekitaldiak eta politika parte-hartzailea... ez dira gauza bera. Herritarrok ez dugu modu errazik politikoengan eragiteko; politikoek ez dituzte herritarrak aintzat hartzen; erakundeak oso urrun daude herritarrongandik. Tira, Olanok berak esan zuen: Gipuzkoarren %80ak ez dauka konfiantzarik politikoengan.
  • Elektoralista puntu hori ere antzematen zitzaion ekitaldiari, jakina. Izan ere, bi politiko genituen atrilean. Dena dela, alderdi horretatik, ez zitzaidan iruditu artifizialegia, eta politikariak zintzotasunez plazaratu zirela iruditu zitzaidan. Kontatzeko eta entzuteko asmoarekin, herritarrengana nolabait hurreratzeko gogoz. Horrelako ekimenak arrotzak dira gure inguruko politikarien aldetik eta saiakera hori, behintzat, eskertzekoa begitantzen zait.
  • Olanoren eta Goiaren azalpenak orokorregiak izan ziren nire gusturako. Eta geroko galdera-erantzunak ere, antzera. Egia esateko, ez dakit ezer garbirik atera ote genuen bertan bildutako 152 lagunek. Ez guk, ez eurek.
  • Pentsatzen hasita, herritarroi gehien interesatzen zaizkigun gaiak, egunero-egunerokoak, Udalaren esku daude neurri handi batean. Eibarren, esate baterako: Txonta, Erixono, Errebal, peatonalizazioak, VPOak, Alfako parkea, Ego erreka, jubilatuen etxeak, gazteentzat aukerak, naturguneak eta parkeak, Coliseoko programa, jaietako egitarauak...
  • Horrelakorik egingo luke udalak? Seguru ezetz. Ziurrenik, ezta Patxi Lopezek ere. Alderdi horretatik, Olano aurretik dago, gutxienez.

Erdara (ia) hutsean

Ez nuen kronometrorik eraman eta ezin datu zehatzik eman, baina harrituta geratu nintzen. Ekitaldia, neurri handi-handi batean gaztelaniaz izan zen. Gutxienez %75-80 inguru. Berez elebiduna izan zen eta niri ustez benetako elebitasuna den formatuan: ezer errepikatu barik. Gauza batzuk euskaraz, beste batzuk erdaraz. Alderdi horretatik, eskerrik asko eta zorionak. Horixe da euskara indartzeko eta prestigiatzeko modu bakarra. Baina hitzaldiaren zatirik handi eta luzeenak gaztelaniaz izan ziren (nabarmen luzeago, gainera). Gai gehienen aurkezpena euskaraz egin ondoren, benetako datuak gaztelaniaz egin ziren. Kasu batzuetan, baita diskurtso osoak ere.

Garbi daukat ondo pentsatutako erabakia izan zela. Ekitaldi berbera, Berastegin, Zumaian edo Azkoitian ez zuten berdin egingo, ziur nago. Eibarren, ostera, Aldundiko ordezkariek gaztelania lehenetsi zuten. Badakizue: Eibar sozialista da, erdalduna eta euskaraz txarto egiten dugu.

Minduta irten nuen Coliseotik. Oso.

Zure herrian (Eibar, Gipuzkoa)

etiketak: aldundia, eibar
asier
asier dio:
2010/11/15 12:42

bai, ados, Mikel. Baina ez dira gai puntualak, "materialak", "atzigarriak". Horiek ez dira Olanok eta herritarrok bilera batean konponduko ditugun gaiak. Hitz egin dezakegu horretaz, eztabaidatu, gure iritzia eman, baina nekez konponduko dugu langabezia horrelako bilera batean. Baina, bai, arrazoi guztia daukazu.

Iban Perez
Iban Perez dio:
2010/11/15 19:07

Zure Herrian ez da herritarren partaidetzako foro edo prozesu bat. Hori argi dago, ez baitago zerbaiti buruz iritzia, edukiak, proiektuak, etab. lantzeko baldintzarik. Horrek ez du esan nahi, ordea, nire ustez, partaidetza bultzatzeko ekimen bat ez denik. Arduradun politikoek herritarren aurrean azalpenak ematea, galderak erantzuten saiatzea, eta kezkak eta kritikak plazaratu ahal izatea badira parte hartzea sustatzeko bide bat.

Partaidetzaz hitz egitean, ordea, askotxotan maila ezberdineko eztabaidak nahasten ditugu. Gauza bat da arazo konkretu bati erantzuteko (Udalaren eskumen horiek adibidez) herritarrek zein aukera duten parte hartzeko. Beste bat, ordea, gure ordezkaritza duten erakunde publiko handiagoetan (eta ondorioz gai orokorragoak)nola parte har dezakegun. Argi dago horretarako Zure Herrian ez dela aski, baina dudarik gabe aurrerapauso handi bat da; are gehiago parte-hartzea bultzatzeko Foru Aldundiak martxan jarri dituen beste ekimen horien guztien baitan kokatuta.

Ni ere ados nago euskararen gaineko kritikarekin. Bai Olano eta bai Goia euskal hiztun onak dira, horregatik penagarria da ekitaldian, gutxienez 50-50 orekarik ez egotea bi hizkuntzen artean. Alde horretatik badute zer hobetu, baina ni behintzat ez nau kezkatzen "gai orokorregiez" hitz egiteak edo "erantzun orokorregiak" emateak, kontua elkarrizketarako gune berriak irekitzea, eta arduradun publiko-herritar harremana sakontzea baita. Bide horretan, Zure Herrian lehen urratsa baino ez dela pentsatzen dut, eta pentsatu nahi dut.

Mikel Agirre
Mikel Agirre dio:
2010/11/15 12:17

"Pentsatzen hasita, herritarroi gehien interesatzen zaizkigun gaiak, egunero-egunerokoak, Udalaren esku daude neurri handi batean". Hori egia al da? Bake prozesua, krisi ekonomikoa, zaborren kudeaketa, euskal kultura... Gai guzti horiek orokorregiak eta bigarren mailakoak al dira? Ez niretzat. Nire herrian behintzat aipatu ziren Diputazioaren kudeaketarekin batera. Askotan iruditzen zait herri honetan politikari buruz dauzkagun aurreiritziak direla partehartzea oztopatzen duten arazo nagusiena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz