Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Zure herrian: Diputatu Nagusia Eibarren

Zure herrian: Diputatu Nagusia Eibarren

Gari Araolaza 2010/11/11 23:44
Gaur iluntzean Coliseo antzokian Markel Olano Diputatu Nagusia eta Eneko Goia azpiegitura diputatua izan ditugu, Zure Herrian ekimenaren barruan.

Ez naiz batere gustora atera, egia esateko. Saltzen ari diren herritarren parte-hartze ereduan ez dut sinisten. Hainbat puntu azpimarratzeko:

  • Jesto bat da, "hemen gatoz zuei entzutera". Ondo, bada zerbait. Gutxienez irudia zaindu nahian dabiltza.
  • Eszenaratze oso marketinianoa. Zergatik ez dira etorri bilera berdinago batetara? Mikrofono inalanbrikoak, azafatak, zuzeneko bideo produkzioa (sinplea baina bai), aurrez grabatutako irudiak, aurkezpen infografiko landuak... 
  • Gurekin egotera badatoz, ez da hobe denok maila berdinean egotea? Zergatik ez dator tarteka kultura diputatua herriko kultur eragileekin egotera?
  • Azalpen luzeegiak eman dituzte, eta orokorregiak. Nik espero nuen etorriko zirela zuzenean azaltzera zer gertatzen den bidegorriarekin, zertan dagoen autopistaren peajearen kontua Eibarren, edo nola dagoen adingabekoen zentruen gaia. Horren ordez esplikatu dizkigute orokorrean zein kezka dituen Foru Aldundiak. Horren aurrean, tokiz kanpo iruditzen zitzaizkidan oso detaileko galderak.
  • Aldiz, galdera orokorragoak egiten zirenean, erantzunak orokorregiak ziren: "Asumitzen dugu, saiatuko gara hobetzen eta abar".
  • Baina noski, Diputatu Nagusiak ezin du jakin nola dauden bidegorri baten bukaerako zatia bezalako kontuak. Argi dago berak ezin digula hortaz ezer esan. Baina espero nuen Eibarri dagozkien gaiak prestatuta ekarriko zituztela.
  • Non daude gazteak? Zergatik ezin dira horrelako ekitaldietara erakarri? Ez da gazteen gaietaz hitz egiten, ez direlako etortzen, ala ez dira etortzen gazteen gaietaz ez delako hitz egiten? Etorkizuna non dago ba? (Fijatu naiz, eta esango nuke saioko 5 gazteenen artean nengoela, eta 40 urte ditut!)
 
Inoiz etortzen bada politika zehatz jakin baten arduraduna, (A-8ko seinalizazio txapuzeroa jartzen duen sailaren arduradun konkretua adibidez), orduan izango dugu kontuak eskatu eta konpontzeko aukera, eta horrek izango du herritarren parte-hartze itxura. 
 
Oraingoz arrastorik ez.
etiketak: aldundia, parte-hartzea
Gari Araolaza
Gari Araolaza dio:
2010/11/12 13:17

Kaixo Aritz,

Bai, Eibarren ere datubase bidez egin dute lehen gonbidapena, baina ez dut uste autogonbidatzeko arazorik zegoenik, eposta helbide edo telefono batera deituta nahikoa.

Benetan, ni gazteekin gelditu nintzen kezkatuta.

Aitor Etxeberria
Aitor Etxeberria dio:
2010/11/12 13:24

Interesgarria benetan zure iritzia eta ikuspuntua, Gari. Diozunaren zati batekin ados egon naiteke, baina beste zati batzuk ez ditut modu berean ikusten. Ni ez nintzen atzo Eibarren izan, baina nire herrira etorri zirenean parte hartu nuen "Zure Herrian" ekitaldian, eta pentsatzen dut antzeko ekitaldia izango zela atzokoa ere. Egia da eszenografia oso landua dela eta "kutsu marketinianoa" eduki dezakeela, baina ez dut hori parte-hartzearen kontrako zeinu moduan ikusten: bideoak eta infografiak lagungarri dira nire ustez, mezua ulertzeko. Behin hori esanda, parte-hartze ereduaz bai kontrajarri nahi nuke zure iritzia. Egia da Markel Olano Diputatu Nagusiak ezin dituela zehatz-mehatz jakin herri bakoitzeko xehetasun guztiak (ez dakit Eibarren, baina nire herrian bertako gaiak landuta zituzten), baina egia da halaber Gipuzkoa norbanako eta herri bakoitzaren arazoetatik gorago dagoen proiektua dela. Gaur egun, askotxotan politika norberaren arazoak konpontzeko bide bezala ikusten dugu, eta ez kolektibo zabalago baten behar eta interesei erantzuteko. Gipuzkoaren kudeaketa eredua herritarrengana gerturatzeko foro egokia da, nire ustez, Zure Herrian. Eta ez hori bakarrik, nire inpresioa behintzat, bai Olano eta bai Goia entzutera joanak zirela izan zen. Galderen txandan bai daude herritarren maila berean, eta eskertzekoa da parez pareko eztabaidarako aukera hori. Aldundiaz kanpo, nik behintzat, sekula bizi izan ez dudana. Bestetik, egia da parte-hartzea ezin dela Zure Herrian-era mugatu. Baina ez dugu ahaztu behar, Gipuzkoan ez dela onartu zaharra parte-hartzea arautzeko eta bultzatzeko foru araua, eta partaidetzarako bulegoa sortu ere. Iruditzen zait, asko dagoela egiteko oraindik, baina Gipuzkoako Foru Aldundiari aitortu behar zaiola partaidetza sustatzeko, eta oro har Gipuzkoa gipuzkoar guztion proiektu egiteko egiten ari den ahalegina. Bidea hori da. Gizarte baten osasun demokratikoan sakontzeko Zure Herrian ber infinito aldarrikatzen dut nik! Hori bai, beste hainbat ekimen, foro, prozesu, etab. ere gehituta.

Aritz Olagoi
Aritz Olagoi dio:
2010/11/12 11:56

Erabat ados zure ikuspegiarekin Gari. Galdera bat gehitu nahi nuke: Nola egiten dute ekitaldira joateko gonbidapen deia? Gonbidapen orokorra egiten dute edo selektiboa? Ezagutzen dut beste herri bateko ekimenera joateko gonbidapena jaso zuen lagun bat eta Markel Olanoren bulegotik pare bat aldiz deitu zuten joan behar zuen edo ez konfirmatzeko eskatuz. Ez dirudi oso estrategia partehartzailea denik.

ramon
ramon dio:
2010/11/12 17:27

Honelako ekintza mediatikoak , DENAK berdin zait zein kolore duen partidu politikoak, marketing utza dira eta diru asko kostatzen dabe. Benetako PARTE HARTZEA beste bide batzuetatik biderantzxen da. ¡Ez diet inori zinesten¡. Korbata baino buzoa ipini behar da.

Imanol Lasa
Imanol Lasa dio:
2010/11/12 21:59

Kaixo Gari, Foru Aldundia Zure Herrian egitasmoa arrazoi nagusi batengatik jarri genuen abian: Diputazioaren kudeaketa zuzenean herritarrei helarazi nahi genielako. Azken finean, Diputazioak gauzatu duenaren deskargu egitera bertaratzen da diputatu nagusia herri ezberdinetara eta herritarrek dituzten ekarpenak eta kritikak zuzenean jasotzera ere bai. Herrietako organizazioetako ordezkari eta kideei bidaltzen zaizkien arren gonbidapen zuzenak, saioak irekiak dira eta horren berri beti komunikabideen bidez ematen da. Gonbidapen zerrenda dauzkagun datuekin eta udaletxetik pasatakoekin egiten dugu normalean. Egia da hasierako azalpen gehienak Diputazioaren kudeaketa orokorrari dagozkionak direla. Baina hasteko eta behin, ez dugu ahaztu behar politika orokor horrek ere gipuzkoar guztioi eragiten digula. Bestetik, jakitun gara saioetan herriari edota eskualdeari dagozkion galdera zehatzak sor daitezkeela eta horrexegatik, saioetara herri horretako proiektuen inguruko datuak eskuan ditugula joaten gara. Atzo Eibarren izan ginen, eta aurretik bisitatu ditugun 15 herrietan berdin egin genuen han ere: Eibarri eta Debabarrenari zegozkion datu zehatzak eman genituen azpiegituren, zaharrentzako egoitzen edota krisitik ateratzeko bertara bideratu diren diru-partiden inguruan, besteak beste. Onartzen dut, gaiak partikularrak edota oso zehatzak izanez gero, gerta daitekeela Aldundia zure Herrian ekimenean erantzun ezin izatea eta diputatu jakin baten erantzuna beharko lukeela. Horretarako, Gipuzkoa Eraikitzen egitasmoa martxan dugu eta uztailetik diputatuak herriz herri dabiltza hainbat elkarte, talde eta entitateetako kideekin lanean. Egitasmo horren barnean aurki Jose Ramon Guridi Debabarreneko enpresariekin elkartuko da Debegesaren egoitzan, eta saio gehiago aurreikusten dira diputatu ezberdinekin. Saio guzti horietan, zuk diozun bezala, guk bereziki gustura hartuko genuke gazteen parte hartzea askotan faltan botatzen baitugu. Lerro hauen bidez datozen saioetara etortzera animatzen zaituztet. Por zierto, legealdi honetan hiru ekitaldi inportante izan ditugu gazteekin beraien ekarpenak eta kritikak entzuteko. ( 1.000 gazte + /-) Edozein modutara ere, Gipuzkoako Foru Aldundia Zure Herrian egitasmoarekin herritarren kritikak eta kexak ere jaso nahi ditugu. Beraz, zuk idatzitakoak ere onera egiteko balioko digu eta eskertu nahi dizut baita ere, saioan bertan egon izana. Ondo izan,

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon